- 15 Ekaina 2016

Rajoy, Sanchez, Rivera eta Iglesias hautagaiak atzoko debatean
Atzo espainiar telebistan izandako estatuko lau indar politiko nagusien hautagaien -laurak gizonak portzierto- arteko debatean, denek oinarrizko printzipio nagusi bat konpartitzen dutela argi ikusi zen: Espainaren batasuna, edo beraiek dioten bezala "la unidad de España". Horretan ados daude, eta normala da, espainiarrak dira eta beren herrialdea maite dute, batzuei "patriotak" direla esatea ere gustatzen zaie. Beraz, beraien esparrua estatua da, hein handi batean Madril eta bere instituzioak. Euskal Herriaren eta euskal herritarron arazoak, "asunto periferikoak" dira beraientzat.
EH Bilduren lehentasuna ordea, Euskal Herrian dago eta hemen lan eta bizi garenon bizitza da gehien axola zaiguna. Madrildik murrizketa sozialak, gure nortasunaren kontrako neurriak, erreforma laboral inposatuak, eskubide politikoen urraketak... solik etorri zaizkigu eta guk ez dugu euskal herritarrontzat hori nahi.
Hala ere ez nahastu, estatuan benetako aldaketa politiko eta soziala emateko aukera sortzen bada, gu hortxe egongo gara gure hondar alea jartzeko, internazionalistak gara eta espainiar herriarentzat ere, hoberena nahi dugu.
Baina aldi berean garbi diogu: Madrilera joango gara, egunen batean berriro ez joateko aukerak zabaltzera. Askori gustatuko ez zaion arren, eta kanpoan edo beraien etxean jokatu arren, euskal herritarren interesak defendatzen entzun beharko gaituzte. Gure ahotsa ozenago entzuteko, garrantzitsua da EH Bildu indartsu agertzea, horregatik eskatzen dugu ekainaren 26an zure botoa EH Bildu koalizioari ematea, aukerak zabaltzeko, Madrilen gure ahotsa entzunarazteko eta laster bueltatu beharrik ez izateko.


