Laburrak
Enirio-Aralar Mankomunitatearen azken bi batzarretan gertatutakoaren ondotik, Gipuzkoako EH Bilduk bere iritzia kaleratu nahi izan du, batzarkide taldeko bozeramailea den Xabier Olanoren ahotik.
Mankomunitateko azken batzarrean EH Bilduko ordezkariek ez joateko erabakia hartu zuten. Zergatik?
Badaude pare bat arrazoi pisuzkoak. Batetik, eskaera egina zegoen adostasunez Aranzadiri eskatutako txostenaren aurkezpena antolatu behar zela, eta hori ez zuen nahi izan Mankomunitatean zegoen gehiengoak. Horrekin batera, eraso gisa har daitekeen protesta bat izan zen gure udal bateko ordezkari baten aurka [Iñaki Aizpuru, Itsasondoko ordezkaria], eta ez dugu uste hori bidezkoa denik, inondik inora. Eta iruditu zitzaigun ez zegoela behar bezalako baldintzarik hausnarketa eta gogoeta lasaia eta zentzuduna egiteko.
Hurrengo batzarretara joateko asmorik duzue?
Batzar bakoitzean gai zerrenda bat izango da. Zerrenda horren arabera eta lehendakaritzaren eta beste udalen jarreraren arabera, erabakiko dugu joan ala ez. Egin beharreko gogoeta da Enirio-Aralar Mankomunitatean gauzak asko gaiztotu direla azken bolada honetan. Gure ustez legealdi honetan mankomunitatearen lehendakaritza duen Santamaria jaunak eta EAJk oso jarrera partziala hartu dute. Batzuek eskatu dutena oso-osorik betetzera joan dira, baina beste inori kasurik egin gabe. Ez dugu uste hori denik biderik egokiena mankomunitate bat interes orokorraren arabera kudeatzeko.
Kudeaketa partzialaren adibiderik eman dezakezu?
Ezin da ahaztu Mankomunitateak kudeatzen duena Parke Natural bat dela, aspaldian Eusko Jaurlaritzak izendatua, eta Parke Natural baten eginkizun nagusia bere ingurumen balioak mantentzea, errespetatzea eta gordetzea dela. Beraz, ezin da ulertu, eta errespetu osoz, edozein eragilek eskatutako eskaera guztiak ehuneko ehunean betetzea, beste inori kasurik egin gabe. Orain arte Mankomunitateak onartu duen kudeaketa plana izan da ehuneko ehun abeltzainek eskatu diotena. Abeltzainek errespetua merezi dute, eragile garrantzitsuak dira, kontuan hartu beharrekoak, baina ez dira bakarrak. Mankomunitatearen barruan dauden interes guztiak kontuan hartu behar dira.
Kudeaketa plana 2016an onartu zen. EH Bildutik, Amezketa, Orendain eta Ataungo ordezkariek baiezkoa bozkatu zuten. EH Bilduren beste lau ordezkariak ez ziren sartu batzarrera. Koalizioaren barruan izaten ari diren tirabiren adibide da hori. Zer irakurketa egiten duzu?
Beti esan izan da EH Bildu koalizio irekia, zabala eta anitza dela, eta kasu honetan hori begi bistan geratzen da. Gai horiek jorratzeko garaian, ordezkari bakoitzak bere iritzi pertsonala edo bere herriaren iritzia bakarrik hartzen badu kontuan, edo lehen esan dudan bezala, ganaduzalea izan edo ez, ikuspegi partziala baldin badu soilik, zaila da denok iritzi eta jarrera bateratu bat edukitzea. EH Bildutik saiakerak egin dira iritziak bateratzeko, baina ez da posible izan, ordezkarietako batzuk ikuspegi partzial horiek lehenetsi izan dituztelako. Eta hori izan da gure arazoa neurri batean, baina horrek erakusten du erakunde bateko ordezkariak bere iritziak gauza guztien gainetik jartzen baditu, horrelako arazoak sor daitezkeela. Espero dugu etorkizunean hori bideratzea.
Nola bideratuko da? Esaterako, azken batzarrean Amezketako ordezkaria, Ainhoa Zuriarrain, bertan izan zen, beste EH Bildukoak joan ez ziren bitartean.
Mankomunitateko ordezkariak ez dira alderdi batekoak edo bestekoak, herri batekoak dira. Bere garaian legealdi hasieran Amezketako Udalak erabaki zuen bere ordezkaria pertsona bat izango zela. Orain Amezketako Udalak aztertu beharko du ordezkaritza hori egokia den ala ez, eta aldatu behar duen ala ez.
Etorkizunera begira, uste dugu gai honek garrantzi berezia duela. Egin behar diren txosten guztiak aztertu ondoren, gure jarrera zein izan behar den ondo finkatu behar dugu, eta hori gure programetan dagoenean, eta gure hautagaiek hori defendatzeko konpromisoa hartzen dutenean, orduan bai exijitu ahal izango zaie denon artean adostu dugun hori betetzea.
Aranzadiren txostena mankomunitatean aurkeztea jorratu zenean, polemika izan zen EH Bilduko eta EAJko kideen artean, txostenaren eskatzaileari buruz.
Ikusita zer lotsa gutxi izan duten batzuk, nabarmena dena ukatzeko, nik gauza batzuk argi eta garbi esan behar ditut. Lehenengo interlokuzio saiakera EAJk berak eskatu zigun guri 2017ko hasieran, eta gaiari buelta batzuk eman eta gero, pentsatu genuen ona zela berez gatazkatsua eta giro txarra sortu zuen gai bat, ahal izanez gero elkarrizketaren bidez bideratzea. 2017an zehar hiru bilera zehatz egin ziren EAJ eta EH Bilduko ordezkarien artean. Bakoitzetik hiru ordezkari ginen, eta hiru bileretan ordezkaritza berdina mantendu zen. Lehenengoan adostu genuena izan zen, konponbide bat bilatze aldera, prestigioa zuen elkarte zientifiko bati eskatu behar geniola gaia aztertzea. Eta adostu genuen Aranzadi izango zela, eta txosten hori 2017ko martxoan eskatu genuen. Txostena aurkeztu zigun EAJri eta EH Bilduri. Eta txosten horren ondorio nagusia zen, Aralarren beste edozer egin baino lehenago, bertako larreen azterketa eta plangintza egin behar zela, hau da, Larreen Antolaketarako Plana (LAN) deritzona. Baina EAJri ez zitzaion gustatu egiten zen eskari hori, eta esan zuen berak zituen asmoetarako ez ziola balio txosten horrek eta ez zuela aintzat hartuko.
Eta zein da zuen erantzuna horren aurrean?
Guretzat Aranzadi bada eragile garrantzitsua, hamarkadetako lan oso serioa egin duena, eta orain ere gure ustez hala egin du. Esaten du Aralarren bai ingurumen helburu horiek bete ahal izateko, bai bertan zeresana duten eragileek, hasi artzainak, abeltzainak, ingurumen zaintzaileak, mendizaleak, denen arteko interesak ondo aztertzeko, derrigorrezkoa dela jasotzea larreen antolakuntza bat. Eta beste gauza batzuen artean, ea Aralarren zenbat ardik, behik eta behorrek bazkatu dezaketen. Eta lan hori derrigorrezkoa da. EAJk ez du egin nahi izan. Eta orduan, nahiz eta berez hori ez litzatekeen gure ardura zuzena, EH Bilduk eskatuko du plan hori egitea eta guk ordainduko dugu.
Kudeaketa Planean pistak egitea aurreikusten da. Zer iritzi duzue?
Nork bermatzen du kudeaketa plan horretan esaten diren pistak eginez gero artzaintzak iraungo duela beste ehunka urte? Artzaintzak eta Aralarrek zailtasun batzuk dituzte, eta gerta daiteke epe motzera artzainek eta abeltzainek eskatzen dituzten pista horiek lagungarri izatea, baina epe ertain edo luzera beraientzat ere kaltegarri izatea, eta Aralarrentzat kaltegarri izatea. Hori aztertu egin behar da, horrelako zerbait egin aurretik.
Orain arte egin dena Goroskintxuko pista izan da. Aurreko legealditik adostasunez zetorren pista bat zen, baina egin den moduaren inguruan iritzi ezberdinak daude. Eta ez dugu ahaztu behar epaileek tramitera onartua duten salaketa bat dagoela, eta Mendietako zuzendariak epaitegitik pasa behar izan duela. Kudeaketa planak beste pista batzuk aurreikusten ditu. Gure ustez ez daude inondik inora justifikatuak, ez dago bermatua pista horiek lagungarri izango diren ala ez artzaintzarako. Horiek guztiak argitu bitartean, ez da pista berririk egin behar Aralarren. Azken urteetan ardiburuak jaisten joan dira eta gorantz doazenak behorrak eta behiak dira. Gauza asko neurtu behar dira mendian makinak sartu eta erremediorik ez duen zerbait egin aurretik. Gu mundu guztiarekin hitz egiteko prest egon gara eta gaude. Uste dugu Aralarren etorkizuna denon artean erabaki behar dugula.
