- 06 Urria 2017
Europako Parlamentuan presoen urruntzearen gaia jorratu da eta gehiengoak urruntzzea salatzea erabaki du «haien senitartekoei ezarritako zigor gehigarria» delako. Gainera, Europar Batasuneko kide diren estatuei eskatu die gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan «haien zigorrak berriro aztertzeko aukera aintzat hartzeko».
Europako estatuen kartzelen egoera eta baldintzen inguruko Bergeron txostena izenekoa onartu du parlamentuak, eta han, EH Bilduk proposaturik, agertzen dira presoen urruntzeari eta larriki gaixo diren presoei buruzko aipamenak. EH Bilduko eurodiputatu Josu Juaristik «oso albiste ontzat» jo du bozketaren emaitza. Onartutakoa ez da txosten legegilea, eta, hortaz, ez da estatuek derrigorrean bete beharrekoa, baina lehenengo urratsa da Europan presoen giza eskubideak arautzeko bidean. Txostena alde handiz onartu da Estrasburgoko parlamentuan egin den bozketan: 474 boto alde, eta soilik 109 aurka.


