Laburrak

Pasa den ekainaren 17ko Kongresuan militanteen bozka zuzenaren bidez aukeratuak izan zirenetik, EH Bilduko idazkari sektorial guztiak lehen aldiz elkartu dira. Hurrengo hilabete eta urteetan EH Bilduk egingo dituen politika sektorialak zehazten hastea izan da bilkura honen helburua.

Urriaren 7an Gasteizen izandako EH Bilduren Konferentzia Politikoan aurkeztu zen bezala, EH Bilduk Euskal Errepublika eratzearen aldeko lana abiatu du iada. Errepublika horrek herritarren gehiengoaren beharrei erantzungo dien gizarte ongizate sistema sortzeko helburua izango du. Horrenbestez, errepublika sozial eta demokratikoa eraikitzea aldarrikatzen dugu, bertan bizi direnak zaintzeko gai izango dena.

Gaurtik hasita, errepublika horren zutabeak izango diren proiektuak lantzen hasiko dira 20 idazkaritzak. Gaur egungo markuetatik egingarriak eta errealistak izango diren proposamen zehatzak eginez joango dira idazkaritzak helburu horiek gauzatzen eta, jakina, herritarren bizitza kalitatea hobetzea eta herri eta gizarte bezala nahi dugun etorkizun duina eraikitzea izango dute helburu.

Era berean, EH Bilduk Euskal Errepublikaren oinarriak izango diren oinarrizko tresna eta egiturak definitzeko prozesua abian jarri duela iragartzen du. Gure eredu sozialaren oinarriak izango diren tresnen izaera zehazteko lan mardulari ekin diogu.

Gizarte segurtasuneko sistema publikoaz ari gara. Arreta berezia jarriko diogu pentsioen sistemari, finantza sistema propioari, gizarte babesari, lan harremanen esparru propioari, administrazio publikoari eta etorkizuneko osasun eta hezkuntza sistemei. Horiek guztiak sakon aztertu behar ditugu, aldaketak praktikan ezarri behar izango direnean prestatuak egon gaitezen.

Beste urte batez, euskara ikasteko ikastaro edota kurtso aukera ezberdinen informazioa kaleratu dute Amasa Villabonako euskara zerbitzuak eta Zizurkilgo udalak, AEKko Andoaingo euskaltegiarekin elkarlanean. "Elige EUSKARA aukeratu" leloaren bidez, euskara ez dakitenek edo bere euskara maila hobetu nahi dutenek, ikastaroetan izena emateko urratsa eman dezaten, bultzada ematea da asmoa.

Hauek dira bi udalak banatzen ari diren eskuorrian agertzen diren aukera ezberdinak:

euskara1 

Urtero bezala, ikastaro edo kurtso hauetakoren batean izena ematen duenak, udalen diru laguntza jasotzeo aukera izango du. Laguntza ekonomikoei dagokienez, azken urteetako irizpide berberak mantendu dira: Gehienez matrikularen %75aren balioa ordainduko da eta 400 euroko topea izango da. Mintzalaguna egitasmoan parte hartu ezkero, laguntza ekonomikoa %10 igotzeko aukera izango da. Diru laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak ere mantendu egin dira: Villabona edo Zizurkilen erroldatuta egotea, klaseetako asistentzia gutxienez %85ekoa izatea, euskaltegiaren aldeko txostena aurkeztea eta matrikula ordainduta izatea.

Hona hemen bi udalek kaleratu duten eskuorriaren irudia:

Euskara2

 

Ibon Iparragirre euskal presoaren egoera okertu egin dela salatu dute Kalera Kalera ekimeneko kideek Tolosako epaitegi aurrean egindako elkarretaratzean: "Azken azterketa medikuaren bidez jakin dugu Ibon hilzorian dagoela, eta edozein gorabeherak heriotza eragin diezaiokeela".

Era berean, Auzitegi Nazionaleko forentse medikuaren eta epailearen jarrera salatu dute: "Epaileak Alcala espetxeko medikuaren gainean jartzen du Ibon askatzeko ardura, eta epaileak ez du bere erantzukizuna betetzen. Badakite Ibon azkeneko egunak bizitzen ari dela, baina hala ere, ez dute har dezaketen erabaki zuzen eta gizalegezko bakarra hartzen: gizatasun printzipioa aplikatuz, Ibon kaleratzea". Azkenik, besarkada "sentikor" bana bidali diete bere senitartekoei, eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

adfhajhj

Elkarretaratze amaieran Ibon Iparragirre askatzearen aldeko manifestua irakurri zen. Iturria: ataria.eus

Ibonen bizitza hari batetik zintzilik dago

Metafora gordin bezain argigarriarekin definitu zuen presoaren egoera haren anaia Gotzon Iparragirrek. Eta inork ez daki zenbaterainoko lodiera duen hari horrek. Ezta medikuek ere. «Bizi-diagnostikoa ezin dela egin esan zuten uztailean egin zioten ikuskatzean. Ezin da jakin bi urte iraungo duen edo bi egun barru infekzio bat harrapatuko duen eta hori izango den amaiera». Presoak berak badaki hil-bizian dela; hotz jakinarazi zion forentseak. «Badakizu berriro gaixotuz gero hil egingo zarela, ezta?».

Hiesa du Iparragirrek, eta, azken analisien arabera (irailaren 15ekoak) hogei defentsa ditu soilik. Osasuntsu dagoen pertsona baten gorputzak 724 eta 1.154 defentsa artean ditu. «Azken urtean 50 bat defentsa izan ditu, baina astebete erietxean eman zuen maiatzean eta ekainean, pneumonia batengatik, eta jaitsi egin zaizkio», azaldu du Gotzon Iparragirrek. «Edozein infekzio, katarro txiki bat, zauri bat...»

ELA, LAB eta Steilasek sektorekako lau greba egun eta orokor bat iragarri dituzte, Jaurlaritzak beraien aldarrikapenei ez dielako erantzun.

