Laburrak
Aurten SAREren babesarekin egin dute manifestazioaren deialdia.
Euskal presoak Euskal Herrira. Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean antolatu dute abenduaren 31rako manifestazioa Aduna, Amasa-Villabona, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek. Agerraldian izan dira, SAREko Ander Goikoetxeaz gain, Adunako Joxe Mari Sarasola alkateordea, Amasa-Villabonako Xabat Laborde zinegotzia, Asteasuko Pili Legarra alkatea eta Joseba Txapartegi zinegotzia, eta Zizurkilgo Joxe Mari Luengo alkatea.
Manifestaziorako deia egiteko agerraldian parte hartu duten Aiztondoko alkate eta zinegotziak, SAREko ordezkariarekin batera
Goikoetxeak azaldu duenez, "Sareren helburua da ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea presoen eskubideen alde, eta uste dugu mobilizazio honek mahai gainean jartzen duela eredu hau. Aiztondo bailarako udal guztien babesa jaso du manifestazioak". Estatuen "immobilismoaren aurka" egin daitekeena, hain justu, hori dela zehaztu du Goikoetxeak: "Herritarrak antolatzea ezberdinen arteko elkarlan batekin, mahai gainean jartzeko ematen ari diren eskubide urraketak".
Horren harira azken hilabeteetan pauso "oso positiboak" ikusi direla gaineratu du Goikoetxeak: "Bake Artisauen eskutik ETAren armagabetzea eman zen apirilean eta ondoren Parisen izan zen mobilizazioa". Bestalde, gogora ekarri du aurten Euskal Herriko erakunde nagusietan "bai preso gaixoen egoera salatzeko bai salbuespeneko politikekin bukatzeko eskaerak" onartu direla, bai Nafarroako Parlamentuan, bai Eusko Legebiltzarrean, eta baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietan ere.
Erakundeen parte hartze horrekin batera, "funtsezkoa" ikusten dute Saretik "gizarte zibilaren aktibazioa eskubide zapalketa hauekin bukatu ahal izateko". Goikoetxeak azaldu duenez, "salbuespeneko legedia aipatzen dugunean, aipatu behar dugu presoen urruntzea eta horrekin batera sakabanaketa. Lekuz kanpo ikusten dugun politika da". Horrekin batera "presoen senideei eta bereziki hauen haurrei" aplikatzen zaien sakabanaketa aipatu du, "ez duena uzten familia egitura bat garatzen".
Bestalde, gaixo larrien egoera aipatu du Goikoetxeak: "Ibon Iparragirre hilzorian badago ere, ez dute askatu nahi, nahiz eta erremintak izan gaur egun etxean espetxealdia bete ahal izateko. Ikusten dugu gaixotasunak erabiltzen ari direla espetxean xantaia egiteko". Egun espetxean 11 preso larri gaixo daudela zehaztu du Goikoetxeak, eta horien "berehalako askatasuna" eskatu du: "Uste dugu salbuespenezko legediarekin amaitzea pauso garrantzitsua izango litzatekeela giza eskubideen urraketekin amaitu eta konponbidea eta bakearen aldeko pausoak emateko".
Euskal presoen eskubideen egoera salatu ondoren, Aiztondo bailarako herritarrak deitu dituzte abenduaren 31n manifestazioan parte hartzera. Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatuko da 19:00etan, eta Villabonan amaituko da.
Prentsaurrekoaren bideoa Aiurriren eskutik: https://www.youtube.com/watch?v=Ksd9cTncSd0
Gasteizko legebiltzarrean EH Bilduren ordezkari nagusiak diren Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion oso kritiko azaldu dira Iñigo Urkulluk zuzendutako PNV-PSEren Eusko Jaurlaritzarekin. EH Bilduko bozeramaileen ustez, legealdiko lehenengo urtea aukera galduen urtea izan da, Urkulluren xedea jada ez delako Europan euskal nazioa eraikitzea, Espainian autonomia moldatzea baizik. EH Bilduk, dena den, akordio integrala eskaini du berriz ere Estatuarekiko egungo harreman eredua gainditzeko eta herritarren ongizatea bermatzeko.
EH Bilduk duela urtebeteko hauteskunde kanpainan herri akordio zabal eta aurrerakoia eskaini zuela gogora ekarri ostean, tamalez PNVk PP eta PSErekiko aliantza zaharren aldeko apustu egin duela salatu dute, “eta horrek Europa aurreratutik urrundu eta Espainia zaharkitura hurbiltzen gaitu”. Maddalen Iriarte, Miren Larrion eta Jasone Agirreren iritziz, “Jaurlaritzak kaskarkeria kudeatzen du, ez du anbiziorik, errealismoa etsipenarekin nahasten du eta herri ikuspegi estrategikoa falta zaio; hori emaitza logikoa da bere aliatuak PSE eta PP baldin badira, betikoa betikoekin egiten badu”.
Iriartek salatu duenez, “bidaide horiekin eta PPren politikak bere eginez, Urkullu eta PNV Espainian ainguratzen ari dira arlo politikoan, ekonomikoan eta sozialean. Euren helburua ez da, dagoeneko, euskal nazioa Europan eta herri aurreratuenen pare, baizik eta autonomia Espainian, eta hori oso larria da, ondorioak, ekonomikoak eta mota guztietakoak, herritarrak pairatzen ari direlako”.
Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion, legebiltzarrean eskaini zuten prentsaurrekoan
Horri jarraituz, Miren Larrionek azpimarratu du Urkullu ez dela gai euskal gizartearen zati garrantzitsuekin, legebiltzarreko 2. eta 3. indarrekin, akordioetara iristeko, baina bai tematzen dela, ordea, alderdi unionistekin adosten, PP eta PSErekin, hemen gutxiengo direnekin. Horren haritik, erantsi du, “mundu mailan herri askok aurrera egiten duten bitartean, betikoa betikoekin egiteak atzean gelditzea dakar, eta hori da hemen gertatzen ari dena”.
Ohartarazi duenez, atzerapausoak nabarmenak izaten ari dira hezkuntzan eta osasunean, non kalitatea izugarri jaitsi den murrizketen ondorioz; enpleguan, soldatek azken lau urteotan behera egin baitute etengabe; industrian, arlo horretan funtsezkoa den ikerketan eta garapenean egiten den inbertsioa etengabe jatsi baita, urtez urte, Urkullu Lehendakaritzara heldu zenetik. “Inbertsio horrek estrategikoa izan beharko luke Jaurlaritzan, baina parametro espainoletara hurbiltzen ari gara Europako batez bestekotik urruntzen ari garen bitartean. Euskal gizarteak ahalmen eta gaitasuna du Europako onenen artean egoteko, baina horretarako ezin dugu betikoekin betikoa egin”.
“Legealdiko lehenengo urtea, beraz, alferrik joan zaigu”, ondorioztatu du Jasone Agirrek, baina, hala eta guztiz ere, PNV eta Podemosi egindako eskaintza integrala berretsi du “hori delako herri honek duen bide eta aukera bakarra jendearen ongizatea eta autogobernua bermatzeko”. Agirreren irudiko, “borondatea baldin badago, denbora dago oraindik akatsak zuzentzeko eta Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta sozialak norabide egokian jartzeko”.
