- 29 Azaroa 2017
PNV-PSEren Foru Gobernuak Gipuzkoarako osatu duen Aurrekontu Proiektua oso kaltegarria da gipuzkoarrontzat, eta ez du balio enplegu duina sortzeko, ezta herritarrek behar dituzten gizarte zerbitzu duinak eskaintzeko ere. 2018ko Aurrekontu proiektuak ez ditu asetzen beraz, ezta urrunetik ere, gipuzkoarron beharrak. Horregatik, EH Bilduk aurrekontuei osoko zuzenketa egitea erabaki du. Horretaz gain, 85 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu, guztira, 58 milioi euro ukitzen dituztenak. Zuzenketa proposamen hauek bereziki, gizarte politikak eta ekonomiaren sustapena indartzera bideratuta daude.
Xabier Olano EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, Gipuzkoan behar handiak daudenean ezin da ulertu, are gutxiago onartu, Gipuzkoako Aurrekontu propioa 18,6 milioitan soilik igotzea eta Madrili ordaindu beharreko kupoa 104,2 milioi igotzea. Aurreko urteko datuekin alderatuta, Aurrekontu propioa %2 igoko da; Udalen Fondoa %4 eta Eusko Jaurlaritzari egiten zaioen ekarpena, %6. Aldiz, Estatuari ordaindu beharreko kupoa % 42 igoko da! Aurreko urteko 246,9 milioiren ordez Espainiari 351 milioi ordaindu behar izateak, dirutza hori Gipuzkoan ezin inbertitzea dakar. Dirutza hori oso ondo etorriko litzateke politika sozialak hobetzeko edo ekonomia sustapenean inbertitzeko.
“Etsipenez ikusten dugu, beste urte batez ere, Foru Gobernu honentzat Gizarte Politika ez dela lehentasuna eta atzera pausu nabarmenak daudela. Horregatik proposatzen dugu departamentu horrek aurreko legealdian lortu zuen inbertsio maila berreskuratzea datozen bi urteetan, zehazki, Aurrekontu Orokorraren % 49,39a izatea. Datorren urterako gehikuntza horri esker,hainbat hobekuntza finantzatu ahal izango dira, adibidez, Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuan Aldundiak egin dituen murrizketak (3 milioi) edo adinekoen egoitzetako 200 plaza berrien irekiera.

Xabier Olano EH Bilduko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Era berean, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko ahalegina motz gelditzen da, eta datorren urterako Aurrekontu proiektuan baliabideak izoztu egiten dira. Horregatik, EH Bildutik zuzenketa partzialen bitartez, 2,4 milioi euro gehiago eta beste 700.000 euro enpresa txikiak, ertainak eta mikroenpresak laguntzeko bideratzea eskatu dugu.
Horrekin batera, zerga iruzurraren aurkako borrokan baliabide pertsonal gehiago jarri behar direla azpimarratu du Xabier Olanok, eta horretarako milioi bat euroko gehikuntza proposatu du. Era berean, ingurumena, elikadura burujabetza eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du EH Bilduk bere zuzenketa partzialetan eta adostasun garrantzitsuetara iristeko borondatea duela erakutsi du.


