Laburrak

Pasa den astean ezagutu genuen albistea, espainiar gobernuko ministroen kontseiluak Donostian zezenketen inguruan egitekoa zen kontsulta debekatu zuen! Gure ustez, albiste honek ondo baino hobeto isladatzen du espainiar estatuak duen maila demokratiko eskasa. Nola da posible erabat udal kudeaketari dagokion gai baten inguruan hiri batean galdeketa demokratiko bat egitea debekatzea? Horrelako neurri errepresibo eta antdemokratikoak diktadura totalitarioetan soilik ikusten dira eta honako hau bere burua demokratatzat duen edonork eskuak burura eramateko modukoa da. Espainiar estatuak hartzen dituen horrelako erabakiek, herri honen burujabetza osoa defendatzen dugunon argudioak indartzen ditu, espainiar estatuaren mugen barruan ezinezkoa da benetako demokrazia parte hartzaile bat eraikitzea. Egungo dependentzia egoerak, espainiar estatuak Madrilen hartzen dituen erabakien menpe uzten gaitu eta horren aurrean, estatu propio bat eratzeko helburuan aurrera egitea dagokigu. Benetan demokratikoa izango den estatu duin batean bizi nahi badugu, Euskal Errepublika independientea eraki beharko dugu. 

EH Bilduk lehen momentutik salatu zuen espainiako ministroen kontseiluak hartutako erabaki lotsagarri hau, eta bat egiten du Donostia Antitaurina Orain elkarteak egiten duen irakurketarekin eta Donostiako alkatea den Eneko Goia jeltzaleari luzatzen zaizkion eskaerekin.

01donostia zezenketak

Donostia Antitaurina Orain plataformak egindako manifestazioa pasa den abuztuan

Hau da Donostia Antitaurina Orain elkarteak berriki argitaratu eta zabaldu duen oharra: 

Ministroen Kontseiluak Donostiako zezenketen inguruko herri-galdeketa baimendu ez izanaren aurrean Donostia Antitaurina Orain Plataformak zera adierazi nahi du:
Gure ustez donostiarren gehiengo zabal batek gaitzesten ditu zezenketak eta, orokorrean, animaliekiko tratu txarrak.
10.000 bizilagunen babesarekin zezenketen inguruko herri-galdeketa sustatu genuen duela urtebete, eta oraindik ezin izan da burutu.
Gure ustez udalak eskumen osoa du bere eraikinetan egin daitezken iharduerak zehazteko.
Udal batek bere herritarren iritzia ezagutu nahi izatea ona, beharrezkoa eta demokratikoa dela iruditzen zaigu.
Ministroen Kontseiluaren erabaki honek ez gaitu kontutan hartzen, ez gaitu errespetatzen eta gure eskubide demokratikoak nabarmen urratzen ditu.
Galdeketa eskatu zuten 10.000 donostiarrekin alkateak hartutako konpromezua gogoratu eta nabarmendu nahi dugu orain. Bestalde, bere eskumenak urratuak izan zaizkion udalari gure elkartasuna adierazi nahi diogu, eta elkarrekin irtenbide egoki bat bilatzeko gure prestutasuna adierazi.
Guzti honengatik, Udalari bi eskakizun luzatuko dizkiogu:
- Bere herritarren parte-hartzeko eskubideak defendatu ditzala, herriari hitza eman ahal izateko bide berriak aztertuz eta hauek martxan jarriz.
- Herri-galdeketa egin ezin den bitartean Illunbe zezenketetarako ez alokatzea edo uztea. Ikuskizun tamalgarri hauek baimentzeak ondorio konpontezinak izango lituzke heriotzeraino torturatuak izango lirateken animalientzako.

 

Donostian, 2017ko martxoaren 13an.
DONOSTIA ANTITAURINA ORAIN PLATAFORMA

 

Joan zen urtarrilaren 28an amaitu zuten lana eta dagoeneko gerturatzen den ororen zerbitzura dago, parketik pasatzen den erreka txikia alde batetik bestera igarotzea errazten duelarik. Lasturko parkea Amasa Villabonako herritar askoren artean txoko ezaguna eta maitatua da, eta Aizkardi mendizale elkarteko kideek lan oso txukuna egin dute egurrezko zubi dotorea eraikiz. 

EH Bildutik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Aizkardiko lagunei, gure herriko mendiak zaindu eta txukun mantentzen egiten duten lan paregabeagatik. Lan honek gure aitortza eta miresmena merezi ditu eta lanak auzolanean egiteak are balore handiagoa ematen dio lan horri. 

 

ARGAZKIAK:

Lehen:

lehen

 

Orain:

orain

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hezkuntza arloak bizi duen konfrontazio egoerarekin bukatzeko eskua luzatu zion EH Bilduk Jaurlaritzari joan zen astean. Hala, errealitateari entzungor egiteari utzi eta hezkuntza sistema publikoaren egoera hobetzeko deia egin du gaur Rebeka Ubera legebiltzarkideak. Hartara, mozio bat erregistratu du Gasteizko Legebiltzarrean.

“Agerikoa da azken urteotako murrizketek hezkuntza sistemaren sare publikoa itolarrian dutela, eta horrek ondorioak dituela gure ikasleek jasotzen duten hezkuntzan. Hala, bada garaia herri-akordio zabala egiteko hezkuntza sistema publikoaren oinarriak finkatze aldera. Ildo horretatik, abiapuntuak izan beharko luke gaur egungo plantilla hedatzea, hain zuzen, 2008an hasi ziren murrizketei tinko aurre egiteko”, adierazi du Uberak.

