- 31 Abuztua 2017
Sestaoko La Naval ontziola Hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela eta, Maddalen Iriarte, EH Bildu Eusko Legebiltzarrean duen bozemaileak ontziolako langile eta euren senideei elkartasuna adierazi die.

Sestaoko La Naval enpresako langileen protesta atzo
Ildo horretan, Iriartek euskal industriaren eta arriskuan dauden milaka lanpostuen defentsan elkarrekin esku hartuta jardun dezatela dei egin gainontzeko alderdi politikoei. Izan ere, uda honetan industria enpresa esanguratsu ugari izan dira arrazoi ezberdinak direla medio, enpleguak suntsituko dituztela iragarri dutenak, besteak beste, ehunka langile dituzten Fagor CNA eta CEL enpresak.
“Gure herriak ezin du bere industria galdu gure ekonomia eta gure seme-alaben etorkizuna arriskuan jarriz”, esan du bozemaile subiranistak.
Iriartek adierazi duenez, ahalegin berezia egin behar da inbertsio teknologikoan. “Europak Barne Produktu Gordinaren %3 inbertitzea eskatzen duen bitartean hemen %1,84 inbertitzen da soilik”, esan du. EH Bilduko bozemaileak industriari, industria txiki eta ertainari bereziki, “laguntza osoa” eman diezaiela eskatu die euskal erakundeei. “EH Bildu beti izango da hor”, adierazi du.