Hezkuntza publikoko lan arloan, ikasturte berria pasa den urteko ildo beretik hasi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gauzak horrela, irailaren 15ean hasi eta urtea bukatu arte egingo dituzten protesta ekintzen zerrenda zehaztu dute hezkuntza arloko hiru sindikatu nagusiek. Besteak beste, sektorekako lau greba egun (azaroan, ostegunero) eta abenduaren 12rako greba orokorra iragarri dituzte. Eta jai edo zubia ez den ostiraletan, elkarretaratzeak egingo dituzte. Bat egitera gonbidatu dituzte ikasle eta familiak.

Langileen ordezkariek benetako negoziazio prozesu bat eskatzen diote Jaurlaritzari. Izan ere, EAJ-PSE koalizio gobernuak hiru sindikatuok egindako aldarrikapenei ez diela benetako erantzunik eman salatu dute hiru sindikatuek.

Besteak beste, aldaketen zerrendan hezkuntzari dagokion inbertsioaren hazkundea eskatzen dute sindikatuek, eta horretarako datu hauek aurkeztu dituzte: Eusko Jaurlaritzaren inbertsioa hezkuntzan %3,7koa da; Europako Batasuneko batez bestekoa, berriz, %4,9koa denean. ELAko ordezkariak azaldu duenez, "Maila horretara iristeko 968 milioi gehiago bideratu beharko lituzke gobernuak. Eta Unescok %6ra arte igotzea gomendatu du".

Langileen behin-behinekotasuna ere salatzen dute ordezkari sindikalek. Batez beste, %40 da behin-behinekotasuna hezkuntza publikoan. Baina alde nabarmenak daude sektoreka. Adibidez, irakasleen %38 behin-behineko beharginak dira, eta sukalde eta garbiketan dabiltzanen artean, berriz, %63 daude egoera horretan. Gainera, azken arlo horretako langile gehienak 55 urtetik gorakoak dira.

Hezkuntza

Hezkuntza pubilkoko langileen eskubideak hobetzeko, sindikatuen protesta Donostian

Oraingoz, irakasleentzako proposamena soilik egin du Hezkuntza Sailak: 3.000 lanpostu, lau urtean, aurtengo lan eskaintza publikoak jasotako 740ak barnean hartuta. Sindikatuek eskaintza hori ez dela inola ere nahikoa izango erantzun dute: "Eskaintza horrekin, lau urte horietan egongo diren erretiroak ere ez dira ordezkatuko. Beraz, behin-behinekotasun tasa gaur egungoa edo handiagoa izango litzateke", azaldu dute.

Hezkuntza publikoko Haur Eskolen kasua ere mahai gainean dago. "EAEn matrikulazioak behera egiten ari dira, garestia delako. Gainera 0 eta 2 urte arteko doako hezkuntza publikoa behar beharrezkoa dugu" adierazi dute sindikatuek.

LOMCE eta Heziberri: Beste behin ELA, LAB eta Steilas erreforma hauen aurka agertu dira argi eta garbi. Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma bertan behera uzteko eta euskal hezkuntza sistema arautuko duen legedi berria osatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Eta balizko lege berri horren osaketan sindikatuen, hezkuntza eragileen eta herritarren iritzia kontuan hartzeko. "Eredu berri horrek alde batera utzi behar du hezkuntzaren merkantilizazioa eta bere oinarriak gizarte kohesioa, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna eta hezkidetza izan behar lukete" adierazi dute langileen gehiengoa ordezkatzen duten hiru sindikatuetatik.

 

Gipuzkoako Batzar Nagusietan izandako batzordean, EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok zerga erreforma fiskal serioa abiatzea eta Ekarpen Legea gaurkotzea eskatu dizkio Markel Olano PNVko diputatu nagusiari. PNVk bi neurri horiek aspaldi agindu zituen arren, huts egin du bietan, eta ez du bete ez bata eta ez bestea. Xabier Olanok ohartarazi duenez, EAJ-PSEren Foru Gobernuak bi konpromiso horiek betetzen ez dituen bitartean, langileen gaineko presio fiskalak gora jarraitzen du eta Gipuzkoak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.

20171013 103214

Gipuzkoako Batzar Nagusietako fiskalitatearen batzordea

Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak Finantzen Euskal Kontseiluaren azken datuen irakurketa zehatza egin du, eta diru-bilketaren azterketan, zergaz-zergako analisia egitearen garrantzia azpimarratu du. Horren arabera, argi ikusten da gaur egungo ereduarekin zerga zama handiena langileen bizkar geratzen dela. Izan ere, Gipuzkoako herritarrek PFEZ bitartez egiten duten ekarpena diru-sarreren %37a suposatzen du, eta kontsumitzaileena, BEZAren bitartez, %44a. Aldiz, Sozietateen (enpresen) Irabazien gaineko Zerga diru-bilketaren % 6,5a besterik ez da. Gainera, Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenen arabera, datorren urtean PFEZ eta BEZA %2,5 eta % 7,4 igoko dira, baina Sozietateen Zerga, %0,7 besterik ez.

Beraz, EH Bilduren iritziz, horrek argi erakusten du erreforma fiskal serio bat egiten ez den bitartean, diru-bilketaren gehiengo oso handia langileen bizkar jarraituko dutela kargatzen; zama gero eta handiagoa izango da langileentzat eta arinagoa, enpresentzat. Gipuzkoa orekatuagoa nahi badugu, etekinak lortzen dituzten enpresek ekarpen handiagoa egin behar diote gizarteari. Horregatik, EH Bilduk zerga sistema aldatu beharra dagoela azpimarratzen du, progresibitatea, justizia eta ekitatearen pritzipioetan oinarritutako erreforma integral bat.

Horretaz gain, Ekarpen Legea ere aipatu eta jorratu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Gogoratu behar da, Markel Olanok berak agindu zuela Ekarpen Legea gaurkotzeko konpromisoa. Joan den urteko abendurako jarri zuen epemuga, baina ez du hitza bete eta egoerak berdin-berdin jarraitzen du. Horrek, kalte ekonomiko handia suposatzen du Gipuzkoarako, izan ere, koefiziente horizontalak berdin jarraitzen duen bitartean, gure Herrialdeak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.