Legebiltzarrak Katalunian atxilotuak kaleratzea ere galdegin du. Maddalen Iriartek salbuespen egoera salatu du. “Espainiak bere batasuna beste edozeren gainetik jarri du, giza eskubide eta demokraziaren gainetik ere”.
Maddalen Iriartek garrantzitsutzat jo du Legebiltzarrak, EH Bilduren ekimenez, gaur egindako adierazpena, Osoko Bilkurak –EAJ, Podemos eta EH Bilduren beraren botoekin– Konstituzio espainolaren 155. artikulua indargabetzea eskatu baitu, bai eta urriaren 1eko erreferendumaren ondorioz Katalunian atxilotutakoak kaleratzea ere. Halaber, Legebiltzarrak Gobernu espainolari galdegin dio oztoporik ez jartzeko hauteskunde autonomikoetara aurkeztu ziren eta kartzelan edo atzerrian dauden hautagaiei, eta, horren haritik, ez eragozteko Govern eta presidentearen inbestidura saioa, Kataluniako instituzioak lanean has daitezen bertako gehiengoak hauteskundeetan adierazitako borondateari jarraituz.
Maddalen Iriarte Gasteizko legebiltzarrean
Iriartek ohartarazi du Estatu espainola salbuespen egoeran dagoela zigorgabetasuna erabatekoa delako Estatuko botereek nahieran joka dezaten Espainiaren batasuna bermatzearren. “Espainiak bere batasuna beste edozeren gainetik jarri du, eta prest dago demokrazia eta elkarbizitza dinamitatzeko, batasuna defendatzearen truke. Ez dago ezer inportanteagorik Espainiaren batasuna baino, ez giza eskubideak, ez demokrazia, ez ezer. 155. artikulurik gabe ere, Estatu espainola salbuespen estatua da; Espainiak ez du 155. artikulua behar, Espainia bera delako 155. artikulua”. Horren adibide da sistema judiziala, zeinak “oso delitu larriak leporatu dizkien Kataluniako hainbat ordezkariri eta aldi berean uko egiten dion haien kontra egiteari Estatuko mugetatik kanpo, barregarri ez geratzeagatik”.
EH Bilduko bozeramailearen iritziz, 155. artikulua aplikatuta, “Madrilek herri oso bat, Katalunia, umiliatu nahi izan du, bertako instituzioak gutxietsi ditu, argi uzteko nork dituen hogeita hamaika eskutik”.
Pasa den larunbatean, hilak 21, Euskal Herria Bilduk ohiko Batzar Nagusia egin zuen Bilboko EHU-ko Bizkaia aretoan. Ehunka kide eta militantek parte hartu zuten eta Amasa Villabonako ordezkaritza ere bertan izan zen.
Jorratu ziren gaien artean, 2019ko udal eta foru hauteskundeen kontestuan EH Bilduk herriz herri eta auzoz auzo egin beharreko lana izan zen esanguratsuena. Herri eta auzoetan EH Bildu eraldatzailea martxan jarri nahi dugu, herritarrekin eskuz esku, elkarlanean. Gure herrietako bizilagunek, gertuko eta konfiantzazko EH Bildu bat behar dute eta guk hori errealitatea izan dadin lan egingo dugu. Etorkizunera begira jarriko gara, etorkizun hobe bat eraikitzeko, gure herri eta auzoetako egoera hobetzeko, jendea hobeto bizi dadin. Horretarako beharrezkoa izango da gure herriak duen egungo egoera ondo ezagutzea, hobetu daitezkeen puntuak identifikatzea eta horri erantzuteko ideia, proiektu eta iniziatibak mahai gainean jartzea. Lan guzti hori guztia, zuekin, herritarrekin batera egin nahi dugu, herriko jendea eta elkarte zein eragileak entzun nahi ditugu, gure herria hobetzeko proposamenak bildu eta etorkizunerako ibilbide orri konpartitu bat osatu eta martxan jartzeko helburuarekin.
Bestalde, hauteskunde zerrendak egiteko prozedura eta erreglamenduaz hitz egin zen Bilboko batzar honetan. EH Bilduk hauteskunde zerrendak osatzeko metodologia garden eta demokratikoa jarriko du martxan, bai herrialde mailan (Foru Aldundietako hauteskundeetan) eta baita herriz herri ere. Hauteskunde hauetan, EH Bilduko kide edo militanteez gain, horrela nahi luketen herritarrek modu irekian parte hartu ahal izango dute lehen aldiz. Hau da, alkategaia eta herriko zerrendaren aukeraketa erabat irekia, gardena eta demokratikoa izango da. Zehazki hau nola egingo den azaltzeko datozen hilabeteetan Herri Batzarra egingo dugu eta herritarrei informazio zuzena helaraziko diegu herraminta edo tresna ezberdinen bidez.
Azaldutako planteamendu hauek EH Bilduko zuzendaritza politikoak aurkeztu zituen eta proposamenek, batzarrean parte hartu zuten ordezkari eta militanteen babes zabala jaso zuten.
Batzarraren amaieran egungo egoera politikoaren inguruko hausnarketa egin zen eta amaitzeko Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari orokorrak hartu zuen hitza. ETAk argitaratutako azken oharra, PNVren eta beste alderden erreakzioak, pentsionistak etab. izan zituen hizpide.
Batzar Nagusiaren bideo laburpena: https://www.youtube.com/watch?time_continue=3&v=_WMFIjZ8II4
Arnaldo Otegiren hitzartzea: https://www.youtube.com/watch?v=8CbBJmgxcJY&feature=push-sd&attr_tag=D9ZaASEAMsLfPle5-6
Pasa den asteburuan Aiztondo bailaran Altsasuko auzipetuekin elkartasun ekimenak burutu ziren #EzDaPosible lemapean. Ostiral arratsaldean auto karabana eta elkartasun argazkia egin ziren: Autokarabana Villabonako Txermingo kamioien aparkalekutik abiatu zen, eta Zizurkilgo Danena futbol zelaiaren atzekaldeko aparkalekuan amaitu zen. Ondoren, Joxe Arregi plazan elkartasun argazkia atera zuten. Larunbatean berriz, Altsasurekin elkartasuna adierazteko bertso afaria izan zen Villabonako Gaztetxean.
Hemen duzue ekimen hauek jasotzen dituen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=tRw66lj0oTI
Parte hartzaileek datorren apirilaren 14an Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.
Pasa den asteazken arratsaldean 50 lagun inguru elkartu ziren Villabonako anbulategiaren aurrean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak egindako deialdiari erantzunez. Gipuzkoa osoko 21 herritan egin ziren elkarretaratzeak eta guztira ehundaka herritarrek bat egin zuten aldarrikapen eta protesta ekimen honekin. Errausketaren Aurkako Mugimenduak aurrera jarraitzen du bere gizarte dinamikamikarekin eta besteak beste, hondakinen kudeaketan erraustegiaren eta beste alternatiben arteko gizarte eztabaida publikoa (EiTBn eta beste komunikabideetan) eta teknikoa egitea eskatzen diote PNV eta PSEk zuzentzan duten Foru Aldundiari. Besteak beste EH Bildu eta Podemos alderdietako kideak parte hartu zuten mobilizazio honetan.
Villabonan egindako elkarretaratzearen irudia
Hau da anbulategien aurrean egindako elkarretaratzeetan irakurri eta zabaldu zen adierazpena:
Azken aldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteak kezka areagotu besterik ez dute egin gure gizartean. Ez soilik azken aldian, oraindik gogoan dugu Anbereseko erraustegia nola lehertu zen edota Estatu Batuetan eta Sardinian kiskali ziren erraustegiak, baita Mexikon eta Japonen duela ez asko, edota Zabalgarbiko “Q” fiebrearen isuria. Hauek denak erraustegien ondoan bizitzearen arriskuak agerian utzi dituzte.
Baina batez ere osasunarekin erlazioa duten albisteek piztu dute alarma. Berriki CSIC-eko ikerlariek Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena aztertu dute eta ikusi dute baimendua dagoela 12 sustantzia toxiko oso larri isurtzea mugagabe eta kontrolik gabe. Gipuzkoarroi hau ezkutatzea oso larria iruditzen zaigu. Berriki ere Parisen epai historiko bat jaso da: Parisko auzitegiak arrazoia eman die Vaux-le-Penileko erraustegiak kaltetutako 165 herritarrei eta zigor gogorrak ezarri dizkio kutsaduraren ardura eduki zuen Meluneko mankomunitateari. Izan ere baimendutakoa baino 1.700 aldiz dioxina gehiago isurtzen zuela aurkitu zuten 1998an egindako ikerketan. 2002an egindako ikerketetan dioxinak legez ezarritakoa baino 2.200 aldiz gehiago eta kutsatzaile organiko oso toxikoak antzeman zituzten. Marseilan erraustegiaren inguruko elikagaietan dioxinak topatu dituzte.
