- 04 Abendua 2017
Tolosaldeko Galtzaundi euskara elkarteak deituta, eskualdeko 28 herrietan egitasmo bateratua egingo da aurtengo abenduaren 3an. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko zubia izantea da aurtengo Euskararen Egunarekin lortu nahi den helburua.
Tolosaldean, 28 herriek eskutik plazaratuko dute, Euskararen Nazioarteko Eguneko gogo eta aldarria: Tolosaldean euskarak 365 egun!!
Plaza bete desio, leloaren letra bana irudikatu beharko du herri bakoitzak, eskualdea talde eginez: "Elkarlanerako prestutasuna azaldu eta zabaldu nahi dugu, auzolanerako gogoa. Euskararen arnasgune izan nahi dugu, eta hori ez da gutako bakoitzak bakarrik egin dezakeen zerbait. Argi daukagu herri guztiok batera aritu behar dugula lan horretan ere: ahulak gara bakarka, baina, elkarrrekin, indartsuak".

Tolosan egindako agerraldian, Tolosaldeko ia 28 herrietako ordezkariak izan ziren (Amasa Villabonako udal gobernuko ordezkaririk ez zen izan), datorren iganderako deialdia iragartzeko. Izan ere, urte osoan barrena euskara hutsean bizitzeko gogo horretara bidea elkarrekin egin nahi dute, norbanako, talde antolatu, gizarte eragile nahiz udalek: "Indar berezia eman nahi diogu egitasmo honi, eta ez dugu aurtengo Euskararen Eguna egun bakarreko jaian geratzerik nahi. Seguru aski, gure herrietan posible da, egunero, urteko 365 egunetan, ia ordu guztietan euskaraz bizitzea. Baina guk bi gauza lortu nahi ditugu: batetik, ahal dutenak horretara jartzea eta, bestetik, horretarako zailtasunak dituztenen kontzientziak astintzea".
Horrela beraz, Galtzaundi Euskara Taldeak jarduera bateratu horretan parte hartzera deitu nahi izan ditu Tolosaldeko herritarrak.
Amasa Villabonan, 11:00etatik aurrera Errebote plazan:
Mekanismoa sinplea izango da. 11:30etan jendea bilduko da plazan, ondoren, Galtzaundi elkarteak egindako adierazpena irakurriko da. 12:00etan berriz, dagokion letra edo puntuazio hizkia gorpuztu beharko du herri bakoitzak. Amasa Villabonan 3 zenbakia osatu beharko dugu plazan elkartuko garen pertsona guztien artean. Ondoren, argazkia aterako da eta Tolosaldeko herri bakoitzeko argazkiak bateratuta, aipatutako "Tolosaldean euskarak 365 egun" leloa osatuko da.
Amasa Villabonako EH Bilduk erabat babesten du ekimen hau.
Guk ere euskaraz bizi nahi dugulako eta prest gaudelako norabide horretan konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzeko; gure jardun guztietan euskarari lehentasuna emateko, gure herria berreuskalduntzeko bidean neurriak hartzeko, hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzeko, euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko, euskalgintzarekin elkarlanean aritzeko etab. Galtzaundik mahai gainean jarritako leloak dioen bezala, urteko 365 egunak izan behar baitira euskararenak. Azkenik, ekimen honetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei. Anima zaitezte!


