Laburrak
Amasako Martina kultur elkartearen eskutik, igande honetan Amasako 24. Mendi Duatloia izango da. Aurtengoan gainera berrikuntza aipagarriak izango dira, lehen aldiz duatloia erreleboka egiteko aukera izango baita. Duatloi honek hiru zati izango ditu, lehenengoan 4,25 kilometro korrika eginez, ondoren 17 kilometroko ibilbidea bizikletaz eta amaitzeko beste 2,5 kilometro egin beharko dira korrika. Proba hau Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituan sartuta dago eta aldez aurretik izena emateko aukera dago http://www.turesultado.es/InscripcionesRegistrado.aspx?IdPrograma=7135 webgunean. Bakarka izena emanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira eta erreleboka berriz, 30 euro bikoteko. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da, 20 euro ordaindu beharko direlarik.
Anima zaitezte parte hartzera edo bestela, goiz pasa dotorea egitera Amasan. Bertan ikusiko gara!
Hemen duzue aurten argitaratu den kartela, Martina Kultur elkartekoek lortu dituzten laguntzaile berrien logotipoekin:

"Herri berri baterantz, Gazteok EH Bildu" dio atzo iluntzean Amasa Villabonako hainbat gaztek Villabonako Maiatzaren lehena plazan margotu zuten mural dotore honek.
EH Bildutik garrantzi berezia ematen diogu gure herriko gazteriari eta badakigu gazteen egoera ez dela batere erraza, langabezia, lan guztiz prekarioak, etxebizitza lortzeko ezintasuna... herri honek sekula izan duen gazte belaunaldirik prestatuena dauka, ikasketa maila altukoa, formakuntza handiarekin, baina aldi berean ia %40ko langabezia tasa sufritzen duena eta ondorioz, milaka gazte euskaldunek atzerrira joan behar izan dute lan duin bat lortu ahal izateko. Egoera hau erabat onartezina da, eta beraz, konforme ez dagoen gazteria kritiko, errebelde eta borrokalaria behar dugu, beren eskubideengatik borrokatuko duena.
Amasa Villabonako gazte independentista eta ezkertiarrek argi dute, igandean EH Bildu bozkatzera!
Muralaren argazkiak:


"Hemen irabazle bakarrak enpresak eta bankuak dira. Banco Santander eta Caixa hasieratik egon dira erraustegiaren proiektuaren atzean, eta hala daude orain ere. Dirutza irabazten ari dira gure kontura", salatu dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek. Erraustegiaren aurkakoak Donostian bildu ziren pasa den larunbatean, hain zuzen ere, egungo aldundiak defendatzen duen proiektua "haien negozioa" dela salatzeko. "Gure osasunaren kontura ez dira aberastuko! Ozen diogu: gure esku dagoen guztia egingo dugu errauste planta ez eraikitzeko, baina eraikitzen badute ere, ez dugu guk finantzatuko!"
Jakin dezatela banku honetako zuzendariek gure diruarekin ez dutela kontatzen". Helburu horrekin, kalejira jendetsua egin dute hasi aldundiaren paretik eta Banco Santanderrek hirigunean duen egoitzaren pareraino. Han, maindire zuriz estalita protesta egin dute manifestariek. Bidean, aldundiaren eta erraustegiaren aurkako oihuak izan dira nagusi. Agerraldiaren amaieran, datozen egunetan herriz herri agertuko diren kartelak ere aurkeztu dituzte. Bertan salatzen da erraustegiaren bultzatzaileak "herritarren osasunaren eta diruaren kontura" aberasten direla.
Amasa Villabonako EH Bilduk larunbat honetan Bilboko Miribilan izango den hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusira joateko autobusa antolatu du.
Izen ematea zabalik dago dagoeneko eta Villabonako Erreka, Iru Aldeta eta Iratzar tabernetan daude apuntatzeko zerrendak. Autobusa 15:30etan irtengo da Olaederra kiroldegiko autobus geltokitik. Ekitaldira joan-etorria 10 euro kostako da eta gutxi gora behera 20:30etarako Villabonara iristea espero dugu.
Anima zaitezte! ikustekoa izango da eta!

Amasa-Villabonan eta inguruko herri eta auzoetan jatorri eta kultura ezberdinetako herritar ugari bizi dira. Askotan edo gehiegitan bertakoak diren herritarrek ez dute beraiengana gerturatzeko pausurik ematen, zurrumurruak eta aurreiritziak direla-eta.
Egoera horri erantzuteko Bizilagunak proiektua jarri zuten martxan duela bost urte. Bertakoak eta atzerritarrak mahaiaren inguruan biltzen dituen ekimena da. Beste herrialde batetik etorritakoen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko ezagutza sustatzeko eta aurreiritziak gainditzea da helburua. Aurten, azaroaren 13an egingo dituzte bazkariak, eta izena emateko aukera zabaldu dute dagoeneko. Horretarako, This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbidera idatzi edo 646057080 telefono zenbakira deitu beharko da.
Kirola da egitasmoaren aurtengo gaia: «Batetik, jatorri desberdinetako jendearen integrazioa bultzatzen du kirolak. Era berean, ordea, diskriminazio egoera ugari gertatzen dira alor horretan», adierazi du Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saileko teknikariak. Hori horrela, Euskal Herri osoko hainbat kirolarik bat egin dute ekimenarekin: Xabi Alonso eta Mikel Alonso, Leire Olaberria eta Iñaki Perurena, besteak beste.