Hartara, legebiltzarrak EH Bilduren ekimena eztabaidatuko du, hezkuntza sistemaren plantilla estrukturalak 2.000 lanpostutan handitzeko eta jada 5 urte baino gehiago lanean dauden 6.000 irakasleren plaza egonkortzeko. Hala nola, testu liburuen programa solidarioa berreskuratzeko eta partida handitzeko eskaera ere egin du.

“Jakin badakigu inbertsioan esfortzua ekarriko duela horrek, baina hori da, hain zuzen, bilatzen duguna: herri honen zutabeak finkatzeko apustu politiko irmoa hezkuntza sistema publikoaren alde”. Hain zuzen, EH Bilduk iritzi dio “gehiago eta hobeto” inbertitu behar dela hezkuntzan, eta hartara, diagnosi zehatza eskatu du, herrialderik herrialde, baliabideak eta premiak identifikatzeko.

Mozioa bere osotasunean:

1.-EAEko ikasle guztien aukera berdintasuna eta eskola arrakasta xede izanda, inbertsioa eraginkor bilakatzeko, herrialde bakoitzean ikastetxez ikastetxe dauden beharrak identifikatzeko diagnostiko zehatza egitea lau hilabeteko epean, ondorengo adierazleak aztertuz: irakaslegoa, azpiegiturak, hezkuntza premia bereziak dituzten eta zailtasun handiko ikasleak, ikastetxeko hezkuntza – hizkuntza proiektuak, baliabideak, IKT-ak, ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, jantokia, bestelako proiektuak.

2.-Desberdintasun sozial, ekonomiko eta kulturalak orekatzeko xedearekin, testu liburuen programa solidarioa berreskuratu eta handitu dezala. Bekak ikasturte hasieran ordaintzea

3.-Ikasle kopurua gelako jaistea xede izanda, irakasle gehiago plantillan sartzeko eta behin behineko egoeran daudenak egonkortzen hasteko, plantilla estrukturala handitu dezala 2000 plazetan; eta 5 urtetik gora behin behineko egoeran lanean jardun duten plantillatik 6.000 plaza egonkortu ditzala, lege bidezko habilitazio zein horretarako beharrezkoak diren bitartekoak erabiliz.

 

Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentariak eskala txikiko proiektu energetikoak defendatu ditu, autokontsumoa eta energia berriztagarriak ardatz dituztenak.

EH Bilduk Energia Batasunari buruzko eztabaidan parte hartu du Europako Parlamentuak Bruselan duen egoitzan. Juaristik defendatu du "eredu energetikoak, ezinbestean, tokiko dimentsioa duten proiektuetan oinarritutako banaketa-sistema izan behar duela. Horrek produkzio- eta kontsumo-puntuak herritarrengana eta bere beharretan hurbiltzen ditu, eta berez, erabaki horiek tokiko eta eskualdetako erakundeek herritarrekin batera hartu beharko lituzkete".
EH Bilduko ordezkariak nabarmendu du "herritarrak, enpresa txikiak, erakundeak (tokikoak, batez ere) gero eta gehiago kolaborazio lanetan ari dira, energia berriztagarriaren produkzio, banatze, kontsumo eta biltegiratze alorretan, autokontsumoan eta komunitateetan oinarritutako proiektuak sustatuz". Juaristik gaineratu du "esfortzu horiek guztiek, positiboak alde guztietatik, Europako Batzordearen laguntza eta sostengua ere izan behar dute, komunitatearen ongizaterako".

Azkenik, mugaz gaindiko lankidetzak duen garrantzia azpimarratu du Juaristik: "Energia eredu berri hau modu berezi batean mugaz gaindiko inguruetan sustatu beharko litzateke, sare lokalak zabaltzeko helburuarekin, trantsizio energetiko erreal eta jasangarria osatuko duena Europa mailan".

Hamaika hilabete pasa dira Nekane Txapartegi preso asteasuarra atxilotu zutela, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten astelehen iluntzean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Txapartegi Suitzan dago preso, Espainiak egindako estradizio eskaerari Suitzak zer erantzungo zain.

Bidegabetzat jo dute Txapartegiren egoera: "Dagoeneko 11 hilabete daramatza Suitzan espetxeraturik, eta egunean 20 ordu inguru pasatzen ditu bakartuta. Egoera hori erabat bidegabea eta jasangaitza da", salatu dute.

"Nekaneren haserrea eta ezin ulertua gero eta handiagoak dira", azaldu dute: "Ezin du ulertu zergatik ez duten erabakirik hartu oraindik, ezin du ulertu teorian torturaren aurka dagoen estatu batek ez ikusiarena egin izana". Txapartegik "nahi duen lekuan eta nahi duen pertsonekin bizitzeko eskubidea" duela aldarrikatu dute.

Txapartegiren kasuaz gain, azken egunetako "gertakari larriak" salatu dituzte elkarretaratzearen amaieran: Sara eta Izarrena, Ibon Iparragirrerena eta Manu Azkarateren kasuak, hain zuzen.


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu "Nekane Libre" Aiztondo bailarako plataformak egiten dituen eskaerekin eta Nekane Txapartegiren berehalako askatasuna eskatzen dugu. Bestalde, Suitzar estatuari dei egiten diogu espainiar estatuak egindako estradizio eskaerari ezezko batekin erantzun dezan, Nekane bortizki torturatua izan da espainiar polizia indarren eskuetan eta berriz ere infernu bera pasatzeko arriskua hor dago. Nenaken Libre!!!