Autogobernuari dagokionean akordioak lortzearen garrantzia azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, betiere Estatu espainolarekin dugun harreman eredua aldatzeko. “Harreman eredu berria behar dugu, berdinen artekoa, Urkulluk nahi duena esan dezakeelako, baina egungo ereduari ezin zaio aldebikotasuna deitu. Giltza Madrilek dauka, eta akordioak betetzen dira Gobernu espainolak hala nahi badu bakarrik, bere baldintzak jarrita. Hori ez da aldebikotasuna, xantaia baizik; hori harreman toxikoa da, ezinbestean aldatu beharrekoa”.
Kataluniar hauteskundeen ondoren, Euskal Herria Bilduk argitaratutako lehen balorazio azkarra:
Lehenik eta behin parte hartze ikaragarri handia azpimarratu behar da, 2015eko irailaren 27koen gainetik bost puntu gehiago igota %80,40raino.
Indar bozkatuena Ciutadans izan da; historian lehenengo aldiz, bozka gehien jaso duen alderdia ez da tradizio katalanistakoa.
Independentismoak gehiengo erabatekoa lortu du (70/135) eta hauteskundeak irabazi ditu praktikan, eta hori egin du presidentea atzerrian eta presidente-ordea espetxeratuta daudela. Ciutadans indar bozkatuena izanda ere, ez du garaipen horren kudeaketa eraginkorrik egiteko aukerarik izango.
Emaitza hauek 155.aren aplikazioaren errefusa nabaria da eta urriaren 1eko Errepublikaren berreste politikoa suposatzen du emaitzak, hori guztia %80ko partehartzeak duen garrantziarekin.
Datu horiekin gehiengo independentista lortzea lorpen handia da, eta 2015eko hauteskundeetan baina bozka independentista gehiago bildu bada ere (2.079.340 boto independentista izan ziren guztira), egia da independentismoa bozkatan irabaztetik urrun (47,5%) geratu dela. Independentismoak ezin du autokonplazientea izan. Azken hilabeteetan osatu den salbuespenezko egoerak hori baino askoz gehiago esijitzen zuen: herri bezala hauteskundeak abordatzea eta bototan ere irabaztea.
Unionismoaren aktibazioa ikaragarria izan da. Botoemaile unionista abstentzionista hurbildu da bozkatzera; lehenengo aldiz botere espainolaren indarra ikusi du bere babesean, eta Ciutadansek lortu du hori guztia nukleatzea.
Comunen emaitza txarra da zalantzarik gabe, jeitsierarako joera nabaria erakutsi dute. 11tik 8ra pasa dira eta iragan den legealdian zuten giltza erabat galdu dute, parlamentu berrian jokatzeko margenak erabat estu zaizkiela. Kolpe latzasuposatzen du ematza horrek Colau operazioarentzat, eta neurri batean, Podemosek estatuan pairatu dezakeen higaduraren iragarpena izan daiteke.
CUPen jeitsiera nabarmena izan da 10etik 4ra pasatuta. Prozesu testuinguruan izandako portaerak faktura pasatu dio. CUPi bozka emandako askok oraingoan Puigdemontengana jo dute eta baita ERCren aldera, 140.000 bozka galduaraziz.Independentismoaren baitan emandako bozka utilaren fenomenoa pairatu du CUPek, eta gogora ekarri dezake 2001ean Euskal Herritarrok pairatu zuena (herri klabean emandako boto utilak boto ideolojikoa txikitu zueneko hura). CUPek aztertu beharko du bere posizioa eta independentismoaren ibilbide-orrian jokatu nahi duen papera zehaztu. Gainera, onerako (bide propioa jorratzeko askatasun gehiago) eta txarrerako (periferikoa izateko arriskua), CUPen bozkak ez dira beharrezkoak izango ekimen legegilerako Parlament berrian (JxCat+ERC=66; Cs+PSC+Comuns+PP=65; CUP 4). Inbestiduran ere abstenitzea aski dute Puigdemont ateratzeko bigarren bozketan.
PPren hondamendia da hauteskunde hauetako berri onenetako bat. Ciutadans-ek eman dio hozkada ikaragarria eta horrela 155aren fakturaren ordainketa politikoa endosatu dio. Espainiako lehenengo alderdi politikoaren indarra hain da urria Catalunyan Parlament-ean ez sartzetik gertu geratu dela. Fenomeno honek gainditzen du Catalunyako agertokia eta Estatuan atentzio handiz irakurriko dute, bereziki PPtik.PPk 155.aren kanpainaz egiten ahal duen balantzea desastre xamarra da: partidua hondoratu dute, hori guztia C´s-en mesedetan oparitu; eta okerrena dena independentismoak gehiengo erabatekoari eutsi dio: porrot nabarmena.
Bereziki baloratzekoa da Puigdemontek egindako erremontada. Inbestidura bere esku dago, eta duen egoera ikusita, soka luzea ekarriko du prozesurako. Puigdemonten garaipena ona da prozesu klabean, zilegizko presidente bezala berresten du, 155ak bertan behera utzitako gobernuaren berrezartzea errazten du eta baitaziurtatu ere neurri handi batean Errepublikaren inplementazioa. Klabe partidistan irakurrita, bere apostu pertsonalaren garaipenak PDCaten berrosatzeko lidergoa eskaintzen dio (gogoratu JxCat ez dela zuzen-zuzenean PDCat), President-aren zerrenda baizik). Lortutako emaitzek, errestauratua izateko eskubidea eman dio Puigdemonti inongo zalantzarik gabe.
ERCkez ditu espektatibak bete; aurrikuspen hobeak zituen. Puigdemonten jokaldiak (JxCat) ez dio utzi bere potentzialitate osoa garatzen utzi eta independentismoaren lidergoa eskuratzetik urrun utzi du. Koalizioa berriro ez aurkeztearen prezio politikoa ordainarazi zaio ERCri, hots, prozesuaren emergentzia egoera baten aurrean interes partidisten arabera jokatu izanaren pertzepzioa.
PSC irrelebantzian geratzen da. Emaitzetan paretsu eta Ciutadans-ek bozka unionista biltzeko egindako apostuak janda neurri handi batean. Eta jakina, emaitza hauen irakurketa klabe espainolean txarra baina txarragoa da PSOErentzat.
Eta emaitzak aurrean ditugula, azken ideia batzuk:
Cs 36(25)
JxCat 34 (62JxSí)
ERC 32 (62JxSí)
PSC 17 (16)
Comuns 8 (11)
CUP 4 (10)
PP 4 (11)
- Urriaren 1eko Errepublikaren zabalpenak izan zuen etena eta gero, independentismoak hauteskunde hauek irabazi beharra zeukan etorkizuneko estrategia berria osatzeko eta ondorioz ibilbide-orri berria adosteko. Gehiengo hori lortu da inoizko parte-hartzerik handienarekin eta hori oso garrantzitsua da.
- Beraz, proba gainditu da baina independentismoak ezin du autokonplazentzian erori. Erronkak handiak dira; besteak beste unionismoaren indar nagusia den Ciutadans-en igoera kezkagarria da oso.
- Procés-aren bideragarritasuna auzitan zegoen momentuan, mamu hori despejatu du independentismoaren emaitza onak, ez dute akatzea lortu. Errepublikaren inplementazio prozesuak aurrera egin dezake. Orain adostu beharko da nola, norekin eta zer denboratan egiten den hori.
- Catalunyak jarraitzen du izaten Espainiaren problema nagusia, ez dute lortu 155aren erregimena egonkortzea.