 

Urtero bezala, Amasa Villabonako udaleko kultur sailak, ikasturte berrirako ikastaro ezberdinak antolatu ditu herritarrentzat. Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 7tik 21era eta udaletxeko kultur saileko bulegora jo beharko da. Udaleko webgunean ikastaroak ordaintzeko sistema aldatu dela iragartzen da: "Ordainketa sistema aldatu egin da: Izena ematerakoan kontu korrontearen 24 digitoak ekarri behar dira."

Hauek dira aurtengoan izango diren ikastaro ezberdinak:

• EGUR LANKETA. 90 orduko ikastaroa.

Irakaslea: Jon Iñaki Ormazabal.
Taldeak: Astelehena, 15:30-18:30. Osteguna, 09:30-12:00 edo 15:30-18:30.
Sacemgo lantegian. Hasiera: Urriaren 2an.
Prezioa: 232 euro Villabonan erroldatuentzat / 327 euro gainerako guztientzat.

• ZAHARBERRITZEA ETA ARTE APLIKATUAK. 90 orduko ikastaroa.

Altzarien zaharberritzea eta esku-lanak oro har.
Irakaslea: Oihana Insausti.
Astelehena, 17:00-20:00.
Sacemgo lantegian. Hasiera: Urriaren 2an.
Prezioa: 196 euro Villabonan erroldatuentzat / 307 euro gainerako guztientzat.

• PINTURA HELDUENTZAT. 60 orduko ikastaroa.

Irakaslea: Urkiri Salaberria.
Taldeak: Asteazkena, 17:30-19:30. Osteguna, 18:30-20:30.
Larrea auzoa, 20. Hasiera: Urriaren 4an.
Prezioa: 131 euro Villabonan erroldatuentzat / 199 euro gainerako guztientzat.

• PINTURA HAURRENTZAT. 30 orduko ikastaroa.

Irakaslea: Urkiri Salaberria.
Taldeak: Astelehena 17:30-18:30 (4-7 urte). Astelehena, 18:30-19:30 (8-11 urte). Osteguna 17:30-18:30 (8-11 urte).
Larrea auzoa, 20. Hasiera: Urriaren 2an.
Prezioa: 91 euro Villabonan erroldatuentzat / 120 euro gainerako guztientzat.

* Taldea osatzeko gutxieneko ikasle kopurua osatzen ez bada, taldea bertan behera utz dezake Udalak.

* Izen-ematea: Kultur saileko bulegoan, irailaren 7tik 21ra, 09:00etatik 12:00etara bitartean.
Info gehiago: 943 691 655 / This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it..

Anima zaitzezte eta izena eman!


EH Bilduren iritzia:

Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldetik, aurtengo kultur ikastaroen eskaintza hau murritzegia dela pentsatzen dugu. Eskaintzen diren lau ikastaroak inola ere gutxietsi gabe (erabat errespetatzen eta babesten ditugun ikastaroak dira) nabarmena da aurtengoan, aurreko hainbat urtetan ez bezala, ez dela ikastaro berriak eskaintzeko ahaleginik egin. Azken urte luzetan udalak udazkeneko kultur ikastaro laburrak antolatu ditu herriko sortzaile edo artista ezberdinekin elkarlanean (argazkigintza, serigrafia, sukaldaritza, bitxigintza, tornua...) eta aurtengoan hori ez egitea erabaki du udal gobernuak. EH Bilduko udal taldean ez dugu erabaki hau inondik inora konpartitzen. Izan ere, udazkeneko ikastaro hauetako batzuk gutxienez, herritarren parte hartze zabala izatea lortzen zuten eta urtez urte balorazio oso positiboak jasotzen zituzten. Beraz, udazkeneko ikastaro guzti guztiak bertan behera uztea ulertezina egiten zaigu. 

Gure ustez, honako hau PNVko hainbat zinegotzik behin eta berriz erakusten duten axolakabekeriaren beste adibide argi bat da. Kasu honetan, Mertxe Garmendia kultur zinegotzia da erabaki honen arduradun politikoa. Agian billabonatarra ez izateak, herriko kultur ikastaroei garrantzirik ez ematea eragin dio baina gure ustez hori ez da aitzakia onargarria.

Ikastaroen ezabatzea ez da udaleko kultur sailean ikusi dugun arazo bakarra, adibidez udaleko kultur batzordea ia ez da biltzen eta erabaki ia guztiak inorrekin kontsultatu gabe, aldebakarrez eta inolako azalpenik eman gabe hartzen ditu Garmendia andreak. Gure iritziz nabarmen geratzen ari da PNVren gobernuaretzat kulturak ez duela garrantzi nahikorik bertan serio lan egin eta behar den denbora inbertitzeko. Nahiago dute saila ia paralisi egoera batean edukitzea, herriko beste ordezkari politikoekin, kultur eragileekin edota herritarrekin eztabaidatuz eta adostuz, kultur politika txukun bat garatzea baino.

 

EH Bilduk argi du Kataluniako autonomia bertan behera uztea eskatzea bateraezina dela Jaurlaritzan goi kargua izatearekin.

EH Bilduren iritziz, oso larria da gaur goizean Euskadi Irratian Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kabinete zuzendari Andoni Unzaluk egin dituen adierazpenak, Konstituzio espainolaren 155. artikulua Katalunian aplikatzearen alde eta, beraz, hango autonomia bertan behera uztearen alde agertu baita. Bere hitzak hain larriak izanik, EH Bilduk Unzalu berehala kargutik ken dezatela exijitzen die Urkullu lehendakariari eta Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuari. Unai Urruzunok adierazi duenez, Unzalu bera da kargu hori betetzeko moduan ez dagoela erakutsi duena.

EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, “Jaurlaritzako goi mailako kargu batek ezin du 155. artikuluaren aplikazioa eskatu, hori bateraezina delako Lakuako Gobernuak Kataluniarekiko erakutsi behar duen posizio politikoarekin. Ondorioz, lehenik eta behin lehendakariari, eta gero Retortillo sailburuari, dagokie Unzalu kargutik kentzea. Erabaki automatikoa izan behar da, eta horixe da Legebiltzarrean eskatuko dieguna”.

 

Behar Zana pilota eskolak antolatutako pilota ikastaroak irailaren 18an hasiko dira.

Ekaineko izen-ematean inor gogoz geratu bazen, oraindik bada izena emateko aukera joko garbian, eskuz edo palaz aritzeko:

- Aurrebenjaminek (2010-11) eta benjaminek (2008-09) astelehen eta asteazkenetan izango dituzte entrenamendu saioak.

Ume kopuru handiak izena eman duenez, maila horietan taldekatze ezberdinak egongo dira eta talde homogeneotan arituko dira.

- Alebinek (2006-2007) astearte eta ostegunetan entrenatuko dute.

- Joko garbiak astearte eta ostegunetan izango du tartea eta palaz neskek ere beraien pilota saioak izango dituzte.

- Federatu mailakoek (infantil, kadete, jubenil eta nagusiek) entrenamendu bereziak izango dituzte. Maila horietako pilotariren batek Behar Zanan izena eman nahiko balu telefonoz edo emailez jarri beharko luke harremanetan.

Larunbat goizetan ere pilota saio libre eta irekiak eskainiko dira Amasako pilotalekuan.

GURASOEN BILERA: Gurasoei zuzendutako ikasturte hasierako bilera irailaren 14an ostegunez izango da 19:30ean Bear Zana pilotalekuan bertan.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Behar Zana taldeko kideekin jarri behar da harremanetan:

Emailez: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Telefonoz: 600375352 // 688685982

Zerga ereduaren inguruan akordiorik ez izatea eta indar politiko, sindikal eta sozialen artean elkarrizketarik ere ez abiatu izana salatu du EH Bilduk. Egoera larria dela adierazi du Leire Pinedo legebiltzarkideak eta zerga politikarako EH Bilduren idazkariak. “EAJk eta PSEk egin duten kudeaketa negargarriaren eta gaitasun faltaren ondorioa da egoera hau. Herritarrek ez dute zertan ordaindu behar alderdi hauek dituzten barne lehiak ez eta akordiorako daukaten gaitasun eza ere”.

Duela 5 hilabete, eztabaida publikoa irekitzea proposatu zuen EH Bilduk eta  eskaera hori bera egin du beste behin Leire Pinedok. Bakoitzak bere proposamenak aurkeztu ahal izatea eta guztiok jendaurrean bere burua definitzea ziren proposamen horien helburu nagusiak. “Gure proposamena eragile sindikalei, sozialei eta politikoei bidali genien, eztabaida irekitzeko asmoarekin. Eztabaida irekitzeko keinu txikiena ere ez dugu jaso EAJtik eta PSEtik”, agertu du.

Pinedoren hitzetan, hiru herrialdeetako gobernuek eta Eusko Jaurlaritzak, eta gobernu horiek sustengatzen dituztenek, porrot egin dute. Era berean, elkarrizketarako eta akordioak lotzeko EH Bilduren prestutasuna azaldu du. “Eztabaidarako eta akordioak lotzeko prest gaude, baldin eta gehiengo sozialaren eta langileen onurarako bada, enpresei dagokien ekarpena egitea eskatzen bazaie eta, era horretara, kalitatezko zerbitzu publikoak izatea laguntzen badugu. Itxura batean EAJk egin nahi duen eran enpresei zergak jaitsi nahi bazaizkie herritarrok gehiago ordaindu behar izateko, EH Bilduk ez dio inolaz ere horri babesik emango”.

Euskal Finantzen Kontseilua

Euskal Finantzen Kontseiluaren inguruan izan diren irregulartasunak aipatu ditu Eneko Maioz EUDELeko zuzendaritzako kideak, eta EAJk eta PSEk gune partekatuak beren intereserako erabiltzen dituztela salatu du. Azaldu duenez, astelehenean jaso zuen asteazken arratsaldeko bilerarako gai-ordena eta ez dago batere argi zerga ereduaz eztabaidatuko duten edo ez. Gainera, EH Bilduko ordezkariari ez zaio dokumentazio osagarririk bideratu.

“Finantzen Euskal Kontseilua de facto bertan behera geratu dela uste dugu. Aspiazu sailburuak eta EAJk egindako kudeaketa negargarria, partidista eta irregularra salatu beharrean gara. EUDELen bidez ordezkatzen ditugun udalak babes faltan daude, eta egoera hau ezin dugu ontzat eman”, adierazi du Maiozek.

Intxaurrondoko ikastolan matrikulatu dute Sara Majarenasen alaba eta hilaren 7an hasiko da ikasturte berria, baina bai Sara Majarenasek bai Izarrek Acobendasen (Madril) jarraitzen dute, harrera-zentroan. “Izar ikastolara!” ozen aldarrikatu zuten pasa den igandean milaka lagunek Donostian izan zen mobilizazioan. EH Bilduko kideak bertan izan ginen eta Sara Majarenas presoak bere alaba Izarrekin batera kalean egon behar luketela aldarrikatu genuen.

Izarrekin Sara Etxera plataformako bozeramaile Araitz Zubimendik kritikatu zuenez, Madrilgo ikastetxe batean eskolatzera behartuko dute Izar, “berea ez den hizkuntza batean” eta nahiz eta “familiarteko loturak zein lotura sozial eta kulturalak Donostian dituen”. Irailaren 7an bertan beste mobilizazio bat egingo dela iragarri zuten "Izarrekin" plataformatik.