Euskal Herrian "urtetan entzundako aldarriei" heldu, eta horien inguruan iritzia emateko garaia iritsi dela azaldu du, gaur, Tolosaldeko Euskal Herria Bilduk, datorren martxoaren 19ko galdeketari begira. "Erabakitze ariketa erraldoia" egiteko eguntzat jo dute hitzordua eta, horrenbestez, "pauso bat eman, eta partaide izateko garaia" dela erdietsi dute, "identitate sentimendu nahiz sentsibilitate politiko guztien gainetik". Bide horretan, koalizioak bere aldetik, baiezko botoa sustatuko du estatu ereduaren inguruko galdeketan.

Besteak beste, "burujabetza, Euskal Errepublika, Euskal estatua, independentzia, euskara, eskubide sozialak, parekidetasuna, justizia, elkartasuna nahiz etorkizun hobea" aipatu dituzte, balizko baiezko emaitza baten ondorio gisa, eta aurreratu dute, datozen asteotan egitasmoren bat iragarriko dutela, martxoaren 19ko hitzordua girotze aldera.

Pasa den larunbat arratsaldean Amasa Villabonako Onddo Gazte Asanbladak Sara Majarenas euskal presoaren askatasunaren aldeko argazki herrikoia ateratzeko deialdia egin zuen. Herritar ugarik bat egin zuten deialdiarekin eta argazki jendetsua ateratzea lortu zen. Sara Majarrenas presoaren kasua bereziki larria da, ezaguna denez, 3 urte bete dituen bere alaba Izarrek bere aitaren eraso bortitza jasan zuen Sarari min emateko helburuz, eraso matxista onartezina. Izar bere amarengandik aldendu nahi izan zuten espetxe politika espainiarraren arduradunek eta horrek erreakzio handia ekarri zuen Euskal Herrian, besteak beste, pasa den ostegunean Donostian milaka lagun elkartu ziren Sarak aske eta Izarrekin egon behar duela aldarrikatzeko. 

 

EH Bilduk EAJ-PSE-PP aliantza salatu du gizarte eskubideak gauzatzeko eskubidea bermatzea xede duen eztabaida ekidin nahi izan dutelako.

EH Bilduk EAJ, PSE eta PPren arteko aliantza deitoratu du aipatu alderdiek bat egin dutelako gaur arratsaldean Legebiltzarrean Gizarte Zerbitzuen Legearen garapena bultzatzeko ponentzia bat sortzea eragozteko. EH Bilduk lantalde hori sortzea proposatua zuen eta horren beharra aldarrikatu du gaur diagnostiko bat egin dezan eta neurri zehatzak planteatu ditzan eskubide sozialak gauzatzeko eskubide subjektiboa bermatzeko, hori legediak herritar guztiei aitortzen dien eskubidea baita. Nerea Kortajarenaren iritziz, EAJk, PSEk eta PPk emandako ezezkoak agerian uzten du alderdi horiek ez dutela inolako interesik 2008an onartutako Gizarte Zerbitzuen Legea behar bezala garatzeko.

EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, herritarrek zaintza eta babeserako duten eskubidea arriskuan dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Gizarte Zerbitzuen Legearen garatzeko finantzazio, koordinazio eta lidergoa falta delako eta herrialde eta eskualdeen arteko desorekak daudelako. “Egun, gurean, herritarren artean aukera-berdintasuna ez da errespetatzen eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidea subjektiboa ez dago bermaturik. Aurreratua izan nahi duen herri batek beren kideak babestu eta zaintzeko obligazioa du eta, lan horretan, funtsezkoa da euskal gizarte zerbitzuen sistema sendo izatea. Ezin dugu inolako luzapenik onartu. Eskubideen alorrean moratoriak ez dira zilegi; are gutxiago behar gehien duten pertsonen eskubideei dagokienean”.

Pertsona transexualen eskubideak urratzen dituen 'Hazte Oir' kanpaina Euskal Herrira helduko dela ohartuta, kanpaina hori gaitzestea eta pertsona transexualen aitortza eta haien eskubideen defentsan aritzen diren eragileen defentsa egitea eskatuko die EH Bilduk euskal instituzioei. Era horretara, eraginpean dauden instituzioetan ekimenak aurkeztuko ditu hurrengo egunetan.

'Hazte Oir' kanpainaren barruan, pertsona transexualen aurka egiten duten leloak dituen autobus batek Espainiako estatuko leku ezberdinak zeharkatzen ditu. Honako hau, haur transexualen eskubideen alde Chrisallys elkarteak egindako kanpainaren kontrakanpaina lotsagarri bat baino ez da.

EH Bildu Giza eskubide guztien defentsan berresten da eta beraz, pertsona transexualen eskubideen defentsa eta aldarrikapena geure egiten dugu. Era horretara, sektore ultra eta atzerakoiek bultzatutako 'Hazte Oir' kanpainak gure herrian lekurik ez duela izan behar uste dugu.

Era berean, pertsona transexualen eskubideen alde Chrysallis bezalako elkarteek egiten duten lana goraipatu nahi dugu. Haur transexualen eskubideen alde eta beren izaera gizarteratzeko Chrysallisek egindako kanpaina babestu genuen bere egunean. Sektorerik ultraeskuindarrenek eta ultrakatolikoenek Chrysallisek defendatzen dituen ideien aurka abiatutako kanpainaren aurrean, gure babes osoa agertu nahi diegu berriro elkarteari eta pertsona transexualei, eta haien eskubideak aitortuak izateko lanean jarraituko dugula iragartzen dugu.