Bostgarren urtez jarraian antolatu dute ekimena Tolosaldean, eta urtez urte gora egin du parte hartu dutenen kopuruak. «Familia modu zabalean ulertzen dugu. Familiak ez ezik, lagun kuadrilak, pisukideak izan dira bazkarietan», azaldu du Moralesek. Tolosaldea guztiko herritarrek hartu dute parte ekimenean; iaz, 120 lagun izan ziren guztira, eta 15 bazkari egin zituzten. Bazkari horietan hainbat jatorritako familiak izan ziren: Euskal Herria, Nepal, Maroko, Afganistan eta Brasil, besteak beste. «Izugarria da familia horien artean sortzen den giroa. Bazkarira ailegatu baino lehen ez dute elkar ezagutzen, baina kimika handia sortzen da beren artean. Lagun bihurtzen dira asko, eta harremana izaten dute gerora ere», azpimarratu du Moralesek.
Bazkari horietako bakoitzean dinamizatzaile batek hartzen du parte: «Ezinbestekoa da dinamizatzailearen papera. Bi familien arteko bitartekaria da, eta bere eginkizuna da antolaketan laguntzea». Alaia Garmendia dinamizatzailea izan zen duela bi urte: «Oso esperientzia polita da, guztiz aberasgarria eta gomendagarria. Ekimenean parte hartzeko beste modu bat eskaintzen du».
Bestalde, Gipuzkoa Solidarioa, jaialdia ere antolatu da aurten Donostian:
Ekimenean parte hartzen duten familia guztiak ezagutzeko Gipuzkoa Solidarioa jaialdia antolatu dute. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da azaroaren 26an, 17:00etan. ‘Atzerritarrak kiroletan’ gaia landuko dute antzerki bidez, eta www.muga.eu webgunean do 943321811 telefonora deitu behar da izena emateko.
Amasa Villabonako EH Bildutik, bat egiten dugu Bizilagunak proiektuarekin eta kultura, hizkuntza eta izaera aniztasunaren aldeko gure jarrera berretsi nahi dugu. Gure herrian bizi diren eta jatorria Euskal Herritik kanpo duten pertsonekiko begirune osoa adierazi eta aniztasun horrek gure herria aberasten duela aldarrikatzen dugu. Arrazakeria eta bazterketa tinko gaitzesten ditugu eta kulturartekotasuna inolako arazorik gabe biziko duen herri anitza izan nahi dugu.
Aste honetan zehar Villabonako udaleko eta Tolosaldeko mankomunitateko teknikari eta langileek, organikoa eta errefuxaren edukiontziak zabaltzeko beharrezkoa izango den txip-a herritarrei banatzen arituko dira. Gaur hasi da banaketa eta hemen dituzue banaketa egingo den lekuak eta orduak:
-Irailak 12, astelehena: Olaederra kiroldegia, 10:00-14:00.
-Irailak 13, asteartea: Berdura plaza, 10:00-14:00.
-Irailak 14, asteazkena: Txermingo jubilatuen egoitza, 10:00-14:00.
-Irailak 15, osteguna: Olaederra kiroldegia, 16:00-20:00.
-Irailak 16, ostirala: Berdura plaza, 10:00- 14:00.
Amasa Villabonako EH Bildutik EAJko udal gobernuak eman dituen hainbat urratsekin eta EAJk erakutsi duen portaerarekin oso kritiko izan bagara ere, mezu argi bat plazaratu nahi diegu herritar guztiei:
Jarraitu dezagun gauzak ondo egiten, izan gaitezen arduratsuak, gure etxeetan hondakinak ondo bereizten segi behar dugu eta erabil dezagun ondo bilketa sistema berri hau ere. Amasa Villabonan %80 inguruko birziklatze datu eredugarriak emateko gai garela frogatu dugu, eta eredu izaten jarraitu behar dugu. Ez dezagun inoiz ahaztu zein den helburua: Ahalik eta gehien birziklatzea eta Amasa Villabonan lortu ditugun birziklatze datuak gutxienez mantentzea. Txukun birziklatzen jarraitzea da batzuk inposatu nahi diguten erraustegia gelditzeko mudu eraginkorrena, horrela agerian utziko dugu erraustegiak ez duela inolako zentzurik, ez dagoela kutsakorra, garestia eta herritarren osasunarentzat kaltegarria den Zubietako erraustegia egiteko inolako aitzakiarik.
EH Bildutik sistema berriaren ezarpena bera eta ezarri ondoren jasoko diren datuak zorrotz aztertuko ditugu eta guri esker (eta kostata) udalak hartutako gutxienez %70eko birziklatze tasa lortzeko konpromisoa bete dadin lan egingo dugu.
