Laburrak

Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak guztiz bat egiten du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak datorren asteartean, 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan antolatu duen protesta ekimenarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako erraustegia erakitzeko urratsak ematen ari den honetan, ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarrek tinko eta ozen erantzutea eta gipuzkoarron gehiengoak erraustegirik ez dugula nahi garbi adieraztea. PNV-PSOE gobernuaren inposaketa hau geldiarazi behar dugu eta zeregin horretan EH Bildutik gure ahaleginik handiena egiteko prest gaude. Erraustegia gipuzkoarron osasunearen eta diru publikoaren kontrako atentatua da, kutsakorra, garestia eta inposatua.

Beraz, abenduaren 27an 12:00etan Gipuzkoa plazan izango den mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena egiten diegu Amasa Villabonako herritar guztiei.

 

Bosgarren urtez, Behar Zana pilota elkarteak antolatuta, gazte nahiz nagusi mailako eskuz binakako Antton Pebet memoriala jokatuko da Villabonako Bearzana pilotalekuan. Aurtengoan ere afizionatu mailako pelotari onenetakoen parte hartzea izango du txapelketak.

Egutegia eta jokalariak, jarraian:

FINAL LAURDENAK
Abenduak 9, ostirala 19:00etan
1.- GARCIA-ARANGUREN & SALABERRIA-RUIZ
2.- ESPINAL-GORROTXATEGI & E.LABAKA-SANTXEZ


Abenduak 10 , LARUNBATA 11:00tan
1.- ANSO-AIZPURU & P.ETXEBERRIA-IBARLOZA
2.- PRADO-ETCHEGOIN & ERRANDONEA-MURGIONDO


Abenduak 16, OSTIRALA 19:00etan
1.- ZUBIZARRETA-MARIEZKURRENA & EXPOSITO-ZEZEAGA
2.- SANTXO-GARMENDIA & A.ETXEBARRIA-KASTILLO


Abenduak 17, LARUNBATA 19:00etan

1.- ALBERDI-ESKIROZ & ELOLA-GASKUE
2.- P. LABAKA-TELLETXEA & ARRIETA-AIZPITARTE

FINAL ERDIAK

Abenduak 30, OSTIRALA 11:00tan
Abenduak 31, LARUNBATA 11:00tan


FINALA
Urtarrilak 7 , LARUNBATA 17:30etan
1.- GAZTEAK
2.- NAGUSIAK

 

Pebet kartela

Villabonako Oria merkatal elkarteak Gabonei begira hainbat ekintza antolatu du herrian. Berrikuntza gisa, erosketa karroak jarriko dituzte herritarren eskura. Haurrentzako tailerrak antolatzeaz gain, atrakzioak ere izango dira haur eta gaztetxoei zuzenduta.
Zazpi eskaintza ezberdin egingo dizkio Oria merkatal elkarteak herriari, Gabonetako kanpainaren baitan:

1.- Erosketa karroa: Lau erosketa karro eskainiko dituzte bezeroek elkarteko dendetan erosketak egin ahal izateko. Elkarteko lehendakari Aitziber Cenzanok azaldu du ideiaren abiapuntua, “herria merkatalgune handi bilakatu eta bezeroei denda batetik bestera erosketak egiteko aukera eskaini ahal izatea da”. Aipatu karroak elkarteko lau dendatan egongo dira eta bezeroek etxera eramateko beharra azaltzen dutenean utzi egingo dizkiete. Ondoren, noski, bezeroak karroa itzuli egin beharko du, baina ez du zertan hartu duen dendara eraman beharrik; Oria elkarteko bazkide den edozein dendatara baizik. Modu horretan mugimendua sortu eta establezimenduen kolaborazioa bultzatu nahi dute. Bezeroak karroak erabiltzera animatu nahi dituzte elkarteko kideek. Aurten lau izango badira ere, urtez urte karroen kopuruak gora egitea lortu nahiko lukete.

2.- Kontsumo txekeen zozketa: Abenduaren 19tik urtarrilaren 4ra, bezeroen artean txekeak banatuko dira Oria merkatal elkarteko dendetan. Haietan bezeroaren izen-abizen eta telefono zenbakia idatzita, erosketa egindako dendako kutxan utzi eta urtarrilaren 10ean, 360€ko hiru sari zozketatuko dira, elkarteko dendetan erosketak egiteko hiru txeke.

3.- Atrakzioak: Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra, karrusela, ohe elastikoak eta olla txiki bat egongo dira Errebote eta Txistulari plazan. Buelta bakoitza euro bat kostako da eta elkarteko establezimenduek hainbat txartel izango dituzte bezeroei oparitzeko.

4.- Tailerrak: Aurreko urteetan herriko bi ikastetxeekin elkarlanean, Bearzana pilotalekuan jolas parkea antolatzen bazen, aurten bi tailer eskainiko dituzte gazteek. “Ikas bidaiarako laguntza gisa diru kopuru bat ematen diegu elkarteko kideek ikastetxeetako gazteei. Haiek trukean, haurrentzako tailerrak antolatuko dituzte aurten”, azaldu du Aitziber Cenzanok.

-Abenduak 23, ostirala, 16:30ean plazatik hasita, mozorro tailerra eta ondoren desfilea herrian zehar.

-Urtarrilak 5, osteguna, goizeko 11:00tan plazan: Gabonetako apaingarrien tailerra.

oria merkatariak agerraldi

Oria elkarteko zuzendaritzako kideak Gabonetako kanpaina aurkezten

5.- Erakusleiho lehiaketa: Elkarteko kideek erakusleiho ikastaroa egin dute aurten eta han ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz antolatu dute erakusleiho lehiaketa. Lehiaketa abenduaren 21etik urtarrilaren 5era artean izango da eta hiru sari banatuko dira. Irabazleen berri urtarrilaren 10ean jakingo da.

- Facebooken bozka ematen dutenen artean, zozketa egingo da, 40€ko erosketa balea.

