- 13 Urria 2017
Gipuzkoako Batzar Nagusietan izandako batzordean, EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok zerga erreforma fiskal serioa abiatzea eta Ekarpen Legea gaurkotzea eskatu dizkio Markel Olano PNVko diputatu nagusiari. PNVk bi neurri horiek aspaldi agindu zituen arren, huts egin du bietan, eta ez du bete ez bata eta ez bestea. Xabier Olanok ohartarazi duenez, EAJ-PSEren Foru Gobernuak bi konpromiso horiek betetzen ez dituen bitartean, langileen gaineko presio fiskalak gora jarraitzen du eta Gipuzkoak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako fiskalitatearen batzordea
Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak Finantzen Euskal Kontseiluaren azken datuen irakurketa zehatza egin du, eta diru-bilketaren azterketan, zergaz-zergako analisia egitearen garrantzia azpimarratu du. Horren arabera, argi ikusten da gaur egungo ereduarekin zerga zama handiena langileen bizkar geratzen dela. Izan ere, Gipuzkoako herritarrek PFEZ bitartez egiten duten ekarpena diru-sarreren %37a suposatzen du, eta kontsumitzaileena, BEZAren bitartez, %44a. Aldiz, Sozietateen (enpresen) Irabazien gaineko Zerga diru-bilketaren % 6,5a besterik ez da. Gainera, Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenen arabera, datorren urtean PFEZ eta BEZA %2,5 eta % 7,4 igoko dira, baina Sozietateen Zerga, %0,7 besterik ez.
Beraz, EH Bilduren iritziz, horrek argi erakusten du erreforma fiskal serio bat egiten ez den bitartean, diru-bilketaren gehiengo oso handia langileen bizkar jarraituko dutela kargatzen; zama gero eta handiagoa izango da langileentzat eta arinagoa, enpresentzat. Gipuzkoa orekatuagoa nahi badugu, etekinak lortzen dituzten enpresek ekarpen handiagoa egin behar diote gizarteari. Horregatik, EH Bilduk zerga sistema aldatu beharra dagoela azpimarratzen du, progresibitatea, justizia eta ekitatearen pritzipioetan oinarritutako erreforma integral bat.
Horretaz gain, Ekarpen Legea ere aipatu eta jorratu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Gogoratu behar da, Markel Olanok berak agindu zuela Ekarpen Legea gaurkotzeko konpromisoa. Joan den urteko abendurako jarri zuen epemuga, baina ez du hitza bete eta egoerak berdin-berdin jarraitzen du. Horrek, kalte ekonomiko handia suposatzen du Gipuzkoarako, izan ere, koefiziente horizontalak berdin jarraitzen duen bitartean, gure Herrialdeak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.