Montpelierren ere azaldu ziguten, erraustegi modernoenek ere 2000 sustantzia isurtzen dituztela eta horietatik soilik 50 neurtzen direla. Txosten batek baieztatu zuen ingurukoen gaixotasun larriek horrekin lotura zutela. Pisan (Italia) ere antzeko txosten eta emaitzak, gaixotasun eta heriotzak. Azken honetan erraustegia ixtea erabaki dute. Ezin ditugu ahaztu Madrileko Valdemigomez inguruko bizilagunen testigantzak, denak norabide berdinean; usai txarrak, minbiziak eta heriotzak.
Gertakari guzti hauek kontutan hartzea eskatzen dugu, Zubietako obren berealako geldialdia eta frogatuak dauden alternatiba merke eta osasuntsuen ezarketa. Gure osasuna bermatzea exijitzen dugu eta prebentzio printzipioa ezarri dadila, hala nola, eztabaida publiko eta tekniko bat EiTB-n, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz.
Errausketaren Aurkako Mugimendua
2018ko apirilaren 18an
EH Bilduk tamalgarritzat jo du PNVk euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko erakusten duen ezintasuna. Euskarazko hedabideak babesteko proposamenari ere ezezkoa eman diote jeltzaleek.
Legebiltzarrak Euskararen Agenda Estrategikoa eztabaidagai izan du gaur eta, tamalez, PNVk agerian utzi du berriz ere borondatea falta zaiola euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko. Rebeka Uberaren iritziz, “Jaurlaritzak ezin du esan gaurkoan ekarri digun Euskararen Agenda estrategikoa denik, ez dielako herri honek hizkuntza arloan dituen beharrei erantzuten, PNV-PSE gobernuaren interes politikoari baizik”.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea
Talde parlamentarioen proposamenen botazioa horren isla izan da. EH Bilduk proposatu du euskara ikasketak doakoak izan daitezela gutxienez B2 maila lortu bitartean, eta Lakuak hala berma dezala. Podemos ere ados agertu da, baina PNVk, ordea, PP eta PSErekin bat egin du, ekimenaren aurka, eta atzera bota dute. Berdin egin dute Uberak euskarazko komunikabideak babestu beharra aldarrikatu duenean.
Euskararen etorkizuna bermatzeko hedabideek berebiziko garrantzia dutela jakinik, EH Bilduko legebiltzarkideak eskatu du Jaurlaritzak sektore hori babesteko eta harekin finantziazio eredu iraunkorra adosteko, berrikuntza erronkei aurre egin ahal izan diezaien. PNV, PP eta PSEk, hala ere, bertan behera utzi dute proposamena.
Akordioa egon da, aldiz, hezkuntza arloan Jaurlaritzari galdegiteko urratsak eman ditzala ikasle guztiek gutxienik B2 euskara maila izan dezaten DBH amaitzen dutenean. Horren ildotik, Uberak ohartarazi du horrek aldaketak eskatzen dituela: hizkuntza ereduen sistema gainditzea eta murgiltze eredua ezartzea.
PNVko Olatz Peon alkateak eskumenaren (edo udalak duen eskumen faltaren) argudioa aitzakia hutsa da auzi honetan ez bustitzeko edo lanik ez egiteko. PNV, PSE eta PPk bilatzen duten paralisiaren aurrean, EH Bilduk ez du lan mahai inter-instituzionala sortzea beste aukerarik aurreikusten.
Gutxieneko adostasunak badirela argudiatuz, osasun sailera jotzea Tolosako Udalaren ardura dela nabarmendu dute Ibai Iriarte eta Cristina Pelaez Tolosako EH Bilduko zinegotziek.
"Momentu honetan, lan mahairik ez osatzea ez da gure aurreikuspenetan sartzen". Hala azpimarratu du Ibai Iriartek agerraldi publikoan. Cristina Pelaezekin batera, biek hizpide izan dute, Tolosako azken osoko bilkuran osasunaren lan mahaia osatzeko mozioak izandako erantzuna: "Denok batera, Tolosaldearentzat egokia izan daitekeen proposamen bat eraman behar dugu eskumena duen organora, presioa egin eta behin betiko irtenbide bat eman diezaioten".
Osoko bilkurak emandakoa gogora ekarri dute, azalduz, PNVk lan mahaia osatzearen aurkako botoa eman zuela, udalak horretarako eskumenik ez duela azalduz, eta PSEk atzera egin zuela bere adierazpenetan, lan mahaiari uko eginez. Horrela, EH Bildutik hiru norabidetan egin diete kritika, udal gobernuko PNV eta PSEri.
Batetik, EH Bilduren udal taldeak aitzakiatzat jo du eskumenen inguruko argudiaketa, eta arazoari aurre ez egiteko modu bat dela azpimarratu dute agerraldian. Bide horretan, Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren sorrera baliatu dute, aldeko adibidetzat: "Garapen agentzia sortu zenean, udalek bat egin zuten langabeziari aurre egiteko eta, eskumenik izan gabe, lanean hasi ziren. Udalak, herritarren defentsa eta babeserako tokiko administrazio izanda, ezin dio bizkarra eman Tolosaldeko osasun arretaren egoerari".
Ibai Iriarte eta Cristina Pelaez Tolosako EH Bilduko kideak
Halaber, duela 30 urte Tolosaldeko alkate guztiek egindako manifestazio entzutetsua ere gogora ekarri nahi izan du EH Bilduk, eskumenik ez izanagatik, guztiek bat egin zutela azalduz: "Garai hartan kontzertazioa eskatu zuten, bestela eskualdea klinikarik gabe geratuko zelako. 30 urtean, ordea, hitzarmenaren baldintzak eta arreta asko aldatu dira, eta Tolosaldeko udalek orduan bezainbesteko zilegitasuna dute, osasun sailari konponbide bat eskatzeko".
Hain justu, EH Bilduk irtenbide saiakerarik ez egitea egotzi die PNVri eta PSEri: "Arazoa, ondorioak eta ondorioen eraginak jasaten dituztenak entzun dituzte, baina, lan mahaiari ezezkoa ematearekin, konponbiderako saiakerarik ez egitea erabaki dute", gaitzetsi du Pelaezek. Horren harira, Iriartek gaineratu du "alkateak berak gutxieneko hiru adostasun" zerrendatu zituela, bai batzar monografikoan, bai osoko bilkuran: zerbitzu publikoa izatea, doakoa izatea eta kalitatezkoa izatea.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko ESIen balorazioa izan dute hizpide, Tolosaldeko ESIa gainerako ESIen parametroetan neurtu izana salatuz: "Behin eta berriz aipatzen ari dira Tolosaldekoa 6. ESI hoberena dela, baina Tolosaldeko ESIa ezin da gainerakoen parametroetan neurtu". Besteak beste, ESIko zerbitzuaren barruan kudeaketa pribatuko klinika bat izatea parametro horietatik kanpo kokatu du EH Bilduk: "Izan ere, kudeaketa publikoa duen ospitale publiko batean, zenbait baldintza eztabaidaezin bermatu egiten dituzte. Hala nola, profesional kopurua, profesional horien prestakuntza, lan baldintzak nahiz Osakidetzako programa informatikoan klinika pribatuek sarbiderik ez izatea", azaldu du Pelaezek.
Horrenbestez, Tolosako EH Bilduk orain arteko bidean jarraituko duela iragarri du, lan mahaia beren agendako lehentasuntzat joz: "Hau ez da oraingo kontua, gutxienez 2011z geroztik datorren zerbait da, eta denok dakigu eskualdean arazo bat dagoela. Lan mahaia da auzi hau konponbidera begira jartzeko gunea".
Irun, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Pasaia, Oiartzun, Donostia, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Andoain eta Usurbilgo hautetsiek euren lurraldearen garapen iraunkor eta orekatuarekin lotutako eskaintza egin dute EH Bilduren izenean.
Kezka dute, eta kezka hori partekatua da Gipuzkoako hainbat sektore sozioekonomikotan, merkataritza-gune handien zabalkundeak hankaz gora jar ditzakeelako dagoeneko ahul samarrak izan daitezkeen orekak.
Gaur egun, Donostia inguruan, ekialdetik mendebaldera, merkataritza-gune handiek 180.000 metro koadro hartzen dituzte: Txingudi, Lintzirin, Urbil, Garbera, Belartza… Gaur egungoa gutxi ez, eta azken aldian maiz ari dira iristen merkataritza-gune handiei buruzko albisteak. Gune berrien proiektuak nonahi sortu dira. Eta kezkatuta daude, izan ere, merkataritza-gune handiak sortzeko edo oraingoak zabaltzeko gaur egun mahai gainean dauden proiektu guztiak gauzatzen badira, beste 200.000 bat metro koadro izango direlako, datozen urteetan, eremu txiki honetan. Besteak beste: Zaldunbordako outlet berria, Hondarribian (40.000 metro koadro); Garberaren zabalkundea, Ilunbe eta Belartza 2 Donostian (beste 100.000 metro koadro baino gehiago); Teresategi eta Michelin, Lasarte Orian (37.000 metro koadro); Urbilen handitzea, Usurbilen (37.000 metro koadro)…
Donostialdea, Bidasoa eta Buruntzaldeako EH Bilduko alkate eta hautetsiak, prentsaurrekoan
Proiektu horiek guztiak eta aurreikusitako beste batzuk gauzatuz gero, merkataritza-gune handien azalera ia bikoiztu egingo da Bidasoaldean, Oarsoaldean, Donostialdean eta Buruntzaldean. Donostialdea, de facto, korridore komertzial handi bat bihurtuko litzateke.