- Epaimahaiak erabakitako saria, Erakusleiho onenarentzat. Bi pertsonentzako afaria.

- Facebookez bozka gehien jaso dituena. Bi pertsonentzako afaria.

6.- Behar Zana elkarteko kideekin elkarlana: Urtero moduan, Behar Zana elkarteko saskien zozketan hiru sari emango dituzte Oria elkarteko kideek: 200€ko hiru erosketa txeke eta 1000€ko bat.

7.- Gabonetako argiak. Abenduaren 21ean Gabonetako argiak piztuko dira herrian Oria merkatal elkarteak eta Villabonako Udalak bideratuta. “Orain artean Kale Nagusia eta Berria apaindu dira bereziki, baina aurten herriko gainerako auzoetan ere jarriko dira argiak. Urtero bezala, Udalarekin elkarlanean jarriko dira argiak”, jakinarazi du elkarteko lehendakariak. Argien ekimenarekin bat egiten duen saltoki bakoitzak lorea izango du atarian.

 

EH Bilduk Gipuzkoako Foru Gobernuari bidali zion 2017ko Aurrekontuak negoziatzeko lehentasunak jasotzen dituen dokumentua, negoziaketa fasearen lehenengo bileran adostu bezala. Bertan, koalizioak proposatu du 13 milioi gehiago inbertitzea gizarte zerbitzuetan (adinekoen egoitzetako itxaron zerrendarekin bukatzeko eta egindako murrizketak ezabatzeko) eta 4,5 milioi gehiago bideratzea ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko. Horietaz gain, zerga iruzurraren aurkako borroka indartzeko, elikadura burujabetza bultzatzeko edo bidegorriak eta konpost planta berriak eraikitzeko diru-partidak ere aurreikusten dira. Guztira, 62 milioi euroko hobekuntzak proposatu dizkio EH Bilduk EAJ-PSEri. Horien barruan, Sozietateen Irabazien Gaineko zergaren bidez Diru-sarrerak 21,4 milioietan handitzea proposatu du.

EH Bilduk Foru Gobernuaren ordezkariekin bildu zen abenduaren 17an aurrekontuen negoziaketa fasea abiatzeko, eta Aldundiarekin adostasuna bilatzeko borondatea adierazteaz gain, EAJ-PSEri bere ekarpen nagusienak abenduaren 25erako bidaltzeko konpromisoa hartu zuen. Hortaz, EH Bilduko bozeramaileak, Xabier Olanok, diputatu nagusiari zuzendu zion ostiralean idatzi bat koalizioaren lehentasunak azaltzeko. Era berean, eskatu zion EAJ-PSEren erantzuna astelehenean jasotzea, asteartean Osoko Zuzenketak aurkezteko epea bukatzen baita:

EH Bilduren ekarpen nagusiak Gipuzkoa 2017 aurrekontuak hobetzeko:

Gipuzkoan behar handiak daude, bereziki enplegu duinari eta gizarte politikei dagokionean. Gipuzkoarren beharrak era egokian asetu nahi izateak erantzukizunez jokatzea exijitzen du eta, ahal bada, akordioa lortzea. Hori dela eta, 2017rako Aurrekontuen lanketan Aldundiarekin adostasuna bilatzeko prest gaude, bi baldintza nagusi betetzen badira: batetik, murrizketa sozialak bertan behera uzten badira, eta, bestetik, enplegu duina sustatzeko neurri zehatzak bultzatzen badira. Horretarako, diru-sarrerak eta aberastasunaren birbanaketa politikek garrantzia estrategikoa dute. Diru-sarrerak handitzeak bidea irekiko du inbertsioak egiteko enpleguaren sorreran, eta babes soziala eta zerbitzu publikoak hobetzeko politiketan.

Gipuzkoako 2017ko Aurrekontu Proiektua hobetzeko helburuarekin ezinbestekoa da, gure ustez, jarraian azaltzen ditugun aldaketa sakonak onartzea:

1. Gizarte politikak benetako lehentasuna izateko neurri zehatzak onartu behar dira. Horregatik proposatzen dugu 13 milioi euro gehiago bideratzea gizarte zerbitzuetara, Departamentu honek berreskura dezan aurreko legealdian zuen inbertsio maila, zehazki, Aurrekontu Orokorraren % 48. Gehikuntza horri esker, finantzatu ahal izango dira hainbat hobekuntza, adibidez, aparteko txoke plana zahar egoitza zerbitzuetan dagoen itxoite zerrenda luzea murrizteko, 2017an sortu behar diren plazei 100 plaza gehitzeko helburuaz eta horretarako 1.800.000 euro ezarriz. Eta bestetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzari kentzen zaion dirua gizarteratzera bideratua izan dadin, 4 miloi euro Gizarteratzeko prozesuetarako Laguntza ekonomiko berria sortuz, eta 1.000.000 euro gizarteratzeko bizilekuen programa indartzeko.
2. Ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko 3 neurri jotzen ditugu ezinbesteko: ekintzailetasun programak indartu behar dira, 2 milioi gehiagoz, Gipuzkoako industria eraldatzeko programan enpresa txiki eta ertainen osasun egoera aztertzeko eta onbideratzeko programa abiarazteko milioi 1 euro eta tokiko garapenean eskualde mailako proiektu estrategikoak garatzeko partida, 1,5 milioi eurokin. Guztira, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko 4,5 milioi gehiago.
3. Elikadura burujabetza bidean, tokiko proiektu estrategikoak sustatzeko programa. Landaola fundazioaren bidez, Landa Garapen Elkarteek kudeatzeko partida, 800.000 euroz hornitu behar da.
4. Europako zuzentarauak eta hondakinen kudeaketaren hierarkiak agindutakoa betez, konpost planta berrietan 6 milioi inbertitu behar ditu Foru Aldundiak, GHKren egoera larria estaltzeko transferentzia egin beharrean.
5. Antzuola-Bergara bide zatia BIDEGIk egoki burutu dezan, inbertsio horren gastua eta kapital sarrera berdinak izan behar dute, biak 17.072.235€. Beraz Bide azpiegituretatik Bidegiri egiten zaion finantza aktiboa 4.657.118€tan gutxitu behar da.
6. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu eraginkorra bultzatuz, bidegorriak eraikitzen jarraitu behar da, horretarako 5 milioi gehiago jarriz eta lehentasuna duen Donibane eta Lezo arteko bidegorria eraikiz.
7. Zerga iruzurraren aurkako borrokan baliabide pertsonal gehiago jarri behar dira eta Lan Eskaintza Publikoa berehala martxan jarri. Horretarako 975.000 €.
8. Diru-sarreren handitzea Sozietateen irabazien gaineko zergatik etorri behar du, zerga itunduek bataz beste izan duten neurri berean igoz, hau da 21.392.000€.