0903 sara izar

Mobilizazio amaierako irudia San Telmo plazan

Kontxi Ibarreta Izarren amonak adierazi zuenez, Sarak apenas jaso duen baimenik: “Hamabi orduko sei egun baino ez dizkiote eman uda guztian. Epailearen autoak dio bigarren gradua duela hirugarren graduko ezaugarriekin, baina Sarak ez ditu izan hirugarren graduko abantailak”. Alaba psikologikoki gaizki ikusten duela eta zigorra behingoz amaitzeko ordua dela dio Ibarretak. “Itxaropena dut, epaileak iritziz aldatu eta Izar irailaren 7an Intxaurrondoko ikastolan hasiko den itxaropena”.

 

Europako Parlamentuan presoen urruntzearen gaia jorratu da eta gehiengoak urruntzzea salatzea erabaki du «haien senitartekoei ezarritako zigor gehigarria» delako. Gainera, Europar Batasuneko kide diren estatuei eskatu die gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan «haien zigorrak berriro aztertzeko aukera aintzat hartzeko».

Europako estatuen kartzelen egoera eta baldintzen inguruko Bergeron txostena izenekoa onartu du parlamentuak, eta han, EH Bilduk proposaturik, agertzen dira presoen urruntzeari eta larriki gaixo diren presoei buruzko aipamenak. EH Bilduko eurodiputatu Josu Juaristik «oso albiste ontzat» jo du bozketaren emaitza. Onartutakoa ez da txosten legegilea, eta, hortaz, ez da estatuek derrigorrean bete beharrekoa, baina lehenengo urratsa da Europan presoen giza eskubideak arautzeko bidean. Txostena alde handiz onartu da Estrasburgoko parlamentuan egin den bozketan: 474 boto alde, eta soilik 109 aurka.

Pasa den asteazkenean Gurtel ustelkeria kasu ezagunari buruz egindako plenoan, Oskar Matute EH Bilduk Madrilgo kongresuan duen ordezkariak argi eta garbi hitz egin zion espainiar gobernuko presidenteari, hau da bi minutu eskasean Matutek (gaztelaniaz, kongresuak euskara erabiltzea galarazten duelako) egindako hitzartzea:

"Gaur Rajoy jauna, zure alderdiaren ustelkeria auzi eta afera guztiak gogoratuko nizkizuke baina bi egun beharko nituzke eta bi minutu baino ez ditut. Bi egun beharko nituzke zure sei urteko agintaldiko ustelkeria guztia zerrendatzeko.

Ustelkeria zure alderdikideek jasotako gainsoldatak dira, diru beltza, B kontabilitatea eta sakeleko telefonotik botatako “Luis se fuerte” hori.

Ustelkeria da zure alderdia Gürteleko trajeekin janztea eta zuk barkamenik ez eskatzea, ezta plasmazko telebista bidez ere.

Ustelkeria dira Punica-ko zure morroiak, %3-ko komisioak eta kapitalen zuriketa.

Ustelkeria da Catalunya operazioa, espioitza sarea eta funts publikotik ordaindutako katalan herriaren aurkako gerra zikina.

Ustelkeria da Bankia eta Caja Madriden espoliazioa.

Ustelkeria da guk ez jakitea zuek agintzen duzuen Espainia Berlangaren filme batean bizi den ala El Padrinoren beste batean bizi den.

Ustelkeria da Genova kalean disko gogorrak mailukadekin desagerraraztea eta zure diruzaintzako paperak birringailuan txikitzea.

Ustelkeria da Alderdi Popularra talde kriminala izatetik gertuago egotea alderdi politiko izatetik baino.

Ustelkeria da mafian bezala, zuen burua babesteko darabilzuen isiltasuna."

 

BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=HcPA6lNfvGk

 

 

EH Bilduk Gipuzkoako Garraio Agintaritzari eskatuko dio aurrera pausuak eman ditzala MUGI txartela hobetzeko. Koalizioak beharrezkoa ikusten du 2018rako tarifetan neurri batzuk hartzea garraio publikoaren sarea erakargarriagoa egiteko. Horregatik, hainbat proposamen eramango ditu Agintaritzaren hurrengo bilerara. Hobekuntzen artean, adibidez, doakotasuna eskatzen da 6 urte arteko umeentzat; hilabetean 51 bidai baino gehiago egiten dutenentzat eta ibilgailu-aldaketak egin behar dituzten erabiltzaileentzat. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko txartelen desoreka orekatzea eskatu du EH Bilduk.

Resultado de imagen de jon albizu bildu gipuzkoa

Jon Albizu EH Bilduko batzarkideak aurkeztu zuen Mugi txartela hobertzeko proposamena

Gipuzkoan, 2013an, Garraio Agintaritza osatzen duten administrazio publikoek Mugi txartela sortu zuten, garraio publikoari bultzada emateko helburuarekin. Aurtengo legealdian, baina, Foru Aldundiak ez du aurrera pausorik eman, eta ez du neurririk hartu garraio publikoaren erabilera handitzeko. Izan ere, tarifa laua Foru Gobernuaren programan neurri izar bezala agertu arren, ez dute horri buruz hitzik esan. Eta ez hori bakarrik, Diputazioaren kudeaketa kaxkarraren ondorioz, gaur egun, MUGI txartel anonimoa duten gipuzkoarrek beste lurraldeetako erabiltzaileek baino gehiago ordaindu behar dute Gipuzkoan.

Horregatik, EH Bilduko ordezkariek proposamen bat eramango dute Garraio Agintaritzaren hurrengo bilerara, ondoko proposamenekin:

- Doako ibilgailu-aldaketak: Gaur egun, MUGIko erabiltzaileek, garraiobide merkeenaren tarifaren % 25 ordaintzen dute ibilgailu-aldaketetan. Hori lortzea aurrerapausoa izan zela aitortuta ere, 2018an ibilgailu-aldaketak debaldekoak izatea lortu beharko genuke.

- Doako garraio publikoa, 6 urte bete arte: Euskotrenek, 2017an, erabaki zuen umeek -6 urte baino gutxiagokoek- tarifarik ez ordaintzea; Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren barruan dauden gainerako garraioek (Lurraldebus eta udal autobusek), ordea, ebatzi zuten 5 urte baino gutxiagokoek soilik ez ordaintzea. Horrek ez dauka ez hanka ez bururik. Agintaritzako garraio guztiek baldintza berberak ipintzea lortu behar dugu.

