Erraustegia gelditzeagatik auzitara eraman nahi ditu PNV-PSEk kontrolatutako egungo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, aurreko legegintzaldian hondakinen kudeaketan ardura nagusia izan zuten ordezkari politikoak; GHK-ko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta eta 2011-15 legegintzaldiko Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Iñaki Errazkin. GHK-ko arduradunek haien aurkako salaketa jarriko zutela iragarri zuten duela astebete. Erraustegia eraikitzeko kontratua eten eta enpresa eraikitzaileei kalteordainetan emandako dirua itzultzea eskatzen diete.

Egoera honen aurrean, babes zabala jasotzen ari dira Intxaurrandieta eta Errazkin eta aurreko legealdian EH Bilduko eta Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Kontseiluko kide izandakoek prentsaurreko baten bidez adierazi diete beren babesa. Guztiek Intxaurrandieta eta Errazkinen aurka GHK-k abiatzekoak dituen ekimen juridikoak gogor salatu eta babes osoa adierazi zieten Intxaurrandieta eta Errazkini.

bildu incineradora kX2C U401089052355vGH 624x385Diario Vasco

Aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundian jardun zuten EH Bilduko kudeen agerraldia

EH Bilduko kideek harrotasuna adierazi zuten hondakinen kudeaketan egindako lanagatik eta bere momentuan hartutako erabakiengatik eta emandako urratsengatik. “Mandatu argia eman zitzaigun: erraustegia geldiaraztea, eta zaborrak kudeatzeko alternatiba bat aurkeztea”, zioen Ahaldun Nagusi ohi Martin Garitanok. Ekimen juridiko hauekin PNV eta PSOEk aukera politiko bati bidea ixteko nahia eta beren hitza betez erraustegia geldiarazi zutenen kontrako mendeku gosea baino ez dutela gaineratu zuten.

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua: “Herritarren hautua bete zenuten”

Auzitara eraman asmo ditutzen ordezkari politikoei elkartasuna adierazi die Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. “Lerro hauek baliatu nahi ditugu mugimenduaren babesa, maitasuna eta sustengua adierazteko Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. Herritarren hautua bete zenuten, erabaki zuzena hartu zenuten eta gainera adostutako indemnizazioak ordaindu ziren, legeak eskatzen zuen bezela. Lurraldeari dirutza aurreztu zenioten gaindimentsionatuta zegoen proiektua atzera botaz, osasuna bermatu zenuten, eskerrak ematen dizkizuegu horregatik”.

Gertaera hau tarteko, “herritarrak deitzen ditugu indar eta adore haundiagoz II. Barraskilo Operazioan parte hartzera, baita etorkizunean etorriko diren mobilizazioetan ere”. Urriaren 26rako 2. Barraskilo Operazioa deitu dute. 18:00etan Belartzatik, Decathloneko errotondatik abiatuko den autokarana ekimena.

Kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten

Gure ustez, GHK-k astelehenean hartutako erabakiarekin PNV eta PSE alderdiek zuzentzen duten foru gobernuak bide oso larria hartu du, gehiengo demokratikoetan oinarritzen diren erabakiak errespetatu ez dituelako eta konfrontazioaren bidean sakontzen ari delako.

Horren aurrean, akordioa eta elkarrizketaren alde egitea eskatzen dugu, aurreko legealdian erraustegia gelditzea erabaki zuten agintariei babes eta elkartasun osoa adieraztearekin batera.

Kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten, herri mandatua betez, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan. Legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez. Horregatik, EH Bilduren babes osoa dute, egindako lana ondo egin zutelako, arduraz, gardentasunez, legitimitate osoarekin eta legearen barruan.

Eta gainera dirua aurreztea lortu zen orduan. Horregatik salaketak ez du oinarririk. PNV-PSOE Mendeku politikoa eta interes elektorala bilatzen ari dira. Erakunde publikoak herritarren eskubideak eta interesak defendatzeko daude eta horixe egin zuten Errazkin eta Intxaurrandietak, momentu hartan zituzten ardura instituzionaletatik. Agintariak gehiengoak eta gutxiengoak errespetatu eta defendatzeko daude eta ez euren karguak bestelako helburuetarako erabiltzeko.