- 20 Ekaina 2016
Beste behin, milaka gipuzkoar elkartu ziren atzokoan erraustegia gelditu behar dela aldarrikatzeko. Oraingoan GuraSOS elkarteak deituta, Kontxako pasealekua jendez bete zen, Gipuzkoako EAJ eta PSEko agintariek diotenaren aurrean, gipuzkoar asko erraustegiak izango dituen eraginengatik benetan kezkatuta daudela argi erakutsiz.
Amasa Villabonako EH Bilduko kideak ere gure seme alaben etorkizunagatik kezkatuta gaude eta erabat babesten dugu GuraSOS taldearen ekimena. Horregatik EAJ eta PSEko agintariei erraustegiaren proiektua gelditu eta hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida zabala sustatu dezaten exijitzen diegu. Baina zoritxarrez argi ikusten dugu Diputazioaren aldetik ez dagoela eztabaida tekniko eta herritarra bultzatzeko inolako borondate politikorik, erraustegia inposatu nahi digute kosta hala kosta. EH Bilduk alternatiba erreal eta egingarria aurkezten du, merkeagoa, ekologikoagoa, herritarren osasuna babesten duena eta etorkizunerako eredu izan daitekeena. Lan horretan jarraitzeko konpromiso irmoa dugu eta horretan jarraituko dugu.


