- 23 Urria 2017
Pasa den ekainaren 17ko Kongresuan militanteen bozka zuzenaren bidez aukeratuak izan zirenetik, EH Bilduko idazkari sektorial guztiak lehen aldiz elkartu dira. Hurrengo hilabete eta urteetan EH Bilduk egingo dituen politika sektorialak zehazten hastea izan da bilkura honen helburua.
Urriaren 7an Gasteizen izandako EH Bilduren Konferentzia Politikoan aurkeztu zen bezala, EH Bilduk Euskal Errepublika eratzearen aldeko lana abiatu du iada. Errepublika horrek herritarren gehiengoaren beharrei erantzungo dien gizarte ongizate sistema sortzeko helburua izango du. Horrenbestez, errepublika sozial eta demokratikoa eraikitzea aldarrikatzen dugu, bertan bizi direnak zaintzeko gai izango dena.
Gaurtik hasita, errepublika horren zutabeak izango diren proiektuak lantzen hasiko dira 20 idazkaritzak. Gaur egungo markuetatik egingarriak eta errealistak izango diren proposamen zehatzak eginez joango dira idazkaritzak helburu horiek gauzatzen eta, jakina, herritarren bizitza kalitatea hobetzea eta herri eta gizarte bezala nahi dugun etorkizun duina eraikitzea izango dute helburu.
Era berean, EH Bilduk Euskal Errepublikaren oinarriak izango diren oinarrizko tresna eta egiturak definitzeko prozesua abian jarri duela iragartzen du. Gure eredu sozialaren oinarriak izango diren tresnen izaera zehazteko lan mardulari ekin diogu.
Gizarte segurtasuneko sistema publikoaz ari gara. Arreta berezia jarriko diogu pentsioen sistemari, finantza sistema propioari, gizarte babesari, lan harremanen esparru propioari, administrazio publikoari eta etorkizuneko osasun eta hezkuntza sistemei. Horiek guztiak sakon aztertu behar ditugu, aldaketak praktikan ezarri behar izango direnean prestatuak egon gaitezen.


