- 22 Azaroa 2017
Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohia Martuteneko espetxean sartu zuten pasa den astelehenean, trafiko istilu baten harira Gipuzkoako Auzitegiak ezarritako bi urte eta erdiko zigorra betetzeko. Iker Rokandio Pasaiako udaleko idazkari izandakoari ere, zigor berbera ezarri zioten.
Amasa Villabonako EH Bilduk bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandiori. Sinetsita gaude bere jardun publikoan herritarrei laguntzeko borondate osoa izan zutela orduan, eta irizpide bera izan zutela beti beren ekintza publiko eta instituzional guztietan. Beraz, inori kalterik eragin ez zion trafiko arau-hauste bati lotutako liskar batenagatik bi pertsona kartzelatzea, neurrigabekeria galanta iruditzen zaigu.
Lehenbailehen Amaia eta Iker berriz kalean ikustea espero dugu. Animo eta eutsi!