- Unionismo metropolitanoa zen espainolen itxaropena; oraingoan erakutsi da ez dela nahikoa izan independentismoa gelditzeko.
PNV-PSEren Foru Gobernuak Gipuzkoarako osatu duen Aurrekontu Proiektua oso kaltegarria da gipuzkoarrontzat, eta ez du balio enplegu duina sortzeko, ezta herritarrek behar dituzten gizarte zerbitzu duinak eskaintzeko ere. 2018ko Aurrekontu proiektuak ez ditu asetzen beraz, ezta urrunetik ere, gipuzkoarron beharrak. Horregatik, EH Bilduk aurrekontuei osoko zuzenketa egitea erabaki du. Horretaz gain, 85 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu, guztira, 58 milioi euro ukitzen dituztenak. Zuzenketa proposamen hauek bereziki, gizarte politikak eta ekonomiaren sustapena indartzera bideratuta daude.
Xabier Olano EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, Gipuzkoan behar handiak daudenean ezin da ulertu, are gutxiago onartu, Gipuzkoako Aurrekontu propioa 18,6 milioitan soilik igotzea eta Madrili ordaindu beharreko kupoa 104,2 milioi igotzea. Aurreko urteko datuekin alderatuta, Aurrekontu propioa %2 igoko da; Udalen Fondoa %4 eta Eusko Jaurlaritzari egiten zaioen ekarpena, %6. Aldiz, Estatuari ordaindu beharreko kupoa % 42 igoko da! Aurreko urteko 246,9 milioiren ordez Espainiari 351 milioi ordaindu behar izateak, dirutza hori Gipuzkoan ezin inbertitzea dakar. Dirutza hori oso ondo etorriko litzateke politika sozialak hobetzeko edo ekonomia sustapenean inbertitzeko.
“Etsipenez ikusten dugu, beste urte batez ere, Foru Gobernu honentzat Gizarte Politika ez dela lehentasuna eta atzera pausu nabarmenak daudela. Horregatik proposatzen dugu departamentu horrek aurreko legealdian lortu zuen inbertsio maila berreskuratzea datozen bi urteetan, zehazki, Aurrekontu Orokorraren % 49,39a izatea. Datorren urterako gehikuntza horri esker,hainbat hobekuntza finantzatu ahal izango dira, adibidez, Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuan Aldundiak egin dituen murrizketak (3 milioi) edo adinekoen egoitzetako 200 plaza berrien irekiera.
Xabier Olano EH Bilduko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Era berean, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko ahalegina motz gelditzen da, eta datorren urterako Aurrekontu proiektuan baliabideak izoztu egiten dira. Horregatik, EH Bildutik zuzenketa partzialen bitartez, 2,4 milioi euro gehiago eta beste 700.000 euro enpresa txikiak, ertainak eta mikroenpresak laguntzeko bideratzea eskatu dugu.
Horrekin batera, zerga iruzurraren aurkako borrokan baliabide pertsonal gehiago jarri behar direla azpimarratu du Xabier Olanok, eta horretarako milioi bat euroko gehikuntza proposatu du. Era berean, ingurumena, elikadura burujabetza eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du EH Bilduk bere zuzenketa partzialetan eta adostasun garrantzitsuetara iristeko borondatea duela erakutsi du.
EH Bilduk ohartarazi du datorren urtean (2018an) Eusko Jaurlaritzak 2009an baino diru gutxiago izango duela eta baliabide finantzarioak handitzeko tendentzia zuzendu beharrean, PNV, PSE eta PPk egoera larriagotu egingo dutela enpresari handien zerbitzura egindako zerga erreformarekin.
Legebiltzarrak Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuak onartu ditu PNV, PSE eta PPren eskutik. Euskal gizartearen “eskuduntzak eta ahalmenak mugatu eta ezeztatzen” dituzten alderdien eskutik, alegia, Leire Pinedok (EH Bildu) salatu duenez. “Katalunia desinfektatu nahi duten eta han 155. artikulua aplikatzen duten alderdiek hemen autogobernua ukatzen dute; horiek dira PNVren aliatuak”.
Urkullu lehendakaria Idoia Mendia (PSE) eta Alfonso Alonso (PP) bere aliatuekin
Jaurlaritzak “langileen kontrako lan erreformak egiten dituen eta pentsioen sistema likidatzen ari den PPren babesa” bilatu du aurrekontuak onartzeko, baina aurrekontu horiek ez dituzte herritarren beharrak asebeteko. Besteak beste, 2018an Urkulluren Gobernuak 2009an baino 200 milioi euro inguru gutxiago izango dituelako eta horrek, jakina, murrizketak betikotzea ekarriko du, jendearen beharrak gaur 2009an baino askoz handiagoak direnean. Eta benetan larria den joera hori zuzendu beharrean, baliabide finantzarioak behar bezala handitzea ahalbidetuko lukeen zerga erreforma egin beharrean, PNV, PSE eta PPk kontrakoa egin dute, “gehien dutenek zerga gutxiago ordaindu dezaten, Jaurlaritzak ez duela dirurik gehiago egiteko esaten duen bitartean”.
Leire Pinedo (EH Bildu)
Pinedoren iritziz, Jaurlaritza eta PPren arteko akordioak ez dio erantzuten interes orokorrari, ez da helburu horrekin pentsatutako estrategia edo irizpide baten ondorioa, eta horren froga dira PPk aurrekontuetan txertatu dituen zuzenketak, %90 nominatiboak baitira; hau da, dirua elkarte pribatuen poltsikoetara doa, klientelismo ariketa lotsagarri batean, edo PPk gobernatzen dituen udalerrietara, inolako estrategia orokorrik gabe. Are gehiago, lotsa erabat galduta, 200.000 euro PPren fundazioarentzat dira. Bada, “aurrekontuak baino gehiago, loteriaren zozketa dirudi”, EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan.
Hemen duzue Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzak jasotzen dituen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=J5ZuZ1e4aAo
Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohia Martuteneko espetxean sartu zuten pasa den astelehenean, trafiko istilu baten harira Gipuzkoako Auzitegiak ezarritako bi urte eta erdiko zigorra betetzeko. Iker Rokandio Pasaiako udaleko idazkari izandakoari ere, zigor berbera ezarri zioten.
Amasa Villabonako EH Bilduk bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandiori. Sinetsita gaude bere jardun publikoan herritarrei laguntzeko borondate osoa izan zutela orduan, eta irizpide bera izan zutela beti beren ekintza publiko eta instituzional guztietan. Beraz, inori kalterik eragin ez zion trafiko arau-hauste bati lotutako liskar batenagatik bi pertsona kartzelatzea, neurrigabekeria galanta iruditzen zaigu.
Lehenbailehen Amaia eta Iker berriz kalean ikustea espero dugu. Animo eta eutsi!
Gabonetako kanpainaren baitan, Oria merkatarien elkarteko kideen eskutik, haur eta gaztetxoentzako atrakzio eta jolasak zabalduko dira Txistulari eta Errebote plazetan.
Txikiparka jarri dute Txistulari plazan eta auto-txokeak eta karrusel barraka jarriko dituzte Errebote plazan. Bestalde, Villabonako Gaztelekuarekin elkarlanean, Gabonetako tailerrak ere antolatu dituzte:
Abenduak 22, ostirala 17:00-20:00.
