Hamaika hilabete pasa dira Nekane Txapartegi preso asteasuarra atxilotu zutela, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten astelehen iluntzean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Txapartegi Suitzan dago preso, Espainiak egindako estradizio eskaerari Suitzak zer erantzungo zain.

Bidegabetzat jo dute Txapartegiren egoera: "Dagoeneko 11 hilabete daramatza Suitzan espetxeraturik, eta egunean 20 ordu inguru pasatzen ditu bakartuta. Egoera hori erabat bidegabea eta jasangaitza da", salatu dute.

"Nekaneren haserrea eta ezin ulertua gero eta handiagoak dira", azaldu dute: "Ezin du ulertu zergatik ez duten erabakirik hartu oraindik, ezin du ulertu teorian torturaren aurka dagoen estatu batek ez ikusiarena egin izana". Txapartegik "nahi duen lekuan eta nahi duen pertsonekin bizitzeko eskubidea" duela aldarrikatu dute.

Txapartegiren kasuaz gain, azken egunetako "gertakari larriak" salatu dituzte elkarretaratzearen amaieran: Sara eta Izarrena, Ibon Iparragirrerena eta Manu Azkarateren kasuak, hain zuzen.


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu "Nekane Libre" Aiztondo bailarako plataformak egiten dituen eskaerekin eta Nekane Txapartegiren berehalako askatasuna eskatzen dugu. Bestalde, Suitzar estatuari dei egiten diogu espainiar estatuak egindako estradizio eskaerari ezezko batekin erantzun dezan, Nekane bortizki torturatua izan da espainiar polizia indarren eskuetan eta berriz ere infernu bera pasatzeko arriskua hor dago. Nenaken Libre!!!