 

Gure ekarpen nagusienei buruz hitz egiteko prest gaude eta ahal bada adosteko ere bai. Aldiz, erantzun positiborik ez balute jasoko, Osoko zuzenketa aurkeztera behartuak egongo ginateke. Horrexegatik erantzuna eskatzen dugu azaroaren 28rako.

Goierri Birzirik plataformak deituta egin dute protesta, Mutiloan zabortegirik ez lelopean. Milaka lagun elkartu dira gaur eguerdian Ormaiztegin Goierri Birzirik plataformak egindako deiari erantzunez. Berdez jantzita gerturatu dira herritarrak herriko plazara, handik baitzen ateratzekoa martxa, Mutiloan zabortegirik ez lelopean. Jai giroan egin dute herriko kaleetatik Lurpe zabortegirainoko ibilbidea. Eurekin zituzten erraldoiak ere.
Cespa enpresak kudeatzen du Lurpe isurtegia. Orain arte hondakin industrial geldoak besterik ez dute jaso hor, Goierri Birzirik-ek jakinarazi duenez, ez hiri hondakin solido edo zaborrik. Mutiloako Udalak salatu du horrek udalaren hiri plangintzako arau subsidiarioak eta zabortegia ustiatzeko hitzarmena urratuko lituzkeela; gainera, jarduera baimen berria beharko luke isurtegiak hiri hondakinak jasotzekotan.

Hogeigarren aldira iritsiko da Korrika datorren urtean, eta Korrika sortu zutenak omenduko dituzte aurten. "Euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia" bihurtu den egitasmoa sortzeagatik omenduko dituzte.
Bizkaian hasiko da oraingo Korrika, zehazki Otxandion. Martxoaren 30ean hasiko da, ostegunarekin, eta apirilaren 9an amaituko Iruñean, igandearekin.

'Batzuk' leloa izango du hogeigarrenak; 'bat' eta 'zuk' hitzak batu dituzte. Azalpena, Asier Amondok eman du, Korrikaren zuzendariak: "Hizkuntza, kultura, mundu 'bat' sendotzeko bidean, 'zuk' ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntz aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz".


Amasa Villabonako EH Bilduk, nola ez, bat egiten du Korrika egitasmoarekin eta oso adi egongo gara Korrikako antolakuntzatik zabalduko diren albisteei begira, izan ere, hasiera eta amaiera data eta lekuak ezagutarazi badira ere, oraindik ibilbidearen nondik norakoak ez dira argitaratu. Irrikitan gaude 20. Korrika hau Amasa Villabonatik noiz igaroko den jakiteko, eta aurtengoan ere gure Kilometroa erosi, eta lekukoa eramango dugu. 

Korrika 15 NORA LAURA

19. Korrikan EH Bilduko Nora Urbizu eta Laura Santos lekukoari helduta

 

 

Haurren hazkuntza eta hezkuntzan, bitarteko naturala da jolasa. Jolasen bidez sozializatzen dira, ikasten dute taldean aritzen eta norbanako izaera osatzen joaten zaie. Jolasteko ordea, jostailuak erabiltzen dira, eta hauek haurren nortasunaren garapenerako ezinbestekoak dira. Jostailuekin jolastuz, haurra norbere identitatea eraikitzen astearekin batera, besteekiko pertzepzioa, harremantze-modua eta jendarteratzea lantzen da.

Horregatik da garrantzitsua oso, jolasaren hautaketa, jakinda haurraren interesa, kanpoko eraginak eta gure asmoak, guztiak kontuan hartu behar ditugula. Ez dago jolas onik edo txarrik, jolasaren erabilerak baitira onak edo txarrak, izatekotan. Era berean, ez dago neska edo mutikoentzat den jolasik, izatekotan, jolas jakinak neskei edo mutikoei eskaintzen baitizkiegu; eta kasu hauetan, maiz asko generoei esleitutako rolak eta aurreiritziak indartzen ditugu.

Horregatik estereotipoak eta rolak gaindituz, umeak berdintasunean, askatasunean, solidaritate eta elkartasun baloreetan hazi eta hezi ditzagun, opariak ere irizpide horiei eutsita erosteko proposamena egiten dugu EH Bildutik.

EH Bildutik hausnarketa sustatu nahi dugu gure herrietan, eta udalerriei urte osoko lanketa proposatuko diegu, herriko guraso elkarte, ikastetxe, merkatari elkarte, aisialdi talde eta herri mailako lanketa kolektiboa bultzatzeko hausnarketa eta lanketa partekatuaren bidez, beste kontsumo eredu batzuk bultzatu eta sustatu ditzagun, gure umeekin ere.

 

 

Hilabete honetan, 2011n Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Asunción klinikak sinatutako hitzarmena amaituko da eta beraz, funtsezko momentu batean gaudela adierazi dute TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) erakundeko ordezkariek Tolosan egindako prentsaurrekoan: "Oso une garrantzitsuan gaude, jokoan baitago guk eta gure familiek jaso behar dugun osasun arreta eredua".

