EH Bilduk EAJ-PSE-PP aliantza salatu du gizarte eskubideak gauzatzeko eskubidea bermatzea xede duen eztabaida ekidin nahi izan dutelako.

EH Bilduk EAJ, PSE eta PPren arteko aliantza deitoratu du aipatu alderdiek bat egin dutelako gaur arratsaldean Legebiltzarrean Gizarte Zerbitzuen Legearen garapena bultzatzeko ponentzia bat sortzea eragozteko. EH Bilduk lantalde hori sortzea proposatua zuen eta horren beharra aldarrikatu du gaur diagnostiko bat egin dezan eta neurri zehatzak planteatu ditzan eskubide sozialak gauzatzeko eskubide subjektiboa bermatzeko, hori legediak herritar guztiei aitortzen dien eskubidea baita. Nerea Kortajarenaren iritziz, EAJk, PSEk eta PPk emandako ezezkoak agerian uzten du alderdi horiek ez dutela inolako interesik 2008an onartutako Gizarte Zerbitzuen Legea behar bezala garatzeko.

EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, herritarrek zaintza eta babeserako duten eskubidea arriskuan dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Gizarte Zerbitzuen Legearen garatzeko finantzazio, koordinazio eta lidergoa falta delako eta herrialde eta eskualdeen arteko desorekak daudelako. “Egun, gurean, herritarren artean aukera-berdintasuna ez da errespetatzen eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidea subjektiboa ez dago bermaturik. Aurreratua izan nahi duen herri batek beren kideak babestu eta zaintzeko obligazioa du eta, lan horretan, funtsezkoa da euskal gizarte zerbitzuen sistema sendo izatea. Ezin dugu inolako luzapenik onartu. Eskubideen alorrean moratoriak ez dira zilegi; are gutxiago behar gehien duten pertsonen eskubideei dagokienean”.