Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentariak eskala txikiko proiektu energetikoak defendatu ditu, autokontsumoa eta energia berriztagarriak ardatz dituztenak.

EH Bilduk Energia Batasunari buruzko eztabaidan parte hartu du Europako Parlamentuak Bruselan duen egoitzan. Juaristik defendatu du "eredu energetikoak, ezinbestean, tokiko dimentsioa duten proiektuetan oinarritutako banaketa-sistema izan behar duela. Horrek produkzio- eta kontsumo-puntuak herritarrengana eta bere beharretan hurbiltzen ditu, eta berez, erabaki horiek tokiko eta eskualdetako erakundeek herritarrekin batera hartu beharko lituzkete".
EH Bilduko ordezkariak nabarmendu du "herritarrak, enpresa txikiak, erakundeak (tokikoak, batez ere) gero eta gehiago kolaborazio lanetan ari dira, energia berriztagarriaren produkzio, banatze, kontsumo eta biltegiratze alorretan, autokontsumoan eta komunitateetan oinarritutako proiektuak sustatuz". Juaristik gaineratu du "esfortzu horiek guztiek, positiboak alde guztietatik, Europako Batzordearen laguntza eta sostengua ere izan behar dute, komunitatearen ongizaterako".

Azkenik, mugaz gaindiko lankidetzak duen garrantzia azpimarratu du Juaristik: "Energia eredu berri hau modu berezi batean mugaz gaindiko inguruetan sustatu beharko litzateke, sare lokalak zabaltzeko helburuarekin, trantsizio energetiko erreal eta jasangarria osatuko duena Europa mailan".