- 29 Abuztua 2017
Greenpeace erakundeak salatutakoaren arabera urriaren 19tik gaurdaino 312 “lehergailu” kontenedore bidali dira Bilboko Portutik Saudi Arabiara. Informazio honen aurrean EH Bildu eta Podemosen batzarkide taldeek Bizkaiko Batzar Nagusietan Arauz besteko proposamen bateratua aurkeztuko dute Portu Agintaritzari eta Espainiar Gobernuari Europar Parlamentuak Arabia Saudirentzat eskatu zuen blokeoa bete dezaten eta giza eskubideak errespetatzen ez dituzten herrialdeetara armen bidalketa erabat etetea eskatuz.
EH Bilduk gogorarazi nahi du 2016ko urrian Europar Parlamentuak ebazpen bat onartu zuela Europar Batasunari eskatuz Arabia Saudiren kontrako arma-blokeoa, Yemenen gertatzen ari diren nazioarteko giza eskubideen urraketak guztiz aztertzen diren arte. Espainiar Gobernuari eskatzen diogu ez dezala entzungorrarena egiten jarraitu eta material hauen bidalketaren bitartez ez dadila izan Yemenen gertatzen ari diren hilketen konplizea. Greenpeacek egindako deialdiarekin bat egiten dugu eta Euskal Administrazioei eskatzen diegu berandu baino lehen arma bidalketa izugarri hauen aurka azaltzea. Gogora dezagun NBEn arabera jada 10.000 hildako baino gehiago izan direla Yemenen eta 3 milioi pertsona baino gehiago lekualdatu direla gerratik ihes eginez.
Apirilean beste proposamen bat aurkeztu zuen EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Portuan armen ontziratzea laguntzeko lanak egiteari uko egiteagatik suhiltzaileari irekitako diziplina espedientea erretiratzea eskatuz. Kasu horretan Arabia Saudirantz 4.000 tona bonba bidali ziren. EH Bilduk agintariei eskatzen die lehenbailehen neurriak hartzea giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien (gerrako krimenak barne) konplize izateari uzteko.


