- 28 Iraila 2016
Astelehen honetako Osoko Bilkuran Amasa-Villabonako udalbatzak aho batez onartu zuen etxegabetzeak saihesteko jarduera protokoloa. EAJko udal gobernuak duela sei hilabete, martxoan, ekin zion Amasa Villabonan etxegabetzeak edo etxe kaleratzeak saihesteko protokoloa osatzeari. EH Bilduko udal taldeak begi onez ikusi zuen asmo hori eta protokoloa osatu eta hobetzeko asmoz hainbat ekarpen egin zizkion hasiera batean udalak aurkeztu zuen txostenari.
EH Bilduko udal taldea harremanetan jarri zen "Stop Desahucios" gizarte eragilearekin eta protokoloa sakon aztertu ondoren, udaleko gizarte zerbitzuen batzordean Aratza Lopez eta Leire Olasagasti EH Bilduko zinegotziek hainbat proposamen egin zituzten. Besteak beste, protokoloak zorraren ordez etxea onartzeko aukera (dación en pago) jasotzea eta EAEn onartutako etxebizitza legeak (Madrilek indargabetuta dauka) gai honi buruz dioena kontuan izatea eskatu zuten EH Bilduko hautetsiek eta bestalde udalak Stop desahucios eragilearekin elkarlanean aritzea (juridikoki jendeari laguntzeko eta bankari presioa eragiteko) ere proposatu zuten. Oraingo honetan, beste gai askotan ez bezala, EAJko gobernuak akordiorako jarrera irekia erakutsi zuen eta EH Bilduk eginiko proposamenak protokoloan jasotzea onartu zuen. PSEko ordezkariak ere bat egin zuen erabaki horrekin.
Oraingo honetan ere, EH Bildu koalizioko udal taldeak oposizio arduratsu eta eraikitzailea egin du eta lan horri esker Amasa Villabonan etxe kaleratzerik egon ez dadin protokolo egoki bat onartu du udalak. Hala ere aipamen kritiko batzuk ere egin nahi ditu EH Bilduk, lehenik eta behin, EAJko udal gobernuak gai honetan ere, erakutsi duen lan egiteko geldotasuna, udal gobernuak berak markatutako epeen arabera protokoloa maiatzeko osoko bilkuran onartu behar zen eta azkenik irailean eta gai-ordenetik kanpo onartu da. Bestalde, udalak martxoan komunikabideetara bidalitako albistean, protokolo hau herriko eragilei aurkeztu eta jendearen ekarpenak jasoko zirela esan zuen, eta zentzu honetan ez da nahikoa lan egin. Batzar ireki soil bat egitea ez da nahikoa, protokoloa herriko eragileei aurkeztu eta beren ekarpenak jaso direla esateko.
Azkenik, EH Bildutik Amasa-Villabonan etxe kaleratze kasu bakar bat ere ez gertatzeko lan egingo dugula adierazi nahi dugu. Espero dugu protokolo hau martxan jartzeko beharrik ez egotea, baina kasuren bat gertatuko balitz, udalak protokolo hau berehala eta bere indar guztiarekin aplikatzea exijituko dugu. Ez dugu inolaz ere onartuko gure herrian banku batek norbait bere etxetik botatzea eta protokoloa behar bezala aplikatu dadin lan egiteaz gain, etxe kaleratzeak sahiesteko helburuarekin, kalean ere behar den guztia egiteko prest gaude.