TOPA-ko ordezkarien agerraldia Tolosan, mobilizazioak iragartzeko.

Azaroaren 10ean ezarri dute TOPA-koek lehen hitzordua: Tolosako Euskal Herria plazan, Asunción klinikak antolatutako jardunaldi bat izango da eta bertan, goizeko 8:30etan elkarretaratzea izango da "Osasun publikoa defenda dezagun!" lelopean. TOPA-ren iritziz Kontraesan hutsa da jardunaldia, gainerako eskualdeekin konparatuta Tolosaldeak sekulako desabantailak dituela kontuan izanda.    

Azaroaren 12an, 12:00etan Informazio Batzarra Tolosako kultur etxean. Bertan besteak beste, azken bost urteetan Jaurlaritza eta Asunción klinikaren arteko hitzarmenak eman duena baloratuko da eta Tolosaldeko ESI zerbitzuko kudeatzailearekin izandako bileraren berri emango zaie bertaratzen diren herritarrei.

Azkenik, azaroaren 26ean Bizikleta martxa bat antolatuko du TOPA-k eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diote Tolosaldean bizi diren herritar guztiei: "Pedalak mugituz osasun publikoa aldarrikatuko dugu".


Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak egin dituen deialdi hauekin eta beste behin, Tolosaldeak ospitale erabat publikoa behar duela aldarrikatzen dugu. Tolosaldeko herritarrok etorkizunean jasoko dugun osasun arreta definitzeko momentu erabakigarrian gaude eta zentzu horretan, herritarrak parte aktibo izan behar dugula pentsatzen dugu. Publifikazioaren aldeko mobilizazio eta presio herritarra artikulatzea beharrezkoa dugu eta zeregin horretan TOPA-k egiten duen lana goraipatu nahi genuke. Ondorioz, TOPA-tik antolatu diren deialdi hauetan parte hartzeko deia luzatzen diegu Amasa Villabonako herritarrei. 

 

 

Tolosako gazte auziperatuen gurasoen plataformaren lehen helburua plataforma ezagutaraztea eta ahalik eta guraso gehien gerturatzea da. Beren seme-alaben "eskubideen eta etorkizunaren defentsan, eta guztien erabateko askatasuna lortu arte" egingo dute lan.Garden guraso plataformako Manu Ayerza, Ana Belen Santos, Izaskun Sukia, Txema Solano eta Mentxu Julaia kideek aurkeztu dute plataforma Tolosako Kultur-Etxean. “Hainbat arrazoiengatik zigor larriak jaso ditzaketen Tolosako ia 50 gazteen guraso eta senideak gara”, aurkeztu dute beren burua.

Tolosako hainbat gazteri jarritako zigor eskaerak gogoratu dituzte lehenengo: hiru gaztek bost eta sei urte arteko zigor eskaerei egin behar diete aurre. “Altsasun gertatu den moduan, hemen ere muntaia polizial baten aurrean gaude; hiru gazte horiek ez zuten parte hartu istilu horietan”, azpimarratu dute. Era berean, Ezpala gaztetxearen aldeko eserialdi "baketsu" batean parte hartzeagatik ia hiru urtetako espetxe eskaera egin diete bi gazteri, eta 40 bat gaztek 600 eurorainoko isunak jaso dituzte.

"Gardentasun osoa" eskatzen dutelako jarri diote Garden izena plataformari. “Oso kezkatuta” agertu dira guraso horiek, eta “neurrigabetzat” jo dituzte zigor horiek: “Denak libre eta neurririk gabe kalean nahi ditugu. 50 gazte horiek egin duten delitu bakarra beren ametsen alde borrokatzea izan da”, nabarmendu dute.

Horregatik, guraso horiek bildu eta plataforma bat sortzea erabaki dute: “Gazte horiekin egin nahi duten injustiziaren aurreak ez gara isilik geratuko, eta gure seme-alaben eskubideen eta etorkizunaren defentsan lan egingo dugu”, azpimarratu dute.

Egoera berean dauden gurasoei deia luzatu diete plataforma horretan parte hartzeko, baita Tolosako herritar guztiei ere: “Oraingoan guri tokatu zaigu, baina bihar beste guraso batzuek gertatuko zaie zerbait egin ezean", adierazi dute.

Kultur Etxean elkartuko dira eta harremanetarako hainbat bide dituzte: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbide elektronikoa, 640137065 telefono zenbakia eta gardengurasoplataforma Facebook orrialdea.


Amasa Villabonako EH Bildutik gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu plataforma honen baitan antolatu diren gurasoei. Auzipetuta dauden gazte tolosarrei ezarri nahi dizkieten zigorrak erabat neurrigabeak dira eta injustizia hutsa suposatzen dute. Beraz, gure aldetik babes osoa eskaini nahi diegu eta auzipetutako gazteak libre! behar dutela aldarrikatzen dugu ozen.

Udazkeneko kanpainaren baitan, Oria merkatari elkartearen eskutik deskontu kupoiak banatu dira Amasa-Villabonako buzoi guztietan. Deskontu kupoi horiek ORIAko denda parte-hartzaileetan aldatu ahalko dituzte herritarrek azaroaren 2tik 30era. 

Horretaz gain, hainbat "sorpresa" dituzte urte bukaerarako: "Gure dendetan erabiltzeko erosketa karroak, gabonetako kanpaina etab. Ez galdu aukera eta zatoz ORIAko Merkatarion abantailez gozatzera", adierazi dute Merkatari Elkarteko kideek Errebote plazan egin duten agerraldian.