Abenduak 27, asteazkena 17:00-20:00.
Abenduak 29, ostirala 11:00-13:00.
Urtarrilak 2, asteartea 17:00-20:00.
Urtarrilak 4, osteguna 11:00-13:00.
Egunero hiru tailer desberdin eskainiko dira: eskulanak, mugimendu jolasak eta margoketak. Leku edo plaza mugatuak daude: 16 ume talde bakoitzeko.
Bestalde, abenduaren 27an 'Liburu bat, mundu bat' ipuin kontaketa musikatua eta eskulana ere izango dira, berdintasuna eta jatorri aniztasunaren inguruan. 11:00tan Mintzola etxean. 2-8 urte arteko haur eta gurasoentzat. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.
Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkidek Osasun sailburuari gogorarazi dio bai pribatizazioa, bai autokontzertazioa eskuinaren betiko neurri zaharrak direla, eta horrek ez duela arazoa konpontzen, herritarren arteko desberdintasunak handiatzea dakarrelako.
Maider Otamendi EH Bilduko legebiltzarkidea, Darpon osasun sailburuari azalpenak eskatzen
EH Bilduk Osakidetzan itxarote zerrendak laburtzeko Osasun Sailaren plana kritikatzen du, planak “neurri interesgarri batzuk” jasotzen dituen arren, funtsezko proposamenak ez direlako batere onargarriak. Zehazki, autokontzertazioa eta pribatizazioa aipatu behar ditugu, eta gogorarazi nahi dugu bi neurri horiek erakutsi dutela ez dutela ezertarako balio. Osakidetzak autokontzertazioa proposatu du osasun zentroetan arratsaldeko txandak indartzeko; hau da, langileek euren ordutegitik kanpo lan egin dezatela, aparteko ordu-extra gisa. Proposamen horren aurrean EH Bilduko Otamendik, Darpon sailburuaren burutazio hori "peonadak" proposatzea dela salatu du. Arratsaldeko txandak indartu nahi izanez gero, lanpostu berriak sortu behar dira, oinarrian dagoen arazo larria, benetako arazoa, pertsonal falta nabarmena delako.
EH Bilduren iritziz, gaixoak sistema publikotik sare pribatura bideratzea ez da itxarote zerrendak laburtzeko bidea. Horren haritik, gogora ekarri nahi dugu Osakidetzako zerbitzu-buru batzuek, itxarote zerrendak kudeatzeko ardura dutenek, alegia, arratsaldez klinika pribatuetan lan egiten dutela. Osasun sailburuak aurkeztu duen planak ez du ezer aipatzen profesional horiei buruz eta sortzen den galdera automatikoa hauxe da: Nolatan gera daiteke zerrenda horien antolaketa profesional horien esku, ondoren beraiek izango badira gaixoak euren klinika pribatuetara deribatuko dituztenak?.
Azken hilabeteetan, bereziki pasa den ekainaren 17an Bilboko Euskalduna jauregian Euskal Herria Bilduren lehen kongresua egin zenetik, Amasa Villabonako EH Bilduren zabalpen eta berregituraketa lanetan aritu gara. Dagoeneko EH Bildu ez da lau alderdi politikok osatutako koalizio soil bat, izaera propioa duen subjektu politiko berri bat baizik. Aipatutako kongresuan, EH Bilduren zuzendaritza eta barne organo guztien osaketa erabaki ziren, prozedura garden eta erabat demokratikoen bidez (kongresua.ehbildu.eus atarian izena eman nahi izan zuten pertsona guztiek bozkatu ahal izan zituzten aurkeztutako hautagaiak) eta bertan hasi zen Euskal Herria Bildu zabal eta irekiago bat sortzeko ibilbidea. EH Bildu gehienbat erakunde edo instituzioetarako tresna izatetik, herri eta auzoetan presente egotera eta herritarrekin eskuz-esku lan egingo duen eragile politiko indartsu eta eraginkor bat izatera pasako da.
Amasa Villabonan ere zabalpen eta eraberritze prozesua garatu dugu, jendearekin lasai hitz egiten, gogoeta zein iritziak jasotzen, antolaketa eta funtzionamendurako proposamen ezberdinak eztabaidatzen... aritu gara, eta datorren abenduaren 20an egingo dugun Herri Batzar irekian, egindako lanaren emaitza aurkeztuko dugu.
EH Bildu da Amasa Villabona ezkerretik eta modu parte hartzaile, demokratiko, garden eta herrikoi batetik eraikitzeko alternatiba bakarra. Herritarrekin eta herriko elkarte eta eragileekin batera, Amasa Villabona justu, solidario eta aurrerakoi bat eraiki nahi dugu, gure herrikideen bizitza kalitatea hobetzeko eta jendeak bere oinarrizko beharrak aseta izanik, ahalik eta alaien bizitzeko helburuarekin.
Horretarako ordea, militantzia lana eta konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzea behar beharrezkoa izango da eta zorionez, asko izan dira Euskal Herria Bildun bere ekarpena egiteko prest agertu diren herritarrak. Eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin modu batera edo bestera lan egiteko prestutasuna azaldu duten amasa billabonatar guztiei.
Gauzak horrela, egindako lanaren fruituak aurkezteko garaia heldu da eta horixe izango da Herri Batzar honetan egingo duguna; Amasa Villabonako EH Bilduren egitura eta antolaketa berria azaltzea, urteko plangintzaren ezaugarri nagusiak konpartitzea eta aurrera begira izango ditugun erronka nagusiak mahai gainean jartzea.
Anima zaitez zu ere, EH Bildurekin gure herriaren etorkizuna zuk erabaki dezakezu eta!
Herri Batzarreko dialdia egiteko argitaratu dugun kartela
Hautsak harrotzen jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua aldatzeko egin duen aurreproiektuak (Amasa Villabonari ere eragingo dio aldaketa horrek); nola harrotzen, gainera. Oposizioko alderdiak EH Bildu eta Ahal Dugu), eragiten dien herrietako udalak, ehunka erabiltzaile, zerbitzu hori ematen duten garraio enpresetako langileak eta sindikatuak… Guztiak aurrez aurre ditu PNV eta PSEren Foru gobernuak.
UGT sindikatuak duela bi aste ohartarazi zuen proposamenak lan gatazka iturri izateko tankera zuela, eta halaxe gertatu da. Garayar, Areizaga eta TSST enpresetako langileek, ELA, LAB eta UGT sindikatuen babesarekin, “murrizketen kontra” elkarretaratzera deitu dute datorren asteazkenerako. Donostian, Julio Caro Baroja plazan egingo dute protesta, 11:00etan hasita.
Etor dakiekeenaren beldur dira langileak. “Uste baino askoz larriagoak dira planteaturiko aldaketak zein murrizketak”, adierazi zuten joan den astean Hernaniko udaletxean egin zuten agerraldian. “Kostuen gutxitzean eta zerbitzuaren oreka ekonomikoan oinarriturik, egun eskaintzen diren hainbat zerbitzu kendu edota izugarri murriztu” nahi izatea leporatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. “Badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela zerbitzu publiko batez ari garela hizketan, eta, beraz, gizartearen interes orokorra interes ekonomikoaren gainetik jarri behar dela”. Aldundia, ordea, kontrako norabidean ari delakoan daude. Gidariek hiru datu jarri zituzten mahai gainean: lehenengoa, hazten ari dela aurreproiektuak eragiten dion eremuko biztanle kopurua; bigarrena, autobus zerbitzu publikoaren erabilera handitzen ari dela eremu horretan (2015ean baino 130.864 bidaia gehiago egin ziren iaz); eta hirugarrena, Euskal Autonomia Erkidegoan Gipuzkoa dela autoa gehien erabiltzen den lurraldea. Arrazoi horiengatik, langileek adierazi zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoa “indartu” egin beharko lukeela eta “ez murriztu”.