Gipuzkoa Zutik mugimenduko bi kide legez kanpo atxilotzea egotzita, hiru ertzainen aurkako ikerketa abiatu du Donostiako Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak. Ekainaren 2an izan ziren atxiloketak, Donostiako Gipuzkoa plazan, errausketaren aurkako ekintzaileek bertan egindako bosgarren egunean: Ertzaintza plazan agertu zen goizez, eta identifikatzeko eskatu zien han zeudenei, baina protestaren partaideek uko egin zutela ikusita, bi lagun eraman zituzten poliziek, indarkeria erabiliz, ingurukoek orduan salatu zutenez. Kereila aurkeztu zuten atxilotuek, eta tramitera onartu du epaileak. Gipuzkoa Zutik-eko kideek salaketan deskribatutako ekintzak delitu izan daitezkeela adierazi du epaileak txostenean. Identifikatuta dauden hiru ertzainen jarduna ikertzeko diligentziak abian dira. Azaroaren 2an epaitegira agertu beharko dute poliziek.
21 egunez plazan. Maiatzaren 29an hartu zuten mugimenduko kideek Gipuzkoa plaza, aldundiak Zubietan egin nahi duen errauste plantaren aurkako mobilizazio baten ostean. Azpiegitura hori sinbolo gisa hartuta, sistema ekonomiko eta politiko osoaren kritika egitea zuen xede mugimenduak. Protestak iraun zuen 21 egunetan tentsio une ugari izan zituzten poliziekin: ia egunero agertu ziren ertzainak zein udaltzainak kanpalekuan, protestariak identifikatzeko hasieran, eta plazatik edo Bulebarretik botatzeko gero.
Amasa Villabonako EH Bildutik, pasa den ekainean Gipuzkoa Zutik mugimenduaren baitan modu erabat baketsuan parte hartu zuten pertsonen kontra, Ertzaintzak (eta baita Donostiako Udaltzaingoak ere) izandako jokabidea salatu genuen eta beraz, ikerketa judiziala burutu izana berri pozgarria dela pentsatzen dugu. Ertzaintzaren jokabide bortitz eta oldarkorra guztiz ulergaitza izan zen eta bistan geratu denez, baliteke atxiloketa ilegalak ere egin izana. Bada garaia herritarren eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten EAEko polizia autonomikoaren jokabide antidemokratiko eta bortitzekin bukatzeko.
Urtero bezala Villabonako Udaleko kultura sailak ikasturte osoko eta udazkeneko ikastaroak antolatu ditu eta EH Bildutik ere, ikastaroetan parte hartzeko deialdia luzatu nahi dizuegu. Izena emateko Udalean dagoen kultur saileko bulegora joan beharko da, irailaren 12tik 23ra (09:00-12:00)
Ikasturte osoko ikastaroak:
-Egur lanketa:
Sacemgo tailerrean. Hasiera, urriak 3. Astelehenetan 14:30-17:30 // 17:30-20:30. 232€ (Villabonan erroldatuentzat), 327€ (kanpokoentzat).
-Pintura haurrentzat:
30 orduko ikastaroa, Larrea 20an. Hasiera, urriak 3. Astelehenetan 17:15-18:15 (4-7 urte). Astelehenetan 18:15-19:15 (8-11 urte). Ostegunetan 18:00-19:00 (8-11 urte). 91€ (Villabonan erroldatuentzat), 120€ (kanpokoentzat).
-Pintura helduentzat:
60 orduko ikastaroa, Larrea 20an. Hasiera, urriak 5. Asteazkenetan 17:00-19:00. 131€ (Villabonan erroldatuentzat), 199€ (kanpokoentzat).
-Zaharberritzea eta arte aplikatuak:
90 orduko ikastaroa, Sacemgo tailerrean. Hasiera, urriak 3. Astelehenetan 17:00-20:00. 196 (Villabonan erroldatuentzat), 307€ (kanpokoentzat).
Udazkeneko kultur ikastaroak:
-Ondo jan eguberrietan:
Irakasleak: Javi Rivero eta Eneko Amondarain. Eguberrietako menu oso bat egiten ikasiko da lau saiotan. 12 orduko ikastaroa. Azaroaren 10etik abenduaren 1era. Ostegunetan, 19:00-22:00. 32€ (Villabonan erroldatuentzat), 42€ (kanpokoentzat).
-Bitxigintza:
Irakaslea: Leyre Martin. Alanbre, abalorio eta birziklatutako hainbat elementaren bitartez(botilen tapak, CDak, arropa, botoiak, kafe kapsulak…) bitxigintza pieza errazak egiten ikasiko da. 30orduko ikastaroa. Urriaren 6tik otsailaren 9ra. Ostegunetan, 16:00-18:00. 95€ (Villabonan erroldatuentzat), 115€ (kanpokoentzat).
-Argazkigintza digitala:
Irakaslea: Asier Larraza. Irudi fotografikoaren oinarriak ikasiko dira. Ikasle bakoitzak bere Kimera digitala eraman beharko du. 26 orduko ikastaroa. Hasiera, urriak 4. Astearte eta ostegunetan, 19:00-21:00. 75€ (Villabonan erroldatuentzat), 90€ (kanpokoentzat).
-Serigrafia:
Irakaslea: Virginia Ameztoy. Norberaren irudiak eta diseinuak (argazkiak, marrazkiak…) serigrafiatzen ikasiko da, euskarri ezberdinetan: oihala, papera, egurra… 12 orduko ikastaroa. Azaroaren 8tik 29ra. Asteartetan 18:30-21:30. 35€ (Villabonan erroldatuentzat), 40€ (kanpokoentzat).