Amasa Villabonako EH Bildutik herriko merkataritza txikiak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Merkataritza txikiak (dendak eta ostalaritzak) gure herrian garrantzi ekonomiko eta sozial izugarria du eta bizi dugun krisi ekonomiko luze eta sakon honetan, funtsezkoa da herritarrek erosketak herrian bertan egitea. Lanpustu ugari sortu eta mantentzea eta gainera aberastasun ekonomikoa herrian geratzea ekartzen du merkataritza sektore honek, eta herri bizia eta dinamikoa izateko ezinbesteko elementuak dira horiek. Beraz, merkataritza txikia sustatzeko eta laguntzeko dugun konpromisoa berresten dugu eta deia luzatzen diegu Amasa Villabonako herritar guztiei, herrian bertan erosten eta kontsumitzen jarrai dezaten.  

Ehunka preso ohien ekimenez "Kalera Kalera" mobilizazio zikloa abiatu dute Usurbilen eta ekimenak jarraipena izango du urtarrilaren 8ra bitartean. Presoen auzia jendarteratzea eta gatazkaren ondorioen inguruko eztabaida mahai gainean jartzea izango ditu helburu. Hamarnaka preso ohi eta herritar elkartu ziren pasa den abenduaren 10ean Usurbilgo plazan Kalera Kalera ekimenari hasiera emateko. Bertan egongo da kokatua gune zentrala, plazan jarritako karpa batean, eta bertan egingo du lo egunero preso ohiek osatutako talde batek. Hasiera ekitaldian Maitane Sagastume eta Juanjo Legorburu preso ohiek azaldu zutenez, «euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko konpromiso, elkartasun eta borroka gunea» izango da Usurbilgoa.

Ekimena Euskal Herri osora zabalduko dute gainera, herri ezberdinetan izango diren mobilizazioekin. Horrez gain, eragile ezberdinekin biltzeko asmoa dute. Aipatu dutenez, EPPK-k abiatzear daukan eztabaida sozializatzeko esparrua izan nahi du, eta horrekin batera, gatazkaren ondorioen konponbidearen arloko behar politiko eta humanoen inguruko mobilizazioa sustatzea hu helburu».

Pasa den astean hezkuntza sektoreak ezezko argia adierazi zion Espainiar Gobernuak inposatu nahi duen LOMCE legeari. Hala ere, aipatu behar da hezkuntza sektoreko hainbat eragileren artean (ikasle sindikatuak, guraso elkarteak, sindiketuak etab.) tira bira ugari izan zirela urriaren 26ko greba eta geldialdi deialdien aferarekin. Batzuek deialdiak babestu zituzten eta beste batzuek ordea ez babesteko erabakia hartu zuten. Baina kontu hauek alde batera utzita, begi bistakoa da Euskal Herrian gehiengo oso garrantzitsua dagoela LOMCE legea bertan behera gelditzearen alde eta hezkuntza sistema propio bat eraikitzearen alde.

Amasa Villabonan ere, erabatekoa da LOMCEren kontrako jarrera eta pasa den astean Fleming ikastetxeko Arroako eskolako atarian elkarretaratzea egin zuten hainbat ikasle, guraso eta irakaslek.

EH Bildutik bat egiten dugu gure hezkuntza sektorearen gehiengoarekin eta behar den leku guztietan (udaletan, Gsteizeko legebiltzarrean eta baita Madrilen ere) LOMCE legea indargabetzeko eskakizuna egiten jarraituko dugu. Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa eraiki eta garatzeko duen eskubidea ere aldarrikatzen jarraituko dugu eta zentzu horretan aurrera urratsak eman daitezen lan egiteko gogoz gaude.

Hiru egunetan egin dituzte mobilizazioak eta gaur izan da horietako azkena. Laida Zubillaga LABeko kideak azaldu duenez, mobilizazioen "balantze positiboa egiten dugu, eta seguru gaude goizago edo beranduago herrialdeko hitzarmen bat lortuko dela".
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta egin dituzte greba eta manifestazioak. Zubillagak azaldu duenez, "hiru greba egunen balantze oso positiboa egin dugu. Aurreko bietan bezala, enpresen %80 inguru itxita dago. Egia esan oso positibotzat hartzen dugu. Emaitza horrekin argi eta garbi geratzen da grafikagintzako langileek herrialdeko hitzarmen baten aldeko apustua egiten dutela". Azaroaren 16an eta 30ean izan ziren beste bi mobilizazio egunak. Tolosaldean, aurreko grebetan izandako antzeko emaitzak lortu direla azaldu du Zubillagak. SAM, Borobil, Cicarsa, Corenso eta Arrosi enpresak, "sektoreko enpresa esanguratsuak", geratu egin direla esan du.

Enpresen eta Adegiren aldetik ez dagoela erantzunik dio Zubillagak. "Ez dute mahai baterako deialdirik egiten. Guk beste egunetan eta gaur ere exijitzen diegu behingoz proposamen zentzudun bat ekarri dezatela negoziaketa mahaira, eta proposamena zentzuduna den bitartean, irekita gaudela negoziatzera".

Hitzarmen berrirako puntu garrantzitsuena soldatak direla azaldu du LABeko ordezkariak. "2015ean soldatak izoztuta izan zituzten langileek, eta Adegik mahai gainean egin digun planteamenduarekin 2016ko soldatak izoztea suposatuko luke, eta ez gaude hori inondik inora onartzeko prest. 2016ko soldatak ukitu beharra daude, eta 2017koak eta 2018koak ere bai". Horrez gain, beste hainbat puntu daudela esan du Zubillagak, baina negoziaketa epeen ingurukoa nabarmendu du: "Hitzarmen bat negoziatzen hasten denean, urtebeteko epea izaten da negoziatzeko, bestela, herrialdeko hitzarmena utzi eta estataleko hitzarmenera joateko aukera dute enpresek. Epe hori aldatu beharra dago eta ezin da beti negoziatu ezpata batekin. Hitzarmen berri bat sinatu bitartean iruditzen zaigu aurrekoak indarrean jarraitu behar duela".