Aldaketen ondorioak, erabiltzaileek ez ezik, langileek eurek ere jasango dituztela uste dute, gainera. “Langileok pairatuko ditugu murrizketa horiek modu bortitzenean” adierazi zuten autobus gidariek agerraldian. “Zerbitzuak kentzean, gutako asko sobera egongo gara, eta litekeena da 30 langilek baino gehiagok lanpostua galtzea”. Zerbitzua hiru enpresaren artean ematen dutenez, ezinezkoa zaie zehaztea aldundiaren proposamenak eragiten dien langileen kopuru zehatza. “Baina ehun bat lagun izango ginateke, gutxi gorabehera”. Hortaz, aurreikusten dute lanpostuen herenak inguru arriskuan leudekeela. Gainera, salatu zuten aurreproiektuak jasotzen dituen neurriek gidarien “lan erritmoak handitzea eta atsedenaldiak laburtzea” eragingo luketela, eta “lan istripuen arriskua izugarri handituko” litzatekeela. “Badirudi ahaztu egiten zaiela pertsonak garela eta pertsonak garraiatzen ditugula, eta tamaina horretako murrizketek zerbitzuaren kalitateari kaltea besterik ez diotela ekarriko”.
Horiek horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak mahai gainean jarri dituen aldaketak herritarrentzat zein langileentzat “onartezinak” direla iritzita, borrokarako deia egin zieten autobusetako lankideei, eta datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioetarako babesa eskatu zieten herritarrei eta erakundeei. Buruntzaldeko eta Tolosaldeko erabiltzaileei esku orriak banatzen ari dira egunotan, foru aldundiaren asmoen eta haien ondorioen berri emateko.
Gurasoen eta haurren artean euskararen erabilerak gora egiteko helburuarekin astebetez, euskaraz bakarrik jarduteko konpromisoa hartu dugu Fleming ikastetxeko gurasoek. Erronka horretan parte hartu nahi duten gurasoei arropan jartzeko txapak doan banatu zaizkie.
EH Bilduk gogor salatzen du Alfredo Remirezen espetxeratzea eta bere berehalako askatasuna exijitzen du. Espainiar estatuko "justizia", PPren gobernuaren esanetara, disidentzia politikoaren adierazpen askatasunaren kontrako tresna errepresibo gisa jokatzen ari da, garai bateko zentsura berriz ere ezarriz eta gizarte honetako sektore kritikoak isilarazi eta beldurtzeko helburuarekin. Gure ustez, hau erabat antidemokratikoa izateaz gain, onartezina da.
Julen Arzuaga EH Bilduko kideak komunikabideen aurrean egindako balorazioan, Gasteizko Legebiltzarrean izandako eztabaidaren emaitzak azpimarratu zituen: “albiste ona da PP ez beste talde guztiek bat egitea kartzelaratze honen neurrigabekeria salatzean, adierazpen askatasunaren defentsan eta terrorismoaren gorazarre delituak definitzen dituen Zigor Kodearen artikulua aldatzeko eskaeran”.
EH Bilduk pasa den ostiral arratsaldean Amurrion Alfredo Remirez (@erreharria) espetxeratzearen aurka egin zen manifestazio jendetsuan parte hartu zuen. Remirez larunbatean eraman zuten Basauriko kartzelara, Auzitegi Nazionalak “sare sozialetan terrorismoaren gorazarre egitea” egotzita kondenatuta, baina, Julen Arzuagak salatu zuenez, “delitu tipo horren eskutik, funtsezkoak diren eskubideak urratzen ari dira, hala nola, adierazpen askatasuna eta askatasun ideologikoa”.
Alfredo Remirez bere lagun eta senideei agurtzen, ostiralean Amurrion egindako manifestazioaren ostean
Hori dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu zuen irailean, Legebiltzarra Remirez pairatzen ari den bidegabekeriaren aurka ager zedin. Zuzenketak egiteko epea amaituta, gainerako talde politikoek egindako ekarpenak ikusita, Arzuagaren iritziz “albiste ona da PP ez beste talde guztiok bat egitea adierazpen askatasuna eta ideologikoa defendatzeko, legeak aplikatu beharreko garaiaren errealitate sozialaren arabera interpretatu daitezela eskatzeko, iritzi soilak emateagatiko kartzelaratzeak salatzeko, zigorrak proportzionalak izan daitezela galdegiteko eta Zigor Kodearen 578. artikulua (terrorismoaren gorazarreari eta biktimen umiliazioari buruzkoa) aldatzea eskatzeko, betiere interpretazio arbitrario eta neurrigabeak saiheste aldera, adierazpen, iritzi eta pentsamendu askatasunekin bateraezinak liratekeenak, alegia”.
Finean, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu zuenez, adostasuna ia erabatekoa da Amurrioko gaztearen kartzelaratzearen aurka. “Sintonia handia dago bizikidetzaren alde, bai eta Remirez eta haren sendiari babes eta elkartasuna adierazteko ere, kartzelak eragingo dien sufrimendua dela eta”.
EH Bilduko Legebiltzarreko taldeak, Jaurlaritzaren aurrekontuei hobekuntza ugari planteatu dizkie, 222 milioi suposatuko lituzketen aldaketak, eta 68 milioi gehiago proposatu ditu konpromiso kredituen bidez. Hobekuntza hauek mahai gainean jartzerakoan, EH Bilduk lehentasuna eman die enpleguari, industriari, hezkuntzari, osasunari eta herritarren babes sozialari.
Duela egun batzuk iragarritako osoko zuzenketarekin batera, EH Bilduk zatikako 880 zuzenketa partzial aurkeztu ditu Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuak hobetzeko asmoz. Guztira, 222 milioi euro beste modu batean erabiltzea proposatu du, baita beste 68 milioi konprometitzea ere datozen urteotan enplegua, industria eta Ikerketa eta Garapen (I+G) politikak indartzeko.
Iker Casanovak legebiltzarkideak azaldu duenez, zuzenketa horien bidez EH Bilduk lau arlo lehenetsi ditu nagusiki. Lehenik eta behin, enplegua eta industria, arlo horietan 100 milioi gehiago inbertitzea proposatzen du EH Bilduk, industria funtsa sortzeko, krisiaren ondorioak gehien pairatu dituzten zonaldeak suspertzeko eta Ikerketa eta Garapena bultzatzeko.
Beste hiru ardatz nagusiak dira hezkuntza (44 milioi gehiago galdutako lanpostuak berreskuratzeko eta berriak ere sortzeko, azpiegiturak hobetzeko, haurreskoletan doakotasuna hedatzeko eta Unibertsitate Publikoaren finantziazioa igotzeko), osasuna (36 milioi gehiago lantaldeak indartzeko, ekipamenduak hobetzeko eta itxaron zerrendak murrizteko) eta babes soziala (50 milioi gehiago pentsiodunei, iraupen luzeko langabetuei eta gizarte larrialdiei erantzun egokia emateko). Halaber, EH Bilduk proposatu du Gobernu espainolarekin hitzarmen berria sinatzea orain Abiadura Handiko Trenera bideratzen diren 156 milioiak benetan beharrezkoak diren azpiegituretan inbertitzeko, trenbide, portu eta aireportuetan behar diren hobekuntzak egiteko.