-Tapizgintza:
Irakaslea: Leyre Martin. Tapizatzeko oinarrizko teknikak azalduko dira eta ikastaroan zehar, ikasleak eramandako aulki erraz bat tapizatuko da. 12 orduko ikastaroa. Urriaren 5etik urtarrilaren 19ra. Asteazkenetan, 18:30-21:30. 95€ (Villabonan erroldatuentzat), 115€ (kanpokoentzat).
Igande honetan Viana eta Lodosa herrietan ospatuko da Nafarroako ikastolen aldeko Nafarroa Oinez jaia eta Villabonatik joan etorria autobusez egiteko aukera izango da. Tolosako Galtzaundi euskara elkarteak eskualdeko herritarrentzat autobusa antolatu du eta Villabonan ere egingo du geldialdia. Zehazki goizeko 8:50ean Olaederra kiroldegi aurreko geltokian hartu ahal izango da autobusa eta izena emateko Zubimusu ikastolako zentroko eraikineko idazkaritzara jo beharko da. Autobusaren prezioa 10 edo 12 eurokoa izango da eta itzulera 19:00ak inguruan izango da. Aurtengoan ere egun osoko egitarau oparoa antolatu da eta jatekoa, pailazoak, musika etab. ez dira faltako. Webgune honetan duzue informazio guztia: NafarroaOinez2016
Amasa Villabonako EH Bildutik, Nafarroan euskarak aurrera egin dezan ikastolek egiten duten lana goraipatu nahi dugu eta batez ere Nafarroako hegoaldean edo erriberan ikastolak ezinbestekoak dira gure hizkuntzaren biziraupena bermatzeko. Beraz, aurtengoan ere Nafarroako ikastolen aldeko jaira joateko gonbidapena egiten dizuegu. Anima zaitezte!
Hemen duzue Galtzaundi elkarteak antolatu duen autobusaren berri emateko argitaratu duen kartela:

Pasa den uztailean (santio jaien aurretik) Amasako frontoia zabor edukiontziz beteta zegoela jakin genuen. Orduan guztiz harrituta geratu ginen eta garbi utzi nahi dugu EH Bilduko zinegotziei ez zitzaiela kontu honi buruzko ezertxo ere jakinarazi. Beraz, EAJ-PNVko Udal Gobernuak bapatean eta unilateralki frontoia biltegi batean bilakatu eta isteko erabakia hartu du.
Hasieran egun batzuetako kontua izango zela pentsatu genuen, baina oker geunden eta abuztu osoa darama frontoiak egoera horretan. Normala den bezala, honek hainbat herritarren artean haserrea eragin du, frontoiko erabiltzaileek ezin izan baitute pilotan jokatzeko (edo beste kirol batzuk praktikatzeko) erabili. Guk ere bat egiten dugu haserre horrekin, ez baitugu ulertzen nola eduki daitekeen kirol instalakuntza publiko bat, guztiz itxita biltegi soil bat bezala erabiltzeko. Frontoia herritarrek erabiltzeko espazio publiko bat da eta horrexegatik EH Bilduko kideok egunero irekita egon behar duela pentsatzen dugu. Zergatik erabaki da edukiontzien biltegi bezala Amasako frontoia erabiltzea? eta ez herritarrek erabiltzen ez duten beste edozein espazio? Gure ustez egoera hau ez da onargarria eta udal gobernuari azalpen argi bat ematea eskatzen diogu.
Azkenik eta gaiarekin erlazioa duenez, aipamen bat egin nahi genuke; dakizuen bezala Villabonako udalean EAJ-PNV, EH Bildu eta PSEren arteko akordio zabala sinatu zen hondakinen bilketa sistema berri bat martxan jartzeko, baina orduz geroztik ematen ari diren urratsak ez dira inoiz jakinarazten. Gai honetan ere, udal gobernuaren aldetik sekretismo edo ilunkeria da nagusi. Gai hau lantzeko gunea Ingurumen batzordea zela adostu genuen, baina hilabete ugari dira batzorderik egiten ez dela. Iban Agirre alkate ohiak gai honi buruzko xehetasunak oposizioarekin batera landu eta adosteko borondatea agertu zuen, baina bistan denez hori guztia borondate hutsean geratu da. Noiz jarriko da martxan edukiontzien sistema? eta garrantzitsuagoa dena, nola egingo da aldaketa hori? EH Bildutik galdera hauek funtsezkoak direla uste dugu baina oraingoz ez dugu erantzun garbirik eta tristea bada ere, komunikabideetan irakurri ahal izan duguna dakigu soilik.
Amasa-Villabonako EH Bildu koalizioak bat egiten du datorren urriaren 15ean Donostian, gaixorik dauden euskal presoen askatasuna eskatuko duen mobilizazioarekin. Sare erakundeak antolatu du manifestazioa eta #SalatzenDut leloa erabiltzen ari da gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak aske egon behar dutela aldarrikatzeko.
