- 29 Ekaina 2016
Pasa den asteartean LAB sindikatuko gipuzkoako metalgintza sektoreko langileek batzarra egin zuten Villabonako Gurea zineman. Ondoren, berdura plazako eskilaratan kontzentrazioa ere egin zuten, prekarietatea salatu eta lan esparruan ere erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla aldarrikatzeko.
Sindikatu abertzaleko ordezkariek gaur egun metalgintza sektoreak duen egoera izan zuten hizpide eta, besteak beste, datorren ikasturterako LAB-ek jorratuko dituen lan-ildo nagusiak onartu zituzten, Villabonan egindako batzarrean.
Prekarietateari aurre egitea izango da LAB sindikatuak metalgintzan izango duen helburu nagusia eta, Jon Ander Goñi industria arduradunak azaldu duenez, enpresaz enpresako plangintza zehatza garatuko dute: "Bada garaia ofentsibara pasatzeko, eta patronalak lapurtutako eskubide horiek guztiak berreskuratzeko". Bide horretan, Madrilen berriki sinatu duten estatuko hitzarmena salatu zuen LAB sindikatuak, eta estatu mailan dagoen egoera tamalgarria dela adieraziz: "prekarietatea dute helburu bakar gisa".
Horrenbestez, lan-harremanetarako euskal esparru propioa aldarrikatu zuten Villabonako plazan egindako kontzentrazioan: "Hemen sortzen den aberastasuna era justu batean banatu behar dugu". Helburu horri begira elkarlan guztiei ateak zabalik utziko dizkiote sindikatu abertzaleko kideek, baina "inoren zain" ere ez direla egongo ere garbi adierazi zuten eta aldarrikapen lerroak aktibatzeko konpromisoa hartu zuten.


