- 16 Azaroa 2017
Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkidek Osasun sailburuari gogorarazi dio bai pribatizazioa, bai autokontzertazioa eskuinaren betiko neurri zaharrak direla, eta horrek ez duela arazoa konpontzen, herritarren arteko desberdintasunak handiatzea dakarrelako.

Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkidea, Darpon osasun sailburuari azalpenak eskatzen
EH Bilduk Osakidetzan itxarote zerrendak laburtzeko Osasun Sailaren plana kritikatzen du, planak “neurri interesgarri batzuk” jasotzen dituen arren, funtsezko proposamenak ez direlako batere onargarriak. Zehazki, autokontzertazioa eta pribatizazioa aipatu behar ditugu, eta gogorarazi nahi dugu bi neurri horiek erakutsi dutela ez dutela ezertarako balio. Osakidetzak autokontzertazioa proposatu du osasun zentroetan arratsaldeko txandak indartzeko; hau da, langileek euren ordutegitik kanpo lan egin dezatela, aparteko ordu-extra gisa. Proposamen horren aurrean EH Bilduko Otamendik, Darpon sailburuaren burutazio hori "peonadak" proposatzea dela salatu du. Arratsaldeko txandak indartu nahi izanez gero, lanpostu berriak sortu behar dira, oinarrian dagoen arazo larria, benetako arazoa, pertsonal falta nabarmena delako.
EH Bilduren iritziz, gaixoak sistema publikotik sare pribatura bideratzea ez da itxarote zerrendak laburtzeko bidea. Horren haritik, gogora ekarri nahi dugu Osakidetzako zerbitzu-buru batzuek, itxarote zerrendak kudeatzeko ardura dutenek, alegia, arratsaldez klinika pribatuetan lan egiten dutela. Osasun sailburuak aurkeztu duen planak ez du ezer aipatzen profesional horiei buruz eta sortzen den galdera automatikoa hauxe da: Nolatan gera daiteke zerrenda horien antolaketa profesional horien esku, ondoren beraiek izango badira gaixoak euren klinika pribatuetara deribatuko dituztenak?.