Legedia internazionalak argi dio egoera honetan dauden pertsonak kartzelatik irten behar direla beharrezkoa duten tratamendua jasotzeko, baina kasu honetan ere, espainiar eta frantziar gobernuek euskal preso politikoei aplikatzen dieten kartzela politikek ez dituzte irizpide humanitarioak aplikatzen, mendeku itsuarenak eta eskubideen zapalketarenak baizik. Beraz, EH Bildu koaliziotik eskubide urraketa hauen aurrean herritarrak mobilizatzea eta espainiar eta frantziar estatuei kalean presioa egitea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu. Guztira hamar euskal presok pairatzen dute gaixotasun larri edo sendaezin bat eta guztiek kalean egon behar lukete. "Aski da!" esateko garaia da.
Urriaren 15ean denok Donostiara!
Hemen duzue manifestazio honen deialdia zabaltzeko SARE-k kaleratu duen kartela:
Azken asteetan herritar ugarik Zubimusu zubiaren itxurari buruz egin dizkiguten galderei erantzunak bilatu nahian, gaur udaletxean izan gara zubia zehazki nola geratuko den jakiteko asmoz. Hirigintza sailean eta Alkatetzan informazioa eskatu dugu eta udalak informazio hori ez daukala izan da erantzuna. Eskatuko dutela.
EAJko Udal Gobernuak obra amaitzean Zubimusu zubiak zein itxura izango duen jakin behar lukeela uste dugu, eta are gehiago azken aldian herritarren artean sortu den kezka ikusita. Obra honen gaineko jarraipen zorrotzik ez egiteak eta zer egingo den ere zehazki ez jakiteak, gure udala gobernatzen dutenen axolagabekeria agerian uzten du.
Azken urteetan egin den bezalaxe, aurtengoan ere Villabonako Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko establezimenduetako errotuluak euskaraz jartzeagatik eta web guneak euskaraz egiteagatik diru-laguntzak eskainiko ditu. Dagoeneko abiatu da eskaerak aurkezteko epea eta urriaren 31n bukatutako da. Diru-laguntza horiei buruzko informazioa nahi duenak, Villabonako Udaleko web orrian edo Euskara Zerbitzuan bertan izango du eskuragai.
Informazio gehiago: Telf: 943693501 / e-posta: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.
Amasa Villabonako EH Bildutik diru laguntza hauen egokitasuna berresten dugu eta gure herriko kaleetan dauden errotuluak euskaraz jartzeko deialdia egiten dugu. Hizkuntza paisaia ere faktore garrantzitsua izango da gure hizkuntzaren normalizazioa lortzeko. Bestalde, web guneak euskaraz egiteak duen garrantzia ere azpimarratu nahi dugu, euskarak sarean duen presentzia handitzeak ere asko laguntzen duelako euskararen etorkizuna bermatze aldera.
Pasa den asteko ostegunean Istanbuleko aireportuan izandako atentatua zela eta, Villabonako udalak bando bat kaleratu zuen 40 hildakotik gora eragin zituen atentatu odoltsu hori gaitzetsiz eta udaletxe aurrean kontzentrazio bat deituz. Esan beharra daukagu, deialdi hori sorpresaz hartu genuela, zoritxarrez azken urteetan pertsona zibilak helburu dituzten eta hildako errugabe ugari sortzen dituzten atentatu ankerrak, ohiko albiste bilakatu baitira. Hala ere, nola ez, bat egiten dugu bandoaren mezuarekin eta EH Bildutik oso garbi utzi nahi dugu: Istanbulen izandako atentatu bidegabe hori gogor salatzen dugu eta eragindako biktimen familia eta lagunei gure elkartasuna adierazten diegu.
Estatu Islamikoa eta beste hainbat talde terrorista internazionalek herritar zibilak helburu dituzten atentatu kanpaina gogor bat martxan duten honetan, eta Irak, Afganistan, Pakistan, Siria eta gatazka latzak bizi dituzten beste hainbat herrialdeetan gertatzen diren sarraskiak, eguneroko ogi bilakatu zaizkigu tamalez.
Aste honetan bertan, Bagdad-en jendez gainezka zegoen kale batean, gidari suizida batek lehergaiz betetako kamioi bat leherrarazi eta gutxienez 200 pertsona hil eta beste hainbeste zauritu ditu. Oraingoan ordea, Villabonako udalak ez du kontzentraziorik deitu. Zein irizpide erabiltzen du gure udal gobernuak kontzentrazio bat noiz deitu behar den eta noiz ez erabakitzeko?
Legealdi honetan gisa honetako bi kontzentrazio antolatu ditu Villabonako udalak, bata 2015eko abenduan Parisen izandako erasoen ostean, eta bigarrena pasa den astean Istanbuleko atentatuaren ondoren. Martxoan Bruselan izandako erasoei erantzuteko ordea, Adierazpen Instituzional bat kaleratu zen. Honek hainbat kezka sortzen dizkigu; Atentatu bat larriagoa al da Europan gertatzen denean? Lehen eta bigarren mailako biktimak al daude? Biktimen artean mendebaldeko herritarrak (europar edo estatu batuarrak) daudenean soilik egin behar al da zerbait? Damasko, Sudan, Faluya edo Islamabad-eko hildako errugabeak ez al dira Paris, Brusela edo Istanbulekoak bezalakoak?
Galdera hauek airean gera ez daitezen, horrelako gertakari tragikoen aurrean udalak zein neurri hartuko dituen zehaztuko duten irizpideak eduki behar ditu.