Paradoxikoki, handitzeko joera hori ez dator bat mundu zabalean, eta hemendik gertu ere, nabarmentzen den ereduaren krisiarekin. Gaur egun, merkataritza-guneak ixten ari dira. Joera orokorra da, bestelako eredu batzuek, bereziki online merkataritzak, hartu duten indarrarengatik. Hala, gaur egun salerosketak hiru bide nagusi ditu: merkataritza-gune handiak, internet bidezko salerosketa eta dendari txikiak. Bakoitzak bere tokia izan dezake, baina lurralde osoaren garapen iraunkorra bilatu nahi bada, eta herri eta auzo biziak nahi badira, oreka ezinbestekoa da. Proiektu berrien presakako tramitazioek desestabilizazioa ekar dezakete. Onar dadila orain ere ahula dela oreka hori eta kaltetu nagusia, zalantzarik gabe, merkataritza txikia dela. Datu bat ematearren: azken hamar urtean, Donostian, 557 denda itxi dira.
Donostia inguruan aurreikusten diren merkataritza-gune handien inguruan dauden proiektu guztiak aurrera ematen badira, beraz, oraingo oreka ahula lehertu egingo da erabat. Eta kaltetuak dendari txikiak izango dira, eta haiekin batera, herriak eta herritarrak. Merkatari txikiak herrietako sare ekonomikoko eta sozialeko parte ezinbestekoa direlako.
Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da sektorea erregulatzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza-, kontsumo- eta bizi-ohiturak zaintzea, eta herrietako izaera, erro sakonak dituena, babestea.
Justu, orain, Eusko Jaurlaritza merkataritza-gune handiei buruzko Lurralde Arloko Plana egiten ari da -aurrekoa 2004koa zen- eta han jasoko diren arauek eragin nabarmena izango dutela sektorean.
Donostia inguruan, eki eta mendebaldean, merkataritzaren inguruko oreka erabat hauts daitekeela-eta, eta dendari txikien defentsan, EH Bilduk honako eskaintza hau egiten die gainerako indar politikoei eta, bereziki, haien ardura instituzionalarengatik, PNV eta PSEri: batetik, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Arloko Plan berrian, merkataritza-gune handiei 2004an ezarritako mugak berreskuratzea, eta bestetik, moratoria bat aplikatzea. Eta, halaber, plan hori onartu bitartean, Donostia inguruko udalek inongo garapenik ez ahalbidetzea.
Horrela, indar politiko nagusien artean egoeraren diagnostikoa egin eta, erabaki okerrak hartu baino lehen, ahalik eta akordio politikorik zabalena egiteko aukera izango litzateke.
EH Bildu koherentea izango da planteamendu honekin, eta EH Bilduren udaletan lantzen ari diren arau subsidiarioen berrikuspenetan edota plan orokor berriak aipatutako irizpideon arabera egiteko konpromisoa hartzen du.
Arduraz jokatzeko garaia dela uste dute EH Bilduko hautetsiek, izan ere, orain hartuko diren neurriek erabat baldintza dezakete gure eskualdeetako dendari txikien etorkizuna eta, ondorioz, auzo eta herrien bizi-kalitatea, lokal hutsez beteriko kaleak eta plaza hutsak inork ez dituelako ikusi nahi; lotarako herrietan inork ez duelako bizi nahi.
EH Bildu koherentea izango da apustu honekin, eta PNVk eta PSOEk berdin egitea espero du.
Agerraldiaren bideoa: https://www.youtube.com/watch?time_continue=1&v=2UA25_N5cv0
Gipuzkoako Batzar Nagusietan PNV eta PSEren Foru Aldundiak aurkeztutako zerga erreformeei zuzenketak aurkezteko epea amaituta, EH Bilduko Batzarkide Taldeak, guztira, 28 zuzenketa aurkeztu ditu: osoko zuzenketa bat eta 27 zatikako zuzenketa. Euskal Herria Bilduko bozeramale Xabier Olanoren hitzetan “zuzenketen helburua progresibitatea eta ekitatea bermatzea da, gehien dutenek gehiago ordain dezaten”.
Horietatik, Osoko zuzenketa bat eta 4 zatikako zuzenketa aurkeztu dizkio Euskal Herria Bilduk Ondare gaineko Zergaren erreformari.
Zerga horren kasuan, Olanok zera azpimarratu du: “bereziki larria da Aldundiak kuota osoaren muga (“escudo fiscal” deiturikoa) berreskuratzeko duen asmoa. Izan ere, hori zergaren progresibitatearen aurka doa zuzen zuzenean, eta soilik aberatsenak saritzen ditu”.
Zerga erreformaren memoria ekonomikoaren arabera, ondare zergaren aitortzaileak 7.538 dira, (gipuzkoarren % 1), eta zerga horren bidez ahalmen ekonomiko handiena duten gipuzkoar horiek ekarpen handiagoa egiten diote gizarteari.
Foru gobernuak egin nahi duen aldaketarekin “zerga ezkutua” delakoa (“escudo fiscal”) baliatuko luketen 875 zergadunek batez beste 37.794 euro gutxiago ordainduko liokete Gipuzkoako Ogasunari. Guztira, 33 miloi gutxiago jasoko lirateke, diru hori ezinbestekoa denean herritarren ongizatea bermatzeko.
Baina memoria ekonomikoan are eta larriagoa den beste datu bat ere ematen da: zehazki, Gipuzkoan bizi diren eta 12,8 miloi euro baino aberastasun handiagoa duten 38 pertsonetako bakoitzak, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko lioke urtero Ogasunari.
EH Bildurentzat eskandalugarria da oso PNVk Gipuzkoako 38 aberatsenei urtero 15 miloi t’erdi oparitu nahi izatea; eta lotsagarria PSEk neurri hori babestea.
Xabier Olano EH Bilduko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Beste 23 zatikako zuzenketa zerga arau batzuetan aldaketak sartzen dituen Foru Arau Proiektuari aurkeztu dizkio EH Bilduk, gehienak Pertsona Fisikoen gaineko Zergari eta Sozietateen gaineko zergari dagozkionak. Beste gauza askoren artean, EH Bilduk Sozietateen gaineko zergari “Sozietateen mozkinen gaineko zerga” deitzea proposatzen du, izena aldatuz; modu horretan, zergapetzen dena soilik mozkina dela argiago utziz eta ez enpresa jarduera.
Zerga horretan ere, proposatzen dugu mozkinen zenbatekoaren arabera zergapetzea, sozietateen gaineko zergaren progresibitatea handituz.
Halaber, enpresek kenkariez baliatzeko denbora 5 urteetara mugatzea proposatzen dugu, Aldundiak proposatzen dituen 30 urteen ordez.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, proposatzen dugu errentaren oinarri likidagarri guztiei eskala bakarra berrezartzea, kapital eta lan errenten arteko banaketa gaindituz.
EH Bilduko bozeramale Xabier Olanoren hitzetan “duela 12 urte PNVk eskala bakarraren bidez zergapetzen zena bi eskalatan banandu zituen, kapital errentak sarituz lan errenten gainetik; modu horretan, lanaren ahaleginetik eratortzen diren errentak gehiago zergapetzen dira eta espekulaziotik eratortzen direnak, berriz, gutxiago. Hori langile klasearekiko diskriminazioa da eta horrekin amaitu beharra dago”.
Amaitzeko, eskalaren azken tipoa igotzea proposatzen du EH Bilduren taldeak, % 50ean kokatuz, eta etxebizitzaren alokairugatiko kenkariak handitzea, etxebizitzen alokairua gehiago sustatzeko.
“Enpresek berdintasunaren bidean urratsak ematea sustatu nahi dugu horren bidez”, azaldu du Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak. Proposamenak egin ditu gurasotasun baimen parekoak sektore pribatura hedatzeko eta industrian emakumeen presentzia indartzeko, botereguneetan kuotak ezarrita.
Martxoaren 8ko greba feministaren bezperetan, EH Bilduk proposamen zehatzak aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean parekidetasunaren bidean aurrera egiteko, emakumeek egun pairatzen duten arrakala iraganeko kontua izan dadila lortzeko. Jasone Agirre eta Oihana Etxebarrietak EH Bilduko kideek aintzat hartu dituzte Administrazio Publikoan ematen ari diren urratsak, baina ezinbestekotzat jo dute aurrerapauso horiek sektore pribatura hedatzea.
