- 01 Abendua 2017
Azken zazpi urteotan puztutako burbuila lehertzear da Tolosako Asuncion klinikan. Langile batzordeak grebak eta lanuzteak iragarri ditu datozen asteetarako, klinikako zuzendaritzaren aldebakartasuna eta langileen egoera prekarioa salatzeko. Horrela, lehen mobilizazioa datorren larunbatean izango da, abenduaren 2an, 12:30etan Triangulo plazan egingo duten elkarretaratzea.
ELA eta LAB sindikatuetako kideez lagunduta, klinikako langileek prentsaurrekoa egin dute Tolosan. Pasa den azaroan klinikako zuzendaritzarekin izandako bilera izan zuten hizpideetako lehena: «Negoziazio mahaira deitu gintuzten eta, azaldu, enpresak ez duela negoziatzeko asmorik; informazio bilera baino ez zela izango esan zuten». Horrela, Asuncioneko buruek soldaten igoera %1ekoa izango dela jakinarazi zieten langileei, 2016ko KPIa %1,6koa izan zen arren. Sindikatuek aldebakartasunez jokatzea egotzi diote zuzendaritzari eta, azken zazpi urteotan galera ekonomiko handiak izan dituztela salatu zuten, soldatak izoztuta eduki dituztelako: «Oinarrizko soldatan 3.000 eta 5.000 euro arteko galerak izan ditugu», azaldu dute Ainhoa Ortizek (LAB) eta Isabel Descalzok (ELA).
Gatazka, ordea, hileroko ordainsarien igoeraz harago doa. Langile batzordeak salatu duenez, urtean 1.670 orduko lan-jarduna osatzen dute, oso urrun daude asteko 35 orduetatik eta 2010. urteaz geroztik, ez da murriztu Asuncion klinikako langileen lan-jarduna.
Horrekin batera, pertsonal falta, kontratazioetako irregulartasunak eta eguneroko lan-kargaren handitzea bizi dituztela azpimarratu dute langileek, prekarietate sistematikoan bizi direla salatuz.
Gaur egun, Asuncion klinikak 65.000 herritarri zerbitzu ematen die; Tolosaldeko 28 herriekin batera, Legorreta eta Andoain ere hartzen ditu. 330 langile baino gehiago aritzen dira bertan, eta kontzertazio bidez funtzionatzen du ospitaleak: Inviza S.A.ren (klinika kudeatzen duen enpresa) eta Osasun Sailaren arteko hitzarmen ekonomiko baten bitartez.
Datuok mahai-gaineratuz, Asuncioneko langile batzordeak klinikako zerbitzuak gain behera doazela adierazi du, eta duela gutxi mediku traumatologoekin gertatu dena plazaratu dute. TOPA koordinakundeak berriki jakinarazitakoaren bidetik, Asuncioneko 4 traumatologok klinika utzi dute. Ez dituzte ordezkatu, nahiz eta, gaur egun, klinika horretan, traumatologiako 6,5 espezialistak aritu beharko luketen. Ondorioz, itxaron-zerrenda luzatzen ari da, eta traumatologiako larrialdi kirurjikoak Donostia Ospitalera bideratzen ari dira egunotan.
ELAk eta LABek izen-abizenak jarri nahi izan dizkiete egoeraren arduradunei, eta fokua jarri diete Jesus Gomez Montoya Invizako buruari eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari: «Egoera honen ardura beren gain hartzeko eskatu nahi diegu. Asuncion klinika kontzertatua da, eta 65.000 pertsonaren osasuna klinikaren esku dago. Horregatik, Montoya arduraduna da, eta Darpon konplizea».
Nahikoa da! esateko unea:
Arazo eta egoera eskasen errenkada horrek, krisi egoera eragin du langileen artean eta azaroaren 20ko langileen batzarrean erabakitakoa aitzat hartuz, mobilizazio eta lanuzteak egitea erabaki dute. Larunbatean bertan ekingo diote salaketa-agendari, eta elkarretaratzea egingo dute, 12:30etik 13:30era, Trianguloan. Abenduaren 13an, 4 orduko lanuztea egingo dute, 08:00etatik 12:00etara, eta elkarretaratzea 15:15etik 16:15era bitarte. Abenduaren 20an, berriz, egun osoko greba deitu du langile batzordeak, eta kotxe karabana egingo dute, abenduaren 27an, 18:00etatik 19:00etara bitarte. Azkenik, bi eguneko greba egiteko asmoa azaldu dute, datorren urtarrilaren 8an eta 9an.
Aspalditik datozen arazoak
Asuncion klinikako langileen soldatena ez da gaurko kontua. 2013. urteko maiatzean, Inviza-k soldatak jaisteko asmoa iragarri zien langileei; batez beste, hileroko ordainsariak %4,2 eta %7 artean murriztu nahi zituen zuzendaritzak. Argudiatu zutenez, erabakiaren atzean zegoen, Asuncion klinikaren eta Osasun Sailaren arteko hitzarmenaren beherakada ekonomikoa.
Negoziazioek huts egin zuten, eta langileek salaketa jarri zioten Invizari, enpresaren fede txarra eta soldatak jaisteko argudio falta salatuz. Horrenbestez, 2013ko urrian, epaileak langileen aldeko ebazpena idatzi zuen, Asuncion klinikako langileen baldintzak lehengora bueltatzeko aginduz.
Amasa Villabonako EH Bildutik Asuncion klinikako langileen aldarrikapenak babesten ditugu eta Inviza enpresako arduraduna den Montoya jaunari, langileekin negoziatu dezala eskatzen diogu. Klinikako langileek urteetako prekarizazio prozesua pairatu behar izan dute, beren lan baldintzak okertzen joan dira eta egoera jasanezina egin da. Egoera horren arduradunei, Montoya eta Darpon sailburuari, erabat bidezkoak diren langileen aldarrikapenei bide ematea eskatzen diegu.
Bestalde, gatazka honek, Tolosaldean osasun publikoarekin dugun arazoa berriro ere mahai gainean jartzeko parada eskaintzen digu. Oso ezaguna da Tolosaldeko EH Bilduren iritzia, behin eta berriro salatu dugu Asuncion klinikak gestio pribatua izateak ondorio kaltegarriak dakartzala, besteak beste, klinikako langileen eskubideei eragiten dienak eta berriro ere, Tolosaldean, Gipuzkoako beste eskualde guztietan dagoen bezalaxe, ospitale publikoa behar dugula aldarrikatzen dugu.