Epea abenduaren 31n bukatzen da, eta enpresek estatalera jotzeko aukera izango lukete. "Sindikatuen artean balantze orokor bat egitekotan gaude", esan du Zubillagak. "Emaitzak onak dira, eta seguru gaude goizago edo beranduago herrialdeko hitzarmen bat lortuko dela. Azkenean abenduaren 31 hor edukitzea ez da positiboa inorentzako, eta sindikatuen artean baloratu beharko dugu eta aztertu zein den hurrengo pausoa".

Hego Euskal Herrian, ELA eta Steilas sindikatuek mobilizaziorako deia egin dute “Euskal Herrian gure hezkuntza! LOMCEri ez! Heziberriri ez! Errebalidei ez! Murrizketei ez!” lelopean. EHIGE guraso elkarteak bat egin du deialdi horrekin. LAB sindikatuak ez du deialdiarekin bat egin eta Sortzen elkarteak, Ikastolek eta Kristau Eskolek ere ezezkoa adierazi dute. Hezkuntza Plataformen Topaguneak ez du nazio mailako posturarik hartu honekiko hezkuntza eragileen artean iritzi bateraturik ez dagoela argudiatuta.

EH Bilduren jarrera argia eta tinkoa da LOMCE eta Heziberriren kontra. Hau esanik, berresten gara, orain inoiz baino gehiago, Euskal Herrian oinarrizko Hezkuntza Akordio zabal baten beharra dugula. Izan ere, Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hasteko agenda propio, adostu eta bateratua behar beharrezkoa dugu.

Hau horrela, duela 3 ikasturte urriaren 12an hezkuntza eragile guztiek deitutako “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez!” lelopean burututako mobilizazioaren ildoaren aldeko nahia azaldu nahi dugu gaurkoan. Elkarrizketa, elkarlana eta adostasuna. Beraz, EH Bildun gure borondatea aurkezten dugu berriz ere hezkuntza sietema propio, euskaldun, unibertsal, hezkidetzaile, inklusibo, parte hartzaile, anitz eta publiko berri bat eraikitzeren alde eta horretarako jarraituko dugun agenda eta bidea adostasunean hezkuntza mugimenduarekin partekatzeko. Hau adierazita, arestian aipatu euskal eragileek deitutako mobilizazioetan parte hartuko du EH Bilduk.

Turkian eta Ipar Kurdistanen azken egun hauetan gertatzen ari direnekin oso kezkatuta dago EH Bildu: Istanbulen gertatutako atentatu odoltsuarekin eta HDP alderdiko ehunetik gorako kideen atxiloketa indiskriminatuekin.

Lehenik eta behin, elkartasuna adierazten dio EH Bilduk Istanbulen hildako guztien familiartekoei eta bat egiten du beraien doluarekin. Halaber, gertaera bortitz horren aurrean EH Bilduk bat egiten du HDPk eginiko irakurketarekin eta gaitzespenarekin. Bigarrenik, salatu egiten dugu Turkiako gobernuak ekainetik hona areagotu duen jite errepresiboa eta, zehazki, igandean gertatutako HDPko ehunetik gorako kideen atxiloketa indiskriminatuak. Elkartasuna ere atxilotutakoen familiari eta lagunarteari. Giza eskubideek eta libertate demokratikoek hutsaren hurrengo balioa dute gaur egun Turkian.

Eskatu egiten diogu nazioarteko komunitateari, eta bereziki Europako Batasunari, Turkiako egoera eta gatazka modu demokratikoak bideratzen ahalegina egin dezan egoera okerragora egin aurretik.

Azken hilabeteotan gertatutako errepresioa eta giza eskubideen urraketak salatzeko eta herri kurduari elkartasuna adierazteko dei egiten diegu euskal herritarrei joan daitezela datorren abenduaren 17an, larunbatarekin, Kurdistanen aldeko eta giza-eskubideekiko errespetua aldarrikatzeko Bilbon egingo den manifestaziora. Plaza Eliptikoan ekingo diogu manifestazioari 12:30ean 'Faxismoaren aurrean, Gora Kurdistan' lelopean.

Gora herrien arteko elkartasuna!

 

Kurdistan manifa bilbo

Larunbateko manifestazioaren deialdi kartela

Amasa-Villabonako Udalak, Lahar elkartearekin elkarlanean, seme-alaben ongizate eta garapena sustatu, gurasoei seme-alaben heziketan parte hartzeko ezagupen eta baliabideak eskainiz, ikastaroak antolatu ditu:
EDUKIAK

-Hazkuntza: Garapen ebolutibo fisikoa, afektibo-sexuala eta kognitiboa.

-Portaera: Arauak eta mugak, gatazken ebazpena, osasun ohiturak (loa, elikadura, higienea, adikzioen oinarriak).

-Emozioak: Adimen emozionala, zeloak eta gatazkak, autoestima, adiskidetasuna eta giza harremanak.

-Komunikazioa: Komunikazio motak, entzute aktiboa eta bestelako teknikak.

-Aisialdia: Baliabide komunitarioak, teknologien erabilpena: TB, interneta, bideo jokoak.

-Eskola: Ikaskuntza, ikas teknikak, bullynga, familiaren eta eskolaren arteko parte-hartzea eta elkarlana.

 

IZEN-EMATEA Urriaren 27an amaituko da, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako bulegoetan, 2. pisuan.

 

TALDEAK

1 Taldea: 0-18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta. Euskaraz. Azaroak 2, 9, 16, 23 eta 30. Udaletxeko balio anitzeko gelan, 14:30-16:00.

2 Taldea: 0-18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta. Gaztelaniaz. Azaroak 2, 9, 16, 23 eta 30. Udaletxeko balio anitzeko gelan, 16:30-18:00.

Honako hau da Etxerat elkarteak, "Etxerat Lagun" sostengu kanpaina aurkezteko argitaratu duen oharra:

"Etxerat Elkartea 2002.urtean sortu zen, hainbat senide eta lagunen lan, gogo eta elkartasunari esker. Azken finean, horixe baita elkartasuna, sinisten den zerbaiten alde lan egiteko gogoa. Etxeraten, euskal preso eta iheslari politikoei ahotsa ematen diegu eta ezkutatu nahi duten errealitate hori argiztatu eta zabaldu.

