Intxaurrondoko ikastolan matrikulatu dute Sara Majarenasen alaba eta hilaren 7an hasiko da ikasturte berria, baina bai Sara Majarenasek bai Izarrek Acobendasen (Madril) jarraitzen dute, harrera-zentroan. “Izar ikastolara!” ozen aldarrikatu zuten pasa den igandean milaka lagunek Donostian izan zen mobilizazioan. EH Bilduko kideak bertan izan ginen eta Sara Majarenas presoak bere alaba Izarrekin batera kalean egon behar luketela aldarrikatu genuen.

Izarrekin Sara Etxera plataformako bozeramaile Araitz Zubimendik kritikatu zuenez, Madrilgo ikastetxe batean eskolatzera behartuko dute Izar, “berea ez den hizkuntza batean” eta nahiz eta “familiarteko loturak zein lotura sozial eta kulturalak Donostian dituen”. Irailaren 7an bertan beste mobilizazio bat egingo dela iragarri zuten "Izarrekin" plataformatik.

0903 sara izar

Mobilizazio amaierako irudia San Telmo plazan

Kontxi Ibarreta Izarren amonak adierazi zuenez, Sarak apenas jaso duen baimenik: “Hamabi orduko sei egun baino ez dizkiote eman uda guztian. Epailearen autoak dio bigarren gradua duela hirugarren graduko ezaugarriekin, baina Sarak ez ditu izan hirugarren graduko abantailak”. Alaba psikologikoki gaizki ikusten duela eta zigorra behingoz amaitzeko ordua dela dio Ibarretak. “Itxaropena dut, epaileak iritziz aldatu eta Izar irailaren 7an Intxaurrondoko ikastolan hasiko den itxaropena”.