Mugikortasun Iraunkorraren Astea zela eta, Eguzki talde ekologistak joan den hilean salatu zuen Irun eta Brinkola bitarteko tren-zerbitzua gero eta kaxkarragoa zela. Horren adibide garbia da Renfe-k azkenaldian behin eta berriz tren-zerbitzuak murriztu izana. Gainera zerbitzu murrizketa horiek sarritan erabiltzaileei aldez aurretik abisatu gabe egin  dituzte eta ondoren Renfe-ko arduradunek ez dute inolako azalpenik eman nahi izan.

Joan den larunbatean argitaratu zen informazio batean, Renfeko langileek salaketa hori baieztatu zuten. Egun berean zazpi tren-zerbitzu murriztera ere iritsi direla nabarmendu zuten, zergatik eta nahikoa makinistarik ez dagoelako. Informazio horretan bertan, Renfeko Euskadiko Aldiriko Gerentziak “desajuste” batzuk izan direla aitortu zuen, baina zera segurtatzen zuen: Enpresa Komitearekin adostasunera iritsi ondoren egin zirela murrizketak eta ez zela berriro gertatuko.

Bada, urriaren 9an (astelehena) adierazpen horiek argitaratu eta lehen lanegunean, Renfek bost tren-zebitzu murriztu zituen. Hona hemen Groseko geltokian ikus zitekeen oharra:

Renfe abisua

Gauzak horrela, nola sinetsi Renfe-ko Gerentziari esaten duenean ez duela aukera aprobetxatuko hainbat zerbitzu behin betiko ezabatzeko?

Urteak daramatza Renfek segurtasun eta irisgarritasun alorretan, europar arauei eta Arartekoaren salaketei kasu zipitzik ere ez egiten. Orain, tren-zerbitzuak murriztea baino ez genuen falta.

Eguzki talde ekologistak bere salaketa berresten du: hemen etengabe ari dira famatzen AHTak (edo Metroak) egingo omen dituen milagroak, etengabe ari dira aldarrikatzen garraio publiko iraunkorrean mugitu beharra dugula, baina, praktikan, inbertsioak hutsaren hurrengoak dira herritar gehienek egunero erabiltzen duten trenean. Kontua ez da zerbitzua hobetzeko nahiko inbertsiorik ez dela egiten, baizik eta askotan zerbitzua bere horretan mantentzeko adina inbertsiorik ere ez dagoela.


Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du Eguzki-k egindako irakurketarekin eta Renfe egiten ari den zerbitzu murrizketa onartezina dela salatzen dugu. Renfeko arduradunei, aldirietako tren zerbitzuetan inolako murrizketarik ez egitea exijitzen diegu eta Eusko Jaurlaritzako edota Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoei, gai honi arreta jartzea eta beste alde batera ez begiratzea eskatzen diegu. Makinista nahikorik ez izatea ez da aitzaikia nahikoa horrelako murrizketak egiteko eta treneko erabiltzaileei zerbitzuan ezarritako aldaketak aurretik ez jakinaraztea lotsagarria iruditzen zaigu. Badakigu Renfe-ren portaera honek herriko jende ugariri kalteak eragin dizkiola (lanera berandu iristea...) eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu enpresaren murrizketek eta informazio faltak kaltetu dituen pertsona guztiei.  

Renfeko aldiriko tren zerbitzua oso garrantzitsua dela pentsatzen dugu eta ez dugu inolaz ere murrizketarik onartuko egunero Amasa Villabonako herritar ugarik erabiltzen duen funtsezko zerbitzu publiko honetan.