Eguzki talde ekologistak pasa den astelehenean jakinarazi eta salatu zuen Amasa Villabonan mirotz zuri bat tiroz jota agertu izana eta Gipuzkoako Fiskaltzan salatu zuen gertaera hau. 

Mirotz zuria, gurean oso gutxi ikusten den animalia da eta mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan "interes bereziko" gisa dago sailkatua. Kategoria horretan sailkatzen dituzte, "balio zientifiko, ekologiko edo kulturalagatik edo berezitasunagatik arreta berezia merezi duten espezieak".

Eguzki talde ekologistak salatu duenez, mirotz zuri bat tiroz bota dute eta hori Villabonan gertatu da. Bestalde, talde ekologistako kideek antzeko beste hainbat gertaera eman direla ere gogoratu dute: "ez da, ezta hurrik eman ere, ehiza-aldia hasi zenetik legez babestuta egon arren, bota duten hegazti bakarra". Dagoeneko zazpi kasu salatu dituzte eta kasu hauek "izozmendiaren tontorra baino ez dira", Eguzkiren esanetan. "Guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu dira". Villabonako mirotz zuriarekin batera, bi belatz handi bota dituzte Donostian eta Jaizkibelen, zapelatz bat Beizaman, lertxun hauskara bat Urretxun, belatz gorri bat Zegaman eta gabirai bat Zumarragan.

MIROTZA2

Mirotz Zuria

Mirotz zuria bota izana Gipuzkoako Fiskaltzan salatzeaz gainera, Foru Aldundiaren ehiza politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko "aukera handiak" ematen dituela berretsi du talde ekologistak. "Horrelakoetan tiro egiten dutenek, oso gutxitan identifikatzen dituzte hegaztiak. Horregatik, oinarrizko neurriak hartzeko eskatzen diote Foru Aldundiari. Foru Aldundiak ordea, ez ditu neurri horiek hartzen, Eguzkiren ustez, "ehiztarien artean klientelismoa sustatzeak bioaniztasuna babesteak baino gehiago axola diolako". Taldeak publiko egin duen oharrean gogoratu du babestutako espezie bat botatzea delitua izan daitekeela, "jende askok ez badaki ere, kartzelarekin zigortzeko moduko delitua da".


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Eguzki talde ekologistak egiten duen salaketarekin eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiari luzatu dizkioten eskaerekin ere. Gure herrian izandako mirotz zuriaren tioketa lotsagarria eta Gipuzkoan eman diren antzeko gertaerak, legearen kontrakoak izateaz gain, erabat onartezinak eta gogor zigortu beharrekoak dira. Gure lurraldeko animaliak (eta bereziki mehatxatutako espezie bezala katalogatuta daudenak) modu eraginkorrago batean zaindu eta babesteko neurriak hartzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu, eta zentzu honetan konpetentziak dituzten erakundeei beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatzen diegu.