- Azkeneko bidaiaren doakotasuna: Zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta tarifa merkeagoa ordaintzea da Mugi txartelaren ezaugarrietako bat. Hori horrela, baldin eta bidaiariak, hilean, 51 bidaia egiten baditu, % 90eko hobaria izan dezake. Aldiz, guk %100eko hobaria proposatzen dugu.

- Euskal Autonomia Erkidegoko txartelen arteko desoreka kentzea: Mugi txartel anonimoa erabiltzen duten gipuzkoarrek bizkaitar eta arabarrek baino prezio garestiagoa ordaintzen dute Gipuzkoan autobusa eta trena erabiltzeagatik. Hori ez da onargarria.

 

Sestaoko La Naval ontziola Hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela eta, Maddalen Iriarte, EH Bildu Eusko Legebiltzarrean duen bozemaileak ontziolako langile eta euren senideei elkartasuna adierazi die.

la naval U4057636061kaG U40668385203XoH 624x385El Correo ElCorreo

Sestaoko La Naval enpresako langileen protesta atzo

Ildo horretan, Iriartek euskal industriaren eta arriskuan dauden milaka lanpostuen defentsan elkarrekin esku hartuta jardun dezatela dei egin gainontzeko alderdi politikoei. Izan ere, uda honetan industria enpresa esanguratsu ugari izan dira arrazoi ezberdinak direla medio, enpleguak suntsituko dituztela iragarri dutenak, besteak beste, ehunka langile dituzten Fagor CNA eta CEL enpresak.  

“Gure herriak ezin du bere industria galdu gure ekonomia eta gure seme-alaben etorkizuna arriskuan jarriz”, esan du bozemaile subiranistak.

Iriartek adierazi duenez, ahalegin berezia egin behar da inbertsio teknologikoan. “Europak Barne Produktu Gordinaren %3 inbertitzea eskatzen duen bitartean hemen %1,84 inbertitzen da soilik”, esan du. EH Bilduko bozemaileak industriari, industria txiki eta ertainari bereziki, “laguntza osoa” eman diezaiela eskatu die euskal erakundeei. “EH Bildu beti izango da hor”, adierazi du.

 

EH Bilduk lehendakariaren agerraldia eskatu du. Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiak erabili behar ditu katalanen erabaki demokratikoa, igandean adierazi zutena, errespetatua izan dadin.

EH Bilduk Urkullu lehendakariaren presazko agerraldia eskatuko duela iragarri du gaur, Legebiltzarrean azal dezan zein urratsak emango dituen Kataluniaren erabaki demokratikoa defendatzeko. Maddalen Iriarteren aburuz, “Jaurlaritzak inakziotik akziora pasatu behar du; Espainiak, Europak eta mundu osoak jakin behar dute gatazka honetan Jaurlaritza Kataluniaren alboan dagoela, bere aldarrikapenekin bat eginik, eta ez duela inolako konponbiderik ontzat emango kataluniarren borondate demokratikoa aintzat hartzen eta onartzen ez badu”. Finean, zehaztu du Iriartek, “lehendakariari eskatzen diogu Generalitaten alboan jar dadila, eskura dituen baliabide guztiak erabil ditzala Kataluniako herriak pasa den igandean adierazi zuen borondate demokratikoa errespetarazteko”.

EH Bilduko bozeramailearen iritziz, Lakuako Gobernua katalanen ondoan jarri behar da, zalantza izpirik gabe, Katalunian gertatzen ari denak eragin zuzena duelako Euskal Herrian. “Kataluniaren nazio eskubideak defendatzea Euskal Herriaren nazio eskubideak defendatzea da; ondorioz, Urkullu busti egin behar da, irtenbide baten bila. Bistakoa da txio batean etsipena eta kezka adieraztea ez dela nahikoa, lehendakari bati gehiago eskatu behar zaiola”.

Espainiako erregeak bart egindako agerraldiari dagokionez, Iriartek “Kataluniaren aurkako gerra deklaraziotzat” hartu du, nahiz eta “funtsean erregearen hitzaldiak ez zuen berri handirik ekarri”. Izan ere, “Estatuko botereek betiko leloan –Espainia bakarra, handia eta askea– ainguraturik jarraitzen dute eta Felipe VI.ak berretsi du Estatutik ezin dugula bestelakorik espero, mehatxuak, errepresioa eta gure nazio eskubideen ukapena bakarrik”.

Greenpeace erakundeak salatutakoaren arabera urriaren 19tik gaurdaino 312 “lehergailu” kontenedore bidali dira Bilboko Portutik Saudi Arabiara. Informazio honen aurrean EH Bildu eta Podemosen batzarkide taldeek Bizkaiko Batzar Nagusietan Arauz besteko proposamen bateratua aurkeztuko dute Portu Agintaritzari eta Espainiar Gobernuari Europar Parlamentuak Arabia Saudirentzat eskatu zuen blokeoa bete dezaten eta giza eskubideak errespetatzen ez dituzten herrialdeetara armen bidalketa erabat etetea eskatuz.

EH Bilduk gogorarazi nahi du 2016ko urrian Europar Parlamentuak ebazpen bat onartu zuela Europar Batasunari eskatuz Arabia Saudiren kontrako arma-blokeoa, Yemenen gertatzen ari diren nazioarteko giza eskubideen urraketak guztiz aztertzen diren arte. Espainiar Gobernuari eskatzen diogu ez dezala entzungorrarena egiten jarraitu eta material hauen bidalketaren bitartez ez dadila izan Yemenen gertatzen ari diren hilketen konplizea. Greenpeacek egindako deialdiarekin bat egiten dugu eta Euskal Administrazioei eskatzen diegu berandu baino lehen arma bidalketa izugarri hauen aurka azaltzea. Gogora dezagun NBEn arabera jada 10.000 hildako baino gehiago izan direla Yemenen eta 3 milioi pertsona baino gehiago lekualdatu direla gerratik ihes eginez.

