Pasa den uztailean (santio jaien aurretik) Amasako frontoia zabor edukiontziz beteta zegoela jakin genuen. Orduan guztiz harrituta geratu ginen eta garbi utzi nahi dugu EH Bilduko zinegotziei ez zitzaiela kontu honi buruzko ezertxo ere jakinarazi. Beraz, EAJ-PNVko Udal Gobernuak bapatean eta unilateralki frontoia biltegi batean bilakatu eta isteko erabakia hartu du.

Hasieran egun batzuetako kontua izango zela pentsatu genuen, baina oker geunden eta abuztu osoa darama frontoiak egoera horretan. Normala den bezala, honek hainbat herritarren artean haserrea eragin du, frontoiko erabiltzaileek ezin izan baitute pilotan jokatzeko (edo beste kirol batzuk praktikatzeko) erabili. Guk ere bat egiten dugu haserre horrekin, ez baitugu ulertzen nola eduki daitekeen kirol instalakuntza publiko bat, guztiz itxita biltegi soil bat bezala erabiltzeko. Frontoia herritarrek erabiltzeko espazio publiko bat da eta horrexegatik EH Bilduko kideok egunero irekita egon behar duela pentsatzen dugu. Zergatik erabaki da edukiontzien biltegi bezala Amasako frontoia erabiltzea? eta ez herritarrek erabiltzen ez duten beste edozein espazio? Gure ustez egoera hau ez da onargarria eta udal gobernuari azalpen argi bat ematea eskatzen diogu.

 

Azkenik eta gaiarekin erlazioa duenez, aipamen bat egin nahi genuke; dakizuen bezala Villabonako udalean EAJ-PNV, EH Bildu eta PSEren arteko akordio zabala sinatu zen hondakinen bilketa sistema berri bat martxan jartzeko, baina orduz geroztik ematen ari diren urratsak ez dira inoiz jakinarazten. Gai honetan ere, udal gobernuaren aldetik sekretismo edo ilunkeria da nagusi. Gai hau lantzeko gunea Ingurumen batzordea zela adostu genuen, baina hilabete ugari dira batzorderik egiten ez dela. Iban Agirre alkate ohiak gai honi buruzko xehetasunak oposizioarekin batera landu eta adosteko borondatea agertu zuen, baina bistan denez hori guztia borondate hutsean geratu da. Noiz jarriko da martxan edukiontzien sistema? eta garrantzitsuagoa dena, nola egingo da aldaketa hori? EH Bildutik galdera hauek funtsezkoak direla uste dugu baina oraingoz ez dugu erantzun garbirik eta tristea bada ere, komunikabideetan irakurri ahal izan duguna dakigu soilik.