EH Bilduk lehendakariaren agerraldia eskatu du. Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiak erabili behar ditu katalanen erabaki demokratikoa, igandean adierazi zutena, errespetatua izan dadin.

EH Bilduk Urkullu lehendakariaren presazko agerraldia eskatuko duela iragarri du gaur, Legebiltzarrean azal dezan zein urratsak emango dituen Kataluniaren erabaki demokratikoa defendatzeko. Maddalen Iriarteren aburuz, “Jaurlaritzak inakziotik akziora pasatu behar du; Espainiak, Europak eta mundu osoak jakin behar dute gatazka honetan Jaurlaritza Kataluniaren alboan dagoela, bere aldarrikapenekin bat eginik, eta ez duela inolako konponbiderik ontzat emango kataluniarren borondate demokratikoa aintzat hartzen eta onartzen ez badu”. Finean, zehaztu du Iriartek, “lehendakariari eskatzen diogu Generalitaten alboan jar dadila, eskura dituen baliabide guztiak erabil ditzala Kataluniako herriak pasa den igandean adierazi zuen borondate demokratikoa errespetarazteko”.

EH Bilduko bozeramailearen iritziz, Lakuako Gobernua katalanen ondoan jarri behar da, zalantza izpirik gabe, Katalunian gertatzen ari denak eragin zuzena duelako Euskal Herrian. “Kataluniaren nazio eskubideak defendatzea Euskal Herriaren nazio eskubideak defendatzea da; ondorioz, Urkullu busti egin behar da, irtenbide baten bila. Bistakoa da txio batean etsipena eta kezka adieraztea ez dela nahikoa, lehendakari bati gehiago eskatu behar zaiola”.

Espainiako erregeak bart egindako agerraldiari dagokionez, Iriartek “Kataluniaren aurkako gerra deklaraziotzat” hartu du, nahiz eta “funtsean erregearen hitzaldiak ez zuen berri handirik ekarri”. Izan ere, “Estatuko botereek betiko leloan –Espainia bakarra, handia eta askea– ainguraturik jarraitzen dute eta Felipe VI.ak berretsi du Estatutik ezin dugula bestelakorik espero, mehatxuak, errepresioa eta gure nazio eskubideen ukapena bakarrik”.