Abenduaren 9a zita garrantzitsua izango da euskal presoen sakabanaketa behin betiko amaitzeko bidean, Frantziako Gobernuak euskal presoei aplikatzen dizkien salbuespeneko neurriak bertan behera utz ditzala eskatzeko deitu dute manifestazioa Ipar Euskal Herrian babes politiko eta sozial handia lortu duten Bakegileek, eta Hegoaldean Sare mugimendu herritarrak bat egin, eta parte hartzeko deia luzatu du. Deialdi hau Amasa Villabonan eta Aiztondo bailaran zabaltzeko asmoz, pasa den larunbat eguerdian dozenaka herritar elkartu ziren Amasako plazan eta bertan argazkia atera eta adierazpenak egin zituzten.  

Resultado de imagen de abenduak 9 parisera

Bakegileek deialdia zabaltzeko argitaratu duten karteletako bat

Benetan garrantzitsua izango da Parisera ahalik eta jende gehien joatea, Frantziar Gobernuak argi ikus dezan beraiek ere erantzunkizun handia dutela euskal presoei ezartzen zaizkien sakabanaketa eta salbuespenezko kartzela politikan.

Autobusa Aiztondo bailaratik

Aiztondo bailaratik autobus bat betetzeko erronka ezarri dute Sareko kideek eta izena emateko zerrendak jarri dituzte Villabonako Amasa kafetegian eta Iratzar,Erreka eta Iru-Aldeta tabernetan.

Abenduaren 9ra bitarte beste hainbat ekitaldi ere egingo dira gurean deialdia zabaltzeko asmoz; hasteko, azaroaren 16an, osteguna, mobilizazioaren aurkezpena egingo da 20:30ean pleno aretoan.


Amasa Villabonako EH Bilduko kideok bat egiten dugu mobilizazio deialdi honekin eta parte hartzeko deia lutzatzen diegu herritar guztiei. Bada garaia euskal presoek eta beren senide eta lagunek pairatzen dituzten salbuespenezko neurriekin eta sakabanaketa politikarekin behin betirako amaitzeko. Zentzu horretan, Ipar Euskal Herrian kolore guztietako alderdi politiko eta gizarte eragileen artean lortutako akordio zabalak eredugarriak dira, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako gizarte zibilak ongi ulertu du honakoa giza eskubideen afera dela eta ez aldarrikapen alderdikoi huts bat. Beraz, Ipar Euskal Herrian lortu den batasun horrek, Parisko Gobernuari edo Frantziar estatuari presioa egiteak emaitza positiboak ekar ditzakeela uste dugu, eta behingoz gai honetan historikoki Frantziak Espainiar estatuari egin dion segidismoarekin amaitzeko baliagarria izango den mobilizazio baten aurrean gaudela sinesten dugu. 

Horregatik bereziki garrantzitsua izango da datorren abenduaren 9an milaka euskal herritar elkartzea Parisen eta euskal presoen eskubideen gaia frantziar gizartearen eta agintarien agendan txertatzea. Sakabanaketarekin amaitzeko lehen urrats sendoa ematera goaz!