- 28 Ekaina 2016
Lehenik eta behin, hauteskunde kanpainan zehar lanean aritu diren EH Bilduko kide eta jarraitzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, kartelak jartzen edo eskuorriak banatzen aritu direnei, kanpainako ekimentetan parte hartu dutenei, pintxoak egin dituztenet, bere autoarekin kotxe karabanan parte hartu dutenei eta nola ez, EH Bilduri bozka ematea erabaki duten herritar guztiei. Eskerrik asko!
Hauteskunde hauetan ere EH Bildu koalizioak emaitza kaskarrak izan dituela esan behar dugu, zalantzarik gabe. Amasa Villabonan 774 botorekin lehen indarra izaten jarraitzen badugu ere, abenduan baino 116 boto gutxiago izan ditugu eta beraz, gure herrian ere emaitza txarra izan dela aitortzen dugu. Ez dira espero genituen emaitzak izan. Datozen egun eta asteetan azterketa sakonagoa eta beharrezkoa den hausnarketa egin, eta herritarrekin konpartituko dugu. Garbi dugu hobetzeko, herritarrei entzuten jarraitu behar dugula.
Bestalde, zorionak eman nahi dizkiogu Unidos-Podemos koalizioari, Gipuzkoan eta Euskal Herrian hauteskundeak irabazteagatik.
Azkenik, sorpresaz eta atsekabez ikusi dugu espainiar estatuan PPk izandako garaipena. Zorionez beste behin Euskal Herria (eta Kataluina) ezbedina dela agerian geratu da eta era berean argi ikusi da Espainian aldaketa sakona ematea ezinezkoa dela, eta horrek erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren aldeko lanean tinko jarraitzeko arrazoi gehiago ematen dizkigu. #EHxit


