- 19 Abendua 2016
Goierri Birzirik plataformak deituta egin dute protesta, Mutiloan zabortegirik ez lelopean. Milaka lagun elkartu dira gaur eguerdian Ormaiztegin Goierri Birzirik plataformak egindako deiari erantzunez. Berdez jantzita gerturatu dira herritarrak herriko plazara, handik baitzen ateratzekoa martxa, Mutiloan zabortegirik ez lelopean. Jai giroan egin dute herriko kaleetatik Lurpe zabortegirainoko ibilbidea. Eurekin zituzten erraldoiak ere.
Cespa enpresak kudeatzen du Lurpe isurtegia. Orain arte hondakin industrial geldoak besterik ez dute jaso hor, Goierri Birzirik-ek jakinarazi duenez, ez hiri hondakin solido edo zaborrik. Mutiloako Udalak salatu du horrek udalaren hiri plangintzako arau subsidiarioak eta zabortegia ustiatzeko hitzarmena urratuko lituzkeela; gainera, jarduera baimen berria beharko luke isurtegiak hiri hondakinak jasotzekotan.