2015eko inauterietako liskar batzuen harira atxilotu zituzten Unai Sukia, Aitor Tolosa eta Ibai Julian tolosarrak. 15 urteko espetxe zigorra eta 38.000 euroko zigor ekonomikoa eskatu dute beren aurka, eta epaiketaren zain daude orain.

Amasa-Villabonako EH Bildutik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu hiru gazte tolosar hauei eta Ertzaintzak burututako muntaia polizial lotsagarri hau gogor salatzen dugu. Ezin dugu polizia autonomikoaren aldetik gazteria independentistaren kontrako horrelako portaera errepresiborik onartu. Bestalde, Tolosan sortu den "Gazteok kalean" plataformari ere gure babes osoa adierazten diogu. Azkenik, epaiketak hiru pertsona hauen absoluzioa eta kasuaren artxibatzea ekar dezala espero dugu.
Hemen duzue ataria.info webgunean argitaratu den elkarrizketa:
Zer pasa zen gau hartan? Nondik dator zuen aurkako auzia?
Aitor Tolosa: Inprenta tabernan, liskarren bat egon zen, eta horregatik etorri zen polizia. Liskar hori bukatu zenean, Herrikora gerturatu ziren poliziak. Tenkatu egin zuten egoera, eta kargatu ere egin zuten. Liskarra, ustez, bukatu egin zen: gero, ordea, ertzain ugari etorri ziren eta Herrikotik aterarazi zuten jendea. Ni eta Unai [Sukia] atxilotu gintuzten, eta ondoren, Ibai Julianen etxera joan ziren bera atxilotzera.
Ibai Julian: Ertzainen 4-5 patruila etorri ziren, 25 ertzain inguru: guztiz neurrigabea izan zen. Ez dakigu zer lortu nahi zuten Herrikora hurbiltzearekin: egoera tenkatu zuten eta ondoren atxiloketak egin zituzten: selektiboki eta bi ordu beranduago. Esan ziguten lehenagotik ezagutzen gintuztela, baina hiruretako inork ez dauka aurrekaririk. Nola dakite, adibidez, non bizi naizen ni?
Komisarian igaro zenuten gaua. Zer pasa zen ondoren?
A.T.: Deklaratu egin genuen, eta baldintzapeko askatasunean libre utzi gintuzten, baina hilabetean bi aldiz sinatzera joan behar izan dugu Tolosako epaitegira. Abokatuari esker, hilabetean behin joaten gara orain.
I.J.: Fiskalaren eskaera formala iritsi zaigu orain. Guztira, 15 urteko espetxe zigorra eta 38.000 euroko isun ekonomikoa ezarri digute. Defentsa eskaera egiteko idatzia ailegatu behar zaigu orain, eta 10 eguneko epea izango dugu gure defentsa aurkezteko: froga fisikoak, lekukoak, etab. Behin hori aurkeztuta, epaiketa 3-4 hilabeteren barruan hastea aurreikusten dugu, baina ez daukagu data zehatzik.
Gazteak Kalean plataforma aurkeztu zenuten aurreko astean. Zer da salatzen duzuena?
A.T.: Muntai polizial baten aurrean gaude. Selektiboki aukeratuak izan ginen: ertzainen testigantzak soilik hartu dituzte gure aurkako frogatzat. Unai [Sukia] eta ni agertzen garen argazki bat, kasu: liskarra hasi baino lehen trago bat hartzen ateratzen gara argazkian. Beraien helburu bakarra gazte mugimendua zapaltzea izan da: argi dugu muntai polizial baten aurrean gaudela, eta beren helburu bakarra Tolosako gazte mugimendua zapaltzea izan da. Horren harira, sortu dugu Gazteak Kalean plataforma.
Zein helburu ditu plataforma horrek? Zer lortu nahi duzue?
Unai Sukia: Alde batetik, gure aldeko presio soziala eragitea da helburu nagusia. Ez iritzi publiko bat sortzea soilik, kalean, gazteen eta herri sektore ezberdinen konpromisoen bitartez, gure aldeko postura zabaltzea. Bestetik, etekin politikoa atera nahi diogu egoera horri: gure aurkako auzia ez da kasu isolatua, eta beste hainbat kasu daude adibidez, Tolosari soilik erreparatuta ere. Esate baterako, Ezpala gaztetxeko utzaraztean parte hartu zuten 50 gaztei isun ekonomikoa jarri diete. Era berean, ikusi dugu gazte mugimenduan gabezia handia zegoela alor antierrepresiboari dagokionez, eta gure aurkako auzia aprobetxatu nahi izan dugu borroka hori martxan jartzeko. Gure borroka amaitu eta gero, ordea, mugimenduak nolabaiteko jarraipena izatea nahi dugu, bestelako kasuei erantzuteko.
Zein dinamika izan duzue orain arte? Zein urrats emango dituzue?
U.S.: Plataforma duela bi aste aurkeztu bagenuen ere, udara hasieran hasi ginen lanean. Udara hasieran, abokatuak konfirmatu zigun epaiketa izango genuela, eta antolatzen hastea erabaki genuen eta gure auziaren aurka borrokatzen hastea.
