EH Bilduk gogor salatzen du Alfredo Remirezen espetxeratzea eta bere berehalako askatasuna exijitzen du. Espainiar estatuko "justizia", PPren gobernuaren esanetara, disidentzia politikoaren adierazpen askatasunaren kontrako tresna errepresibo gisa jokatzen ari da, garai bateko zentsura berriz ere ezarriz eta gizarte honetako sektore kritikoak isilarazi eta beldurtzeko helburuarekin. Gure ustez, hau erabat antidemokratikoa izateaz gain, onartezina da.

Julen Arzuaga EH Bilduko kideak komunikabideen aurrean egindako balorazioan, Gasteizko Legebiltzarrean izandako eztabaidaren emaitzak azpimarratu zituen: “albiste ona da PP ez beste talde guztiek bat egitea kartzelaratze honen neurrigabekeria salatzean, adierazpen askatasunaren defentsan eta terrorismoaren gorazarre delituak definitzen dituen Zigor Kodearen artikulua aldatzeko eskaeran”.

EH Bilduk pasa den ostiral arratsaldean Amurrion Alfredo Remirez (@erreharria) espetxeratzearen aurka egin zen manifestazio jendetsuan parte hartu zuen. Remirez larunbatean eraman zuten Basauriko kartzelara, Auzitegi Nazionalak “sare sozialetan terrorismoaren gorazarre egitea” egotzita kondenatuta, baina, Julen Arzuagak salatu zuenez, “delitu tipo horren eskutik, funtsezkoak diren eskubideak urratzen ari dira, hala nola, adierazpen askatasuna eta askatasun ideologikoa”.

jarraia146737

Alfredo Remirez bere lagun eta senideei agurtzen, ostiralean Amurrion egindako manifestazioaren ostean

Hori dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu zuen irailean, Legebiltzarra Remirez pairatzen ari den bidegabekeriaren aurka ager zedin. Zuzenketak egiteko epea amaituta, gainerako talde politikoek egindako ekarpenak ikusita, Arzuagaren iritziz “albiste ona da PP ez beste talde guztiok bat egitea adierazpen askatasuna eta ideologikoa defendatzeko, legeak aplikatu beharreko garaiaren errealitate sozialaren arabera interpretatu daitezela eskatzeko, iritzi soilak emateagatiko kartzelaratzeak salatzeko, zigorrak proportzionalak izan daitezela galdegiteko eta Zigor Kodearen 578. artikulua (terrorismoaren gorazarreari eta biktimen umiliazioari buruzkoa) aldatzea eskatzeko, betiere interpretazio arbitrario eta neurrigabeak saiheste aldera, adierazpen, iritzi eta pentsamendu askatasunekin bateraezinak liratekeenak, alegia”.

Finean, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu zuenez, adostasuna ia erabatekoa da Amurrioko gaztearen kartzelaratzearen aurka. “Sintonia handia dago bizikidetzaren alde, bai eta Remirez eta haren sendiari babes eta elkartasuna adierazteko ere, kartzelak eragingo dien sufrimendua dela eta”.