EH Bilduko hautagaiak Adunan izan dira gaur lan gatazketan dauden hainbat enpresetako langileen ordezkariekin, tartean Adunako Unipapel enpresakoekin. Bileran Josu Amilibia Adunako alkatea ere izan da. Aitzol Cajaravillek (EH Bilduko hautagaia, LAB sindikatuko ordezkaria eta Arcelor Zumarragako enpresa batzordeko kidea) azaldu duenez, "egunero argi eta garbi uzten digute multinazionalek Euskal Herriko langileak eta bere familiak kolokan uzten dituztela. Tamalez Madrildik eta Eusko Jaurlaritzatik beste aldera begiratzen dute, eta ez dute soluziorik ematen kasu honetan".

adunan

Marian Beitialarrangoitia eta Josu Amilia Adunako alkatea (EH Bildu) industriako langileen ordezkariekin Adunan.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko zerrendaburuak esan duenez, "gogora ekarri nahi dugu gaur langile bat hil dela Abanton, eta horrek erakusten du egiten ez den politikaren ondoriorik latzenak, kasu guztietan, langilegoak pairatzen dituela. Batzuetan bere lanpostuak galduz, beste batzuetan bere bizitza jokoan jarriz, eta gaurko kasuan bezala, bidean bizitza utziz". Beitialarrangoitiak gaineratu duenez, "langilegoaren alde asko dago egiteko, beraiek direlako herri honetan aberastasuna sortzen dutenak. Baina tamalez aberastasuna beste batzuk eramaten dute".

EH Bilduko hautagaiak esan duenez, "industriaren aldeko eta etorkizunerako apustu sendorik ez dago ez Madrilen eta ez Gasteizen". Bere ustez, "tamalez agintari politiko batzuek beste era bateko etorkizunean eta beste parametro batzuetan jartzen dute indarra: zerbitzuetan, eraikuntzan, obra handietan...". Pasaiako Portuari buruzko azken albistea ere ekarri du gogora: "Pasaian ikusten ari garenez, sobrekostu handiekin egin da politika hori: batzuk sobreekin geratzen dira eta beste batzuk kostuekin geratzen gara. Egoera hori irauli egin behar da eta beste politika batzuk egin behar dira".