EH Bilduk azpimarratu du Gipuzkoako erraustegia auzitegietan katramilatuta dagoela EAJ eta PSEren obsesioagatik, eta egoera horretan urteak igaro daitezkeela, ez atzera eta ez aurrera. Horregatik, Rebeka Uberak eta Xabier Olanok Gipuzkoako hondakinen arazoari akordio zabal eta jasangarria emateko eskua luzatu diote Foru Gobernuari:

Derrigorrez, gauza guztien gainetik, presaka eta korrika aurrera jarraitzen dute itsututa, gipuzkoarren ia erdia ordezkatzen dugun indar politikoen iritziei, nazioarteko gomendioei, mediku adituei eta herritarren eskaerei kasurik egin gabe. Eta, horrek zer ekarri du? Arazoak, hanka sartzeak, kudeaketa kaxkarra eta ziurtasun juridiko eza. Eta hori da, hain zuzen ere, gaur egun dugun egoera. Foru Aldundiak, baina, bere obsesioarekin jarraitzen du tramiteak egiten, presaka eta korrika, akats formalekin eta segurtasun juridiko ezarekin. EAJ eta PSE oso egoera zailean kokatzen ari dira Gipuzkoako Administrazio Publikoa.

Egoera hain korapilatsua izanda, azken egunetan EAJk eta PSEk atentzioa desbideratu nahi izan dute publikoki EH Bilduren kontrako eraso bortitzak erabiliz, tonua igoz deskalifikazioekin eta mehatxuekin. Erabiltzen ari diren estrategia argia da; euren akats eta arazoak estaltzeko besteen aurka egin, begirada besteen lepo gainean ezarri. Baina gu oso lasai gaude. Aurreko legealdian, GHKko eta Foru Aldundiko agintariek legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez jokatu zuten: txosten teknikoetan oinarrituz, kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan, eta herritarren borondatea errespetatuz.

Beraz, zer da benetan gertatzen ari dena? EAJ eta PSE bere kabuz sartu dira, eta gipuzkoar guztiok sartu gaituzte, nola askatu ezin duten korapilo baten erdian. Ez dakite mahai gainean duten arazoa nola konpondu. Egoera kaotikoa da, katramila juridiko izugarria dute esku artean. Hala aditzera ematen dute astearteko Imanol Lasaren adierazpenak, erraustegi berriaren esleitze prozesua paralizatuko dutela iragarriz, EAEko Auzitegi Nagusiak GuraSOS elkartearen helegitea ebatzi arte, behintzat.

Momentu aproposa da beraz, zoramen frenetiko hau gelditu, hausnartu eta nahaspila honetatik irteteko. Itsu-itsuan ibil i beharrean, gogoeta sakona egiteko unea da. Eskenatoki honek erraustegiaren proiektua birplanteatzeko aukera paregabea zabaldu du.

Diputazioak derrigorrez gelditu behar izan ditu, momentuz, Zubietako planta eraikitzeko tramiteak. Beraz, Foru Gobernuari eskatzen diogu probestu dezala impasse hau hondakinen kudeaketan akordio zabalak bilatzeko mahai bat osatzeko. Akordio politikoak eta sozialak behar ditu herri honek, horregatik, beste behin ere, mahai baten bueltan alderdi politiko, eragile sozial, sindikatu, plataforma, aditu taldeak eta egoera hau kezkaz bizi duten herritarrak biltzeko aukera sortu dezan eskatzen diogu Foru Gobernuari. Gu prest gaude.

Erraustegia gelditzeko garaiz gaude. Gipuzkoako hondakinen arazoari akordio zabal eta jasangarria emateko aukera dugu aurrean. Egin dezagun”.

 

Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak Sareri lapurtutako dirua itzultzea exijitu dio Estatuari. Senatari subiranistak gogor hitz egin du PPren gobernuaren aurka. “Noiz eta gaur, otsailaren 23an (23-F) etorri behar izan dugu berriz ere euskal herritar batzuri elkartasuna adieraztera”, esan du.

Bere hitzetan, Estatuaren lapurreta baten aurrean gaude eta beraz, lapurtutakoa itzuli behar du lehenbailehen. Era berean, salbuespenezko politikak behingoz albo batera utzi ditzala eskatzen diogu Rajoyren gobernuari.

EH Bilduren izenean Oskar Matute diputatua eta Jon Iñarritu senataria hurbildu dira Audientzia Nazionalera Sare mugimenduari elkartasuna adieraztera. LABeko idazkari nagusia den Ainhoa Etxaide ere bertan izan da Sareko kideei elkartasuna adierazteko.

Diru-bilketaren aurreikuspenen porrotak agerian utzi du egungo zerga politikak ez duela balio behar diren diru-sarrerak bermatzeko. Aurrekontuei buruzko benetako eztabaidak horrekin du zerikusia.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak Jaurlaritzaren aurrekontuak EH Bildurekin adostea espero duela esan eta gero, Miren Larrionek erantzun dio gaur aurrekontuen inguruko balizko adostasunak lotuta egon beharko duela zerga politika berria adostearekin, egun indarrean dagoenak ez duelako balio Administrazioaren politika publikoak era egokian finantzatzeko behar diren diru-sarrerak bermatzeko. “Aurrekontuak adosteak zerga politika berria ekarri behar du ezinbestean”, zehaztu du Larrionek.

Legebiltzarrak 2017ko aurrekontuei buruzko eztabaidari helduko dio hemendik gutxira eta, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “benetako eztabaida diru-sarrerei buruzkoa izango da”, diru-bilketaren aurreikuspenen porrotak –aldundiek espero baino 544 milioi euro gutxiago jaso dituzte aurten– agerian utzi baitu egungo zerga politika ez dela nahikoa behar diren baliabide ekonomikoak lortzeko.

