- 03 Martxoa 2017
Pertsona transexualen eskubideak urratzen dituen 'Hazte Oir' kanpaina Euskal Herrira helduko dela ohartuta, kanpaina hori gaitzestea eta pertsona transexualen aitortza eta haien eskubideen defentsan aritzen diren eragileen defentsa egitea eskatuko die EH Bilduk euskal instituzioei. Era horretara, eraginpean dauden instituzioetan ekimenak aurkeztuko ditu hurrengo egunetan.
'Hazte Oir' kanpainaren barruan, pertsona transexualen aurka egiten duten leloak dituen autobus batek Espainiako estatuko leku ezberdinak zeharkatzen ditu. Honako hau, haur transexualen eskubideen alde Chrisallys elkarteak egindako kanpainaren kontrakanpaina lotsagarri bat baino ez da.
EH Bildu Giza eskubide guztien defentsan berresten da eta beraz, pertsona transexualen eskubideen defentsa eta aldarrikapena geure egiten dugu. Era horretara, sektore ultra eta atzerakoiek bultzatutako 'Hazte Oir' kanpainak gure herrian lekurik ez duela izan behar uste dugu.
Era berean, pertsona transexualen eskubideen alde Chrysallis bezalako elkarteek egiten duten lana goraipatu nahi dugu. Haur transexualen eskubideen alde eta beren izaera gizarteratzeko Chrysallisek egindako kanpaina babestu genuen bere egunean. Sektorerik ultraeskuindarrenek eta ultrakatolikoenek Chrysallisek defendatzen dituen ideien aurka abiatutako kanpainaren aurrean, gure babes osoa agertu nahi diegu berriro elkarteari eta pertsona transexualei, eta haien eskubideak aitortuak izateko lanean jarraituko dugula iragartzen dugu.


