- 30 Azaroa 2017
Gasteizko legebiltzarrean EH Bilduren ordezkari nagusiak diren Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion oso kritiko azaldu dira Iñigo Urkulluk zuzendutako PNV-PSEren Eusko Jaurlaritzarekin. EH Bilduko bozeramaileen ustez, legealdiko lehenengo urtea aukera galduen urtea izan da, Urkulluren xedea jada ez delako Europan euskal nazioa eraikitzea, Espainian autonomia moldatzea baizik. EH Bilduk, dena den, akordio integrala eskaini du berriz ere Estatuarekiko egungo harreman eredua gainditzeko eta herritarren ongizatea bermatzeko.
EH Bilduk duela urtebeteko hauteskunde kanpainan herri akordio zabal eta aurrerakoia eskaini zuela gogora ekarri ostean, tamalez PNVk PP eta PSErekiko aliantza zaharren aldeko apustu egin duela salatu dute, “eta horrek Europa aurreratutik urrundu eta Espainia zaharkitura hurbiltzen gaitu”. Maddalen Iriarte, Miren Larrion eta Jasone Agirreren iritziz, “Jaurlaritzak kaskarkeria kudeatzen du, ez du anbiziorik, errealismoa etsipenarekin nahasten du eta herri ikuspegi estrategikoa falta zaio; hori emaitza logikoa da bere aliatuak PSE eta PP baldin badira, betikoa betikoekin egiten badu”.
Iriartek salatu duenez, “bidaide horiekin eta PPren politikak bere eginez, Urkullu eta PNV Espainian ainguratzen ari dira arlo politikoan, ekonomikoan eta sozialean. Euren helburua ez da, dagoeneko, euskal nazioa Europan eta herri aurreratuenen pare, baizik eta autonomia Espainian, eta hori oso larria da, ondorioak, ekonomikoak eta mota guztietakoak, herritarrak pairatzen ari direlako”.

Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion, legebiltzarrean eskaini zuten prentsaurrekoan
Horri jarraituz, Miren Larrionek azpimarratu du Urkullu ez dela gai euskal gizartearen zati garrantzitsuekin, legebiltzarreko 2. eta 3. indarrekin, akordioetara iristeko, baina bai tematzen dela, ordea, alderdi unionistekin adosten, PP eta PSErekin, hemen gutxiengo direnekin. Horren haritik, erantsi du, “mundu mailan herri askok aurrera egiten duten bitartean, betikoa betikoekin egiteak atzean gelditzea dakar, eta hori da hemen gertatzen ari dena”.
Ohartarazi duenez, atzerapausoak nabarmenak izaten ari dira hezkuntzan eta osasunean, non kalitatea izugarri jaitsi den murrizketen ondorioz; enpleguan, soldatek azken lau urteotan behera egin baitute etengabe; industrian, arlo horretan funtsezkoa den ikerketan eta garapenean egiten den inbertsioa etengabe jatsi baita, urtez urte, Urkullu Lehendakaritzara heldu zenetik. “Inbertsio horrek estrategikoa izan beharko luke Jaurlaritzan, baina parametro espainoletara hurbiltzen ari gara Europako batez bestekotik urruntzen ari garen bitartean. Euskal gizarteak ahalmen eta gaitasuna du Europako onenen artean egoteko, baina horretarako ezin dugu betikoekin betikoa egin”.
“Legealdiko lehenengo urtea, beraz, alferrik joan zaigu”, ondorioztatu du Jasone Agirrek, baina, hala eta guztiz ere, PNV eta Podemosi egindako eskaintza integrala berretsi du “hori delako herri honek duen bide eta aukera bakarra jendearen ongizatea eta autogobernua bermatzeko”. Agirreren irudiko, “borondatea baldin badago, denbora dago oraindik akatsak zuzentzeko eta Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta sozialak norabide egokian jartzeko”.
Autogobernuari dagokionean akordioak lortzearen garrantzia azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, betiere Estatu espainolarekin dugun harreman eredua aldatzeko. “Harreman eredu berria behar dugu, berdinen artekoa, Urkulluk nahi duena esan dezakeelako, baina egungo ereduari ezin zaio aldebikotasuna deitu. Giltza Madrilek dauka, eta akordioak betetzen dira Gobernu espainolak hala nahi badu bakarrik, bere baldintzak jarrita. Hori ez da aldebikotasuna, xantaia baizik; hori harreman toxikoa da, ezinbestean aldatu beharrekoa”.