Apirilean beste proposamen bat aurkeztu zuen EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Portuan armen ontziratzea laguntzeko lanak egiteari uko egiteagatik suhiltzaileari irekitako diziplina espedientea erretiratzea eskatuz. Kasu horretan Arabia Saudirantz 4.000 tona bonba bidali ziren. EH Bilduk agintariei eskatzen die lehenbailehen neurriak hartzea giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien (gerrako krimenak barne) konplize izateari uzteko.

Aduna, Alkiza, Amasa Villabona, Zizurkil, Asteasu eta Larraul minbiziaren aurka elkartu dira eta Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin bat egin dute aste osoko egitaraua prestatzeko.

CArtel Modificado23Minbizia gizakiaren lehen heriotza kausa da Euskal Herrian. Azken datuen arabera, hildakoen %32 minbiziak jota hiltzen da. Emakumeen kasuan bularrekoa da gehien ematen dena, gizonezkoen kasuan prostatakoa eta biak batuz gero hesteetakoa. Aipatzekoa da azken urteotan biriketako minbiziak gorakada handia egin duelaGizartearen zahartzea eta bizi ohiturak dira egoera honen erantzule nagusiak.

Hori dela eta, 2014an Gipuzkoa herriz herri zeharkatzea erabaki zuen Minbiziaren Aurkako Elkarteak bi helburu nagusirekin: gaixotasun hau jasaten dutenei eta bere familiakoei bakarrik ez daudela adieraztea; eta bestetik gaixotasuna gutxitzeko asmoz, bizi ohitura osasungarriak sustatzea herritarren artean. Elkartearen hirugarren ardatza, ikerketa bultzatzea da. Horregatik, azken urteetan Gipuzkoako elkartetik urtero kalitatezko ikerketa onkologikoa finantzatzeko bekak eskaintzen dira. 

Ikerketa, prebentzioa eta laguntza oinarri direlarik, aurreko urtean Tolosako Udalari testigua hartu ondoren, Aiztondo bailaran prestatu dute Aiztondo martxan minbiziaren aurkako eguna. Maider Sierra, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak aipatu duenez, "herriak girotzeko eta minbizia duten pertsonak eta familiei bakarrik ez daudela adierazteko hainbat ekitaldi antolatu ditugu bi astetan zehar".

Ikastetxeetan minbiziaren prebentzioaren inguruko lana hasi dute Aiztondon eta urriaren 7ra arte, ohitura osasungarriak bultzatzen jardungo dute lehen hezkuntzatik batxilergo bitarteko ikasleekin. Hitzaldiak, ikastaroak eta sukaldaritza saioak izango dira egun hauetan eta urriko lehen larunbat horretan, Aiztondoko herrietatik ibilaldiak abiatuko dira Zizurkilgo Joxe Arregi plazan guztiak elkartzeko. Pedro Mari Otaño ikastetxean 8 urtetik gorakoentzat kirol ekintzak egingo dira. Handik Villabonara joango dira eta kirol jarduerak egingo dira herriko puntu ezberdinetan.

Datorren urtean Minbiziaren aurkako martxan ekimena Zarauzko herriak antolatuko du eta urriaren 7an Villabonako plazan jasoko du testigua. Aiztondoko udal ordezkarien izenean Pili Legarra Asteasuko alkateak hitz egin du: "Garrantzitsua da gure gizarteari hain latz eragiten dion gaixotasun honi aurre egiteko horrelako ekimenak antolatzea eta udaletatik parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak".

IRAILAK 26, ASTEARTEA

18:30. Adunako kultur etxean, Minbizia familian sartzen denean... noiz eskatu laguntza? hitzaldia izango da Lara Franco eta Itxaso Uribieetxeberria psikologoen eskutik. Sarera librea da baina aurrez eman behar da izena 943 65 21 43 telefonoan.

IRAILAK 27, ASTEAZKENA

19:00. Asteasuko udaletxeko areto nagusian. Minbizia, bizitzaren gaixotasuna? hitzaldia emango dute. Sarrera librea da eta izen emateko 943 65 21 43 telefonora hots egin beharko da.

URRIAK 3, ASTEARTEA

19:00-22:00. Amasa-Villabonako Behar Zana elkartean sukaldaritza ikastaroa Javi Rivero sukaldaria eta Maider Sierra psikologoaren parte hartzearekin: Osasuna erosketak egitetik hasten da. 15 euroko prezioa izango du eta ikastaroan erabiliko diren produktuak erosi eta ekintzak sortzen dituen gastuak estaliko dira. Izen emateak 943652143 telefonoan.

URRIAK 4, ASTEAZKENA

18:30. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean. Etxeko txikiekin fruta eta barazkiak jaten tailerra emango da. Guraso eta haurrei zuzendurikoa izango da eta gosari eta merienda dibertigarri eta osasungarriak sortzen lagunduko dute. .

URRIAK 5, OSTEGUNA

18:30. Amasa-Villabonako Berdura plazan. Ondo jan, ondo bizi show cooking ekimena. Izen emateak 943 65 21 43 telefonoan. Tratamendu onkologikoek liseriketa aparatuan sor ditzakete eragozpenak gutxitzeko ideiak emango dituzte.

URRIAK 7, LARUNBATA: MINBIZIAREN KONTRAKO EGUNA ZIZURKIL ETA VILLABONAN

09:30 - 11:00. Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxean 8 urtetik gorakoentzat kirol ekintzak.

09:30. Larraul, Asteasu, Alkiza, Zizurkil gora eta Adunatik ibilaldiak abiatuko dira denak Joxe Arregi plazan batzeko.

11:10. Zizurkilgo plazan harrera egingo zaie martxei, erraldoiak bertan direla. Handik kalejiran joango dira Villabonara.

12:00. Zarauzko herriari testigua pasako zaio, 2018ko martxa antolatu dezan.

