- 31 Urtarrila 2017
EH Bilduk behin eta berriz, ahoz zein idatziz, EAJko euskara zinegotziari egindako eskaerak fruituak eman ditu eta EAJk udal gobernua eskuratu zuenetik lehen aldiz, Euskararen lan mahaia bilduko da datorren urtarrilaren 31n, 17:30etan udaletxeko areto nagusian.
Lan mahai hau pasa den legealdian sortu zen gure herrian euskararen aldeko elkarteak eta ekimenak oso apalduta zeudela ikusi, eta egoera horri buelta emateko asmoarekin. Hainbat talde, eragile eta norbanakok parte hartu zuten mahi honetan eta ibilbide labur baina oparoa izan zuen, besteak beste, Euskara sustatzeko plana elkarlanean adostu, Berria egunkariaren aldeko "ziztada" kanpaina burutu, "euskaraz bizi nahi dut" kross herrikoia antolatu etab. egin zirelarik. Esan bezala, orain artean EAJk mahai hau geldiarazita izan du.
Hau da Udaleko Euskara zerbitzutik lan mahai honetan parte hartzera deituz luzatu den gonbidapena:
"Lau urtetik behin, Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana egin behar izaten du. 2017an zehar, 2018-2021 urte bitarteko plangintzaldia onartu behar du. Orain indarrean dagoen plangintzaldia, herriko eragileen artean diseinatu zen, hau da, parte hartu zuten eragileen artean arloz arloko helburuak finkatu ziren.
Oraingo honetan, Euskara Batzordean erabaki da eredu bera jarraituko dela hurrengo plangintzaldia diseinatzeko ere. Helburua izango da, herrian euskararen ikuspegitik dauden lehentasunak identifikatu, eta datozen lau urteetarako plangintza diseinatzea lehentasun horiei aurre egin ahal izateko.
Horretarako, aurrez bildu ginen eragileez gain, herriko beste gizarte eragileei, zein norbanakoei dei berezia egin nahi dizuegu lan-mahai horretan parte hartzeko, bakoitzak egin dezakeen ekarpena oso garrantzitsua baita gure herriarentzat.
Beraz, dei egiten dizuegu datorren urtarrilaren 31n, asteartean, arratsaldeko 17:30ean, Udaletxean egingo den bileran parte hartzeko. Bilera horretan Euskara Sustatzeko Ekintza Planaz gain, datorren 20. KORRIKAren gaia ere landuko da.
Gizarte eragileek, zein norbanakoek gai honetan egin dezakezuen ekarpena, oso garrantzitsua da guretzat. Animatu eta azaldu zaitezte!"