Iker Casanovak azpimarratu du koalizioaren zuzenketek frogatzen dutela “gauzak beste modu batean egin litezkeela, Jaurlaritzak ausardia eta ikusmen estrategikoa izango balu”. Tamalez, erantsi du, ez da horrela, Urkulluren Gobernuak “egonkortasuna paralisiarekin nahasten duelako, errealismoa konformismoarekin”. Horren emaitza dira aurkeztu dituen aurrekontuak, “txarrak, nahikoa diru ez dutenak, ikuspegi estrategikorik gabekoak”. Casanovak salatu duenez, Lakuako aurrekontuak “akordio politiko txar baten ondorio dira, prozesu birzentralizatzaile batean dauden eta demokrazia zapaltzen ari diren 155. artikuluko alderdiekin egina”. Are gehiago, 2018 aurrekontuetan dago “etorkizuneko aurrekontu txarren jatorria, akordio horren atzean eskuineko kontrarreforma fiskal atzerakoi bat dagoelako, eta horrek behar diren diru-sarrerak ez lortzea ekarriko du”.
EAJ-PSEren Foru Gobernuak gaur aurkeztu duen 2018ko Aurrekontu Proiektua oso kaltegarria da Gipuzkoarako, bereziki Herrialdeak 104 milioi euro gehiago eman beharko dizkiolako Espainiako Gobernuari, PNVk eta PPk Kupoaren inguruan hartutako akordioaren ondorioz. Aldundiak aurten jaso dituen 4.868 milioi eurotik, 351 milioiko ekarpena egin beharko dio Estatuari, iaz baino % 42,2 gehiago. Igoera hori oso kezkagarria da eta oso kaltegarria herritarron interesetarako, milioi horiek politika sozialetan edota Gipuzkoaren ekonomia sustapenean inbertitu beharrean, Madrilek eramango dituelako Urkullu eta Rajoyren arteko akordioari esker.
EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azaldu duenez, sakonki aztertu behar da gaur Foru Gobernuak aurkeztu duen Aurrekontu Proiektua, baina lehenengo irakurketa orokorra eginez, oso deigarriak diren adierazleak daude. Lehenik eta behin, PNV eta PPren arteko Kupoaren akordioak Gipuzkoako herritarrengan izango dituen ondorio kaltegarriez ohartarazi du. Izan ere, 2017ko datuekin alderatuta, aurrekontu propioa %2 igo da, Udalen Fondoa % 4, Eusko Jaurlaritzari egiten zaion ekarpena %6 eta, aldiz, Estatuari ematen zaion Kupoa %42,2ko igoera desproportzionatua izan du.
“Kupoaren akordioak Estatu espainolarekiko menpekotasun harremana ontzat ematen du. Eta gainera, kostea gero eta handiagoa da herritarrentzat. PNVk erabaki beharko du zer nahi duen: Edo akordioak egin hemengo herritarren kontra aritzen diren eta 155. Artikulua babesten duten alderdiekin (PP eta PSE) edo erabakitze eskubidearen aldeko aurrekontu sozialak eta demokratikoak adostu EH Bildurekin. Estatuari Kupoa %42 igoz nekez bultza daiteke erabakitze eskubidea”, azpimarratu du Xabier Olanok.
Kupoaren zifra larriaz gain, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du diru-bilketaren inguruko datuak ere kezkagarriak direla. Izan ere, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (% 36) eta Balio Erantziaren Gaineko Zerga (% 41) dira diru-bilketaren zutabe nagusiak. Aldiz, Sozietateen Zergak % 6,24 besterik ez du jasotzen, eta Aberastasuna eta Fortuna Handien Gaineko Zergak % 1,48, iaz baino 7 milioi gutxiago. Horrek esan nahi du zama langileen bizkar areagotzen dela, aberatsenen ekarpena arinduz.
PNVk eta PSEk behin eta berriro erakutsi dute Gizarte Politika ez dela bere lehentasuna eta, oraingo honetan, berretsi egin dute. Ez da egia Gizarte Politikako Departamentuak inoiz baino pisu handiagoa duela aurrekontuetan, diputatu nagusiak esan duen bezala. Kudeaketarako aurrekontuaren % 47,48 bideratuko zaio aurten, hau da, 2012an (% 47,56), 2013an (% 48,10), 2014ean (% 48,76%) eta 2015ean (% 48,02) baino gutxiago. Datuek erakusten dute ongizate sistema indarra eta pisu erlatiboa galtzen ari dela Gipuzkoan PNV-PSEren politikei esker. Horrekin batera, azpimarratzekoa da ekonomia sustapenera bideratzen diren inbertsioak izoztuta daudela, % 0,19 besterik ez baitira igotzen.
Beraz, EH Bilduren ustez, PNV-PSEk 2018rako aurkeztutako Aurrekontu Proiektuak ez die herritarren beharrei erantzuten. Bide horretatik, Estatuari ordaintzen diogun Kupoa nabarmen igoz, nekez aurreratu dezakegu erabakitzen eskubidearen garapenean.
Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunei jarraituz, oso jarraipen zabala izan du EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleen grebak. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du abenduak 30eko deialdiak. Grebara deiturik zeuden 26.000 langile ingurutik %70 baino gehiagok egin du greba. Jarraipen bereziki handia izan du Haur eta Lehen Hezkuntzan. Grebarekin bat eginez milaka lagun irten da kalera Hezkuntza Publikoan egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.
Hauek dira, lan-baldintza hobetu eta hezkuntza publikoak dituen beharrei erantzun eta garatzeko LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek behin eta berriro mahai gainean jarri dituzten aldarrikapenak:
• Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
• Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.
• Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
• Ikasle-ratioak %10 murriztea. • Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea
(gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).
• Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.
• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa,
aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.
Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez dute ez Irakasleentzat ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen.
Hezkuntza Sailari irakasleon eta Hezkuntza Publiko osoaren egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diote irakasleen gehiengo zabalaren ordezkariak diren ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek.
EH Bilduk proposamen berri bat aurkeztu du Legebiltzarrean, Jaurlaritzak euskal kirol federazioei babes osoa eman diezaien nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko egin beharreko gestioak burutzeko.
Euskal kirol selekzioen ofizialtasunari bultzada eman nahian, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du kirol federazio guztiei babes osoa emateko nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izateko behar diren gestioak egiteko orduan. Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogora ekarri du Jaurlaritzak eskatutako txosten juridiko batek argi utzi zuela 2014an euskal selekzioak ofizialak direla eta nazioarteko txapelketetan parte har dezaketela, baldin eta nazioarteko federazioek (izaera pribatua duten heinean) onartzen badute. Hala, zegozkion tramiteak beteta, Herri Kiroletako Federazioa nazioartean aritzen da egun, eta Euskal Herriko Surf Federazioa ere ofiziala izan zen bere egunean, ondorio guztiekin.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Legebiltzarrak zein Jaurlaritzak euskal federazioen alboan egon behar dute nazioartean egin beharreko urratsak eraginkorrak izan daitezen. Hori da eskatzen duguna, baina ez da nahikoa; euskal selekzio ofizialen aldeko aldarrikapena herritarren artean ere zabaldu behar da, eta horretarako proposatu dugu Jaurlaritzak gestioak egitea 2018ko uda bukatu aurretik Estaturik gabeko nazioen arteko futbol txapelketa bat antolatzeko. Gizonezkoen futbolak duen ikusgarritasuna baliatu dezakegu euskal selekzioen ofizialtasunaren alde eta, zalantzarik gabe, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda edota Katalunia bezalako selekzioekin lehiatzea urrats garrantzitsua litzateke. Hori baino lehen, urtea amaitu aurretik, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarrikapen festa antolatzea ere eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari.