Gure jardun nagusiak asistentzia eta sostengua eskaintzea, izaten diren urraketa etengabeak salatzea, bisitak eskatzea eta beste modu batean bidaiatzeko aukerarik izango ez luketen pertsona eta familia ezberdinentzat furgonetak eta autobusak antolatzea dira. Jardun horretan gogor eta etenik gabe jarraitzeko, ordea, zure laguntza beharrezkoa zaigu. Bide horretan jaio da Etxerat Lagun.

Etxerat Lagun ekimena Etxeratekiko elkartasun sentimenduak dituzten norbanako eta eragileak bilduko dituen ekimena da. Elkartea lagundu nahi duen edonor izango da Etxerat Lagun. Era asko daude laguntzeko: ekarpen ekonomiko batekin, baliabide edo ezagutzen bitartez, ekimenetan lagunduz…

Oraingoz, Etxeraten jarduna ziurtatzeko, helburu nagusia dirua batzea da, kuotakideak lortuz, eta horretara zuzentzen ari gara gure kanpaina. Hainbat bide dituzu Etxeratekin ekonomikoki kolaboratzeko. Eskuorria on-line betez, berau inprimatu eta posta arruntaz bidaliz, edota This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. emailean zein 646 02 88 84 telefonoan gurekin harremanetan jarriz. Lotu elkartasunari! Etxean eta bizirik nahi ditugulako!"


Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu sostengu kanpaina honekin eta gure koalizio politikoa "Etxerat lagun" egingo dela jakinarazten dugu. Izan ere, euskal presoen senideen kolektiboa da momentu honetan Euskal Herrian giza eskubideen urraketa onartezinak pairatzen dituen kolektibo nagusia. Espainiar eta Frantziar estatuek, euskal gizartearen gehiengo zabal baten eskaerari kasu zipitzik egin gabe, Dispertsio politika indarrean mantentzen dute. Kartzela politika erabat bihozgabe honen ondorioz, milaka pertsona dira beren senidea edo laguna ikusteko ehunka edo milaka kilometro egitera behartuak direnak eta esan bezala, egoera hau guztiz onartezina da. 

Azkenik, Amasa Villabonako herritarrei "Etxerat lagun" egiteko gonbidapena luzatzen dizuegu, horretarako albistean agertzen diren helbide elektroniko edo telefono mugikorra erabili dezakezue, edo bestela Villabonako Iratzar tabernara jo, eta bertan emango dizuten papera bete dezakezue.

Ernesto Merino EH Bilduko batzarkideak Gizarte Politikako Foru Diputatu den Maite Peñari gaur Batzar Nagusietan leporatu dio “Foru Aldundia ez dela betetzen ari ez Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan aurreikusten zen plazen sorrera, ezta Maparen garapenerako planak jasotzen duen konpromiso ekonomikoa ere”. Horrek, eskaeraren igoerarekin batera, EAJ-PSEren gobernuaren lehen urtean itxoite zerrendak %25 handitzea ekarri du”. Zentzu horretan, Foru Gobernuak “lehentasunak markatu” behar dituela nabarmendu du: “hondartzaraino metroz joatea edo pertsonak zaintzea. Dirua egon badagoelako, arazoa da zertan gastatzen den”.

Batzar nagusiak

Gipuzkoako Batzar Nagusien aretoa

Foru Aldundiak irailaren 7an egindako agerraldian, testuinguru elektoralean, 2016tik 2019ra 300 plaza sortzeko egindako proposamena dela eta, Merinok salatu du “helburu horrek atzera pausua suposatzen duela aurreko legealdian egindako apustuarekin alderatzen badugu”. Merinok azaldu duenez, aurreko legealdian Zaharren egoitzaren Mapa adostu zen Eusko Jaurlaritza eta Diputazioaren artean, eta mapa horretan adineko egoitza zein eguneko zentroetan 2016an eta 2017an 228 plaza sortzea aurreikusten zen. Hau da, Mapan ia-ia bi urtetan lortzea planteatzen zena orain Foru Gobernua lau urtetan lortzea planteatzen ari da. Merinok salatu duenez, “argi eta garbi murrizketa baten aurrean gaude”.

Merinoren ustez, jokabide hau ondorioak izaten ari da. Izan ere, itxoite zerrendak %25 egin du gora EAJ-PSEren gobernuaren lehenengo urtean. EH Bilduren batzarkideak azaldu duenez, gorakada izugarri horretan bi faktorek eragin dute: “alde batetik, eskaerak gora egitea, baina, bestaldetik, foru gobernuaren aurreikuspen falta eta Gizarte Zerbitzuen Maparekiko konpromiso falta”.

Maparekin konpromiso eza ez da berria, zeren eta Gizarte Politikako Foru Diputatu Peña andreak, legealdiaren helburuak aurkeztu zituenean, esan zuen adinekoentzako egoitza zein eguneko zentroetan 236 plaza sortuko zituztela lau urtetan, esan bezala, Mapak soilik bi urtetan 228 sortzea aurreikusten duen arren. Beste aldetik, datorren urteko aurrekontuan Mapak eskatzen duen 9 miloi euroko gehikuntza zalantzan jarri du Foru Diputatuak. Halaber, Merinok salatu du badirela egoitzetako langileak lan hitzarmenetan jasotako 2016ko hobekuntzak kobratzen ari ez direnak, Foru Aldundiak enpresei ez dielako ordaindu.

 

Datorren ostiralean abenduaren 2an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Amasa Villabonako hezkuntza zentroetan. Hainbat ekintza antolatu dira beti ere gure hizkuntzaren alde.

