EH Bilduk proposamen berri bat aurkeztu du Legebiltzarrean, Jaurlaritzak euskal kirol federazioei babes osoa eman diezaien nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko egin beharreko gestioak burutzeko.

Euskal kirol selekzioen ofizialtasunari bultzada eman nahian, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du kirol federazio guztiei babes osoa emateko nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izateko behar diren gestioak egiteko orduan. Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogora ekarri du Jaurlaritzak eskatutako txosten juridiko batek argi utzi zuela 2014an euskal selekzioak ofizialak direla eta nazioarteko txapelketetan parte har dezaketela, baldin eta nazioarteko federazioek (izaera pribatua duten heinean) onartzen badute. Hala, zegozkion tramiteak beteta, Herri Kiroletako Federazioa nazioartean aritzen da egun, eta Euskal Herriko Surf Federazioa ere ofiziala izan zen bere egunean, ondorio guztiekin.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Legebiltzarrak zein Jaurlaritzak euskal federazioen alboan egon behar dute nazioartean egin beharreko urratsak eraginkorrak izan daitezen. Hori da eskatzen duguna, baina ez da nahikoa; euskal selekzio ofizialen aldeko aldarrikapena herritarren artean ere zabaldu behar da, eta horretarako proposatu dugu Jaurlaritzak gestioak egitea 2018ko uda bukatu aurretik Estaturik gabeko nazioen arteko futbol txapelketa bat antolatzeko. Gizonezkoen futbolak duen ikusgarritasuna baliatu dezakegu euskal selekzioen ofizialtasunaren alde eta, zalantzarik gabe, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda edota Katalunia bezalako selekzioekin lehiatzea urrats garrantzitsua litzateke. Hori baino lehen, urtea amaitu aurretik, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarrikapen festa antolatzea ere eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari.

Futbol Federazioko presidentearen agerraldi eskaera

Halaber, jakinda aurten gizonezkoen futbol selekzioak ez duela gabonetako ohiko partida jokatuko, Rebeka Uberak Euskadiko Federazioko presidentearen agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, bertan azaltzeko zein urrats eman duen nazioartean ofizialki aritzeko. “Euskal selekzioen gaia ez da futbolari eta gizonezkoen futbolari dagokion kontu esklusiboa, baina, egiari zor, agerikoa da gizonezkoen futbolak gizartean duen oihartzuna eta eragina gainerako kirolek baino handiagoa dela; horregatik, garrantzi berezia ematen diogu Futbol Federazioak egiten duen hausnarketari”.

euskal

Ofizialtasunaren aldarria egin zuen futboleko Euskal selekzioak 2007an Venezuelan jokatutako partiduan