- 08 Martxoa 2017
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hezkuntza arloak bizi duen konfrontazio egoerarekin bukatzeko eskua luzatu zion EH Bilduk Jaurlaritzari joan zen astean. Hala, errealitateari entzungor egiteari utzi eta hezkuntza sistema publikoaren egoera hobetzeko deia egin du gaur Rebeka Ubera legebiltzarkideak. Hartara, mozio bat erregistratu du Gasteizko Legebiltzarrean.
“Agerikoa da azken urteotako murrizketek hezkuntza sistemaren sare publikoa itolarrian dutela, eta horrek ondorioak dituela gure ikasleek jasotzen duten hezkuntzan. Hala, bada garaia herri-akordio zabala egiteko hezkuntza sistema publikoaren oinarriak finkatze aldera. Ildo horretatik, abiapuntuak izan beharko luke gaur egungo plantilla hedatzea, hain zuzen, 2008an hasi ziren murrizketei tinko aurre egiteko”, adierazi du Uberak.
Hartara, legebiltzarrak EH Bilduren ekimena eztabaidatuko du, hezkuntza sistemaren plantilla estrukturalak 2.000 lanpostutan handitzeko eta jada 5 urte baino gehiago lanean dauden 6.000 irakasleren plaza egonkortzeko. Hala nola, testu liburuen programa solidarioa berreskuratzeko eta partida handitzeko eskaera ere egin du.
“Jakin badakigu inbertsioan esfortzua ekarriko duela horrek, baina hori da, hain zuzen, bilatzen duguna: herri honen zutabeak finkatzeko apustu politiko irmoa hezkuntza sistema publikoaren alde”. Hain zuzen, EH Bilduk iritzi dio “gehiago eta hobeto” inbertitu behar dela hezkuntzan, eta hartara, diagnosi zehatza eskatu du, herrialderik herrialde, baliabideak eta premiak identifikatzeko.
Mozioa bere osotasunean:
1.-EAEko ikasle guztien aukera berdintasuna eta eskola arrakasta xede izanda, inbertsioa eraginkor bilakatzeko, herrialde bakoitzean ikastetxez ikastetxe dauden beharrak identifikatzeko diagnostiko zehatza egitea lau hilabeteko epean, ondorengo adierazleak aztertuz: irakaslegoa, azpiegiturak, hezkuntza premia bereziak dituzten eta zailtasun handiko ikasleak, ikastetxeko hezkuntza – hizkuntza proiektuak, baliabideak, IKT-ak, ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, jantokia, bestelako proiektuak.
2.-Desberdintasun sozial, ekonomiko eta kulturalak orekatzeko xedearekin, testu liburuen programa solidarioa berreskuratu eta handitu dezala. Bekak ikasturte hasieran ordaintzea
3.-Ikasle kopurua gelako jaistea xede izanda, irakasle gehiago plantillan sartzeko eta behin behineko egoeran daudenak egonkortzen hasteko, plantilla estrukturala handitu dezala 2000 plazetan; eta 5 urtetik gora behin behineko egoeran lanean jardun duten plantillatik 6.000 plaza egonkortu ditzala, lege bidezko habilitazio zein horretarako beharrezkoak diren bitartekoak erabiliz.