Azpiazuk aurrekontu sozialak iragarri arren, Larrionek horrelakoak entzuten ohituta dagoela gogorarazi du, “baina gero beti ikusten dugu hitz horiek ez datozela bat ekintzekin, aurrekontuen zenbakiekin”. Hortaz, “aurrekontuen proiektua aztertuko dugu, ea egia den sozialak direla, baina, dena dela, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarekin egin dutena, adibidez, ez doa norabide horretan”.

Pasa den otsailaren 16an Gipuzkoako "Kaleratzeak STOP Desahucios " plataformak agerraldia egin zuen Donostiako Garibai kaleko Kutxabank-en egoitzaren aurrean. Bertan hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragilek bere babesa adierazi zieten egoera larria bizi duten Amaia eta Kontxi herritarrei. EH Bilduko Donostiako udaleko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak ere bertan izan ziren. 

kaleratzerik ez

Amaia eta Kontxi afektatuak ere agerraldian izan iziren.

Hau da Kaleratzeak STOP Desahucios plataformak argitaratu duen oharra:

PRENTSA OHARRA | 2017/02/16

GAURKOAN GIPUZKOAKO ETXEGABETZEAK STOP PLATAFORMAKO KIDEAK HEMEN ELKARTU GARA KUTXABANK ATXIKITUA DAGOEN GUINDOS DEKRETUA (BANKU PRAKTIKA ONEN KODEA) BEHIN ETA BERRIRO BORTXATZEAGATIK SALATU ETA KONTXY ETA AMAIA GURE KIDEEI ELKARTASUNA ADIERAZTEKO.

Batzar orokorretako EH BILDU, PSE ETA PODEMOS-eko KIDEAK; Donostiako IRABAZI, EH BILDU eta PSEko zinegotziak; LAB, ELA, ESK, STE-EILAS sindikatuak eta DUINTASUNA zein GEPE elkarteak ditugu gurekin hemen.

KUTXABANKEK KONTXY ETA AMAIARENTZAKO BOST URTERAKO KUOTA MURRIZTUKO KARENTZIA SINATZEARI UKO EGIN ETA TRABAK JARRI DIZKIO. BIAK GURASO BAKARREKO FAMILIAK DIRA, BALIABIDE URRIEKIN ADIN TXIKIKO HIRU SEME-ALABA DITUZTENAK.

GAINERA AMAIA ETA BERE HIRU SEME-ALABEN AURKAKO SALAKETA AURKEZTU DU, ETXEA ENKANTERA ATERA ETA GERO ETXETIK BOTATZEKO.

Onartezina da KUTXABANK EDL 6/201 eta ondorengo legeak ez betetzen edo trabak jartzen aritzea. PAH guztiok lege horiek nahikoa ez direla behin eta berriro salatu dugun arren bazterketa sozialean aurkitzen diren familiek horietarako eskubidea dute.

Guzti honetan okerrena KUTXABANK egoera honetan dauden familiei banku praktika onen kodearen onurez informatzera behartua dagoen arren halakorik egin ez duela da. Ez hori bakarrik, gainera ordaindu gabeko kuotak meta ditzaten itxaroten du, gero HIPOTEKA EXEKUZIO SALAKETA BAT JARTZEKO, Amaiarekin Donostiako 4. epaitegian egin duten bezala.

Gure kide eta haien familien kasua da hori; banka praktika onen kodeak eskatutako baldintzak bete arren KUTXABANKEKO BEZEROAREN ARRETA ZERBITZUAK esan digunaren arabera 5 urteko KARENTZIA UKATU eta TRABATU zaie Kontxy eta Amaiari, euribor gehi %0,25eko kuota murriztua ukatuaz.

KONTXIren kasuan, EZEZKOA bere etxebizitzak Hazkunde Ministerioak ezarritako 8588 euroko muga gainditzeagatik ezarri diote, Eusko Jaurlaritzak 2005 urte horretan bertan Gipuzkoan ezarritakoa 1458 handiagoa izan arren, non Kontxiren 183.000 euroko etxebizitza bai egongo zen. Prezio hau 56 metro karratu eta 60 urte zituen MARTUTENEko etxebizitza bategatik ordaindu zuen, KUTXAk berak elikatutako burbuilaren puntu gorenean. Harrigarria da KUTXAK, bere burua "hemengoa" bezala definitzen duenak, estatu mailako prezioak erabiltzea eta ez EAEkoak, estatuko altuenak eta espekulazioa gehien jasan zutenak.

AMAIAREN kasuan, OZTOPOA bere senar ohiaren dokumentazioa eskatzean datza, Kodeak 3. artikuluak eta jarraipen komisioaren ebazpenak FAMILIA UNITATEA zein den argi eta garbi uzten duten arren. Unitate horrek soilik du banku praktika onen kodean babestek obeharrezko den bere babesgabetasuna frogatzeko zilegitasuna.

Azkenik, ONARTEZINA da PNVko zuzendaritza politikoak jarrera lotsagarri hau baimentzea, KUTXABANKEKO zein jada desagertutako kutxen zuzendaritza bera denean: VITAL, BBK ETA KUTXA. Zuzendari politiko hauei eskatzen diegu jarrera aldaketa bat eman dezaten, beren erantzukizuna har dezaten eta karentzia hauek zein iruzur finantzarioaren biktima izan diren edozeinen karentziak sinatu ditzaten.


