Eusko Jaurlaritzak azaroaren 10a "Memoriaren eguna" izendatu du eta aurtengoan udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordean akordio historikoa lortu dute Villabonako udalean ordezkaritza duten EAJ-k, PSE-k eta EH Bildu-k. Hiru alderdiek testu bat adostu dute eta azaroaren 10ean, 19:00etan, 15 minutuko elkarretaratze bateratua izango da Errebote plazan "Giza eskubideen eta elkarbizitzaren alde" lelopean.  

Hau da Amasa Vilabonan EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bilduk adostu eta gaur udalak argitaratu duen mezua:

Amasa Villabonako EAJ, EH Bildu eta PSEk udal ordezkariok aho batez adostutako adierazpen hau gizarteratu nahi dugu:
Amasa Villabonako udaleko ordezkariok, jakitun gara urteetan bizi izandako indarkeriak herritarren bizikidetzan eragindako kaltea oso handia izan dela eta samin edo sufrimendu ugari eragin duela. Herritarren artean urruntasuna, bazterkeria, ezinikusia, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak eragin dira. Jakin badakigu zauri sakon asko dagoela oraindik orbaindu gabe eta, ziurrenik denbora eta lanketa handia beharko duela guztiak ondu arte.
Villabonako Udalak, bide honetan bere alea jarri nahi du, jakinda ez dela erraza izango. Zentzu honetan, indarkeriak eragindako ondorioen inguruan lan egiteko Memoria eta Bizikidetza Batzorde berezi bat eratu dugu udal talde politiko ezberdinen ordezkaritzarekin. Hastapenetan bagaude ere, gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu hasi berri den prozesu honetan batera aritzeko. Asko dago oraindik lantzeko eta inork ez du esan erraza izango denik. Guk ordea, horren aldeko apustua egiteak merezi duela uste dugu eta bakearen kultura sustatzeko eta Giza Eskubideen defentsan lanean jarraitzeko borondate osoa agertzen dugu.

Bukatzeko zera adierazi nahi dizuegu: Batzorde honetatik bat egiten dugu azaroak 10eko Memoria Egunarekin. Egun honetan indarkeriaren biktima guztiak gogoratuko ditugu eta amasa-billabonatar guztiei “Giza eskubideen eta bizikidetzaren alde” lelopean,arratsaldeko 19:00tan Errebote plazan eta udaletxearen aurrean,burutuko dugun elkarretaratzera gonbidatu nahi zaituztegu. Bertan adierazpen bateratu bat irakurriko dugu udaleko alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak.

Hau da elkarretaratzeko deialdia zabaltzeko Villabonako udalak plazaratu duen kartelaren irudia:

Kartel proposamena

 


EH BILDU-REN IRAKURKETA

Lehenik eta behin, Amasa Villabonan bizikidetza eta memoria arloan lehen aldiz udalean ordezkaritza duten alderdien arteko adostasuna lortu izana oso positiboki baloratzen dugu. Zalantzarik gabe, akordio historikoa da. Hala ere, uste dugu honako hau abiapuntu bat izan behar dela eta ez dugu ikusi behar lortutako helburu bezala soilik. Akordio hau gutxieneko eta oinarrizko akordioa da, giza eskubideen errespetuaren alde eta elkarbizitzan aurrera egiteko alderdi guztiek dugun borondatea azaltzen duena, eta oraingoz ez besterik.

Gure herrian memoria eta bizikidetzan asko dago egiteko, herritarren artean eguneroko elkarbizitza ia erabat normalizatu bada ere, herri honetan bizi izan dugun gatazka politikoak utzitako ondorio ugarik konpondu gabe jarraitzen dute eta gaur egun oraindik giza eskubideen urraketak pairatzen dituzten herritarrak ditugu gurean. Ezinbestekoa da presoen senideek pairatzen duten dispertsio politikarekin amaitzea, hori baita momentu honetan gure herriko pertsona ugarik bizi duten eskubide urraketa nabarmenena. Bestalde, biktima guztien, guzti-guztien aitortzan ere ezinbesteko pausuak eman behar dira, oraindik inolako onarpen ofizialik ez duten hainbat biktima baitaude Amasa Villabonan. Azkenik, torturak gure herrian utzi duen itzal luzea ere aipatu behar dugu, bildutako datuen arabera gutxienez 88 tortura kasu pairatu dituzte amasa-billabonatarrek eta zoritxarrez errealitate hau ere ez da administrazio publikoaren aldetik behar bezala aitortua izan. Aipatutako hauek izango dira etorkizunerako ditugun erronka nagusiak. Funtsezkoa izango da gure herrian eman diren alde guztietako eskubide urraketa ezberdin ahalik eta gehien biltzea, biktima guztien aitortzan, justizian eta erreparazioan urratsak ematea eta etorkizunean urraketa horiek berriz gertatuko ez direla bermatzea. EH Bildutik udalean martxan den memoria eta bizikidetza batzordearen baitan, zintzotasunez baina aldi berean tinko lan egiten jarraitzeko borondate osoa agertu nahi dugu.   

2015eko azaroan ezin izan zen adostasunik lortu eta EH Bilduk udalak deitutako elkarretaratzean ez parte hartzea erabaki zuen. Orduan, gai honetan presaka eta beharrezkoa den lanketarik gabe aritzea leportau genion EAJko udal gobernuari eta memoria eta bizikidetza behar bezala landu eta elkarbizitzan aurrera urrats sendoak emateko, batzorde berezi bat sortzea proposatu genuen. Ikusten duzuenez, batzorde hori eratu da eta ibilbide labur baina oparoa izan du, lehen oinarrizko akordio hau lortu ahal izan delarik. Beraz, aurrera goazela esan dezakegu eta hori pozgarria da dudarik gabe.

Guzti honegatik, Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, herritar guztiei dei egiten diegu ostegun honetan 19:00etan Errebote plazan izango den elkarretaratzean parte har dezaten, gure ustez garrantzitsua baita lehen aldiz modu bateratuan egindako deialdi honetara herritar ugari biltzea.