Honako hau da Etxerat elkarteak, "Etxerat Lagun" sostengu kanpaina aurkezteko argitaratu duen oharra:

"Etxerat Elkartea 2002.urtean sortu zen, hainbat senide eta lagunen lan, gogo eta elkartasunari esker. Azken finean, horixe baita elkartasuna, sinisten den zerbaiten alde lan egiteko gogoa. Etxeraten, euskal preso eta iheslari politikoei ahotsa ematen diegu eta ezkutatu nahi duten errealitate hori argiztatu eta zabaldu.

Gure jardun nagusiak asistentzia eta sostengua eskaintzea, izaten diren urraketa etengabeak salatzea, bisitak eskatzea eta beste modu batean bidaiatzeko aukerarik izango ez luketen pertsona eta familia ezberdinentzat furgonetak eta autobusak antolatzea dira. Jardun horretan gogor eta etenik gabe jarraitzeko, ordea, zure laguntza beharrezkoa zaigu. Bide horretan jaio da Etxerat Lagun.

Etxerat Lagun ekimena Etxeratekiko elkartasun sentimenduak dituzten norbanako eta eragileak bilduko dituen ekimena da. Elkartea lagundu nahi duen edonor izango da Etxerat Lagun. Era asko daude laguntzeko: ekarpen ekonomiko batekin, baliabide edo ezagutzen bitartez, ekimenetan lagunduz…

Oraingoz, Etxeraten jarduna ziurtatzeko, helburu nagusia dirua batzea da, kuotakideak lortuz, eta horretara zuzentzen ari gara gure kanpaina. Hainbat bide dituzu Etxeratekin ekonomikoki kolaboratzeko. Eskuorria on-line betez, berau inprimatu eta posta arruntaz bidaliz, edota This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. emailean zein 646 02 88 84 telefonoan gurekin harremanetan jarriz. Lotu elkartasunari! Etxean eta bizirik nahi ditugulako!"


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu sostengu kanpaina honekin eta gure koalizio politikoa "Etxerat lagun" egingo dela jakinarazten dugu. Izan ere, euskal presoen senideen kolektiboa da momentu honetan Euskal Herrian giza eskubideen urraketa onartezinak pairatzen dituen kolektibo nagusia. Espainiar eta Frantziar estatuek, euskal gizartearen gehiengo zabal baten eskaerari kasu zipitzik egin gabe, Dispertsio politika indarrean mantentzen dute. Kartzela politika erabat bihozgabe honen ondorioz, milaka pertsona dira beren senidea edo laguna ikusteko ehunka edo milaka kilometro egitera behartuak direnak eta esan bezala, egoera hau guztiz onartezina da. 

Azkenik, Amasa Villabonako herritarrei "Etxerat lagun" egiteko gonbidapena luzatzen dizuegu, horretarako albistean agertzen diren helbide elektroniko edo telefono mugikorra erabili dezakezue, edo bestela Villabonako Iratzar tabernara jo, eta bertan emango dizuten papera bete dezakezue.