- 18 Azaroa 2016
Urtero bezala, Aiztondoko preso eta iheslarien eskubideen aldeko eguna ospatuko da, eta aurtengoan Asteasun izango da, azaroaren 19an. Herri kirolak, bertso-poteoa, afaria, bertso saioa eta musika izango dira. Eguerdian, 12:30ean, ekitaldi instituzionala egingo da eta bailarako udalek dispertsio politikarekin amaitzeko testua babestuko dute bertan. Aiztondora eguneko egitarau zabala 17:30ean hasiko da Xiba herri kirol jaialdiarekin. Ondoren, 18:30ean ekitaldia izango da eta hori bukatuta, Haritz Mujika, Unai Mendizabal, Oihana Iguaran eta Jexux Mari Irazurekin bertsopoteoa.
Afaria Asteasuko frontoian egingo dute eta bertara joateko txartelak salgai dira Asteasuko Iturri-Ondo eta Patxinen, Adunako Uztartzan, Amasa-Villabonako Iratzarren eta Zizurkilgo Iriarte eta Egarrin. Afalostean, bertsolariak arituko dira eta ondoren Xabi Solano eta DZ Zigorrekin kontzertuaz gozatzeko aukera izango da.

Aurtengo Aiztondora Egunaren egitaraua jasotzen duen kartela
Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Aiztondora egunarekin eta baita egun horretan aldarrikatuko den mezuarekin ere. Bada garaia behingoz, presoen senide eta lagunak zigortzen dituen dispertsio politika ankerrarekin amaitzeko eta gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzeko. Aiztondora eguna, egun seinalatua da guretzat, eta fisikoki gure herritik ehunka edo milaka kilometrora aurkitzen badira ere, Manex, Oskar, Iñigo, Emilio eta Karlos gogoan izango ditugu. Aurtengoan elkartasun egun hau Asteasun egitea ez da kasualitatea eta horrek Nekane Txapartegi asteasuarraren egoerarekin du zerikusia. Momentu honetan Suitzan espetxeraturik dago Nekane eta estradizio eskaera egina du espainiar estatuak. Egoera honen aurrean "Nekane libre!" plataforma sortu zen pasa den urtean eta guk gure babes osoa eskaini nahi diegu plataforma horren baitan lanean ari diren pertsona guztiei. Estradizio eskaerari ez! esaten diogu, berriz ere espainiar indar polizialen eskuetan torturatua izateko arriskua hor dagoelako. Zentzu horretan, Nekanek eta bere senide eta lagunek Suitzan jasotako elkartasuna eta Bernan egindako mobilizazio ahaztezina ekarri nahi ditugu gogora, izugarria izan zen.
Azkenik, Amasa Villabonako eta Aiztondo bailara osoko herritarrei, Aiztondora egun honetan izango diren ekitaldi ezberdinetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu. Anima zaitezte!


