Maddalen Iriartek adierazi duenez, “euskara euskal herritarron batasuna sinbolizatzen duen ikur nagusia izanik, Euskararen Eguna, abenduak 3, datarik egokiena da Euskadiren Eguna jai ofizial gisa ospatzeko”.

Pasa den legealdian egindako proposamenari berriz heldu eta Euskararen Eguna, bihar bertan ospatuko dena, alegia, Euskadiren Eguna izendatzea proposatu du EH Bilduk Legebiltzarrean. Maddalen Iriartek sinatutako lege proposamenak dioenez, “euskara da euskal herritar guzti-guztion ondare kultural nagusia, belaunaldiz belaunaldi jaso duguna, euskal herritar guzti-guztiok batzen gaituena eta herri gisa bereizten gaituena”. Hori horrela, euskara “euskal herritarron batasuna sinbolizatzen duen ikur nagusia” izanik, Iriartek uste du Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduaren 3an ospatzen dena, datarik egokiena dela “Euskadiren Eguna jai ofizial gisa ospatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarron batasuna eta kohesioa adierazteko”.

maddalen parlamentun

Maddalen Iriartek defendatu du EH Bilduren proposamena legebiltzarrean

EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri du “EAEk ez duela jai ofizial bat bere eguna ospatzeko orain arte zilegi diren ikuspegi eta iritzi politiko ezberdinek ezinezko egin dutelako Euskadiren Eguna izango dena adostea”. Hala ere, “horrek ez du esan nahi euskal jendartea bera zatiturik dagoenik” eta, hortaz, “euskal herritar guztien arteko integrazioa eta kohesioa indartze aldera, jendartean egon badagoen batasunak egutegian ere isla izan behar du. Gogoeta hori da EH Bilduren lege proposamenaren oinarrian dagoena, Euskararen Eguna, Euskadiren Eguna izendatuta, jai ofizial gisa ospatu dadin ondorio guztietarako, bai eta lanekoetarako ere”.