BAI AHAL DUGU | KALERATZEAK STOP DESAHUCIOS GIPUZKOA

Fleming ikastetxeko haurren gurasoak biltzen dituen Flemingoak guraso elkarteak beste urte batez ekintza pila bat izango dituen Fleming Bizirik astea antolatu du aurten ere eta datorren urtarrilaren 30ean hasi eta otsailaren 3rarte luzatuko da egitaraua. Hitzaldiak, istorio kontalariak, funky emanaldia, "kolore guztiak" festa, danborrada eta beste hainbat ekintzak osatzen dute guraso elkartetik zabaldu duten egitaraua. 

flemingoak

Fleming bizirik asteko egitaraua biltzen duen kartela. Iturria: Flemingoak.


Amasa Villabonako EH Bildutik gure babes osoa agertu nahi diogu Flemingoak guraso elkarteari eta egitaraua osatzen duten ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu herritarrei. Bide batez, gure herriko eskola publikoaren defentsan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu eta gure aldetik bai guraso elkartearekin eta baita ikastetxeko zuzendaritzarekin ere elkarlana bideratzeko urratsak emango ditugu datozen hilabeteetan. Inor baztertuko ez duen kalitatezko hezkuntza publikoa nahi eta behar du herri honek, euskalduna, anitza eta aurrerakoia izango den proiektu publikoa eta EH Bildutik beharko diren ahalegin guztiak egingo ditugu Amasa Villabonako hezkuntza publikoaren eskaintza geroz eta aberatsagoa eta kalitate altukoa izan dadin. 

 

Gipuzkoarrontzat Ernio-Aralar Natur Parkeak balio sinboliko, ekologiko eta kultural handia du. Hori dela eta, Foru Gobernuak aurkeztutako Kudeaketa Planak jendartean tentsio handia sortu du azken hilabeteetan.

Babesgabetasun sentsazioa eta ezinegona zabaldu dira, eta Zaldibiako Oiduiko borda erretzea azkeneko adierazlea dugu. Egoera honetan, irtenbide bakarra kudeaketa egokia eta parte hartzerako kanalak irekitzea da. Horregatik, EH Bilduk proposatu du Batzar Nagusietan talde txostengile bat eratzea Ernio-Aralar Natur Parkearen kudeaketa integrala eta egokirako ekarpen kualifikatuak jasotzeko, sektore anitz, ezberdin eta ugarien parte hartzearekin. Iritzi guztiak kontutan hartuta, batzorde bereziak txosten bat onartuko luke ekainean, Foru Aldundiari aurkezteko.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako mahaiak gaur onartu du EH Bilduren ekimenaren tramitazioa, eta ponentziaren sorrera hurrengo Landa Garapen batzordean eztabaidatu eta bozkatu egingo da. Koalizioak ebazpen hau babestea eskatu die EAJ eta PSEri, eta elkarrizketarako deia egin dio Foru Gobernuari, gatazka ez baita bide egokia Aralarko parke naturalak eta artzaintzak behar duten babesa bultzatzeko eta etorkizunerako irtenbide jasangarriak bilatzeko.

1XYAQZdp8

Aralarko pistak egiten ari diren guneetako baten irudia.

Foru Aldundiak Enirio-Aralar kudeaketa plana osatu zuen, honako helburuarekin: Mankomunitateak identifikatu eta onartutako beharrak egikaritzen laguntzea legealdian zehar, horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko eta ekonomikoak bideratuz. Diputazioak jarraitu duen prozeduran, baina, Natur Parkea kudeatzeko aholku organoa den Patronatua ez du deitu eta, ondorioz, ez du jaso arlo ezberdinetako eragileen iritzia. Beraz, kudeaketa planean ez dago Natur Parkearen ikuspegi integralik.

Adibidez, bide-azpiegiturei dagokienez, ez dira proiektu ezberdinak proposatzen ezta inbertsioak justifikatzeko azterketarik aurkezten, beraz, ezin da lehenetsi inpaktu gutxien izango lukeen aukera. Bestalde, artzaintzaren egoerari buruzko diagnosi eta proposamen integralik ez dago, ezta inbertsioek artzaintzan izango duten eragina eta bideragarritasun txostenik. Honetaz gain, pisten ingurumen inpaktuko aurre azterketarik ere ez da jasotzen.

Gabezi guzti horiek kontutan izanda, eta Aralarko parke naturalean bideak eraikitzeko asmoak Gipuzkoan sortu duen krispazio soziala ikusita, EH Bilduk Batzar Nagusietan proposatu du talde txostengilea eratzea, Ernio-Aralar Natur Parkearen kudeaketa zuzenerako aukerak aztertzeko ikuspegi integraletik. Horretarako, parkearen erabilera zein kudeaketarekin zerikusia duten eragileek parte hartu ahalko dute. Honetaz gain, iritzi kualifikatua duten agenteen presentzia bermatuko da, izan artzain, ganaduzale, sindikatu, unibertsitateko kide, ingurumen talde, natur, ekologista edo ikerketa talde.

Azterketa bukatutakoan, batzordeak txosten bat osatuko du ekainean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Enirio-Aralar mankomunitateko kideei helaraziko zaie.

 

Inviza eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa bukatu den honetan eragileen iritziak bilduko dituen foroa abiarazi da dagoeneko.

Abenduaren 31n bukatu zen Invizaren, Asuncion klinikaren kudeatzailearen, eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako akordioaren luzapena. Berez azaroaren 15ean bukatu zen hitzarmena, baina akordioa hilabete eta erdiz luzatu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian azaroaren 14an argitaratu zutenez.

Momentu erabakigarria da beraz, Tolosaldeko osasun arretarentzat; eredu publikoa edo pribatua, horra hor bi aukerak.