Futbol Federazioko presidentearen agerraldi eskaera
Halaber, jakinda aurten gizonezkoen futbol selekzioak ez duela gabonetako ohiko partida jokatuko, Rebeka Uberak Euskadiko Federazioko presidentearen agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, bertan azaltzeko zein urrats eman duen nazioartean ofizialki aritzeko. “Euskal selekzioen gaia ez da futbolari eta gizonezkoen futbolari dagokion kontu esklusiboa, baina, egiari zor, agerikoa da gizonezkoen futbolak gizartean duen oihartzuna eta eragina gainerako kirolek baino handiagoa dela; horregatik, garrantzi berezia ematen diogu Futbol Federazioak egiten duen hausnarketari”.
Ofizialtasunaren aldarria egin zuen futboleko Euskal selekzioak 2007an Venezuelan jokatutako partiduan
Tolosaldeko Galtzaundi euskara elkarteak deituta, eskualdeko 28 herrietan egitasmo bateratua egingo da aurtengo abenduaren 3an. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko zubia izantea da aurtengo Euskararen Egunarekin lortu nahi den helburua.
Tolosaldean, 28 herriek eskutik plazaratuko dute, Euskararen Nazioarteko Eguneko gogo eta aldarria: Tolosaldean euskarak 365 egun!!
Plaza bete desio, leloaren letra bana irudikatu beharko du herri bakoitzak, eskualdea talde eginez: "Elkarlanerako prestutasuna azaldu eta zabaldu nahi dugu, auzolanerako gogoa. Euskararen arnasgune izan nahi dugu, eta hori ez da gutako bakoitzak bakarrik egin dezakeen zerbait. Argi daukagu herri guztiok batera aritu behar dugula lan horretan ere: ahulak gara bakarka, baina, elkarrrekin, indartsuak".
Tolosan egindako agerraldian, Tolosaldeko ia 28 herrietako ordezkariak izan ziren (Amasa Villabonako udal gobernuko ordezkaririk ez zen izan), datorren iganderako deialdia iragartzeko. Izan ere, urte osoan barrena euskara hutsean bizitzeko gogo horretara bidea elkarrekin egin nahi dute, norbanako, talde antolatu, gizarte eragile nahiz udalek: "Indar berezia eman nahi diogu egitasmo honi, eta ez dugu aurtengo Euskararen Eguna egun bakarreko jaian geratzerik nahi. Seguru aski, gure herrietan posible da, egunero, urteko 365 egunetan, ia ordu guztietan euskaraz bizitzea. Baina guk bi gauza lortu nahi ditugu: batetik, ahal dutenak horretara jartzea eta, bestetik, horretarako zailtasunak dituztenen kontzientziak astintzea".
Horrela beraz, Galtzaundi Euskara Taldeak jarduera bateratu horretan parte hartzera deitu nahi izan ditu Tolosaldeko herritarrak.
Amasa Villabonan, 11:00etatik aurrera Errebote plazan:
Mekanismoa sinplea izango da. 11:30etan jendea bilduko da plazan, ondoren, Galtzaundi elkarteak egindako adierazpena irakurriko da. 12:00etan berriz, dagokion letra edo puntuazio hizkia gorpuztu beharko du herri bakoitzak. Amasa Villabonan 3 zenbakia osatu beharko dugu plazan elkartuko garen pertsona guztien artean. Ondoren, argazkia aterako da eta Tolosaldeko herri bakoitzeko argazkiak bateratuta, aipatutako "Tolosaldean euskarak 365 egun" leloa osatuko da.
Amasa Villabonako EH Bilduk erabat babesten du ekimen hau.
Guk ere euskaraz bizi nahi dugulako eta prest gaudelako norabide horretan konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzeko; gure jardun guztietan euskarari lehentasuna emateko, gure herria berreuskalduntzeko bidean neurriak hartzeko, hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzeko, euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko, euskalgintzarekin elkarlanean aritzeko etab. Galtzaundik mahai gainean jarritako leloak dioen bezala, urteko 365 egunak izan behar baitira euskararenak. Azkenik, ekimen honetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei. Anima zaitezte!
Aurtengoan azaroaren 19an burutuko da Bizilagunak programako ekimenik ezagunena eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu.
"Begira ingurura! Herrialde desberdinetako hainbat lagun ikusiko dituzu Villabonako kaleetan barrena … Galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk ekarri dituen hona, zer bizipen eta inpresio duten hemengo bizitzari buruz? Edo agian, zu zeu etorkina zara eta ez duzu sekulan bertako inor ezagutu eta lagunik izateko aukerarik izan, edo herrialde honi buruz gehiago jakiteko gogoa duzu" testua zabaldu dute Bizilagunak-eko bultzatzaileek.
Bertako familia eta pertsonak, atzerritik etorritakoekin, bazkari batean biltzen dituen egitasmoa da Bizilagunak. Azaroaren 19an, ordu biak inguru, bazkari bakoitzean, bertako familia bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira bi familietako baten etxean.
2012tik Euskal Herrian milaka lagunek parte hartu dute Bizilagunak proiektuan. Aurten zuk ere bizi dezakezu esperientzia hori. Bertakoa edo kanpotik etorritakoa izanik, hemen bizi bazara familia, bikote, pisukide edo lagunekin, eta zure herri edo hiriko jende berria ezagutu nahi baduzu, animatu eta parte hartu!.
Ekimenean parte hartzeko, aurrez eman behar da izena:
This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. Telf: 660792398
Azken zazpi urteotan puztutako burbuila lehertzear da Tolosako Asuncion klinikan. Langile batzordeak grebak eta lanuzteak iragarri ditu datozen asteetarako, klinikako zuzendaritzaren aldebakartasuna eta langileen egoera prekarioa salatzeko. Horrela, lehen mobilizazioa datorren larunbatean izango da, abenduaren 2an, 12:30etan Triangulo plazan egingo duten elkarretaratzea.
ELA eta LAB sindikatuetako kideez lagunduta, klinikako langileek prentsaurrekoa egin dute Tolosan. Pasa den azaroan klinikako zuzendaritzarekin izandako bilera izan zuten hizpideetako lehena: «Negoziazio mahaira deitu gintuzten eta, azaldu, enpresak ez duela negoziatzeko asmorik; informazio bilera baino ez zela izango esan zuten». Horrela, Asuncioneko buruek soldaten igoera %1ekoa izango dela jakinarazi zieten langileei, 2016ko KPIa %1,6koa izan zen arren. Sindikatuek aldebakartasunez jokatzea egotzi diote zuzendaritzari eta, azken zazpi urteotan galera ekonomiko handiak izan dituztela salatu zuten, soldatak izoztuta eduki dituztelako: «Oinarrizko soldatan 3.000 eta 5.000 euro arteko galerak izan ditugu», azaldu dute Ainhoa Ortizek (LAB) eta Isabel Descalzok (ELA).
