- 30 Azaroa 2017
EH Bilduko Legebiltzarreko taldeak, Jaurlaritzaren aurrekontuei hobekuntza ugari planteatu dizkie, 222 milioi suposatuko lituzketen aldaketak, eta 68 milioi gehiago proposatu ditu konpromiso kredituen bidez. Hobekuntza hauek mahai gainean jartzerakoan, EH Bilduk lehentasuna eman die enpleguari, industriari, hezkuntzari, osasunari eta herritarren babes sozialari.
Duela egun batzuk iragarritako osoko zuzenketarekin batera, EH Bilduk zatikako 880 zuzenketa partzial aurkeztu ditu Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuak hobetzeko asmoz. Guztira, 222 milioi euro beste modu batean erabiltzea proposatu du, baita beste 68 milioi konprometitzea ere datozen urteotan enplegua, industria eta Ikerketa eta Garapen (I+G) politikak indartzeko.
Iker Casanovak legebiltzarkideak azaldu duenez, zuzenketa horien bidez EH Bilduk lau arlo lehenetsi ditu nagusiki. Lehenik eta behin, enplegua eta industria, arlo horietan 100 milioi gehiago inbertitzea proposatzen du EH Bilduk, industria funtsa sortzeko, krisiaren ondorioak gehien pairatu dituzten zonaldeak suspertzeko eta Ikerketa eta Garapena bultzatzeko.
Beste hiru ardatz nagusiak dira hezkuntza (44 milioi gehiago galdutako lanpostuak berreskuratzeko eta berriak ere sortzeko, azpiegiturak hobetzeko, haurreskoletan doakotasuna hedatzeko eta Unibertsitate Publikoaren finantziazioa igotzeko), osasuna (36 milioi gehiago lantaldeak indartzeko, ekipamenduak hobetzeko eta itxaron zerrendak murrizteko) eta babes soziala (50 milioi gehiago pentsiodunei, iraupen luzeko langabetuei eta gizarte larrialdiei erantzun egokia emateko). Halaber, EH Bilduk proposatu du Gobernu espainolarekin hitzarmen berria sinatzea orain Abiadura Handiko Trenera bideratzen diren 156 milioiak benetan beharrezkoak diren azpiegituretan inbertitzeko, trenbide, portu eta aireportuetan behar diren hobekuntzak egiteko.
Iker Casanovak azpimarratu du koalizioaren zuzenketek frogatzen dutela “gauzak beste modu batean egin litezkeela, Jaurlaritzak ausardia eta ikusmen estrategikoa izango balu”. Tamalez, erantsi du, ez da horrela, Urkulluren Gobernuak “egonkortasuna paralisiarekin nahasten duelako, errealismoa konformismoarekin”. Horren emaitza dira aurkeztu dituen aurrekontuak, “txarrak, nahikoa diru ez dutenak, ikuspegi estrategikorik gabekoak”. Casanovak salatu duenez, Lakuako aurrekontuak “akordio politiko txar baten ondorio dira, prozesu birzentralizatzaile batean dauden eta demokrazia zapaltzen ari diren 155. artikuluko alderdiekin egina”. Are gehiago, 2018 aurrekontuetan dago “etorkizuneko aurrekontu txarren jatorria, akordio horren atzean eskuineko kontrarreforma fiskal atzerakoi bat dagoelako, eta horrek behar diren diru-sarrerak ez lortzea ekarriko du”.