Hitzarmen berria sinatuko balute datozen bost urteetarako indarraldia izango luke eta hori dela eta eskualdeko eragileak martxan jarri dira, «denon artean eskualdeko osasun sistema onena» zein den erabaki nahi baitute. «Beldur gara Eusko Jaurlaritzak ez ote duen hitzarmena aldebakarrez eta iritziak kontutan hartu gabe hitzarmena sinatuko», esan du Eneko Maioz foroa osatzen aritutako alkateetako batek.

Parte hartze mahaira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak; Tolosaldeko ESIn (Erakunde Sanitario Integratuan) parte hartzen duten udalak; EH Bildu, EAJ, PSE, PP, Podemos eta Ezker Anitza alderdiak; TOPA eragile moduan; eta Osakidetzako lurralde ordezkaria deitu dituzte, eta pasa den abenduaren 27an egin zuten lehen bilera, Ibarran.

Deia zabala egin zuten, baina ez ziren guztiak bertaratu. ELA, EAJ, PSE, Podemos, Ezker Anitza, ESIko Tolosa eta Villabonako udaletako ordezkariak eta Osakidetzako lurralde ordezkaria ez ziren joan. Baina datorren bilerara berriz ere deituko dituzte, asmoa Tolosaldeko osasun sistemarik egokienaren inguruan adostasun zabala lortzea baita, esan dutenez.

Lehen bilera hura lehen hartu-emana besterik ez zen izan, bakoitzak bere jarreraren berri eman eta parte hartzeko konpromisoa azaltzeko bilera. Bigarren bilerara Tolosaldeko osasun sistemaren inguruko adostasunak biltzen dituen «gutxienekoak» biltzen dituen idatzia eramango dute eta hori eztabaidatuko dute. «Foro hau beharrezkoa dela nabarmendu dute bertaratutako guztiek eta beraz, badago adostasunetarako tartea», azaldu du Maiozek.

Bertaratutako guztiek osasun sistema publikoaren aldeko aldarria egin zuten, PPko Pello Atxukarrok izan ezik. «Sistema publikoak ez du ezer bermatzen, garrantzitsuena da nola kudeatzen den. Bermatu behar dena da zerbitzua doakoa eta egokia izatea. Publifikazioa mito bat da, langileek ez dute hobeto lan egiten funtzionario izan edo ez», esan zuen. LABeko Haizea Mendia eta UGTko Ana Maria Vazquezek, berriz, publikotasunak langileen baldintza duinak bermatzen dituela esan zuten. Asuncion klinikako langile komiteko Inma Arroyo ere izan zen bertan eta bizi duten egoera «prekarioa» salatu zuen. «2013tik lan hitzarmena eskatzen ari gara. Osakidetzako langileekin konparatuz gero, lan hitzarmen prekarioarekin jarraitzen dugu», esan zuen.


Amasa Villabonako EH Bildutik mahai anitz eta zabal honen sorrera txalotzen dugu, uste dugu Tolosaldeako gizarteak zer esan oso garrantzitsua izan behar duela eskualdeko osasun sistemaren nondik norakoak zehazteko garaian eta hori artikulatzeko tresna egokia izan daiteke sortu berri den mahai hau. Guk oso argi daukagu erabat onartezina dela gurea izatea Gipuzkoa osoan ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra, eta beraz, Asuncion klinikaren erabateko publifikazioa aldarrikatzen dugu. Helburu hori lortzeko behar beste lan egiteko prest gaude, osasun sistema guztiz publikoa izatea baita, herritarren osasun eskubideak behar bezala bermatuak izango direnaren berme bakarra.

Zoritxarrez, eta beste behin, PNVk gidatutako Villabonako udal gobernua izaten ari den jarrera eskasa salatu beharrean gaude, gonbidapen formala jaso arren, ez dute mahai honetan parte hartu nahi izan eta gure ustez horrek axolakabekeria galanta uzten du agerian. Tolosaldeko osasun sistemaren afera honek bete betean eragiten die Amasa Villabonako herritarrei, herritar guztiei, eta udal gobernuko ordezkariak beste behin "missing" egotea erabaki dute, herritarren eskubideen alde lan egiteko duten borondate eskasaren erakusgarri.   

 

EAJk PSE eta Podemosekin adostu duen erdibidekoak Polizia eta Guardia Zibila erretiratzeko aldarrikapen historikoa baztertu du, dio EH Bilduko Arzuaga legebiltzarkideak.

EH Bilduk Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren eta Armada espainolaren erretiratze osoa aldarrikatu du Gasteizko Legebiltzarrean, segurtasun arloko eskuduntza guztiak euskal Poliziek beren gain hartzera eramango duen prozesu baten baitan. EAJk, PSEk eta Podemosek, ordea, Segurtasun Indarren egokitzapena bakarrik eskatu dute, eta hori ez da nahikoa horrekin batera plan bat eskatu eta egiten ez bada Guardia Zibila, Polizia eta Ejerzitoa gure herritik ateratzeko.

polizia nazionala donostin

Espainiar Polizia Nazionalaren ekitaldia Donostian

EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Estatuko Segurtasun Indarren erretiratzea euskal herritar gehienen aldarrikapen historikoa dela. Hori dela eta, deitoratu du EAJk aldarrikapen hori bazterrean utzi izana, jeltzaleek PSE eta Podemosekin adostu duten erdibidekoan Guardia Zibila eta Poliziaren egokitzapena baino ez dutelako eskatzen Gernikako Estatutuak ematen dizkien funtzioen arabera. Hori ikusita, Arzuagak gai horretan atzera egitea egotzi dio EAJri, 2013an Estatuko Segurtasun Indarren atzera-egitea eskatu zuelako eta gaur, ordea, Estatutuari egokitzearekin konformatzen delako, “eta horrek, finean, esan nahi du Polizia eta Guardia Zibilaren presentzia ontzat ematen dela”.