Helburu horrekin, EH Bilduk enpresetan berdintasun ziurtagiria sortzea proposatu du. Etxebarrietak azaldu duenez, “enpresa guztiak bultzatu nahi ditugu berdintasunaren bidean urratsak ematera; ziurtagiri horrek adieraziko luke enpresa bide horretan ari dela, kontziliazio eta berdintasun planak martxan jartzen dituela, emakumeen parte-hartzea sustatzen duela… eta, bost urteko epean, ziurtagiria edukitzea ezinbesteko baldintza litzateke administrazio publikoan kontratatua izateko”.
EH Bilduren bigarren proposamenak industriari begiratzen dio, esparru horretan emakumeen presentzia indartzeko eta segregazioa gainditzeko. “Industria maskulinizatuen dagoen sektorea izanik, emakumeen parte-hartzea sustatzeko plangintza integrala egin behar dela uste dugu, besteak beste, emakumeak ikasketa tekniko eta zientifikoetara erakartzeko eta, baita ere, aztertzeko ea aukera dagoen enpresen administrazio kontseiluetan emakumeek bete beharreko derrigorrezko kuotak ezartzeko”.
Gurasotasun baimenei dagokienez, Etxebarrieta pozik agertu da Jaurlaritzak EH Bilduk proposatutako bideari jarraitu diolako, administrazio publikoan aita eta amen baimenak parekatzeko, alegia. Edonola ere, harago joan beharra aldarrikatu du; hartara, gurasotasun baimen parekoak enpresa pribatuetara hedatzea proposatu du. “Garrantzitsua da kontziliaziorako arazorik handienak egon daitezkeen eremuetan bideak irekitzea; hori dela eta, Jaurlaritzari eskatuko diogu proiektu pilotuak babestu ditzala, gurasotasun baimen parekoak bultzatzeko, berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten enpresetan. Lehenengo urrats bat litzateke, aurrerantzean gainerako enpresetan aplikatu ahal izateko”.
Euskal Herria Bilduk guztira 27 alegazio aurkeztu dizkio Jaurlaritza egiten ari den Lurralde Arloko Sektore Plan berriak merkatal-gune edo saltoki handiak zabaltzea eragotzi dezan.
Herri eta auzoetako merkataritza txikiaren egoera larriak kezkatu egiten gaitu, Amasa Villabonan bereziki garrantzitsua da sektore hau, herriko ekonomian duen pisu handiagatik, mantentzen dituen lanpostu ugariengatik eta herriko kaleei ematen dien bizitasunagatik. Ez dago zalantzarik merkataritza sektore honek zailtasun gero eta handiagoak dituela bizirauteko, online edo internet bidezko salerosketak eta merkatal-gune handiek ukaezinezko kaltea eragiten baitie herriko dendei. Egoera hau Euskal Herriko herri eta auzo ugaritan errepikatzen da eta horregatik EH Bilduk erreakzionatzea erabaki du Jaurlaritza tramitatzen ari den Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plan berriari 27 alegazio eginez.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea
Jaurlaritzaren aurreko planak, 2004koak, ezartzen zituen mugak berreskuratu behar direla uste du EH Bilduk, hau da, merkatal gune handi berriak irekitzea edo jada existitzen direnak handitzea guztiz debekatuz. Iker Casanova legebiltzarkidearen iritziz, “plan berria ez da behar bezain murriztailea eta ez die ia mugarik jartzen horrelako zentroak handitu edo irekitzeko proiektuei”.
Casanovak azaldu du plan berriaren tramitazioa urteetan luzatu daitekeela eta, hori kontuan hartuta, eskatu du bien bitartean Jaurlaritzak ez ditzala baimenak eman saltoki handiak irekitzeko edo zabaltzeko. “Baimenen etenaldia behar da, ez lukeelako inolako zentzurik izango plan berriak muga zorrotzak ezartzea baina hori onartu bitartean bide ematea gero ezinezkoak izango liratekeen superfizie komertzialak zabaltzeari”. Horren haritik, Casanovak ohartarazi du “Gipuzkoan une honetan martxan dauden makroproiektuen arabera saltoki handiek 200.000 metro karratu gehiago hartuko dituztela, eta hori galarazten ez badugu, kaltea ikaragarria izango da merkataritza txikiarentzat”.
EH Bilduk ezinbestekotzat jo du merkataritza txikiari babes berezia ematea, eta norabide horretan doaz Casanovak Lurraldearen Arloko Planari aurkeztutako alegazioak, “merkatal gune handien kontrolik gabeko hedapena saihesteko, saltoki handi gehiago irekitzeak merkataritza txikia suntsitzea ekarriko lukeelakoan”. Legebiltzarkideak adierazi duenez, “Europar Batasunaren legediak aukera ematen du arlo horretan hainbat murrizketa ezartzeko; beraz, borondate politikoa bakarrik behar da, tresna legalak izan baditugulako”.
Mozal Legearen aurka osoko zuzenketa bat aurkezten lehena izan zen EH Bildu joan den irailean, legearen izaera irauli eta herritarren giza eskubideak bermatzeko asmoz. Egungo legearen zama errepresibotik erabat aldenduta, EH Bilduk estatu mailako lege baten harira testu alternatibodun osoko zuzenketa bat aurkezten zuen lehenbiziko aldia izan zen ordukoa. Helburua abiapuntu hobea sortzea zen legearen indargabetzea babesten duten indar politikoen gehiengoarekin bat joan zedin amaierako testua. Madrilgo Kongresuak, halere, atzera bota zuen EH Bilduk eginiko proposamena.
EH Bilduren bozeramaile Marian Beitialarrangoitiak azaldu duenez, gaur-gaurkoz Mozal Legea indargabetzeko modu praktiko eta eraginkorrena “zama errepresiboa kentzea da lege berri bat egiteko”. Muinean du arazoa legeak, EH Bilduko diputatuaren hitzetan: “Legearen funtsezko elementua izaera errepresiboa izan beharrean, eskubide zibilak defendatzeko izaera izan beharko litzateke”. Beitialarrangoitiaren ustez, Espainiako Gobernuak “Mozal Legearen gisako legeak erabiltzen ditu salbuespen egoerak betikotu eta oinarrizko eskubideak urratzeko”.
Ildo horretan, diputatuak gehitu du “legea erreformatu beharrean komenigarriagoa dela legea bera edukiz hustea eta indargabetzea”. EH Bilduk aurkeztu dituen zuzenketa partzialak, hain justu ere, bide horretan doaz. Beitialarrangoitiaren aburuz, legeak ordenamendu juridikoko zenbait printzipio urratzen ditu. “Biltzeko eta protesta egiteko eskubideari atxikita, arrazoi sozial edo politikoengatik kalean kontrako iritziak aldarrikatu nahi dituzten herritarrak kontrolatzea eta zigortzea du helburu legeak. Autoritatearen jaun eta jabe bihurtu dira poliziak, eta badirudi eztabaidaezinak direla haien erabakiak”.
Legearen berebiziko garrantziak eta ezarpenak Euskal Herrian duen eraginak bultzatuta, EH Bilduk premiazkotzat du legea indargabetzeko bidean pauso irmoak ematen jarraitzea. Hori dela eta aurkeztu ditu orain Mozal Legearen aurkako zuzenketak. Indar subiranistaren asmoa legearen egungo norabidea aldatzea da, indarra adierazpen askatasunean eta eskubideen gauzatzean jarrita, ez horien murrizketan.
Ekimenak egingo ditu EH Bilduk apirilaren 15ean, Azpeitian, errauskailua ixteagatik Madrilen epaituko dituzten Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini elkartasuna eta babesa agertzeko. Agerraldia egin dute Marian Beitialarrangoitia diputatuak eta Mikel Biain Oñatiko alkateak. Hemen agerraldiko testua:
Dakizuen bezala, hurrengo apirilaren 12an epailearen aurretik pasa beharko dira Ainhoa Intxaurrandieta GHKo presidente ohia eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia. Madrilgo Kontu Auzitegian epaituko dituzte, ikusi den bezala gaindimentsionatua zegoen erraustegiaren proiektua gelditzeagatik. Haien gainean, zigor eskaera oso gogorrak daude, 46 eta 100 milioi euro arteko zigorrak eskatzen dizkiete.
EH Bildutik erabat bidegabetzat ditugu zigor eskaera horiek. Soilik politika egiteagatik, proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan dute Intxaurrandietak eta Errazkinek. Etekin pertsonalik ez zuten atera, gardenak eta zintzoak izan ziren erabakiak hartzerako orduan, eta orain bidegabekeria latza pairatu dezakete.
Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta
Gogora ekartzekoa da egun proiektatu duten erraustegia, bere garaian proiektatu zutena baino txikiagoa dela, aurrekoaren gaindimentsioa agerian utziz. Era berean, Madrilgo Kontuen epaitegiak aztertu zuen jada etete horren indemnizazioa eta ikertu zuten instruktoreak zein fiskaltzat ontzat eman zuten jarraitutako bidea.
Salaketa jarri duen Foru Aldundiko gobernuak, ordea, EAJ-PSEren gobernuak, ez du zintzo eta giza-legez jokatu Intxaurrandieta eta Errazkinekin. Aurrekoa jakinik, joko politikoaren marra gorri guztiak gainditu ditu. Gipuzkoarron interesen zein balizko ondorio pertsonalen gainetik mendeku gosea nagusitu da. Jakin badakigu, hala esan digutelako EAJko bozkatzaile ugarik eta baita zinegotzi batzuk ere, ez dutela ulertzen nola EAJko Gipuzkoako agintariek bi euskaldun Madrileko auzitegietan salatu dituzten, Madrileko epaile arrotzen eskutan nola utzi dezaketen zintzo jokatu duten bi euskaldunon etorkizuna.
Gipuzkoako EAJko eta PSEko arduradunek hain modu zabarrean jokatu izana ez da kasualitatea. Erraustegiaren proiektuak aurkakotasun oso handia dauka Gipuzkoako gizartean, osasunean zein herrialdeko ekonomikoan izango dituen ondorio larriengatik. Horretaz jakitun ziren aurreko legealdiko Gipuzkoako EH Bilduko ordezkariak, eta EH Bildu bera eta herrialdearekiko zeukaten konpromisoagatik eta zintzotasun politikoagatik erabaki zuten errauskailuaren proiektua gelditzea. Erraustegiarena gaindimentsionatutako proiektua da eta zen, egun txikiagoa eraikitzen ari direla ikusi besterik ez dago, baina gainera ez die Gipuzkako interes errealei erantzuten, eta ondorio oso larriak utziko ditu urteetan herrialdeko ekonomian eta herritarren osasunean. Horrenbestez, EH Bilduko kideek, Intxaurrandietak eta Errazkinek eta EH Bilduk ere bai, erabaki politiko bat hartu zuten proiektua geratzean.
Esan bezala, egungo EAJ-PSEren foru gobernuak ez du debaldeko erabakia hartu EH Bilduko bi ordezkariri horrelako akusazio larriak egitean epaitegietan. Errauskailuaren eraikuntzaren atzean interes politikoak daude, baina hori baino gehiago, interes ekonomiko handiak daude, eta herritarren osasunarekiko ardura eskasa. Elite ekonomikoen interesak kolokan jarri ziren errauskailuaren proiektua geratzean. Horixe da, hain justu, Intxaurrandietari eta Errazkini barkatzen ez dietena. Joko zikina eta mendekua baino ez dago haien aurka horrelako zigor eskaera bidegabeak egiterakoan.
EH Bildutik babes osoa agertzen diegu Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. Ondo baino hobeto dakigu hartu zituzten erabaki politikoak hartuta gipuzkoarren interes orokorra lehenetsi zutela, hain ongizate ekonomikoa eta osasuna. Konpromiso politikoarekin eta zintzotasunez jokatu zuten beti, eta jakitun ziren horrelako erabakiak hartuta elite ekonomiko boteretsuen aurkako jokatzen zutela eta horrek ondorioak ekarri zitzakeela. Gaur, 2018an, ondo baino hobeto ikusten ari garen bezala.
Era horretara, Intxaurrandietari eta Errazkini babesa eta esker ona agertzeko, ekitaldia egingo du EH Bilduk Azpeitian hurrengo apirilaren 15ean, eta bertan parte hartzeko deia egiten diegu beren zintzotasunean eta konpromiso politikoan sinesten duten eta elite ekonomikoen gainetik herritar ororen interesak babestu behar direla uste duten herritar guztiei.
Europako Batasunaren migrazio politika salatu dute Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean
Hirugarren urtez, errefuxiatuen alde kalera atera dira "Ongi Etorri Errefuxiatuak" elkarteak. Ehunka lagun elkartu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta Europar Batasunak martxan jarri dituen politika ankerrak salatu dituzte. Tartean izan dira EH Bilduko hainbat kide eta hautetsi ere, babesa adierazten. EBk ez ezik gertuagoko erakundeek ere jarrera bera dutela salatu dute, eta giza eskubideen errespetuarekin keztatu beharrean, gerraren negozioarekin aberasten eta mugak zaintzearekin arduratuta egotea egotzi diete. Duela gutxi Santurtziko portuan eraikitako "lotsaren murrua" hor dagoela ere salatu dute.
Bilboko manifestazioaren irudi bat
Manifestazioetan bildu direnenek azken urteetan egoerak okerrera egin duela plazaratu dute; "Europa inoiz baino espetxeago da". Asko dira Europara bidean itsasoan itota hiltzen direnak; "Mediterraneoa hobi komun bat da", salatu dute, "eta Saharako basamortua, beste bat". Gainera, "atxiloketa guneak" gero eta beteago daudela ohartarazi dute, eta azpimarratu dute han dauden pertsonek beren herrian ukatzen dieten bizi berri bat topatu nahi dutela, ez besterik.
EH Bilduk eta EH Bai Aberri Egunerako agiri bateratua aurkeztu dute, gaur goizean, Donostian egindako agerraldian.Agerraldian izan dira Maddalen Iriarte Gasteizko Legebiltzarreko bozeramailea, Adolfo Araiz Nafarroako Parlamentuko bozeramailea eta Txomin Casteigts eta Itxaso Cuevas EH Baiko ordezkariak. Iriartek esan duenez, EH Bilduk bat egiten du Independentista Sareak Iruñean egingo duen Aberri Egunarekin.
Agiria:
Euskal Herria berria jomugan
EH Bildu eta EH Bairen Aberri Egunerako manifestua:
Euskal Herria berria eraikitzea. Horixe dugu jomugan herri honen alde lanean ari garen EH Bilduk eta EH Baik. Herritar libreez osatutako Euskal Herria, demokratikoa, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutakoa... Euskal herritarrek nahi duten Euskal Herria denon artean eraikitzea dugu amets, eta horretan ari gara lanean. Inork ez zuen esan samurra izango zenik, are gehiago aurrean Espainia eta Frantziako estatuak izanda, baina ukaezina da aurrerapauso nabarmenak egin ditugula azken urteotan.
Urtebete egin du Ipar Euskal Herriko administrazio egitura berriak. Frantziako iraultza (1789) eman zenetik lehen aldiz, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak beren administrazio egitura propioa dute, beren egunerakoa eta etorkizuna erabakitzen hasteko tresna dute. Nafarroan aldaketaren gobernua bere bidea egiten ari da, oztopo eta zailtasun guztiak gaindituz. Eta EAEn etorkizuna baldintzatu beharko lukeen autogobernuaren inguruko eztabaida abian da Gasteizko Parlamentuan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo politiko eta sozial nabarmenak akordiorako abaguneak handitzen ditu, eta horrek bidea abiatzeko aukerak handitu. Ezinbestekoa dugu burujabetza maila handiagoak lortzea, demokratek osatutako harresi bat eraikitzea, Espainiako estatutik datorren joera antidemokratikoari aurre egiteko.
Hiru gune administratibo lehen aldiz instituzioetan egituratuak. Hiru lehendakari. Hiru erabaki esparru. Aukera hori baliatu beharko luke herri honek, bakoitzak bere erritmoak eta testuinguru politiko eta sozialak errespetatuta, nazio eta herri izaeran aurrera urratsak emateko. Zentzu horretan, herri honetako hiru lehendakariak edota instituzioak elkarlana abiatzea oso garrantzitsua izango litzateke.
Etorkizunari itxaropen irribarre batekin begiratzeko moduan gaude Euskal Herrian, Espainiako eta Frantziako estatuen jarrerak askorik laguntzen ez duen arren. Espainiako estatua inboluzio demokratiko sakonean murgilduta dago azken hilabeteetan. Oso argigarria da azken hilabeteetan, eta batez ere azken asteetan, nola jokatzen ari den Madril Kataluniarekin. Jarrera antidemokratiko eta autoritario sakona erakusten ari da, eta hori oso kezkagarria da. Ematen duen urrats hori atzera begirakoa da, eta urteetako borrokaren bidez lortutako eskubide demokratikoak urratzen ari da etengabe. Espainiako estatuaren barruan demokrazian oinarritutako herria eraikitzea ezinezkoa dela argi uzten ari dira. Gaur Katalunia da eraso antidemokratiko hori pairatzen duena, baina bihar Euskal Herria izan daiteke. Horri gaineratu behar zaio Madrilgo gobernuak azken urteetan egindako murrizketen eta politika sozial atzerakoiek eragin duten ezinegon soziala eta bakea eta elkarbizitza eraikitzeko jartzen dituen oztopoak.
Frantziako estatuan Macronen ailegaerak ez ditu gauzak aldatu. Eta aldatu baditu, okerrera. Korsikako herriaren gehiengoak burujabetza handitzeko aldarrikapenei bizkarra eman die Macronek. Horrekin batera, neurri liberal bortitzek (lan erreforma eta langile publikoak kentzea) nabarmen aztoratu dute Ipar Euskal Herriko gizartearen bizitza politikoa eta, batez ere, bizi kalitatea narriatu dute.
EH Bildu eta EH Bai-ko ordezkarien agerraldia, agiri honen berri emateko
Testuinguru horretan, ez da harritzekoa Euskal Herriko gizarteak ezinegona erakustea eta gauzak aldatzeko borondatea agertu izana. Urtebete joan da Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialek elkar hartuta ETAren armagabetzea gauzatzeko ekimen eredugarria gauzatu zenetik. Horrekin batera, euskal presoen baldintza gizagabeak aldatzeko eta presoak Euskal Herriratzeko Parisen egindako mobilizazioa ere nabarmendu beharra dago. Hego Euskal Herrian, bestalde, kaleak hartu dituzte emakumeen eskubideen aldeko eta pentsioak duintzearen aldeko mobilizazio erraldoiek. Espainiako eta Frantziako jarrera eta izaera atzerakoiei aurre egiten ari da euskal gizartea; beren egunerokoa erabakitzeko eta antolatzeko borondate irmoa gero eta modu nabarmenagoan eta praktikoan erakusten ari da.
Gure herriak estatu propioa behar du, demokrazian eta bizi baldintza duinetan oinarritutako gizartea eraiki nahi badu. Bere herritarrak zainduko dituen Euskal Errepublika behar du. Gure estatu propioa izan ezean, gure eguneroko arazoei eta beharrei irtenbidea hemen erabaki ezean, Frantziako eta Espainiako agintariek erabakiko dute gure ordez, eta ondo baino hobeto dakigu han erabakitzen dutenak ez dituela aintzat hartzen hemengo errealitatea eta interesak. Horregatik guztiagatik, Euskal Errepublika aldarrikatzera aterako gara kalera aurtengo Aberri Egunean; Euskal Herria berriaren eraikuntzan urratsak emateko deia egitera aterako gara kalera Aberri Egunean. Horixe delako gure ametsa, gure beharra eta gure helburua.
Indarrak birziklapenean jartzea, eta ez hondakinak zuzenean erretzea; horixe eskatu zioten milaka lagunek Gipuzkoako Foru Aldundiari, Errausketaren Aurkako Mugimenduak Donostian antolatutako manifestazioan.
Antolatzaileek gogora ekarri zutenez, diputazioak Zubietako erraustegia eraikitzeko asmoa iragarri zuenetik hamasei urte igaro dira; garai hartan, Gipuzkoako birziklatze tasa %20koa zen, eta zabortegiak betetzen hasiak ziren. Erraustegirik nahi ez zuten herritar eta udalek, ordea, gaikako bilketa sistema berriak jarri zituzten martxan, horrela zabor nahasi gutxiago sortzen zela frogatzeko. «Dagoeneko jakin badakigu %80ko birziklatze tasa lortzea posible dela, horretarako bitartekoak jarri eta borondatea izanez gero», adierazi dute manifestazioaren antolatzaileek. Haien ustetan, oraindik birziklatze tasa apalak dituzten herri handi eta hiriei «aitzakiak bukatzen ari zaizkie». Donostian, adibidez, herritar bakoitzak batez beste 288 kilo igortzen ditu urtero zabortegira; hondakinak gaika biltzen dituzten eskualdeetan, aldiz, %77 eta %88 artekoa da birziklatze tasa.
Markel Olanoren foru aldundiari ere ahalegin hori eskatu zioten: «Jar ditzala indarrak emaitza horiek lortzen, eta ez alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestia eraikitzen. Lehenbizi, lortu %80 [birziklatzea], eta gero ikusiko dugu zer egin geratzen denarekin, baina ez alderantziz».
Manifestazioko lehen lerroetan Gipuzkoako herrietako ordezkariak izan ziren, tartean Amasa Villabonako EH Bilduko kideak
Manifestazioaren amaieran, Osasuna eta Errausketa ikerketa taldeko sendagileek eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Garaikoetxea-Landaberri ikastolako bi irakaslek ere hartu zuten hitza. Azken hori erraustegia eraikitzen ari diren lekutik 500 metrora dago, salatu zutenez: «Nitrogeno oxidoak, karbono monoxidoak, metanoa, dioxinak... arnastuko ditugu. Gainera, goi tentsioko lineak eraikiko dira gure ikastetxetik hurbil. Eremu kutsatu batean dagoen ikastetxe bat onartu behar al dugu?». Mediku taldeak ere nabarmendu zuen erraustegiek osasun arazoak sortzen dituztela inguruko gizartean: «Malformazioak, erditze goiztiarrak, abortuak, gaixotasun kardiobaskularrak, arnasbideetakoak eta hainbat minbizi». Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiaren inguruko landareetan ere antzeman dute artsenikoaren maila igo dela, eta, Errausketaren Aurkako Mugimenduak gogora ekarri duenez, Europako Parlamentuak erabaki berri du errauste plantei diru laguntzak kentzea. «Interes politikoen gainetik» herritarren osasuna lehenesteko eskatu zieten Foru Aldundiko PNV eta PSEko agintariei.
Murrizketarik Ez! plataformak salatu du prozesuaren gardentasunik eza. Aldundiaren isiltasunak kezkatzen du, aurreproiektua isilean onartu dezaketelakoan.
Orain hilabete pasatxo aurkeztu zuen Murrizketarik Ez plataformak 7.000 sinadura eta 4.000 helegite aldundian, autobusen zerbitzu publikoaren aurreproiektua geldiarazi edo moldatzeko helburuz. Ordutik ez dute erakunde publikoaren erantzunik jaso, eta kezkatzen hasiak dira, murrizketak isilpean onartu ditzaketelakoan. "Zertan dago proiektuaren egoera? Zergatik halako opakutasuna?", galdetu du plataformak ohar baten bidez. Herritarren egunerokoan eragin zuzena duten auzien gainean informatuak izateko eskubidea aldarrikatu dute.
Iazko abuztuan argitaratu zuen Gipuzkoako Aldundiak autobusen zerbitzu publikoaren aurreproiektua. Marisol Garmendia Lurraldetasun eta Mugikortasun diputatuaren arabera, lineak "egokitu" egingo dituzte, bidaiari gehien dauden orduetan autobus gehiago jartzeko. Sindikatuek eta autobus enpresetako langile batzordeek, ordea, berretsi dute murrizketa hutsak direla. Proiektuak bete-betean eragingo lioke Amasa Villabonatik igarotzen den TSST enpresari. Herrietatik igarotzen den Tolosa-Donostia-Tolosa linea %50ean murriztuko litzateke.
Murrizketarik ez! plataformak egindako agerraldia
Proiektuaren aurrean mobilizazioa handia izan da. Behin baino gehiagotan joan dira aldundira kexatzera, eta herritarren babesa ere lortu dute. Sindikatuak ez ezik, Buruntzaldeako udalak ere kezka agertu dute, herritarrengan eragin zuzena izango duelako zerbitzu publikoaren moldaketa.
Murrizketarik Ez! plataformak honakoa eskatzen dio aldundiari: bertan behera uzteko aurreproiektua, eta herritarren ongizatea lehenetsi dezala. Horrez gainera, nahi dute egungo zerbitzu publikoa bermatua izatea. "Ikuspuntu ekonomiko soilak alboratu behar ditu; gizarteari eskatzen dion zerbitzua eta haren kalitatea izan behar luke helburua".
Greban diren Tolosaldea Bus-eko langileek prentsaurrekoa egin dute. Bertan, administrazioek diru publikoaz egiten duten azpikontratazioek prekarietatea bultzatzen dutela salatu dute. Era berean, enpresaren jarrera eta beraien lan baldintzak salatu dituzte.
Tolosaldea Buseko langileak urtarrilaren 27tik daude greban, enpresa-hitzarmen bat eskatuz. Lan-baldintza duinak aldarrikatzen dituzte. Gaur egun oso egoera prekarioan egiten dute beren lana, eta horrek arriskuan jartzen ditu beraien bizitza eta baita erabiltzaileena ere.
Urtean 1.800 orduz lan egiten dute. Beraien autobusek 13 metroko luzera dute, eta mendiko errepideetatik eramaten dute jendea, batzuetan oso azkar, geralekuetara garaiz heltzeko. Zoritxarrez, urte hasi denetik 2 lankide (autobus-enpresa desberdinetakoak) hil dira lan-istripuetan Hego Euskal Herrian. Urteko egun guztietan lan egiten dute, igandeetan, jai-egunetan, eta gauez ere bai. Astean gutxieneko atsedenaldiak hartzeko eskubidea dute, baina askotan ez dute ezta hori ere hartzen. Hala ere, hilean 1.300 euroko soldata baino ez dute jasotzen.
Tolosaldea Bus-eko langileek protesta elkarretaratzea egin zuten pasa den igandean Anoeta estadioaren kanpoaldean
Beraien lana hiru motatakoa da: eskatu ahalako autobus-zerbitzua; linea-zerbitzua (Gipuzkoako Aldundiaren menpekoa); eta hiri-zerbitzua (Tolosako Udalaren menpekoa). Autobusak gidatzeaz gain, garbitu ere egiten dituzte, nahiz eta Aldundiaren esleipen-orrietan diru-sail bat egon garbitzaileak kontratatzeko. Halere, beraiek, esan beharrik ez dago, debalde egin behar dute garbiketa. Non dago, baina, diru hori? Bi lankidek hiri-garraioa egiten dute, Tolosako Udalarenpekoa, eta astero lau aparteko ordu sartu behar dituzte, astean guztira 44 ordu egin arte. Udalaren esleipen-orrien arabera, zerbitzu hori bi gidarik (lanaldi osoan) eta batek (lanaldi erdian) egin behar dute. Non dago hirugarren langilea? Diru publikoaz ordaindutako zerbitzua da, horregatik eskatzen diete Aldundiari eta Udalari esleipen-orriak benetan betetzen diren jarraipen bat egiteko, orain arte ez baitute horrelakorik egin.
Esleipen-orrien gaineko kontrolik eza diru-kontuez harantzago doa. Emakidari atxikita ez dauden autobusak erabiltzen dira, esate baterako:
- 0715-GWY autobusa linea-zerbitzuak egiteko dago, bakarrik. Baina linea-zerbitzua goizez bakarrik egiten du, eta gero mota guztietako zerbitzuak egiten ditu (eskola, eskatu ahalakoa).
- 3033-HMF autobusa eskola-garraioak eta eskatu ahalako zerbitzua egiteko da. Autobus hori lineako zerbitzua egiteko erabiltzen da urteko egun guztietan, zehazkiago esateko, T021 Hernialde-Tolosa.
- 8267-CNL ibilgailua ere linea-zerbitzua egiteko erabiltzen da egunero, eta arazoak sortzen ditu. Ibilgailu hori erabili ahal izateko, aldez aurretik jakin behar da gurpildun aulkian dabilen inor ez dela sartuko.
Tolosako inauteriak joan dira, eta Olatz Peon Tolosako alkateak, enpresari negoziatzen hasteko eskatu beharrean, gaueko gutxieneko zerbitzuak eskatu zizkion, Tolosaldea Buseko langileen greba-eskubidea errespetatu gabe. Zorionez, Eusko Jaurlaritzak ez du gutxieneko zerbitzurik ezarri.
Azken egunotan Marisol Garmendiak, Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatuak, jendaurrean deitoratu du Eusko Jaurlaritzaren erabakia, alegia, Tolosako inauterietan gaueko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eskaera ez onartzearena. Marisol Garmendiari errepikatuko diogu Olatz Peon alkateari esandakoa: Tolosaldea Bus enpresak linea-zerbitzu publikoaren emakida jaso du Tolosaldean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esleipen-orrien arabera eskaini behar du. Inauterietan gaueko gutxieneko zerbitzuak onartu ez izana deitoratu beharrean, langileek bitartekari-lana egitea eskatzen diote eskatzen diote Marisol Garmendiari, enpresaren aurrean negoziatzen hasteko. Hortik doa gatazkaren konponbidea, eta ez gutxieneko zerbitzuak ezartzetik. Eta bide batez eskatzen diote Mugikortasun diputatuari greba dela-eta eskaintzen ez diren zerbitzuak ez ordaintzeko. Gatazka honen erantzukizuna ez dagokio soilik Tolosaldea Buseko Zuzendaritzari, eskaintzen den zerbitzua publikoa denez, eta gipuzkoar guztien diruaz ordaintzen denez, Olatz Peonek eta Marisol Garmendiak ere badute beren erantzukizuna. Zerbitzua azpikontratatu daiteke, erantzukizuna ez, ordea.
Bitartean, Tolosaldea Bus enpresako Zuzendaritzak ez du bilerarik egin nahi langileekin. Esaten dieten gauza bakarra zera da: “nekatuko zarete...” Langileak buru makur ikustea nahiago dute, negoziazio bidetik gatazka konpontzea baino. Ez zaizkie axola erabiltzaileen arazoak autobusik ez izateagatik, eta, are gutxiago, langileak greban egotea. Ordaintzen dieten artean, ederki.
Enpresa kidetuek (Autocares Aizpurua, Autobuses Garayar, Ekialde Bus) lan-baldintza hobeak dituzte, beraienak baino. Eskaera bakarra lan-baldintzak duintzea da, enpresa-hitzarmen negoziatu baten bidez. Konponbidea: negoziazioa.
*Albiste hau ela.eus webgunetik hartu dugu.
Rebeka Ubera legebiltzarkidearen ustez, lortu den akordioa positiboa izan arren, abiapuntua besterik ez da hezkuntza-sistema inklusibo eta berdintzailea lortzeko bidean.
EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak hezkuntza-sistema inklusiboaren aldeko Legez Besteko Proposamen bat onartu du gaur, EAJ eta PSE taldeekin adostu den ekimen baten bidez. Testuak segregazioaren aurkako neurri zehatzak planteatzen ditu. Horien artean, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio “udalekin elkarlana sendotzea errolda iruzurraren gaineko kontrol zorrotza egiteko, iruzurrarekin bukatze aldera”.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, segregazioari aurre egiteko neurriak aurkezten
Rebeka Ubera legebiltzarkideak Cristina Uriarte sailburuari eskatu dio segregazioaren aurrean ez begiratzeko beste alde batera: “Garaiak eskatzen duten maila eman dezala eskatzen diogu, eta ekidin ditzala liga desberdinetan jokatuko duten herritarrez osaturiko gizartea eta hezkuntza sistema: batzuk primeran, beste batzuk segundan, beste batzuk erregionalean… Hori ezin da onartu”.
Zentzu honetan, Rebeka Uberak eskatu dio “aniztasun handia kudeatzen duten ikastetxeetan giza baliabide espezifikoak handitu ditzala”, onartutako ekimenean agertzen den legez. Horrez gain, Gasteizko hezkuntza errealitateari begira, ‘Hezkuntza eta Aniztasuna’ mahaiak egindako gogoeta eta proposamen desberdinak aintzakotzat hartu eta egokienak izan daitezkeenak abian jartzeko eskaera egin dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari.
EH Bilduk salatu du sistema espainolak ez duela pentsiodunen bizimodu duina ahalbidetzen, eta ezinbestekotzat jo du, beraz, pentsio sistema propioa sortzea. Bitartean pentsio baxuak osatzeko eskatu dio Jaurlaritzari.
EH Bilduk proposamen zehatzak egin ditu gaur Legebiltzarrean pentsio duinak bermatzeko, Gobernu espainolak indarrean dagoen sisteman hartutako neurriek muturrera eraman dutelako pentsiodunek pairatzen duten egoera. Maddalen Iriartek salatu duenez, “Espainiako pentsio sistemak ez du bizimodu duina bermatzen eta gero eta argiago dago ezinbestekoa dugula horren gaineko eskumena edukitzea eta gure pentsio sistema propioa eraikitzea, jendea erreskatatzeko”. Edonola ere, EH Bilduk argi du ezin daitekeela sistema propioa eduki arte itxaron pentsiodunek gaur dituzten beharrak asetzeko; hortaz, Iriartek Jaurlaritzari eskatu dio eskura dituen tresnak erabil ditzala pentsioak hobetzeko. “Pentsioak osatzea Jaurlaritzaren esku dago, ez du zertan itxoin sistema propioa eduki arte, Estatu burujabea izan arte, besteak beste, pentsiodunek ere ezin dutelako itxoin, egunero jan behar dute eta”.
Nerea Kortajarena, Maddalen Iriarte eta Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak, pentsioei buruzko proposamenak aurkezten
Hori dela eta, EH Bilduk bi proposamen iragarri ditu gaur. Batetik, Leire Pinedok azaldu duenez, Legebiltzarrak Gernikako Estatutuak dioena behingoz betetzeko exijitu behar dio Gobernu espainolari, bi hilabeteko epean egitasmo eta egutegi zehatza aurkez dezan Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia gauzatzeko, hori lehenengo urratsa izango delakoan euskal pentsio sistema lortzeko.
Bigarrenik, jakinik pentsiodunen gaurko beharrak asetzea premiazkoa dela, EH Bilduk Jaurlaritzari galdegin dio haren eskumenak baliatu ditzala pentsio baxuak hobeto osatzeko, “hemendik lau urtetara 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu ahal izateko, bereziki emakumezkoen zaurgarritasun egoerari erreparatuz”. Nerea Kortajarenak gogora ekarri du Lakuak 16.000 pentsio osatzen dituela gaur egun Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez, baina motzegi geratzen da, kopuruak oso urrun daudelako Europako Gutun Sozialak gomendatzen dituen 1.080 euroetatik.
Norabide horretan, 1.080 euroko pentsioak gutxieneko helburua izanda, Kortajarenak Jaurlaritzari eskatu dio pentsioak KPI-Kontsumorako Prezioen Indizearen igoeraren arabera osatzeko. Izan ere, “Gobernu espainolak aplikatu duen %0,25eko igoerak, KPI kontuan hartu gabe, erosmen ahalmena nabarmen galtzea ekarri die pentsiodunei”.