Pasa den asteartean, Amasa Villabonako EH Bilduren deialdiari erantzunez, 100 herritar inguru mobilizatu ziren Villabonako kaleetan "Katalunia beti aurrera! Sànchez eta Cuixart askatu!" lelopean. Ibilbidean zehar "errepresiorik ez", "Katalunia aurrera" edota "Jordiak askatu" oihuak bota zituzten manifestariek. 

Astelehen iluntzean Jordi Sánchez eta Jordi Cuixart, ANC (Kataluniako biltzar nazionala) eta Omnium Cultural (independentziaren aldeko gizarte mugimendua) erakundeetako buruzagien kontrako baldintzarik gabeko kartzelaratzea ezarri zuen espainiar Auzitegi Nazionaleko Lamela epaileak. Berehala protesta deialdiak antolatu ziren hurrengo egunerako eta Amasa Villabonako EH Bilduko kideok mobilizazioa deitzea erabaki genuen. Sánchez eta Cuixart-ek zuzendutako erakunde independentistek sekulako mobilizazio ahalmena erakutsi dute azken urteetan (Diada egunetako manifestazio erraldoiak adibide garbia dira) eta beti modu baketsu eta zibikoan egin dituzte beren aldarrikapen ekimenak. Horregatik sartu dituzte preso, beraiek eta beren erakundeak osatzen dituzten milaka militante eta kideen lanak, min handia ematen diolako espainiar estatu antidemokratiko eta autoritarioari. Argi dago beraz, Sànchez eta Cuixart preso politikoak direla.

2

Mobilizazioa Malkar plazatik abiatu zen eta Berdura plazan amaitu.

Estatuak errepresio basatiaren bidea aukeratu du kataluniar herriaren gehiengoa eta demokratikoki aukeratutako Generalitat-a zapaltzeko. Bide errepresibo horretan berdin zaie ze tresna erabili, polizia eta guardia zibila baketsuki mobilizatzen den jendea egurtzeko eta epaitegiak (euskaldunok oso ondo ezagutzen dugun Auzitegi Nazionala) politika egiten ari diren pertsonak zigortu eta kartzelaratzeko.

Honen aurrean Euskal Herrian ere elkartasun mobilizazioak beharrezkoak direla pentsatzen dugu, kataluniar herriari babesa erakusteko eta estatuaren errepresioaren aurrean gure samina eta amorrua adierazteko. Ez hori bakarrik, kataluniako prozesu independentista demokratikoa babesteaz gain, Euskal Herrian ere espainiar estatuari bigarren frente subiranista zabaltzea da gure apustua. Zentzu horretan erabakitzeko eskubidearen aldeko indar sozial, sindikal eta politiko ezberdinen artean hitz egiten hasteko eta gure eskubide demokratikoak lortzeko bide orri bat adosteko urratsak ematea ezinbestekoa da, EH Bilduk lehentasuna ematen dio bide hori egiten hasteari.