Ehunka familia eta milaka herritar elkartu ziren pasa den larunbat arratsaldean Donostian, hotz hezeari aurre eginez, «gaur Gipuzkoa gehiago dela» aldarrikatzeko. «Gehiago da, osasunaren eta adostasunaren alde batu garelako», adierazi zuten Estitxu Fernandez eta Joxe Mari Izetak GuraSOSen izenean.

Hondakinen kudeaketaren gaian irtenbide gehiago eta hobeak nahi dituztela aldarrikatu zuten. Segurtasun gehiago eta babesa nahi dituztela erran dute, batez ere beren seme-alabentzat.

Ehun haur joan ziren 'Gipuzkoa +: eman bidea osasunari eta adostasunari. Por un acuerdo saludable' leloa izan zuen martxaren buruan. Eurak izan ziren erritmoa markatu zutenak. Hala, txuriz jantzita, bi lerrotan kokatu, eta poliki-poliki egin zuten Araba Parketik Alderdi Ederrerako bidea, megafoniatik etengabe GuraSOSen manifestua aditzen zen bitartean. 15.000 lagunen babesa lortu du dagoeneko testu honek, eta atxikimenduak biltzen segitzen dute.

«Zer jaten, zer edaten eta zer arnasten ari garen jakin nahi dugu. Gehigo jakin nahi dugu, informazio eta eztabaida gehiago nahi dugu», eskatu zuten. Instituzioetako ordezkariei boto paper bat baino gehiago direla eta dagokien gauzetan parte hartu nahi dutela eta hartuko dutela ere azaldu zieten.

gurasos mani 2

Larunbateko manifestazio buruaren irudia

Lehenik eta behin, erraustegia eta Mutiloako lizitazioak gelditu behar direla erran zuten, hondakinen plan orokorra legeztatzearekin batera. GuraSOSek mahai gainean jarri du irtenbiderako bide-orria. Bertan aditu, jendarte eragile, arduradun politiko eta herritarren parte-hartzea aurreikusten da. Gaur guztiei dei egin diete konponbidea lortzeko osasunaren eta adostasunaren bideari hel diezaioten.

Eta ordubete pasatxoko bidea pazientziaz burutu eta agertokiaren aitzinean bihotz bat osatu zuten txikiei zuzendu zitzaien bukatzeko. «Entzun haurrak: ikusten dituzue milaka eta milaka pertsona hauek? Zuek zaintzeko batu gara. Gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogu denen artean, posible delako, gizartea eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jartzen bagara, denok batera lortuko dugu, oraindik garaiz gaudelako».


Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, erabat babesten dugu GuraSOS elkartea egiten ari den lana eta Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen duten EAJ eta PSE alderdiei, gipuzkoako milaka herritarrek diotena edo dioguna entzun dezaten eskatzen diegu. Ezin dugu onartu gipuzkoarren gehiengoaren iritziaren kontra eta milaka herritarren osasuna arriskuan jarriko duen Zubietako erraustegiaren inposaketa. Azkenik, GuraSOS elkarteak egin duen bezala, guk ere hondakinen kudeaketaren aferari buruzko eztabaida eta analisi serio eta publiko bat egiteko fase bat zabal dezala eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gai honi buruz espezialistek eta teknikari kualifikatuek diotena entzun behar da eta erabaki arrazionalak hartu, beti ere herritarren osasuna lehentasunezkotzat hartuz.