Gatazka, ordea, hileroko ordainsarien igoeraz harago doa. Langile batzordeak salatu duenez, urtean 1.670 orduko lan-jarduna osatzen dute, oso urrun daude asteko 35 orduetatik eta 2010. urteaz geroztik, ez da murriztu Asuncion klinikako langileen lan-jarduna.
Horrekin batera, pertsonal falta, kontratazioetako irregulartasunak eta eguneroko lan-kargaren handitzea bizi dituztela azpimarratu dute langileek, prekarietate sistematikoan bizi direla salatuz.
Gaur egun, Asuncion klinikak 65.000 herritarri zerbitzu ematen die; Tolosaldeko 28 herriekin batera, Legorreta eta Andoain ere hartzen ditu. 330 langile baino gehiago aritzen dira bertan, eta kontzertazio bidez funtzionatzen du ospitaleak: Inviza S.A.ren (klinika kudeatzen duen enpresa) eta Osasun Sailaren arteko hitzarmen ekonomiko baten bitartez.
Datuok mahai-gaineratuz, Asuncioneko langile batzordeak klinikako zerbitzuak gain behera doazela adierazi du, eta duela gutxi mediku traumatologoekin gertatu dena plazaratu dute. TOPA koordinakundeak berriki jakinarazitakoaren bidetik, Asuncioneko 4 traumatologok klinika utzi dute. Ez dituzte ordezkatu, nahiz eta, gaur egun, klinika horretan, traumatologiako 6,5 espezialistak aritu beharko luketen. Ondorioz, itxaron-zerrenda luzatzen ari da, eta traumatologiako larrialdi kirurjikoak Donostia Ospitalera bideratzen ari dira egunotan.
ELAk eta LABek izen-abizenak jarri nahi izan dizkiete egoeraren arduradunei, eta fokua jarri diete Jesus Gomez Montoya Invizako buruari eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari: «Egoera honen ardura beren gain hartzeko eskatu nahi diegu. Asuncion klinika kontzertatua da, eta 65.000 pertsonaren osasuna klinikaren esku dago. Horregatik, Montoya arduraduna da, eta Darpon konplizea».
Nahikoa da! esateko unea:
Arazo eta egoera eskasen errenkada horrek, krisi egoera eragin du langileen artean eta azaroaren 20ko langileen batzarrean erabakitakoa aitzat hartuz, mobilizazio eta lanuzteak egitea erabaki dute. Larunbatean bertan ekingo diote salaketa-agendari, eta elkarretaratzea egingo dute, 12:30etik 13:30era, Trianguloan. Abenduaren 13an, 4 orduko lanuztea egingo dute, 08:00etatik 12:00etara, eta elkarretaratzea 15:15etik 16:15era bitarte. Abenduaren 20an, berriz, egun osoko greba deitu du langile batzordeak, eta kotxe karabana egingo dute, abenduaren 27an, 18:00etatik 19:00etara bitarte. Azkenik, bi eguneko greba egiteko asmoa azaldu dute, datorren urtarrilaren 8an eta 9an.
Aspalditik datozen arazoak
Asuncion klinikako langileen soldatena ez da gaurko kontua. 2013. urteko maiatzean, Inviza-k soldatak jaisteko asmoa iragarri zien langileei; batez beste, hileroko ordainsariak %4,2 eta %7 artean murriztu nahi zituen zuzendaritzak. Argudiatu zutenez, erabakiaren atzean zegoen, Asuncion klinikaren eta Osasun Sailaren arteko hitzarmenaren beherakada ekonomikoa.
Negoziazioek huts egin zuten, eta langileek salaketa jarri zioten Invizari, enpresaren fede txarra eta soldatak jaisteko argudio falta salatuz. Horrenbestez, 2013ko urrian, epaileak langileen aldeko ebazpena idatzi zuen, Asuncion klinikako langileen baldintzak lehengora bueltatzeko aginduz.
Amasa Villabonako EH Bildutik Asuncion klinikako langileen aldarrikapenak babesten ditugu eta Inviza enpresako arduraduna den Montoya jaunari, langileekin negoziatu dezala eskatzen diogu. Klinikako langileek urteetako prekarizazio prozesua pairatu behar izan dute, beren lan baldintzak okertzen joan dira eta egoera jasanezina egin da. Egoera horren arduradunei, Montoya eta Darpon sailburuari, erabat bidezkoak diren langileen aldarrikapenei bide ematea eskatzen diegu.
Bestalde, gatazka honek, Tolosaldean osasun publikoarekin dugun arazoa berriro ere mahai gainean jartzeko parada eskaintzen digu. Oso ezaguna da Tolosaldeko EH Bilduren iritzia, behin eta berriro salatu dugu Asuncion klinikak gestio pribatua izateak ondorio kaltegarriak dakartzala, besteak beste, klinikako langileen eskubideei eragiten dienak eta berriro ere, Tolosaldean, Gipuzkoako beste eskualde guztietan dagoen bezalaxe, ospitale publikoa behar dugula aldarrikatzen dugu.
EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioaren bilera deitu dezala, udalen ekarpenak jaso ahal izateko 2018ko aurrekontuei begira. Diputazioak hilabete honetan aurrekontuaren aurreproiektua Batzar Nagusietan erregistratu behar duen arren, herriek ez dute oraindik diru-laguntzei buruzko asmoen berririk ere izan. EH Bilduk bere kezka adierazi du, are gehiago kontutan izanda udalek jasotzen dituzten diru-laguntzek %60tik gorako murrizketa jaso dutela azken bi urteetan.
Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioak garatu beharreko jardueren artean, 2017ko urtarrilaren 17ko Foru Dekretuan zehazten denez, honako hau dugu: “Herritarren partaidetzaren alorrean Foru Aldundiak onartu nahi dituen eta zehazki udaletarako eta gainerako toki entitateetarako diren diru laguntzen oinarrizko ildoak ezagutzea eta horien berri ematea”. Hau horrela izanik, eta Aldundiak 2018ko aurrekontuak aurkeztear dagoen arren, Espazioan parte hartzen duten udalek, oraindik, ez dute aurrekontuaren berririk izan, ezta zehazki udaletarako eta gainerako toki entitateetarako diren diru laguntzen partidei buruzko asmoen berririk ere. Urteko Foru Araurik garrantzitsuena den aurrekontuen proiektuan, beraz, Aldundiak ez du udalen parte hartzea ahalbideratu, horretarako sortutako markoa ofizialki egon arren.
Gabezia horri gehitu behar diogu Aldundiak ez duela “2018. urteko aurrekontu irekiak” proiektua Erakunde arteko Espaziora eraman; beraz, udalek partaidetza sustatzeko eratutako erakunde honek ezin izan du dinamika parte-hartzaile honetan inongo proposamenik egin.
Hori dela eta, EH Bilduk Espazio orokorra presaz deitzeko eskaera egin dio Foru Aldundiari. Orereta eta Zeraingo udaletako ordezkariek, Espazio exekutiboko kide gisa, eskaera hori erregistratu dute gaur ofizialki Gipuzkoako Diputazioan.