 

AEK erakundeak bi urtetik behin antolatzen duen Korrikak, bere 20. edizioa izango du aurten, zenbaki borobil-borobila beraz. Euskararen aldeko mobilizazio eta jai erraldoia dugu Korrika, milaka euskaldun eta euskaltzale batzen dituena eta jende ugarik gogoz itxaroten duena. Helduen euskalduntze eta alfabetatzea funtsezko osagaia da euskararen normalizazioan aurrera egin nahi badugu eta zentzu horretan AEK-k urte luzez egindako eta gaur egun egiten jarraitzen duen lan izugarria goraipatu nahi denuke. Askotan baldintza eskasetan, milaka pertsonen lan militante eta bolondresari esker, instituzio publikoen laguntza edo bultzada nahikorik gabe etab. lanean jarraitu du AEK-k eta urtero milaka helduren euskalduntzea da lortzen den emaitza paregabea. Korrika egitasmoa ezinbestekoa izan da ekonomikoki euskaltegiek aurrera egin ahal izateko, eta gaur egun oraindik egiten jarraitu beharreko dinamika bat dugu. Guzti honengatik, aurtengoan ere ilusio eta gogo handiz gure kilometroa erosi eta Korrikako lekukoa hartuko dugu.

20. Korrikaren ibilbidea argitaratu da dagoeneko eta beraz Amasa Villabonan badugu hitzordua:

- Apirilaren 4an, goizeko 9:20ak aldera (Andoaingo noranzkoan)

 

Korrika 15 NORA LAURA

EH Bilduko Nora Urbizu eta Laura Santos, Korrika 19ko lekukoarekin

Gernikako udalerrian dagoen 'Guernica' margolanaren muralaren parean hainbat instituziotako EH Bilduko kideek, hurrengo egunetan Pablo Piccasoren margolana Euskal Herrira eta Gernikara ekartzeko ekimen instituzionalak abiatuko dituztela adierazi dute. Hala nola, mozioak aurkeztuko ditu EH Bilduk udaletan, eta ekimena Batzar Nagusietara, Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetara eta Madrilgo Kongresura ere eramango ditu.

GuernicaGernikara

EH Bilduko kideek Gernikan egindako aurkezpen agerraldia. Iturria: ehbildu.eus

Jasone Agirre legebiltzarkideak adierazi duenez, “margolan honek ez du zentzurik Gernika eta bere historiari lotua ez baldin badago, hura izan baitzen Picasso gertatuaren izugarrikeria salatzera eraman zuena. 'Guernica'-k Gernikan egon behar luke”.

Gaineratu duenez, 'Guernica' margolanak esanahi berezia du euskal herritarrentzat. “Zama sinboliko handikoa, euskaldunontzat esanahi berezia duen margolana da”.

“Sufrimendu guzti-guztien aitortza egingo duen memoria historiko bat eraikitzea ezinbestekoa den honetan”, jarraitu du Agirrek, “margolan honek, bonbardaketa jasan zuen Gernika herrian kokatua, bere indarra eta salaketaren sakontasuna biderkatu egiten duela aldarrikatu nahi dugu”.

Zentzu horretan, Madrilgo gobernu ezberdinek izandako jarrera salatu du, egon diren eskaera ezberdinak ukatu dituztelako arrazoi teknikoak “aitzakia” erabilita. Garraio eta mantenurako beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzeko arazorik euskal instituzioek ez dutela gogoratu du Agirrek. “Espainiako gobernuak dituen interes ekonomiko zein politikoak daude 'Guernica' Euskal Herrira ez ekartzeko arrazoi nagusien artean”.


Amasa Villabonako EH Bilduk ekimen honekin bat egin, eta "Guernica Gernikara" mozioa ofizialki aurkeztu du udalean. Honako hau aspaldiko aldarrikapen historikoa da eta bonbardaketaren 80. urteurrena beteko den urte honetan, Picasso-ren artelan ezagunak bere lekua Gernikako herrian izan behar duela eskatuko dugu berriz ere. Mozioa datorren astelehenean, otsailak 20, 19:00ean Villabonako udaleko areto nagusian izango den Osoko Bilkuran aurkeztuko du EH Bilduko udal taldeak eta ondoren eztabaida eta bozketa izango dira. EH Bildutik aldarrikapen honek udalbatza osoaren babesa izatea espero dugu eta modu horretara, Euskal Herriko beste hainbat instituzio publiko ugarirekin batera, gure udalak ere Guernica Gernikara ekartzeko aldarrikapena egitea Madrilgo Gobernuari.

 

 

Carlos Urquijo Espainiako gobernu ordezkariaren kargugabetzea “berri ona” dela esan du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. “Baina berri ona da Carlos Urquijo moduko pertsonaia bat gure herriko bizitza politikotik kanpo geratzea. Eta hori esatean herri honetako gehiengo sozial handi batekin bat egiten dudala uste dut”.

Gaineratu duenez, bere ordezko Javier de Andresekin ere konfrontatuko du EH Bilduk, “ziur gaudelako horretarako arrazoiak emango dizkigula”.

Arzuagak gogoratu du EH Bilduk ekimen asko egin dituela gobernu ordezkaritzaren figuraren aurka. “Pentsatzen dugu desagertu behar dela, bere gain dituen eskumen guztiekin batera. Instituzio horrek dituen kontrol poliziala, kontrol politikoa, jazarpen militarra desagertu egin behar da herri honetatik”.

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: