- 13 Otsaila 2017
Gernikako udalerrian dagoen 'Guernica' margolanaren muralaren parean hainbat instituziotako EH Bilduko kideek, hurrengo egunetan Pablo Piccasoren margolana Euskal Herrira eta Gernikara ekartzeko ekimen instituzionalak abiatuko dituztela adierazi dute. Hala nola, mozioak aurkeztuko ditu EH Bilduk udaletan, eta ekimena Batzar Nagusietara, Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetara eta Madrilgo Kongresura ere eramango ditu.

EH Bilduko kideek Gernikan egindako aurkezpen agerraldia. Iturria: ehbildu.eus
Jasone Agirre legebiltzarkideak adierazi duenez, “margolan honek ez du zentzurik Gernika eta bere historiari lotua ez baldin badago, hura izan baitzen Picasso gertatuaren izugarrikeria salatzera eraman zuena. 'Guernica'-k Gernikan egon behar luke”.
Gaineratu duenez, 'Guernica' margolanak esanahi berezia du euskal herritarrentzat. “Zama sinboliko handikoa, euskaldunontzat esanahi berezia duen margolana da”.
“Sufrimendu guzti-guztien aitortza egingo duen memoria historiko bat eraikitzea ezinbestekoa den honetan”, jarraitu du Agirrek, “margolan honek, bonbardaketa jasan zuen Gernika herrian kokatua, bere indarra eta salaketaren sakontasuna biderkatu egiten duela aldarrikatu nahi dugu”.
Zentzu horretan, Madrilgo gobernu ezberdinek izandako jarrera salatu du, egon diren eskaera ezberdinak ukatu dituztelako arrazoi teknikoak “aitzakia” erabilita. Garraio eta mantenurako beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzeko arazorik euskal instituzioek ez dutela gogoratu du Agirrek. “Espainiako gobernuak dituen interes ekonomiko zein politikoak daude 'Guernica' Euskal Herrira ez ekartzeko arrazoi nagusien artean”.
Amasa Villabonako EH Bilduk ekimen honekin bat egin, eta "Guernica Gernikara" mozioa ofizialki aurkeztu du udalean. Honako hau aspaldiko aldarrikapen historikoa da eta bonbardaketaren 80. urteurrena beteko den urte honetan, Picasso-ren artelan ezagunak bere lekua Gernikako herrian izan behar duela eskatuko dugu berriz ere. Mozioa datorren astelehenean, otsailak 20, 19:00ean Villabonako udaleko areto nagusian izango den Osoko Bilkuran aurkeztuko du EH Bilduko udal taldeak eta ondoren eztabaida eta bozketa izango dira. EH Bildutik aldarrikapen honek udalbatza osoaren babesa izatea espero dugu eta modu horretara, Euskal Herriko beste hainbat instituzio publiko ugarirekin batera, gure udalak ere Guernica Gernikara ekartzeko aldarrikapena egitea Madrilgo Gobernuari.