I.J.: Moskeo kanpaina bat egin genuen herrian gure kasua zabaltzeko, eta duela bi aste aurkeztu genuen Gazteak Kalean plataforma. Dagoeneko bi bilera egin ditugu eta jende ugari gerturatu da. Pixkanaka-pixkanaka hasi gara martxa hartzen; lan-talde komunikatiboa eta ekonomikoa martxan daude dagoeneko, mobilizazioak antolatzen gabiltza, kamisetak egiten, etabar.
Zer balorazio egiten duzue?
U.S.: Balorazio ona egiten dugu. Plataformaren batzarretan 30 pertsona inguruk hartu dute parte, jendea gogotsu eta borrokatzeko prest agertu da. Argi dugu injustizia bat dela, eta jendea kontziente da horretaz. Lana egiteko eta borrokatzeko gogoarekin gaude, eta gure esku dago, hein handi batean, gure absoluzioa lortzea. Oihartzuna izaten saiatuko gara bazter guztietan, ez Tolosan soilik. Zentzu horretan, mugimendu hori ez da herri mailako gauza: Tolosan elkartzen gara, baina irekia da. Ateak irekita daude edonorentzat, lanerako eta laguntzeko prest dagoen edonorentzat. Zentzu horretan, gazte mugimenduko eta herri mugimenduko kideek, beren espazioetan beraiek ahal duten neurrian ematen diguten laguntza ongi etorria izango da. Edozein konpromiso keinu, gure arazoa jakinarazteko aukera ematea, diru laguntzak lortzeko kontzertuak antolatzen laguntzea... dena izango da ongi etorria.
Amasa Villabonako EH Bildu: EAJk, PSEk eta PPk erraustegiak pertsonen osasunean eragingo dituen kalteak aztertzeari uko egitea, arduragabekeria galanta da.
EAJk eta PSEk, beste hainbatetan bezala PPren laguntzarekin, gehiengo osoa erabili dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, erraustegiak gipuzkoarren osasunean eragin ditzakeen kalteak aztertzeko batzordearen sorrera blokeatzeko. EH Bilduren ustez, onartezina da Gobernuaren jarrera, argi baitago gai honek herritarrengan ezinegona sortzen duela eta Zubietako erraustegiaren proiektuak erantzun sozial izugarria ekarri duela, erraustea gaixotasunekin lotzen duten hainbat ikerketa daudelako. “Errealitate honen aurrean Diputazioak belarriak itxi eta ezikusiarena egitea arduragabekeria da”, adierazi du Iban Asenjo EH Bilduko batzarkideak.
EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek hondakinen erraustegi batek pertsonen osasunean izan ditzakeen arriskuak eta kalteak ebaluatzeko azterketa-batzorde bat eratzeko eskatu dute Batzar Nagusietan, eta batzorde horren ondorioak Foru Aldundirako gida izatea, biztanleen osasuna eta ingurumena lehenesten dituen hondakinen kudeaketa-politika diseinatzeko. EAJ-PSEk eta PPk, ordea, bertan behera utzi dute ekimena eta azterketa hori aurrera eramateko aukera blokeatu egin dute.
Iban Asenjok azpimarratu duenez, Markel Olanoren gobernuak errauskailu bat eraikitzeko asmoa berriz erakutsi zuenetik, gipuzkoarren osasunean eragingo duen minaz kezka handia sortu da eta biderkatu egin dira azpiegitura horren kontrako mugimenduak. Besteak beste, aipatu ditu Gipuzkoa Zutik ekimena, GuraSOS elkartea, medikuen plataforma, edo milaka pertsonak osatu zuten Onkologikoa eta Diputazioa batzen zuen giza katea.
EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, “Administrazio publiko orok osasuna babesteko lehentasuna izan beharko luke. Azken urteotan burututako nazioarteko hainbat ikerketa zientifikok, baina, argi ondorioztatzen dute erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten dela eta hilkortasuna handitzen dela. Hortaz, hondakinak errausteak gizon-emakume guztiok inguru osasungarri batean bizitzeko dugun oinarrizko eskubidea urratzen du”. Gainera, Asenjok foru agintariei leporatu die “herritarrak frogak egiteko akuri moduan erabiltzea”.
Beraz, EH Bilduko batzarkidearen hitzetan, “argi dago gai honek herritarrengan sortzen duen ezinegona, argi dago Zubietako erraustegia erantzun sozial izugarria jasotzen ari dela eta argi dago erraustea gaixotasunekin lotzen duten ikerketa zientifiko ugari daudela. Horregatik guztiagatik, Foru Aldundiari berriro ere eskatzen diogu errausteak osasunean sortu ditzaken kalteen inguruko hausnarketa sakona egitea eta planta eraikitzeko tramite guztiak bertan bera uztea ondorioak jakin arte. Eztabaidaren beharra aldarrikatzen dugu, zalantzak argitu eta prebentzio-printzipioa ezarri. Gure interes bakarra osasuna da, gurea, gure bizilagunena eta gure seme-alabena. Oraindik garaiz gaude; gero berandu izan daiteke”.
Euskara ikasten ari eta euskaraz hitz egiteko norbait topatu nahi duen jendearentzat edo euskaldun zaharra izan eta euskara ikasi nahi duenari lagundu nahi izanez gero, Mintzalagun proiektua jarri dute martxan Amasa-Villabonan eta Zizurkilen.