12:15. Zumba, spining... ekintzak Villabonako puntu ezberdinetan.


Amasa Villabonako EH Bildutik, nola ez, bat egiten dugu antolatu diren ekimen guztiekin eta gure babes osoa agertu nahi diogu minbiziaren kontrako Gipuzkoako elkarteari eta bertan lanean ari diren gizon eta emakume guztiei. Guztiok dugu lagun, senide edo gertukoren bat gaitz krudel honen ondorioz sufritzen ari dena edo zoritxarrez gaitzak hil duena eta minbiziari aurre egiteko prebentzioan eta ikerketan sakontzea behar beharrezkoa dela pentsatzen dugu.

Beraz, herritar guztiei dei egiten diegu antolatu diren ekintza edo ekimenetan parte har dezaten. 


Ehunka herritar bildu ziren pasa den asteazkenean Donostiako Alde zaharreko kaleetan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Aingura kofradiarekin elkarlanean deitutako protesta mobilizazioan. Udaberriko beste ekintza ikusgarrian Gipuzkoa Zutikeko ekintzaileek erabilitako buzo zuriak jantzirik, Alde Zaharreko kaleak zeharkatu zituzten errausketaren kalteak salatzen. "Errausketari ez!" eta "osasuna bai!" ohiuen artean, hainbat hizkuntzatan idatzitako informazio orriak banatu zituzten antolatzaileek. 
Hasieran Bulebarretik pasatzea aurreikusi zen arren, agintariek debekatu egin zuten ibilbide hura. Ordainetan, errausketaren aurkako ekintzaileek aukera hobea izan zuten Aste Nagusiko ekitaldiek erakarritako euskaldunei bezala turista eta atzerritarrei erraustegiaren berri emateko. Gainera, Bulebarreko McDonalds-en aurrean parodia ikusgarria burutu zen, PNV-PSEk inposatu nahi duten Zubietako erraustegiaren ondorioz "zombie" bilakatutako herritarrak irudikatuz.

Ikusten denez, errausketaren aurkako mugimenduak indartsu jarraitzen du Gipuzkoan, eta EH Bildutik gure babesa adierazi nahi diogu mugimendu herritar eta zabal honi. Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu Zubietako erraustegia gelditzeko, baina kaleak betetzea izango da helburu hori lortzeko berme bakarra. Lortuko dugu!

Greba egunak irailaren 25etik 29ra izango dira. LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, enpresak langile bat kaleratu du bajan egoteagatik. Kaleratze hau enpresaren aldetik soilik lehen urrats bat izatea eta horrek bajan egon daitezkeen langileen lanpostuak arriskuan egotea ekar dezakeela uste dute sindikatuek.. 

Irailaren 14an egin zuen LAB eta ELAk osatutako enpresa batzordeak bilera eta bertan erabaki zuten kaleratutako langilea berriz ere hartzeko mobilizazioak egitea.

Enpresa batzordeak dio onartezina dela enpresak nahi bezala eta libreki langileak bidaltzeko aukera izatea. Era berean, borrokatzea garrantzitsua dela diote, bai kaleratze honengatik eta baita lantegiko lanpostuak bermatzeko ere.


EH Bildutik bat egiten dugu aldarrikapen hauekin eta enpresako arduradunei sindikatuen bidez langileek egiten dituzten eskaerak entzun eta kontuan hartzea eskatzen diegu, kaleratutako langilea birkontratatuz eta bajan dauden pertsonen lanpostuak mantenduko dituztela bermatuz. 

Garoñako zentral nuklear zaharkituta behin betiko ateak itxiko dituelako Araba zoriondu ostean, EH Bilduk epe laburreko etorkizunari begira zentralaren berehalako eraispena exijitu du. Horrela dago jasota herrialdeko instituzio nagusietan aurkeztu duen mozio batean. Bertan, Espainiar Gobernuari zein zentral nuklearraren enpresa jabeei exijitzen die besterik gabe eta inolako luzamendurik gabe abiarazi dezatela zentral nuklearra eraisteko prozedura burokratiko eta teknikoa. Izan ere, hamar urtez luzatu daiteke prozedura hori.

“Badira lau urte zentrala ez dagoela funtzionamenduan eta horregatik, gure ustez, eraispen prozedura ezin da denboran luzatu. Bere garaian guk aurkeztutako ekimen bat babes oso zabala izan zuen instituzioetan eta berrartzeko unea dela uste dugu. Bertan, prozesua berme guztiekin egiten dela ziurtatuko duen instituzio arteko batzorde bat martxan jartzea eskatzen zen. Batzorde hori osatzeko unea heldu da, berehala, egoera gainditu ahal izateko”, nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak, Kike Fdez de Pinedok.

2013an onartu zen ekimen hori eta nazioarteko segurtasunezko nuklearraren adituen partehartzea ere planteatzen zen. Itxiera eta eraispena ez ezik, zonaldearen berraktibazio ekonomikorako horrelako esperientziak partekatzea ere ezinbestekoa ikusten zen. Era berean, EH Bilduren ustez, batzorde horrek prozesuaren fase guztietan informazio nahikoa izan behar du segurtasuna bermatzeko asmoz. Halaber, osasuna, segurtasuna, polizia, komunikazio, ingurumen edo hezkuntza arloko ekimenak koordinatzeko balio izan behar du batzorde horrek.

Azkenik, EH Bilduko bozeramaileak Arabar gizartea zoriondu nahi izan du urte luzeotan, batzuetan bateko eta besteko instituzio nagusien utzikeriaren gainetik, Garoñako zentral nuklearra ixtearen aldeko borrokan erakutsitako adoreagatik eta egindako lan eredugarriagatik. Hainbat eta hainbat eragilek, gizarte mugimenduk, toki erakundek eta herritar xumek garatutako dinamika zabal eta etengabe barik ez baitzen lortuko Garoñako zentral nuklearra ixtea.

ZORIONAK.GAROÑA

EH Bilduk argitaratutako kartela.

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: