- 07 Iraila 2017
ELA, LAB eta Steilasek sektorekako lau greba egun eta orokor bat iragarri dituzte, Jaurlaritzak beraien aldarrikapenei ez dielako erantzun.
Hezkuntza publikoko lan arloan, ikasturte berria pasa den urteko ildo beretik hasi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gauzak horrela, irailaren 15ean hasi eta urtea bukatu arte egingo dituzten protesta ekintzen zerrenda zehaztu dute hezkuntza arloko hiru sindikatu nagusiek. Besteak beste, sektorekako lau greba egun (azaroan, ostegunero) eta abenduaren 12rako greba orokorra iragarri dituzte. Eta jai edo zubia ez den ostiraletan, elkarretaratzeak egingo dituzte. Bat egitera gonbidatu dituzte ikasle eta familiak.
Langileen ordezkariek benetako negoziazio prozesu bat eskatzen diote Jaurlaritzari. Izan ere, EAJ-PSE koalizio gobernuak hiru sindikatuok egindako aldarrikapenei ez diela benetako erantzunik eman salatu dute hiru sindikatuek.
Besteak beste, aldaketen zerrendan hezkuntzari dagokion inbertsioaren hazkundea eskatzen dute sindikatuek, eta horretarako datu hauek aurkeztu dituzte: Eusko Jaurlaritzaren inbertsioa hezkuntzan %3,7koa da; Europako Batasuneko batez bestekoa, berriz, %4,9koa denean. ELAko ordezkariak azaldu duenez, "Maila horretara iristeko 968 milioi gehiago bideratu beharko lituzke gobernuak. Eta Unescok %6ra arte igotzea gomendatu du".
Langileen behin-behinekotasuna ere salatzen dute ordezkari sindikalek. Batez beste, %40 da behin-behinekotasuna hezkuntza publikoan. Baina alde nabarmenak daude sektoreka. Adibidez, irakasleen %38 behin-behineko beharginak dira, eta sukalde eta garbiketan dabiltzanen artean, berriz, %63 daude egoera horretan. Gainera, azken arlo horretako langile gehienak 55 urtetik gorakoak dira.
Hezkuntza pubilkoko langileen eskubideak hobetzeko, sindikatuen protesta Donostian
Oraingoz, irakasleentzako proposamena soilik egin du Hezkuntza Sailak: 3.000 lanpostu, lau urtean, aurtengo lan eskaintza publikoak jasotako 740ak barnean hartuta. Sindikatuek eskaintza hori ez dela inola ere nahikoa izango erantzun dute: "Eskaintza horrekin, lau urte horietan egongo diren erretiroak ere ez dira ordezkatuko. Beraz, behin-behinekotasun tasa gaur egungoa edo handiagoa izango litzateke", azaldu dute.
Hezkuntza publikoko Haur Eskolen kasua ere mahai gainean dago. "EAEn matrikulazioak behera egiten ari dira, garestia delako. Gainera 0 eta 2 urte arteko doako hezkuntza publikoa behar beharrezkoa dugu" adierazi dute sindikatuek.
LOMCE eta Heziberri: Beste behin ELA, LAB eta Steilas erreforma hauen aurka agertu dira argi eta garbi. Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma bertan behera uzteko eta euskal hezkuntza sistema arautuko duen legedi berria osatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Eta balizko lege berri horren osaketan sindikatuen, hezkuntza eragileen eta herritarren iritzia kontuan hartzeko. "Eredu berri horrek alde batera utzi behar du hezkuntzaren merkantilizazioa eta bere oinarriak gizarte kohesioa, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna eta hezkidetza izan behar lukete" adierazi dute langileen gehiengoa ordezkatzen duten hiru sindikatuetatik.