Mintzakideak eta mintzalagunak behar dituzte horretarako; hau da, euskaldun zaharrak eta euskara ikasten ari direnak. Hiru laguneko taldeak osatzen dira (bi euskara ikasle eta laguntzaile euskaldun bat), eta talde hauetako kideek konpromisoa hartzen dute astean behin, ordubetez-edo gutxienez, euskaraz aritzeko elkarrekin, kafe bat hartu, kirola egin, paseatu edo nahi duten jarduera egiten duten bitartean:
Izena eman nahi izanez gero, Villabonako udaletxean dagoen euskara zerbitzura jo daiteke edo 943 69 35 01 telefonora deitu. Zizurkilen ere izena eman daiteke, Ernio Bidea 9A behea helbidean dauden Zizurkilgo Udalaren bulegoetan, edo bestela 943 69 24 95 telefono zenbakira deituta.
Interesa duten pertsonen datuak jaso ostean, antzeko zaletasun eta ordutegia duten taldeak osatzen saiatuko dira, mintzakide batekin eta bi mintzalagunekin.
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik egitasmo hau erabat babesten dugu eta euskara ikasleak eta euskaldun "zaharrak" animatu nahi ditugu bertan parte har dezaten. Euskaraz hitz egiteko gai izateko oso lagungarria da eta baita harreman berriak (euskaraz) egiteko ere. Beraz, anima zaitezte!
Hemen duzue Villabona eta Zizurkilgo udalek elkarlanean argitaratu duten kartela:

Pasa den asteartean LAB sindikatuko gipuzkoako metalgintza sektoreko langileek batzarra egin zuten Villabonako Gurea zineman. Ondoren, berdura plazako eskilaratan kontzentrazioa ere egin zuten, prekarietatea salatu eta lan esparruan ere erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla aldarrikatzeko.
Sindikatu abertzaleko ordezkariek gaur egun metalgintza sektoreak duen egoera izan zuten hizpide eta, besteak beste, datorren ikasturterako LAB-ek jorratuko dituen lan-ildo nagusiak onartu zituzten, Villabonan egindako batzarrean.
Prekarietateari aurre egitea izango da LAB sindikatuak metalgintzan izango duen helburu nagusia eta, Jon Ander Goñi industria arduradunak azaldu duenez, enpresaz enpresako plangintza zehatza garatuko dute: "Bada garaia ofentsibara pasatzeko, eta patronalak lapurtutako eskubide horiek guztiak berreskuratzeko". Bide horretan, Madrilen berriki sinatu duten estatuko hitzarmena salatu zuen LAB sindikatuak, eta estatu mailan dagoen egoera tamalgarria dela adieraziz: "prekarietatea dute helburu bakar gisa".
Horrenbestez, lan-harremanetarako euskal esparru propioa aldarrikatu zuten Villabonako plazan egindako kontzentrazioan: "Hemen sortzen den aberastasuna era justu batean banatu behar dugu". Helburu horri begira elkarlan guztiei ateak zabalik utziko dizkiote sindikatu abertzaleko kideek, baina "inoren zain" ere ez direla egongo ere garbi adierazi zuten eta aldarrikapen lerroak aktibatzeko konpromisoa hartu zuten.
Echesa-Gamesa Aiztondo bailarako enpresa handienetakoa da 200 langilerekin, eta hauetako asko Amasa-Villabonako herritarrak dira. Lan hitzarmen berria sinatzeko akordiorik ezean, langileek mobilizazioei ekitea erabaki dute. Aste honetan hasita, 2 orduz lan egiten ari dira eta beste 2 orduz greba. Egunero, beraz, 4 orduko greba.
Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Asteasuko Gamesako langileek egin duten lan hitzarmen duin baten eskaerarekin. Lan hitzarmena ezinbesteko tresna da langileen lan-baldintzak eta lan-eskubideak bermatzeko. Aldi berean, enpresako arduradunei dei egiten diegu ahalik eta azkarren langileen ordezkariekin hitz egin dezaten eta langileen eskubideak errespetatuko dituen hitzarmena sinatu dezatela eskatzen diegu. Irtenbiderik ematen ez den bitartean langileek hartutako erabakiak, mobilizazio eta protestak barne, errespetatu eta babestuko ditugu.
Hauteskunde kanpainaren amaiera dela eta, ostiral honetarako ekimenak antolatu ditu Amasa Villabonako EH Bilduk.
19:00etan Kalejira eta poteoa: Iratzar tabernan hasi eta herriko kaleetan barrena.
20:00etan hilabeteko azken ostirala izanik, Etxerat-ek antolatutako kontzentrazioarekin bat egin eta bertan parte hartuko dugu.
Ondoren, 20:30ak pasatxo direnean, Berdura plazan afari-merienda herrikoia izango dugu, sagardo frexkoa eta EH Bilduko kideek prestatutako pintxo goxoak dastatzeko aukera izango delarik, dena musikaz girotuta.
Modu honetan emango dio amaiera Amasa Villabonako EH Bilduk hauteskunde hauetako kanpainari, eta ez ahaztu, igandean denok EH Bildu bozkatzera! Aukerak zabaltzera goaz eta!
















