- 13 Martxoa 2017
Pasa den astean ezagutu genuen albistea, espainiar gobernuko ministroen kontseiluak Donostian zezenketen inguruan egitekoa zen kontsulta debekatu zuen! Gure ustez, albiste honek ondo baino hobeto isladatzen du espainiar estatuak duen maila demokratiko eskasa. Nola da posible erabat udal kudeaketari dagokion gai baten inguruan hiri batean galdeketa demokratiko bat egitea debekatzea? Horrelako neurri errepresibo eta antdemokratikoak diktadura totalitarioetan soilik ikusten dira eta honako hau bere burua demokratatzat duen edonork eskuak burura eramateko modukoa da. Espainiar estatuak hartzen dituen horrelako erabakiek, herri honen burujabetza osoa defendatzen dugunon argudioak indartzen ditu, espainiar estatuaren mugen barruan ezinezkoa da benetako demokrazia parte hartzaile bat eraikitzea. Egungo dependentzia egoerak, espainiar estatuak Madrilen hartzen dituen erabakien menpe uzten gaitu eta horren aurrean, estatu propio bat eratzeko helburuan aurrera egitea dagokigu. Benetan demokratikoa izango den estatu duin batean bizi nahi badugu, Euskal Errepublika independientea eraki beharko dugu.
EH Bilduk lehen momentutik salatu zuen espainiako ministroen kontseiluak hartutako erabaki lotsagarri hau, eta bat egiten du Donostia Antitaurina Orain elkarteak egiten duen irakurketarekin eta Donostiako alkatea den Eneko Goia jeltzaleari luzatzen zaizkion eskaerekin.

Donostia Antitaurina Orain plataformak egindako manifestazioa pasa den abuztuan
Hau da Donostia Antitaurina Orain elkarteak berriki argitaratu eta zabaldu duen oharra:
Ministroen Kontseiluak Donostiako zezenketen inguruko herri-galdeketa baimendu ez izanaren aurrean Donostia Antitaurina Orain Plataformak zera adierazi nahi du:
Gure ustez donostiarren gehiengo zabal batek gaitzesten ditu zezenketak eta, orokorrean, animaliekiko tratu txarrak.
10.000 bizilagunen babesarekin zezenketen inguruko herri-galdeketa sustatu genuen duela urtebete, eta oraindik ezin izan da burutu.
Gure ustez udalak eskumen osoa du bere eraikinetan egin daitezken iharduerak zehazteko.
Udal batek bere herritarren iritzia ezagutu nahi izatea ona, beharrezkoa eta demokratikoa dela iruditzen zaigu.
Ministroen Kontseiluaren erabaki honek ez gaitu kontutan hartzen, ez gaitu errespetatzen eta gure eskubide demokratikoak nabarmen urratzen ditu.
Galdeketa eskatu zuten 10.000 donostiarrekin alkateak hartutako konpromezua gogoratu eta nabarmendu nahi dugu orain. Bestalde, bere eskumenak urratuak izan zaizkion udalari gure elkartasuna adierazi nahi diogu, eta elkarrekin irtenbide egoki bat bilatzeko gure prestutasuna adierazi.
Guzti honengatik, Udalari bi eskakizun luzatuko dizkiogu:
- Bere herritarren parte-hartzeko eskubideak defendatu ditzala, herriari hitza eman ahal izateko bide berriak aztertuz eta hauek martxan jarriz.
- Herri-galdeketa egin ezin den bitartean Illunbe zezenketetarako ez alokatzea edo uztea. Ikuskizun tamalgarri hauek baimentzeak ondorio konpontezinak izango lituzke heriotzeraino torturatuak izango lirateken animalientzako.
Donostian, 2017ko martxoaren 13an.
DONOSTIA ANTITAURINA ORAIN PLATAFORMA