 

FLEMING IKASTETXEA:

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Arratzain eta Arroako eskoletan: 

ARROAN, ostegunean, goizeko 11:30ean irratsaio berezia izango da gurasoen partaidetzarekin. Ostiral goizean, gaztaina jana eta Euskararen txantxangorria-ren horma-irudia egingo dira Arroako plazan eta arratsaldean, Euskal Jokuak.
ARRATZAINEN, ostiral goizean eskola apainduko da eta arratsaldean, ikasleen irrintzi saioa, txiste kontakizunak eta Euskal Karaokea izango dira. 

 

ZUBIMUSU IKASTOLA:

Haur Hezkuntzan:

Goizean. Euskara gaitzat hartuta marrazki bat egin.

11:00. Argitxoren urtebetze eguna dela ospatuko dugu ikastolako ganbaran. Haurrek Argitxori adireazpen saio bat eskainiko diote eta bukaeran Argitxoren abestia abestuko dute. Hamaiketakoa egingo dute eta Argitxok arratsaldean filma bat ikusteko gonbidapenak banatuko dizkie.

16:00. Zine emanaldia.

Lehen Hezkuntzan:

09:00. Txupinazoa eta pregoia botako dira ikastolako balkoitik.

09:30 - 11:30. Taldetan banatuta, jolasak eta euskara gaitzat hartuta marrazkiak, euskararen aldeko esaldiak idatzi, gela bakoitzak lelo bat asmatuko du eta horma irudi bat egingo dute elkarrekin.

15:30. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailara bitarteko ikasleek mailaka abesti bana eskainiko dute eta bukatzeko Behin Betiko abestia kantatuko dute denek batera.

16:00. Txokolatada eta erromeria.

DBHn:

09:00 - 09:45. Hizka-mizka

09:45 - 10:15. Euskararen misterioa dokumentala.

10:15 - 10:30. Euskararen lelo esanguratsuak asmatu.

10:30 -10:45. Geletako lelo hobenaren bozka.

10:45 - 11:15. Gurasoek eskainitako hamaiketakoa.

11:15 - 12:45. Malkar edo Behar Zana frontoian herri kirola

Pasa den ekainean Giltzarria adierazpena plazaratu zuten Tolosaldeko hainbat aurpegi ezagunek eta Tolosaldea osoan hautetsontziak zabaltzeko eguna iragarri zen: 2017ko martxoaren 19a. Bada, bost hilabeteren faltan, erabakiaren motorra piztu dute jada eskualdean, eta motor horixe aurkeztu dute, Tolosako Topic zentroan.

Guztira, 38 gizon-emakumek osatuko dute herri-galdeketaren prozesua sustatzeko batzordea, eta haiek izango dira bizilagunen ahots eta belarri. Batetik, 28 herrietako bakoitzak ordezkari bana izango du batzorde sustatzailean eta, horrez gain, Gure Esku Dago koordinakundeko lau dinamizatzaile ariko dira, eskuz esku, eurekin. Azkenik, Tolosaldeko herritarrek erreferentziazko sei izen eta aurpegi izango dituzte, erabakiaren aroari ekiteko: talde motorreko kideak.

"Tolosaldeko biztanleok gara egitura horren osagai garrantzitsuena, eta gure parte-hartzerik gabe prozesuak ez du zentzurik", azaldu dute Oihana Iguaran eta Iker Ariznabarreta talde-motorreko kideek. Eurekin batera, seikotea osatuko dute Periko Peñagarikanok, Marijo Esnaolak, Mikel Artolak eta Ioseba Mateosek, eta martxora bitarteko bidean eman beharreko pausoak iragarriko dizkiote eskualdeko gizarteari.

ekainak4 GED

Tolosaldeko Giltzarria aurkezteko ekainaren4an Tolosan egindako agerraldi jendetsua

"Guztion artean handia egitera goaz!", halaxe nabarmendu dute. Eta, horretarako, batzorde sustatzaileko 38 kideek bi eginkizun nagusi izango dituzte esku artean:

Tolosaldeko herritarren sinadurak biltzea izango da lehena, horrek bermatuko baitu, datorren martxoaren 19an galdeketa antolatu eta egin ahal izatea: "Galdeketa baldintza egokietan eta berme osoz aurrera eramatea da gure eginkizuna, eta Gure Esku Dagok herri-galdeketetarako mamitutako protokoloa baliatuko dugu horretarako. Horregatik, herritarren babesa behar dugu, bestela ez baita galdeketarik izango". Giltzarriak datozen egunetan jakinaraziko du sinadura-bilketaren hasiera-data.

2014ko ekainaren 8an giza-kateak sortutako ilusio kolektibo hori Tolosaldean berpiztea izango da batzorde anitzaren jomuga, "guztiok baikara beharrezko, etorkizuna elkarrekin irudikatzeko".

Horrela, beraz, elkarlanerako dei eginez, iritzi eta pentsaera guztien garrantzia azpimarratuz biribildu dute agerraldia: "Pentsatzen duzuna pentsatzen duzula, zure iritzia garrantzitsua da. Gu gara giltzarria, gure esku dago!

Hemen duzue Tolosaldeko talde sustatzaileko kideek argitaratu duten bideoa: https://youtu.be/nFNAPhDw8rQ 

 


Amasa Villabonako EH Bildutik ongi etorria eman nahi diogu datorren martxoaren 19ko herri galdeketari begira abiatu den egitasmo osoari eta Tolosaldean berau garatzeko eratu den talde motorrari. Espero dugu abiatuko den sinadura bilketa kanpaina eta martxoaren 19ko herri galdeketa bera, Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidea egikaritzeko bidean urrats sendoa emateko baliagarria eta eraginkorra izatea eta Amasa Villabonako ezkertiar eta independentistok ilusioz eta gogotsu helduko diogu erronka honi.

Gure etorkizuna guk geuk erabaki nahi dugu! Aurrera Tolosaldeko Giltzarria! eta martxoaren 19an denok hautestontziak betetzera!

 

  

 

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: