Laburrak
EH Bildutik egungo jangela eredua agortua dagoela azpimarratu da eta Hezkuntza sailak aldebakartasunez aurkeztutakoa arduragabekeria dela gaineratu dute.
Asko hitz egiten ari da azken hilabeteetan eskola jantokien inguruan. Izan catering enpresek egindako ustelkeria kasuagatik, izan ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeko ireki den zirrikituagatik, izan EAEko Hezkuntza Sailak kaleratutako normatiba aldaketarako azken albisteengatik, izan herri edota eskualde ezberdinetan sortu diren dinamika sozialengatik, eta abar luze bat.
“Elikadura burujabetza eta tokiko garapena oinarri, jantokiak gune ekologiko, osasuntsu eta hezitzaile bilakatzeko lanean ari gara instituzio ezberdinetan eta dinamika sozialetan” azaldu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko Legebiltzarkideak, gaur goizean Bilbon egindako prentsa agerraldian. “Gure helburua egungo jantoki eredua eraldatzea da, agortutako eredua berritu eta jantokitik jangelara salto egitea” esan du. Adierazi duenaren arabera, hezkuntza komunitate bakoitzak bere hezkuntza ereduaren gainean duen erabakitzeko eskubidea eta autonomia dira EH Bilduk egiten duen proposamenaren oinarri nagusiak.
EH Bilduko ordezkariak, "Gure platera, gure aukera" eskola jangela osasuntsu, bertako eta justuaren aldeko plantaformako kideekin
“Gaur publiko egiten dugun proposamena eskola-jantokien inguruan EH Bilduk egiten duen ekarpena da. Alegia, eskola-jantoki eredu berri, burujabe, osasuntsu, ekologiko eta hezitzailea eraikitzeko EH BILDUren proposamena da gaur aurkezten duguna, jantokiak jangela bihurtzeko proposamena, alegia” gaineratu du Lopez de Arroyabek.
Legebiltzarkidea Mikel Kormenzana Bizkaiko Batzarkidearekin izan da. Azken honek gaineratu du: “erabat mugatua eta hertsia den jantoki eredua Bizkaiko hainbat tokietan eraldatzen ari gara. Jaurlaritzaren trabak gainditu eta bestelako jangela eredu bat bultzatu dugu tokian tokiko hezkuntza komunitateekin gure herrialdean.” Horren adibide dira, besteak beste, eredu-pilotoa duten Laukiz, Markina, Urduña eta Gernikako ikastetxeak edota maila sozialean antolatuak dauden Meatzaldeako, Durangaldeako edota Busturialdeko herri plataformak. “EH Bilduk, datozen hauteskundeetako herri programetan gaur aurkezten dugun jangela erdu berri baterako proposamena eramango dugu. Gure konpromisoa hezkuntza komunitatearen aldarrikapenari bide ematea izango da, orain arte egin dugun bezala” gaineratu du EH Bilduko ordezkariak.
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak hondakinen errausketak gure osasunean izan dezakeen eraginari buruz, mundu mailan argitara emandako ikerketen datuak plazaratzen segitzen du sare sozialen bidez. Aste honetakoan, “Porta D, 2009 Systematic review of epidemiological studies on health effects associated with management of solid waste” ikerketako datuak dakartza. Datu kezkagarriak, beste behin.
OEIT-ko medikuen agerraldia Donostian
“Kutsadura-iturri ezberdinek duten eraginari buruzko berrikuspen sistematikoa da. Hondakinen errausketari dagokionez, txostenak dio, 3 kilometroko esposizio-erradio batean minbizien kasuak orotara %3 gehitzen direla eta 10 kilometroko erradio batean, sortzetiko malformazioen kasuak %6-220 gehitzen direla”.
Osasun-arriskua ofizialki onarturikoa baino askoz handiagoa izan daiteke
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT) astero sare sozialen bidez artikulu ezberdinak argitaratzeari ekin zion urte amaieran. Eta horretan segitzen du osasun eta medikuntza arloko profesionalen ikerketa taldeak, abiatu berri dugun urte honetan ere. Egunotan, “errausketa eta dioxinak. Konpondu gabeko arazoa” izeneko idatzia argitaratu dute.
Ondorio benetan kezkagarria plazaratu dute beste behin. Erraustegiak eragin dezakeen “osasun-arriskua ofizialki onarturikoa baino askoz handiagoa izan daiteke, eta beraz, herritarron osasuna ez dago bermatuta”.
Egunotan argitaratu duten dioxinen isurketaren inguruko idatziko baieztapen hau egiteko, duela hamarkada askotatik argitaratu izan diren mundu mailako ikerketa ezberdinen datuetan oinarritzen dira. Segidan duzue OEIT-ren idatzia osorik.
Neurketa ofizialek adierazitakoa baino 460-1290 aldiz altuagoko dioxina isurketak
Adibide gisa jartzen dute, iaz Herbeheretako azken belaunaldiko edo batzuk errauskailu “moderno” deitzen dioten horietako baten inguruan eginiko ikerketa batek zioena. “Honek dio isurketak modu jarraian monitorizatuz gero neurturiko dioxinen isurketa zifrak ofizialki jakinarazitakoak baino 460-1290 aldiz altuagoak direla”. Urtebete lehenago errauskailu berean eginiko beste ikerketa batek, “giza-kontsumorako legezkoak ez diren dioxina mailak atzeman zituen errauskailu baten 2 kilometroko erradioan ekoitzitako arrautzetan; inguruko belardietan ere dioxina maila altuak ziren… Belarretan topaturiko dioxinak eta tximiniatik isuritakoak azpitalde berekoak dira, toxikotasunaren jatorria errauskailua dela frogatuz”.
Belgikan 1998an eginiko beste ikerketa batek agerian jarri zuen OEIT-k adierazi duenez, “dioxinen isurketaren estimazioa 15 eguneko etenik gabeko monitorizazioan oinarrituz gero, ohiko neurketa puntualetan oinarrituta baino 30-50 aldiz handiagoa zela”.
Denbora osoaren %0,4an isurtzen dena baino ez da kontrolatzen
Euskal Herrira etorrita, Zabalgarbiko erraustegia jarri dute adibide gisa. “Adierazgarria da Zabalgarbik 10 urtean 35 geldialdi eta bir-hasiera izan dituela. Datu hauek adierazten digutenez, isuritako dioxina kopuru erreala ofizialki jakinarazitakoa baino askoz ere handiagoa dela pentsatzeko arrazoi sendoak daude”.
OEIT-tik argitzen dutenez, “gaur egun egiten diren kontrolen arabera ez dago jakiterik zer dioxina kopuru isurtzen duten erraustegiek martxan dauden denboraren %99,6an”.
Bai Zabalgarbiko zein Zubieta gainean eraikitzen ari diren erraustegien Ingurumen Baimen Bateratuak “dioxinen isurpenaren kontrola hiru hilabetetik behin egin behar dela agintzen dute, 6 eta 8 ordu arteko lagin bilketa burutuz”. Baina neurketok egin aurretik, “errausketa planta jakinaren gainean jartzen da. Ezaguna da neurketak aurreabisurik gabe egiten direnean emaitzak oso ezberdinak izan ohi direla. Errauskailua martxan dagoen denbora totalaren %0,4 estaltzen duten neurketetan oinarritutako estimazioek-Foru Aldundiko agintarien ustez kontrol hertsiak liratekeenak-nekez adierazi dezakete zein den isuritako dioxina kopuru erreala”.
Manifestu bat plazaratu dute, eskatuz berehala askatzeko preso katalanak, eteteko prozesu subiranistaren aurkako prozedura judizialak eta abiatzeko elkarrizketak.
Bihar hasiko da, Madrilen, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa, eta, bezperan, manifestu bat argitaratu dute Euskal Herriko 68 herritarrek, alor ugaritan dihardutenek. Gure Esku Dago-k sustatu du agiria, eta uste du "gehiengo soziala islatzen duen lagin bat" dela adierazpena sinatzen dutenen zerrenda.
Izenpetzaileen artean daude Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalaria, Asier Illarramendi Realekoa, Karmele Jaio eta Eider Rodriguez idazleak, Gorka Urbizu, Fermin Muguruza eta Anari Alberdi abeslariak, Onintza Enbeita bertsolaria, Daniel Innerarity filosofoa, Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta Pili Kaltzada, Elixabete Garmendia, Mariano Ferrer, Martxelo Otamendi eta Julen Telleria kazetariak, besteak beste.
Sinatzaileek hiru aldarrikapen nabarmendu dituzte: batetik, espetxean dauden Kataluniako buruzagi politiko eta sozial independentistak askatzea; bestetik, 2017ko urriaren 1eko erreferendumari lotutako prozedura judizial oro bertan behera uztea; eta azkenik, "elkarrizketari eta negoziazioari" ekitea, "herritarren borondatearekiko begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin".
Horrez gain, sinatzaileek azpimarratu dute "kultura demokratikoan sakontzeko eta elkartasuna lantzeko" garaia dela: "Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere".
Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidenteak esker ona adierazi dio Gure Esku Dagori, epaiketari begira biltzen ari den babesarengatik. "Gure Esku Dagoko lagun maiteak, eskerrik asko egiten ari zareten guztiarengatik. Borroka dezagun elkarrekin Kataluniaren eta Euskal Herriaren askatasunarengatik. Eskerrik asko. Besarkadak", idatzi du bere Twitter kontuan.
ELNrekin irekia zeukan elkarrizketarako bidea etetea erabaki du Duqueren gobernuak. Bertan behera utzi du elkarrizketarako mahaia eta delegazioko ordezkariak atxilotzeko agindua eman du. Horren aurrean, honako hau adierazi nahi du EH Bilduk:
1. Poliziaren akademiako kideen aurka Bogotan izandako erasoa gaitzesten dugu, gure doluminak agertu nahi dizkiogu Kolonbiako herriari. Era berean, erasoaren egileak nortzuk izan diren lehenbailehen argitzea nahi dugu, ez baitu inork bere gain hartu.
2. Kolonbiako gatazka armatuaren konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa direla azpimarratzen dugu; kasu honetan, ELNrekin negoziazioa.
3. Santos presidenteak abiatutako elkarrizketarako mahaia desegiteko Duque jaunaren gobernuak hartutako erabakia okerra dela uste dugu. Krisiak daudenean elkarrizketari eta harremanari eustea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Bidezko bake iraunkorra eraikitzeko bide bakarra da.
4. Haustura egonez gero ezarrita dauden protokoloak betetzeko deia egiten diegu alde guztiei eta herrialde bermatzaileei.
5. Kolonbiako herriak merezi duen bakearekin daukagun konpromisoa berresten dugu.
Foru Aldundiek helegite bana aurkeztu dute Legebiltzarra tramitatzen ari den EH Bilduren proposamena bertan behera uzteko. “Ustelkeriaren aurka neurri eraginkorrak hartzeak PNVri bertigoa ematen dio eta horrelako trikimailuak erabiltzera jotzen du”, dio Larraitz Ugartek.
EH Bilduk Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa Sortzeko Legea onartzea oztopatzea leporatu dio gaur PNVri, Foru Aldundiek eskumen-arazo bana aurkeztu baitute Arbitraje Batzordean lege horren tramitazioa bertan behera uzteko, EH Bilduk proposatu duen Bulegoak euren eskuduntzak urratuko lituzkeelakoan. Larraitz Ugartek azaldu du aldundien helegiteen tramitazioak luze jo dezakeela eta, ondorioz, ia ezinezkoa litzateke ustelkeriaren kontrako organo hori legealdia amaitu aurretik sortzea. EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, Bulegoa sortzeak “bertigoa eman dio PNVri eta aldundiak erabili” ditu horren kontra egiteko. “Ustelkeriaren aurkako borrokan behingoagatik neurri eraginkorrak planteatzen direnean PNVk bertigoa du, eta hori justifikatu ezina da mahai gainean ditugun kasu guztiak kontuan hartuz gero: De Miguel, Osakidetza, Marguello eta Karrantzako Minda, besteak beste. Horiek guztiek frogatzen dute EAE ez dela garbitasunaren oasia”.
Larraitz Ugarte (EH Bildu) Gasteizko legebiltzarrean egindako agerraldian
Legebiltzarrak Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzeko EH Bilduren Lege Proposamena aintzat hartu zuen abenduan eta PNVk ere aldeko boza eman zuen orduan. Ugarteren iritziz, “horri ezezkoa ematea oso zaila zenez, iritzi publikoak gaizki hartuko zuelako, PNVk aldundiak erabiltzea erabaki du, Lurralde Historikoen Legearen aitzakiapean, ustelkeriaren aurkako urrats sendoak ez emateko”.
Edonola ere, EH Bildu Bulegoa sortzeko lege proposamenaren tramitazioak aurrera egiten saiatuko da. Horretarako, Legebiltzarraren Erregelamenduari heldu eta talde parlamentarioen babesa bilatuko du Arbitraje Batzordeari eskatzeko tramitazioa bertan behera ez uzteko. Izan ere, Jaurlaritza bera ere lege proposamena tramitatzearekin ados agertu zen eta ez litzateke oso ulergarria izango ekimen hori aintzat hartzearen aldeko botoa eman zuten berberek orain tramitazioa eten nahi izatea. Ugartek azpimarratu duenez, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortuz gero, “herritarrok asko irabaziko genuke, lehenago edukiko ditugulako neurri eraginkorrak eta bermeak Administrazio Publikoaren jarduera inolako ustelkeria zantzurik gabe egiten dela ziurtatzeko. Instituzioek ere sinesgarritasuna irabaziko lukete eta, finean, gizarte osasuntsuago bat izango genuke”.
Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileek agerraldia egin dute Nafarroako egoera politikoaren irakurketa egiteko. Egoeraren larritasunaz ohartarazi dute, eta arduraz jokatzeko deia egin die aldaketaren aldeko eragile politiko eta sozial guztiei.
Hemen duzue Nafarroako EH Bilduk egiten duen irakurketa:
IRAKURKETA
1. 2015eko hauteskundeetan Nafarroako jendarteak erabaki zuen, gehiengoz, historiaren etapa bat atzean uztea eta berri bat irekitzea, aldaketa grina instituzioetara indar handiz eramanez. Herri agindu hori izan da beti EH Bilduren erreferentzia eta uste dugu agindu horrekiko leialtasunaz jardun beharko genukeela aldaketaren indar politiko guztiok.
2. Jendartearekin zintzo izan behar dugu beti eta oraingoan argi esan behar dugu aldaketa une kritikoan dagoela. Iruñean esaterako, batzuek gehiengoa hautsi dutelako, aldaketaren kontrakoekin lerrokatuz. Edo aldaketarekin bateraezinak diren jokabideak erakusten ari direlako, bide polizial eta errepresioetan tematuz. Halaber, oso larriak dira Podemos eta Orain Bai-ren arteko barne lehiaren ondorioak, Parlamentuaren Lehendakaritza eta hainbat gehiengo kolokan jartzen ahal dituztenak.
3. Krisi hau ez dator oposizioaren presiotik, aldaketaren barne mailako alderdikeria eta joera autoritarioengatik baizik. Oposizioak jokoz kanpo eman ditu azken urteak, Nafarroarako proposamenik ez zuela nabarmenki agerian utziz: haserrea besterik ez du erakutsi, botere instituzionala galdu izanagatik haserrea. Gauzak horrela ulertezina da aldaketaren esparrutik halako oparirik egitea. Aldaketa sustatu duten herritarrek ez dute egoera hau ulertzen ez eta onartzen ere, jakina.
4. Arduragabekeria handia litzateke krisia ukatzea, eta are gehiago egoera hau eragin duten jokabideei eustea. Ardura berreskuratzeko unea da, herritarrok horixe eskatzen digute eta. Esan bezala, aldaketaren indarrok herri agindua hartu behar dugu gure jardueraren gida. Ardura eta zentzu pixka bat jarri behar dugu gure jardueran, jokoan dagoena milaka eta milaka herritarrek egindako esfortzua eta borrokaren uzta delako.
Munduan, Europan eta Espainiar Estatuan gertatzen ari dena ikusita, nabarmena da jarrera autoritarioak datozela, indar oroz etorri ere, eta hau gurean bereziki larria da. Izan ere, Nafarroan ederki dakigunez, inoiz ez baita joan iraganeko hondar autoritarioa. Ez diezaiogun bidea ireki autoritarismoari antzeko joera eta praktika batzuekin, edota aldaketaren garrantzia gutxietsiz. Gaur egun, lehia politiko nagusia ez da aldaketa eta aurreko erregimenaren itzuleraren artean, aldaketa eta erregimenaren bertsio autoritarioago eta atzerakoiagoaren artean baizik. Hau ikusi nahi ez duena arduragabekeriaz jokatzen ari.
5. Bizi, lan eta elkarbizitza baldintzen okertze orokorra da agenda autoritarioaren funtsa. Gehiengoaren kontrako agenda dute, aberatsei zergak kendu, dena pribatizatu, lan baldintzak gehiago kaskartu, berdintasun mailako aurrerapen mugatuak deuseztatu, arrazakeria eta xenofobia normaltzat hartu eta gure gizartearen erraietaraino hedatzea... Guk, esan bezala, gure eskuetan dagoen guztia egiteko determinazioa dugu aldaketa indartu eta autoritarismoa erregaia duen Erregimenari aurre egiteko.
DEIA
1. Aurrera-urrats bat egiteko garaia da eta EH Bilduk horixe egiteko determinazioa erakutsi nahi du. Ez da etsipenerako unea, jendarteak ez liguke barkatuko. Aterpe sendoa eraiki behar dugu Nafarroan eskubide kolektibo eta indibidualak suntsitzera datorren oldarraldiaren aurrean, aldaketan sakondu nahi baitugu. Geure autogobernu mugatua bera ere kolokan dago, ez baita ahantzi behar Andaluziako itun atzerakoiaren hiru indarretatik bik proposatzen dutela Nafarroako erregimen fiskala bertan behera uztea, esate baterako. Nafarroa Espainian indarrez urtzea da hauen helburua eta UPNk, diskurtsoan foruak darabilzkien arren, erabakia hartu du jada: agenda autoritario-neoliberal-pribatizatzaile horren menpe jarri du bere burua, Nafarroa Foru Komunitate gisa sakrifikatzeko prest dagoela erakutsiz.
2. Gauzak horrela, deialdia egiten diegu aldaketaren aldeko indar sozial eta politikoei ardurari eusteko eta krisia lehenbailehen gainditzeko, jendarteari aldaketa sendotzeko eta luzatzeko zerumuga argi eta erakargarria eskaintzeko. Inertziak astindu eta ausardiaz aritzeko tenorea da: ezin dugu huts egin!
3. Jendarteari mezu argia luzatu beharrean gaude, aldaketak baduela bere barne auziak kudeatzeko gaitasuna, aldaketa agindu gisa hartzen dugulako norberaren ikuspegia eta interesen gainetik. Aldaketak badu etorkizunik!
NEURRIAK
Arestian esan bezala, ez da gelditik egoteko unea. Aldaketaren indarrei eta, oro har, jendarteari dei egiteaz gain, egoerari aurre egiteko neurriak adosteko eta konpromisoak hartzeko dei egin nahi diegu:
1. Parlamentuan aldaketaren gehiengoa bermatzeko beharrezko neurriak hartu behar dira. Gertatutakoa gertatuta ere, gehiengoa bermatu behar da, horretarako, guztiok arduraz eta egoerak eskatzen duen umiltasunez jokatuz. Guk gure burua ere konpromiso horretara lotzen dugu.
2. Aldaketak arazo sozial eta politikoei irtenbidea emateko elkarrizketa eta negoziazioa lehenetsiko du. Eragile sozial eta sindikalekin hitz egiteko konpromisoa beharrezkoa da, arazoei eta jendarte eragileen aldarrikapenei irtenbide justu eta duina ematearren. Areago, aldaketaren lehen urte hauetan instituzioen eta mugimendu sozialen artean sumatu den desoreka eta interakzio arazoak gainditu beharra dago. Jendartearen aktibazioak ekarri zuen aldaketaren hasiera instituzioetara eta aktibazio sozial horrek ahalbidetu beharko luke berriro ere Erregimenari aurre egin eta aldaketan sakontzea. Gogoeta horri berriro ere bide emateko konpromisoa hartzen dugu.
3. Aldaketa ezin da inola ere lotu protesta sozialei bortizkeriaz erantzutearekin. Aldaketak beste era batera kudeatu behar ditu auzi sozialak. Lehenbailehen adostu behar da protokolo berri bat gertatutakoa berriz gerta ez dadin. Nafarroak bere Polizia behar du, polizia demokratikoa, gurea, jendartearen zerbitzura, konfiantzazkoa. Horren inguruko eztabaida sozial eta politikoa abiatu behar da, horretarako behar diren baliabideak jarriz.
Bitartean, eredu aldaketa horren norabidean lehendik adostuak ziren neurriak -akordio programatikoan besteak beste- praktikan jarri behar dira. Zentzu horretan, konpromisoa hartzen dugu Huertas de Peraltako greban zein Iruñeko Alde Zaharreko okupaziorekin gertatutakoa argitzeari begira neurriak eskatu eta aurrerantzean halakorik ez errepikatzeko protokolo bat planteatzeko. Lehen irizpidea hauxe da: aldaketaren Gobernuaren pean dagoen poliziak ezin du jendea mehatxatu, iraindu eta jo!
4. Iruñeko aldaketaren aldeko gehiengoa berreskuratu behar da jarrera sektario eta elektoralistak gaindituz. Gogoeta kolektiboa ireki behar da hurrengo egunotan Iruñeko aurrekontuak ez onartzeak eragin duen kaltea gutxitzeko.
5. Aldaketaren indarrok konpromiso publikoa hartu behar dugu maiatzeko lehia elkarrekin irabazteko, aldaketari bide ematen jarraitzeko eta horretan sakontzeko konpromiso argia hartuz eta horrekiko leialtasuna bermatuz.
Horrenbestez, Aldaketak urrats sendoak egin behar ditu elkarbizitza ereduaren demokratizazioan.
Iruñean, 2019ko urtarrilaren 16an
Jone Goirizelai EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, helburua indarkeria matxista kasuetan biktimen eta adingabeen babesa bermatzea da. 2015eko legea aldatu nahi du erasotzaileei zaintza partekatua eta bisita eskubidea ukatzeko.
Legebiltzarrak tramitera onartu du gaur, aho batez, EH Bilduren lege proposamena eta bide eman dio, beraz, gurasoen banantze edo haustura kasuetan zaintza partekatua arautzen duen 2015eko legea aldatzeari, Jone Goirizelaiak proposatu bezala. Azaldu duenez, biktimen eta adingabeen babesa bermatzea helburu, 2015eko legea aldatu behar da indarkeria matxista kasuetan erasotzaileei zaintza partekatua eta bisita eskubidea legez ukatzeko. Gaurko tramitearen ostean, Legebiltzarrak ponentzia osatu beharko du EH Bilduren proposamena eztabaidatzeko eta, horren ostean, legea onartzeko.
Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkidea agerraldi batean
Goirizelaiak adierazi duenez, EH Bilduk proposatutako neurri horiek Europako hainbat herritan aplikatzen dira jada, baina ez da gauza bera gertatzen Estatu espainolean. Hori dela eta, erantsi du, “garrantzitsua litzateke Gasteizko Legebiltzarrak arlo horretan dituen eskumenak baliatzea eta lehena izatea Estatuan neurri horiek onartzen, indarkeria matxista kasuetan adingabeen babesa bermatuko lukeelako”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du 2015eko legea aldatzeko proposamena bat datorrela nazioarteko estandarren irizpideekin. Izan ere, “nazioartean hedaturik dagoen irizpidea oso argia da: familiaren testuinguruan gertatzen den indarkeria matxistaren aurrean ez dute balio erantzun isolatuek; erantzunak orokorra eta integrala izan behar du eta testuinguru horretan gerta daitezkeen egoera guztiei heldu behar die”. Horri jarraituz, Istanbulgo Protokoloak ere argi xedatzen du “egoera horretan emakumea ez ezik, adingabeak ere bereziki babestu behar direla, horrelakoetan haiek izaten direlako kaltetuenak, ondorioak eta sufrimendu gehien pairatzen dutenak”.
EH Bilduk eskoletako jantokiak kudeatzeko eredua aldatu beharra berretsi du eta haren erantzukizunari ihes egitea egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, berea den ardura gurasoen bizkarrean utzi nahi izan baitu.
EH Bilduk, hezkuntza arloko hainbat eragilek bezala, urteak daramatza eskola publikoan jantokiak kudeatzeko eredua alda dezala eskatzen Jaurlaritzari, kudeaketa zuzena ahalbidetzeko. Hau da, catering enpresak kontratatu ordez, ikastetxeek hala erabakiz gero, sukalde propioa izango lukete eta jangelen jardun osoa bideratuko lukete bertan, horrek ikasleen elikadura hobetzea ekarriko lukeelarik. Aspaldiko aldarrikapena da hori eta, Haurreskoletan gertatu zen bezala, jantokien aferan presio politiko eta sozialak Jaurlaritza mugiarazi du. Hala ere, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "jangelen kasuan, Hezkuntza Sailak atzo iragarri zuen aldaketak ez dio aipatutako eskariari erantzuten, jantokien kudeaketaren ardura guraso elkarteen bizkarrean uztea planteatzen duelako, erantzukizun hori Hezkuntza Sailarena berarena denean".
Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko legebiltzarkidea
Horren haritik, eskola jantokiak kudeatzeko ardura ikastetxeek beraiek hartu behar dutela euren gain berretsi du EH Bilduko legebiltzarkideak; “beraz, ez da inondik inora onargarria zama hori gurasoen bizkar utzi nahi izatea, EHIGE gurasoen elkarteak jada kritikatu duen bezala”. Lopez de Arroyabek azaldu duenez, “guraso elkarteetan aritzen diren pertsonak boluntarioak dira eta Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki elkarte horiek ez dutela gaitasun errealik jantokien jardun osoa antolatu eta bideratzeko eta horretarako beharko liratekeen kontratuak egiteko, horrek guztiak ikastetxeen ardura izan behar duelako”.
Bere iritziz, “Hezkuntza Saila berari bakarrik dagokion erantzukizunari ihes egiten saiatzen ari da, modu traketsean gainera, atzo eskola jantokien jarraipen batzordearen bilera akordiorik gabe amaitu zelako, baina, hala eta guztiz ere, eredu berria iragarri zuen horren ostean”. Jaurlaritzaren planak zuzentzea ezinbestekoa delakoan, EH Bilduk hiru agerraldi eskatu ditu jada Legebiltzarrean: Hezkuntza sailburuarena, EHIGErena eta LABena, azken hau sindikatu nagusia delako eskola jantokietako langileen artean.
EH Bilduk ezinbestekotzat jo du berehalako neurriak hartzea, sektorearen egoera larria delako. Proposatu du, besteak beste, jai egunetan irekitzea murriztea, Amazon bezalako enpresei zergak igotzea, denda historikoaren figura sortzea eta Lakuako Merkataritza Sailaren aurrekontua bikoiztea.
EH Bilduk talka plan baten beharra aldarrikatu du gaur merkataritza txikia suspertzeko, sektore hori funtsezkoa delako euskal ekonomian (140.000 lanpostu inguru eta BPGren %11) eta bere egoera kritikoa delako. Horren haritik, Iker Casanovak gogora ekarri du Bizkaian urtero denden %2 desagertzen dela (300 denda baino gehiago 2018an), Donostialdean 900 inguru itxi direla azken urteotan eta Gasteizen 500 izan dira. Datuek, beraz, argi erakusten dute sektorearen gainbehera, krisia aitzakia gisa erabilita, instituzioek politika neoliberalak sustatu dituztelako superfizie handiei eta merkataritza elektronikoari mesede egiteko. EH Bilduk, ordea, merkataritza txikia defendatu eta babestu beharra azpimarratu du, pisu ekonomiko handia edukitzeaz gain, sektoreak balio erantsia ematen diolako gizarteari, hiriari bizitza, segurtasuna eta bizi kalitatea eman eta sare sozialak indartzen baititu.
Donostialdeko EH Bilduko hainbat ordezkari, merkataritza bizi eta orekatu baten aldeko kanpainaren berri ematen
Jaurlaritzak orain arte ez dio merkataritza sektoreari behar duen garrantzia eta arreta eskaini, eta bada garaia egoera horri buelta emateko, bai eta merkataritza txikiaren defentsa lehentasuna bihurtzeko ere. Hori horrela, EH Bilduk bere lehenengo 10 neurri aurkeztu ditu merkataritza txikia babesteko eta horren inguruko pleno monografikoa eskatu du jada Legebiltzarrean. Casanovaren esanetan, “Jaurlaritzak iaz aurkeztu zuen Plan Estrategikoak sekulako gabeziak ditu plan hori sektoreko eragileen iritzia eta ekarpenak aintzat hartu gabe diseinatu zuelako; horrek are beharrezkoago egiten du merkataritza txikiak behar duen talka plana Parlamentuan diseinatzea eztabaida monografiko batean”.
Pleno horretan EH Bilduk ondorengo neurriak proposatuko ditu, besteak beste:
1. Ordutegiak. Ohiko ordutegitik kanpo irekitzen diren dendak minimoetara mugatzea eta jai egunetan ez irekitzea. Atsedenerako eskubidea babestu behar da eta ordutegiak liberalizatzeak merkataritza txikiari kalte egiten dio.
2. Joan-etorri turistiko handiko zonaldeak desagerraraztea, hain justu kalifikazio horrek jai egunetan irekitzea ahalbidetzen duelako.
3. Denda tradizional eta denda historikoaren figurak sortzea, ondare kultural edota arkitektoniko bilakatu diren dendak babesteko.
4. Merkealdietarako epe zehatz eta trinkoak berreskuratzea, merkealdiak ia urte osoan zehar luzatzeak superfizie handiei bakarrik egiten diolako mesede.
5. Merkataritza elektronikoa. Amazon eta horrelako enpresei zergak igotzea.
6. Merkataritza elektronikoaren alorrean euskal denden posizioa hobetzeko plana.
7. Merkataritza gune handiak irekitzea edo daudenak handitzeko legez eragoztea. EH Bilduren lege proposamena, oposizioko beste taldeekin batera aurkeztua, bidean dago jada Legebiltzarrean xede horrekin, onartzearen zain.
8. Jaurlaritzako Merkataritza Sailaren aurrekontua 2023ra bitartean bikoiztea.
9. Ikusmer berriro ere martxan jartzea. Organo horretan sektoreko eragileek parte hartzen dute, baina Jaurlaritzak ez du aktibatu, praktikan bertan behera utzita. Ikusmerrek protagonismoa hartu behar du ezinbestean merkataritza arloko politikak diseinatzerakoan.
10. Merkatarien elkarteei babes eta baliabideak ematea, bai eta sektoreko sindikatuen funtzioa aitortzea ere.
Rebeka Ubera (EH Bildu): “Azken prozesuak begi bistan utzi du Osakidetzan funtzionatzeko eredu bat dagoela, zeharo hedaturik, lagunkerian eta entxufismoan oinarritua, lanpostuak emateko. Konponbidea ez da aurpegi bat besteagatik aldatzea, baizik eta Pertsonal eredua aldatzea”
Osakidetzako Giza Baliabidetako arduradunaren kargugabetzearen harira, Rebeka Ubera legebiltzarkideak ohartarazi du Osasun sailak haratago joan behar duela irregulartasunak berriro gerta ez daitezen. Osakidetzako zuzendaritzaren berregituraketaz gain, ezinbestekoa da neurri zuzentzaileak martxan jartzea: “Lan Eskaintza Publikoak Osakidetzaren pertsonal arloko arazo estrukturala azalarazi du, eta agerian utzi du oposizioen eta giza baliabideetako politikaren eredua sakon aldatu behar direla, hala egin ezean, oraingoan gertatu diren irregulartasunak hurrengo oposizioetan ere berriro errepikatuko direlako. Bermeak ipini behar ditugu gardentasuna eta aukera berdintasuna ziurtatzeko”.
ELA sindikatuaren protesta mobilizazioa Osakidetzako EPEn egondako irregulartasunak salatuz
Uberak azaldu du auziak Osakidetzako Pertsonal politika osoari eragiten diola: “Azken prozesuak begi bistan utzi du Osakidetzan funtzionatzeko eredu bat dagoela, zeharo hedaturik, lagunkerian eta entxufismoan oinarritua, lanpostuak emateko. Orain, berandu bada ere, Osakidetzako arduradunak erantzukizun pertsonalak beren gain hartu dituzte, baina konponbidea ez da makillajea egitea, aurpegi bat besteagatik aldatzea. Gakoa da Osasun Saileko politikak eta Osakidetzan nagusi den eredua aldatzea”.
Hortaz, premiazkoa da beste eredu bat ezartzea Lan Eskaintza Publikoetan eta Pertsonal politikan, Funtzio Publikorako sarbidean bermatzeko meritu, gaitasun, objektibotasun eta aukera berdintasun printzipioak errespetatzen direla. EH Bilduk neurri sorta bat aurkeztu zuen azaroan. Besteak beste, lehen hiruhilekoan Osakidetzako Giza Baliabideetako politika aztertzeko eta hobetzeko talde txostengilea abiatzea proposatu zuen.
Jone Goirizelaia eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Zaballako kartzelan izan dira Lan eta Justizia Batzordearen bisita ofizialean. Bertan jasotako azalpenek transferentziaren beharra berretsi dute, EH Bilduk aldarrikatu bezala.
Jone Goirizelaia Lan eta Justizia Batzordeko presidentea eta Julen Arzuaga batzorde bereko kidea Zaballan izan dira gaur goizean Legebiltzarrak antolatutako bisita ofizialean Arabako kartzelaren egoera eta bertan aplikatzen ari den espetxe eredua bertatik bertara ezagutzeko, betiere espetxeen gaineko eskumenaren transferentziari begira. EH Bilduko legebiltzarkideek beraiek proposatu zuten batzordekideek Zaballa bisitatzea.
Zaballako espetxearen sarrera
Lau orduz luzatu den bisita amaitutakoan, Jone Goirizelaiak azpimarratu du espetxeen transferentzia premiazkoa dela eta, beraz, lehentasun osoa izan behar duela Gobernu espainolak prestaturiko transferentzien egutegian. Azaldu duenez, “Zaballako instalazioak ikusi eta funtzionamendua ezagutzeko aukera izan dugu, eta ikusi dugu gauza batzuk ondo egiten ari direla, baina atera dugun ondorioa oso argia da: espetxeen eskumena eskualdatuz gero, hori guztia hobetuko litzateke. Transferentzia premiazkoa da gauzak hobetzeko eta beste modu batean, bestelako eredu baten arabera, egiteko”.
EH Bilduren iritziz, zinikoa da, Gernikako Estatutua hitzez defendatzen dutenen aldetik, bertan xedatutakoa betetzeari uko egitea eta etengabeko oztopoak jartzea bertan aitortutako eskumenen transferentzia eragozteko.
Errauste-planta ordezkatuko lukeen hondakinen kudeaketarako sistema alternatibo bat aurkeztu zuen GuraSOSek Hernanin egindako ekitaldi publikoan: «Gordailu inertizatua». Hiri hondakinak bioegonkortu ondoren zigilatutako eta isolatutako gelaxketan gordetzean datza sistema hau, eta ez luke lixibiaturik, usainik, ezta metanorik ere sortuko.
Herritarrek instituzioetara iristeko egin beharreko bidea labirintikoa begitantzen zaio Bernardo Atxaga idazleari. «Eta, agian, labirintoaren bukaeran ez dago inor», esan zuen idazleak Hernaniko Orona Fundazioan, GuraSOS plataformak 2019-2030 urte arteko Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketarako ondutako plan teknikoaren aurkezpen ekitaldian.
Labirintoan galdu beharrean, Gipuzkoako Aldundiak herritarrei eman ez zien hitza hartu zuen GuraSOSek, bertako bozeramaile Joseba Belaustegik esan bezala, eta 2017ko abenduan abiatutako Hitzartu prozesu parte-hartzailearen emaitza aurkeztu zuten atzo: hiri hondakinen kudeaketarako proposamen errealista bat, apirilerako martxan jartzekoa den Zubietako erraustegia eta ohiko isurketa baino iraunkorragoa dena, bai ingurumen eta baita ekonomia ikuspegitik ere.
Hitzartu prozesuaren jarraipena egin duen Berme Batzordeko kidea da Atxaga, Garbiñe Biurrun epailearekin, Esther Larrañaga Lakuako Ingurumen sailburu ohiarekin, Juanjo Alvarez Zuzenbideko katedradunarekin, Pedro Ibarra Politika Zientzien katedradunarekin eta Ernesto Ganuza Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) titularrarekin batera.
GuraSOS-en ekitaldia Hernaniko Orona fundazioaren aretoan
«Aspaldi gertatu ez den ekintza demokratiko baten lekuko» izateagatik pozik agertu zen Atxaga. Alvarezek ere Hitzartu goraipatu zuen, «ekimen plurala» izan dela esanez, «demokrazia transnazional bat indartzeko beharrezkoa».
Parte-hartze prozesuak «hondakinen kudeaketa jasangarriaren inguruan eztabaida publikoa sortzea» lortu duela nabarmendu zuten Berme Batzordeko kideek, eta Belaustegik zehaztu zuenez, eztabaida horretako ondorioak argiak izan dira: «Jendeak ez du erraustegirik nahi», eta instituzioen «informazio falta» salatu dute.
Ildo horretatik, Berme Batzordeko kideek dei garbia egin zioten atzo Aldundiari: «Hitzartu gizarte-ekimenaren ordezkaritzarekin bil daitezela; landutako prozesua eta emaitzak azter ditzatela, eta elkarlanerako lerroak ireki ditzatela hondakinen kudeaketa jasangarri eta osasuntsua lortzeko helburuarekin, adostasun sozial zabalean oinarrituta».
Alta, ordezkari politikoek elkarrizketarako eskaera onartuko ez balute ere, urtarrilaren 4an Aldundiaren parean, Donostiako Gipuzkoa plazan, hondakinen kudeaketarako plana zein Hitzartu prozesuaren baitan jasotakoak emango dizkiete Foru Gobernuari, Markel Olano alhaldun nagusiari eta Batzar Nagusietako ordezkariei.
PLAN TEKNIKOA
Hondakinen kudeaketarako plan teknikoa Residua Consulting enpresako Iñigo Irigoyen eta Antton Lete industria-ingeniariek osatu dute, Europak aholkatutako ekonomia zirkularraren eredua errespetatuz.
Letek azaldu zuenez, plan berri honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Artigaseko instalazioak izan ditu eredu. Bertan, birziklatu ezin diren hondakinak biolehortu egiten dituzte, ondoren zigilatutako gordailu batzuetan gordetzeko.
GuraSOSeko teknikariek proposatu zuten, halaber, materiala lehortu beharrean bioestabilizatzea edo inertizatzea. Metodo horren bidez hondakinek kimikoki edo biologikoki eraldatzeko gaitasuna galduko lukete; hots, materia bizigabe bilakatuko lirateke.
Berebat, besteak beste Alemanian erabiltzen dituzten “DK II” izeneko gordailu inertizatuak erabiliko lituzkete, zeintzuen bidez hondakinek ez luketen lixibiaturik, usainik, ezta metanorik ere sortuko.
GuraSOSek proposatutako alternatibak ez luke zoru berriak okupatzeko beharrik izango, «gaur egun martxan diren instalazioak» erabil daitezkeelako. Aztertu duten aukera bat Zubietan eraikitzen ari diren errausketa-instalazioa aprobetxatu eta bertan Tratamendu Mekaniko-Biologikoko (TMB) planta bat instalatzea da. Bestalde, Zubietako proiektuan jada adjudikatuta dagoen biometanizazio planta handitzea «beharrezkoa» dela aipatu zuen Antton Letek.
Gordailu inertizatuen sistemak, kutsadura murriztu eta gizartearen osasunean kalte gutxiago eragiteaz gain, hondakinen kudeaketa merkatuko lukeela ziurtatu zuen Joseba Belaustegik.
«Sistema honek ez lioke inongo gainkosturik ekarriko Gipuzkoako Aldundiari», adierazi zuen. Are, Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren lanak bukatuko balira ere, GuraSOSen planak berau ordaintzeko gaitasuna izango lukeela baieztatu zuen: «Erraustegiko lanak gelditzen ez badira ere, ordaindu egingo dugu».
PLASTIKOAREN GEZURRA
GuraSOSek proposatutako plana behin-behinekoa dela zehaztu zuen Letek eta 2030era bitartean funtzionatuko luke. Izan ere, urte horretatik aurrera gutxienez ere hiri hondakinen %65 birziklatzera behartuko du Europako Batzordeak, baita sortzen den plastikoaren %50 ere; eta plastikoarena «arazo globala» izaki, GuraSOSekoen iritziz, Aldundiaz gaindiko erakundeek izan behar dute hori kudeatzeko eskuduntza.
«Plastikoarena gezur handia da», esan zuen Belaustegik. Egun, edukiontzi horira jaurtitzen denaren %30 besterik ez dela birziklatzen baietsi zuen, eta horren atzean «petrolio-sektorearen interesak» daudela. Orobat, erretzen denean, energia gehien ekoizten duen materiala da plastikoa.
Hala, prebentzioak (produkzioaren murrizketak, kasu) berebiziko garrantzia duela azpimarratu zuen Letek, plastikoa erraustean oraindik ezezagunak zaizkigun substantzia kaltegarriak isurtzen baitira.
Arartekoak egindako txostenak berretsi egin du EH Bilduren diagnostikoa, eta argi erakutsi du Giza Baliabideetako politika aldatzeko eztabaida ireki behar dela.
Osakidetzaren azken Lan Eskaintza Publikoan gertatutako irregulartasun larrien ondorioz, EH Bilduk Osasun saileko Giza Baliabide politikaren norabide aldaketa sustatzeko hainbat neurri zehatz eskatu zituen 2018ko azaroaren 18an. Arartekoak gaur ezagutzera eman duen azterketak berretsi egin du EH Bilduren diagnostikoa eta hainbat gomendio. Besteak beste, filtrazio susmopean egoteagatik errepikatu behar diren probetan epaimahaien osaera aldatzea eskatu zuen EH Bilduk, eta hala egin du ere Arartekoak. Gainera, epaimahaikideak zozketaz izendatu behar direla adierazi du, koalizioak azaroan proposatu bezala.
Rebeka Ubera (EH Bildu) Gasteizko legebiltzarrean egindako agerraldian
Beraz, Arartekoak egindako azterketa EH Bilduk orain arte eskatutako norabidean doa hein handi batean. Horregatik, Rebeka Ubera Legebiltzarkideak txostenaren “balorazio positiboa” egin du, eta Gobernuari eskatu dio Arartekoaren gomendioei jarraitzea. Alde horretatik, azpimarragarria da Arartekoak azaldu duen kezka aldi baterako enplegu tasa handiaren inguruan. EH Bilduk bat egiten du kezka horrekin, eta, azaroan aurkeztutako proposamenean adierazi bezala, defendatu du “azken urteotan areagotu den behin-behinekotasun tasa izugarriari erantzun egoki bat eman behar zaiola”.
Azken batez, Arartekoaren txostenak argi erakusten du Osakidetzan Pertsonal arloko politika aldatzea dela gakoa, eta kasu honek eztanda egin zuenetik, EH Bilduk beti esan du auzian dagoena ez dela oposizioen eredua soilik, baizik eta Giza Baliabideetako politika osoa. Horren harira, Arartekoak esan du “Osakidetzak eztabaida sustatu behar duela” etorkizuneko LEPak “inpartzialtasun eta gardentasunaren eredu” izateko helburuarekin.
Gomendio hori bat dator EH Bilduk eskatutakoarekin, hau da: “Lan Eskaintza Publikoaren eredua aldatzea eta 2019ko lehen hiruhilekoan Osakidetzako Giza Baliabideetako politika aztertzeko eta hobetzeko talde txostengilea abiatzea”, besteak beste, ondorengo neurriekin:
- Epaimahaien berregituraketa.
- Test erako azterketa bakarra.
- Segurtasun neurri osagarriak aplikatzea irregulartasunak ekiditeko.
- Azterketak IVAPek egitea.
- Plantilla estruktural eta funtzionala (erreala) berdintzera joatea.
- Murriztea izendapen askeko izendapenak eta araudi berria egin.
- Enpleguaren egonkortasuna.
EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrera eramango ditu 2019ko Aurrekontuen proiektuan barneratu nahi zituen proposamenak. Nerea Kortajarena eta Iker Casanova legebiltzarkideek aurkeztu dituzte lehenengo bi ekimenak.
Espainiako Gobernuak iragarri berri du lanbide arteko gutxieneko soldata 900 euroraino igoko duela. EH Bilduren ustez, kopuru hori ez da nahikoa euskal herritarrentzat, EAEko per capita errenta eta bataz besteko soldata Estuarenen gainetik daudelako. Hori dela eta, Iker Casanova legebiltzarkideak Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, Jaurlaritzari eskatuz 1.200 euroko gutxieneko soldata sustatzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileentzat. Horrekin batera, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak beste ekimen bat erregistratu du, non Administrazio publikoari eskatzen zaio ez dezala diru-publikoz lagundu 1.200 euro baino gutxiagoko kontratuak.
EH Bilduk hainbat neurri sozial proposatu zizkion Jaurlaritzari 2019ko aurrekontuen negoziazioan, batik bat pentsiodunen bizi baldintzak eta enpleguaren kalitatea hobetzeko. Gobernuak hobekuntza horiei atea itxi zizkien arren, EH Bilduk ez du etsiko eta aurrekontuen proiektuan barneratu nahi zituen proposamen multzoa Legebiltzarrera eramango ditu banan-banan.
Prekarietatearen aukako mobilizazioa Bilbon
Lehenik eta behin, langileen prekarietateari aurre egiteko bi proposamen aurkeztu dituzte Iker Casanova eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek. Izan ere, inkestek argi erakusten dute lan baldintza kaxkarrek herritarren lehenengo kezka bilakatu direla, enpleguaren sorrera geldoa izateaz gain, kalitatea ere exkaxa baita. Hortaz, Urkulluren Gobernuak ezin du beste aldera begiratu gure herrian miseriazko kontratuak egiten ari direnean.
Lehenengo Legez Besteko Proposamenean, EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio “konpromisoa har dezala eta aktiboki susta dezala eragile sozio-ekonomikoekin 1.200 euroko gutxieneko soldata indarrean sartzeko EAE mailako lanbide arteko akordioa”. Izan ere, ”ezinbestekoa da lanbide-arteko gutxieneko soldata lurralde bakoitzaren errealitatearekin, bizi mailarekin eta ekoizpen ereduarekin bereziki lotzea”.
Horrek suposatuko luke, de fakto, gutxieneko soldata EAEko errealitatera egokitzea, lan harremanetarako esparrua eraikitzeko eskuduntzak bereganatzen ditugun bitartean. Era berean, Administrazioek kopuru hori bermatu behar dute “bai sektore publiko osoan bai kontratazio publikoen bitartez sustatzen diren lanpostu guztietan”. Iker Casanovaren iritziz, “1.200 eurotik beherako soldata batek euskal langileak pobreziara zigortzen ditu”
Bigarrenik, Nerea Kortajarenarenak uste du “politika publikoak erreparatzen hasteko unea dela”. Hortaz, beste ekimen bat aurkeztu du Jaurlaritzari eskatzeko “gure errealitate sozio-ekonomikoarekin estuki lotuta dagoen 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea politika publikoen bitartez enplegua sustatu eta bultzatzeko martxan jartzen diren programa, plan eta lan ildoetan eta, zehazki, programa horien baitan diruz laguntzen diren kontratazio guztietan”.
EAEn sektore publikoak sustatutako obretan edo zerbitzu publikoen esleipenetan gutxieneko baldintza batzuk ezartzea du helburu. Adibidez, Administrazioarekin kontratuak egiteko 1.200 eurokoa izango da gutxieneko soldata.
EH Bilduk Lege Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, EAEko administrazio publikoek egiten dituzten azpikontratazioetan klausula sozialak ezartze aldera. Helburuak dira, besteak beste, enpleguaren kalitatea sustatzea, lan-osasuna eta -segurtasuna bermatzea, ingurumena zaintzea, hizkuntza eskubideak babestea eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea.
Larraitz Ugarte legebiltzarkideak azaldu duenez, “sektore publikoa EAEko enplegu-emaile nagusia da, bai zuzenean kontratatuz, bai sektore pribatuarekin egiten diren azpikontratazioen bitartez. Horrek hainbat desoreka sortzen ditu, eta ez dugu bi abiadurako sektore publikorik nahi, non zuzenean kontratatutako langileek baldintza batzuk dituzten eta, zeharkakoek, askoz okerragoak. Gobernuak ezin du errealitate horren aurrean ezikusiarena egin; arduraz jokatu behar du, eta diru publikoaren erabileraren gaineko kontrola eta exijentzia zorrotzak izan behar dira”.
Larraitz Ugarte legebiltzarkidea EH Bilduren lege-proposamena aurkezteko agerraldian
Errealitate horri aurre egiteko, Klausula Sozialak arautzeko Lege Proposamenaren nondik norakoak azaldu ditu Ugartek. Legea bost kapitulutan egituratzen da eta, guztira, hogei artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta amaierako bi xedapen ditu. Arau hausteen aurrean, isunak ere aurreikusten ditu, kontratuaren prezioaren % 10eko mugarekin.
Edukiari dagokionez, EAEko sektore publikoa osatzen duten instituzio eta entitate guztientzat klausula sozialak txertatzeko garaian aplikatu beharreko oinarrizko irizpideak zehazten dira. Besteak beste, honako hauek dira gako nagusiak:
- Lege honen bitartez, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzen da Administrazioarekin kontratuak egiteko. Betiere, lurraldean indarrean egon den azken lan hitzarmenaren baldintzak bete behar dira.
- Enpresa pribatuek betebeharrekoen artean, errespetatu beharreko lan-baldintzak eta ingurumen-, berdintasun- eta hizkuntza-irizpideak arautzen dira.
- Enpresa kontratistak azpikontratatutako zerbitzuetan ziurtatu behar dituen baldintzak ere arautzen dira.
- Administrazioak ez betetzeak kontrolatuko ditu, eta arau hauste arinak, larriak eta oso larriak aurreikusten dira. IV. Kapituluan ez betetze bakoitzari dagokion zehapena definitzen da. Isun ekonomikoek ezingo dute gainditu kontratuaren prezioaren %10. Nolanahi ere, ez betetzea oso larritzat jotzen den kasuetan, kontratua suntsitzea ekarri ahalko du.
- Egiaztapenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Tekniko bat eratuko da klausula sozialak betetzen direla kontrolatzeko, kontratuak dirauen bitartean. Bertan, sindikatuek parte hartu ahal izango dute.
Ugartek Gipuzkoako Foru Araua eta Nafarroako legeak jarri ditu EH Bilduren proposamenaren aurrekari eta eredu interesgarri gisa. Halaber, argitu du Lege Proposamenean aurreikusten den araubidea ez zaiela aplikatuko jadanik esleituta dauden kontratuei.
Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du Lege hau behar beharrezkoa dela: “Administrazioarekin kontratuak egiten dituzten enpresek ezin baitituzte langileak edozein modutan izan, baldintza duinak izan behar dituzte. Halere, errealitateak erakutsi digu hori ez dela horrela, erresidentzietako langileen borrokak edota obretan salatu diren irregulartasunak lekuko. Gainera, 2013an ezarritako lan-erreformak hitzarmen asko bertan behera utzi ditu, eta horrek ekarri du baldintzak okertzea. Horri guztiari aurre egin nahi diogu Lege Proposamen honekin”.
Euskadiko Futbol Federazioko ordezkariek Durangoko San Agustin aretoan egindako batzar orokorrean, FIFAri eta UEFAri eskubide osoko kide moduan onartua izatea eskatzea erabaki dute. Bilkura horretan eman diren 44 bozetatik 43 aldekoak izan dira.
Epaileak atzo jo zuen hasierako txistua, Euskadiko Futbol Federazioak Durangon (Bizkaia) eginiko bileran, eta orain lehia luze bat jokatu beharra dauka. Lehen pausoa baino ez da, baina nazioarteko federazioetan integrazioa eskatzeko lehenbizi batzarraren babesa behar zuen ekinaldiak, eta arazorik gabe lortu zuen bermea. 44 kide agertu ziren urteroko bilera orokorrera, eta 43k bozkatu zuten UEFAri eta FIFAri integrazioa eskatzearen alde.
Euskal Futbol Federazioak abenduaren 12an Durangon egindako batzar orokorraren irudia
Pauso historiko bat da, mugarri bat euskal kirolean. Hurrengo jokaldia Espainiako federazioan jokatuko da, haren bermea behar baitu eskaera egiteko. Ezezkoa aurreikusten da, eta auzibidea hastea kirol epaitegietan.
Federazioaren bilerara futbol munduko izen handi asko bertaratu ziren: Jose Angel Iribar, Jose Mari Amorrortu, David Zurutuza, Asier Illarramendi, Ainhoa Tirapu, Manu Garcia, Asier Riesgo etab.
Luis Mari Elustondo Euskadiko federazioko presidenteak hitza hartu, eta boto sekretua izango zela jakinarazi zuen. Ezohiko prozedura da, baina bere esku zegoen. 44 boto izan ziren guztira. Asko dira, presidentearen ustez. «Nik karguan daramatzadan urteetan inoiz ez dira hainbeste parte hartzaile agertu, baina, era berean, egia da inoiz ez dela ezer bozkatu. Horri gehitu behar zaio boto nominala duen jendeak ezin duela beste inoren esku utzi, eta asko ezin dira hona etorri asteazken arratsalde batean». 87 ziren boto eskubidea zuten kirol elkarteak, eta 38 jokalari, epaile eta entrenatzaileen estamentuetako ordezkariak. Deigarria da 38 horietatik bakarra dela emakumea.
Elustondo pozik irten zen bileratik, «Baiezkoak irabaztea espero nuen, baina ez hain modu garbian. Federazioko kideek argi utzi dute eskaera egin nahi diotela UEFAri eta FIFAri». Bide luzearena izan zen Elustondok nabarmendu zuen beste ideia. Partida hasi da, baina luzea izango da, eta Gabonak pasatuta jarriko dira harremanetan Espainiako federazioarekin.
Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako kidea ere bileran egon zen. Ofizialtasunaren aldeko elkarteak lanketa egin du kluben artean informazioa emateko, eta aurrerapausotzat jo zuen emaitza. «Bozketa hau 40 urte berandu iritsi da. Duela hamabost urte egin izan balute, jokalariek ofizialtasunaren gaia mahai gainean jarri zutenean, nazioarteko testuingurua ezberdina litzateke. Baina guk ez dugu iraganera begiratu nahi, eta aurrerapauso bat da, eman beharreko pauso bat».
EH Bildutik oso positiboki baloratzen dugu Euskadiko Futbol Federazioak eman duen aurrera urratsa eta euskal kluben bozketan egondako ofizialtasunaren aldeko hautu orokorra txalotu nahi dugu. Euskal kirol selekzioek (ez bakarrik futbolekoek) Europan eta mundu osoan modu ofizialean, beste nazioek bezalaxe lehiatzearen aldeko aldarrikapena aspaldikoa da eta konbentzituta gaude euskal gizartearen gehiengoaren nahia, horixe dela. Beraz, ongi etorria ematen diogu erabaki honi eta hurrengo hilabeteetan ofizialtasuna lortzeko pausu gehiago egotea espero dugu.
Bereziki azpimarratu nahi dugu hainbat futbol jokalarik (hauetako asko oso ezagunak) eta bereziki EAEko futbol klubek erakutsi duten determinazioa eta gogoa. Denok batera lortuko dugu!
OFIZIALTASUNA ORAIN!
Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea ostiralean bilduko da Artolazabal sailburuarekin: “Jarrera eraikitzailearekin joango gara bilerara, lege erreforma on bat bideratzeko prest baikaude, baina Gobernuak mugitu behar du. Aurreko jarreran gotortzen bada, aurreko emaitza berdina izango du. Hau da, porrota”.
EH Bilduko ordezkariak gogora ekarri duenez, ekainean PNVk eta PSEk Diru Sarrerak Bermatzeko Eerrenta (DSBE) berritzeko Lege Proposamena aurkeztu eta, azken momentuan, erretiratu egin behar izan zuten, babesik ez zutelako aurkitu. EH Bilduk denbora eskaini zion Gobernuari eta proposamen bat aurkeztu zion legea hobetzeko eta zabaltzeko hainbat neurrirekin, eragile sozialek adostutakoaren ildotik. “Hala eta guztiz ere, zazpi hilabete pasa dira eta Gobernua denbora galtzen egon da, ez da mugitu eta eztabaida paralizatua egon da”, azaldu du Kortajarenak.
Nerea Kortajarena Gasteizko legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan
Orain, eztabaida berriro irekiko da, partida bikoitzean, gainera. Batetik, Karta Sozialak Legebiltzarrean aurkeztu du gizartean babesa zabala lortu duen pobreziaren kontrako Herri Ekimen Legegile bat. Bestetik, negoziazioa berpiztu nahi duela adierazi du Jaurlaritzak, eta EH Bilduko ordezkariak ostiralean bilduko dira Artolazabal sailburuarekin. Nerea Kortajarenaren hitzetan, “orain arteko jarrera arduratsu, konprometitu eta serioarekin helduko dio EH Bilduk eztabaida honi, DSBE hobetu, zabaldu eta legitimatzeko. Lege erreforma on bat bideratzeko prest gaude, baina Gobernuak mugitu behar du. Aurreko jarreran gotortzen bada, aurreko emaitza berdina izango du. Hau da, porrota”.
Horren harira, azpimarratu du “Gobernuak argi izan behar duela murrizketak baldin badaude, ez dela akordiorik egongo EH Bildurekin”, eta kezka adierazi du Erkorekak iragarritako aurrekontuen erreformarako neurriak mantentzen dutelako Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan 2012etik dauden murrizketak.
Horretaz gain, kezkagarria iruditu zaio Artolazabal sailburuak PPrekin ere hitz egiteko nahia adierazi duela. “Ulertezina da Urkullu lehendakariak alde batetik esatea diskurtso demagogo, populista eta arrazistei aurre egin behar zaiela, eta, aldi berean, Gobernuak PPrekin negoziatu nahi izatea zer eta DSBEren erreforma. Lege hori PP eta EH Bildurekin negoziatu nahi izatea ez da bateragarria, eta esan nahi du Gobernuak ez duela proiektu politiko argirik”.
Urriaren 22an inauguratu zuten Eibarko ospitale berria, Debabarrena eskualdeko Osakidetzaren bigarren ospitalea; TOPAko kideak oso haserre azaldu ziren, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailetik Gipuzkoako eskualdeei ematen zaien trataera ezberdinagatik.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundea Eibarreraino bertaratu zen bere betiko aldarriak plazaratzera. Joan den urriaren 22an ospitale berria inauguratu zuten bertan, eta 75.000 herritarri zerbitzu emango die eraikin berriak. Hain justu hori gaitzetsi zuen TOPAk: Mendaron ospitale bat izanda bigarren bat eraikitzea, eta eskualde horrek dituen beharren gainetik gainera.
TOPAren elkarretaratzea Eibarko ospitale publiko berriaren aurrean
Izan ere, 2019 hasieran zortzi urte beteko ditu TOPAren ibilbideak eta Tolosalderako kudeaketa publikoa duen ospitale publikoa lortzea izan da, urteotan guztiotan, koordinakundearen aldarrikapen eta helburu nagusia.
Bide horretan, Javi Arana TOPAko ordezkariak nabarmendu du beren aldarriak ez direla «kontu ideologiko bat», eta datutan oinarritzen dutela beren diskurtsoa: «Beti esan izan dugu, enpresa pribatuak eskuratzen dituen etekinak direla, guk kalitatean galtzen ditugunak. Horregatik, ospitale publiko bat eskatzen dugu. Zergatik? Ekitateagatik. Guk ez dugu pribilegiorik nahi, gainerako eskualdeek dutena eskatzen dugu, ez besterik».
Koordinakundeko kideek haserre azaldu zuten beren burua Eibarren, eta Jon Darpon Osasun Sailburuaren esanak baliatu zituzten beren egonezina arrazoitzeko: «Bere lehen agintaldiaren hasieran zehaztu zuen, Eibarren aurretik hitzartutako ospitale berria egitea ez zela lehentasun bat izango. Tira, ez zen lehentasun bat, baina egin dute».
TOPAk azaldu zuenez, Asuncionen aferaren bueltako informazioa bildu nahian dabiltza orain, soka horren guztiaren arrazoiak plazaratzeko; bitartean, herritarren «onarpena eta pasibotasuna» aldatzea espero dute.
EH Bilduk ezinbestekotzat jo du Estatus Berriaren testu artikulatuak zorrotz errespetatzea PNVrekin adostutako oinarriak, hori izango baita euskal herritarren eskubide eta askatasunak blindatzeko modu bakarra. Hiru lege proposamen iragarri ditu kalitatezko enplegua sustatzeko eta eskubide sozialak babesteko.
EH Bilduk ohartarazi du gaur “2019. urtea kritikoa eta erabakigarria izango dela gure autogobernurako, eskubide eta askatasun demokratikoak murriztea helburu Estatu espainoletik datorren olatu neofaxistak bete-betean joko duelako gure eskumenen kontra gure autogobernua husteko”. Maddalen Iriartek esan duenez, “Estatua inboluzio demokratiko prozesu batean, birzentralizazio prozesu batean, murgildu da” eta, horren aurrean, “Estatus Politiko Berria berme gisa ulertu behar dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren eskubideak eta eskumenak blindatzeko”. Horretarako, azpimarratu du, Estatus Berriaren testu artikulatuak ezinbestean errespetatu beharko ditu, zorrotz, Autogobernuari buruzko ponentzian PNVrekin adostutako oinarriak, hori izango delako modu bakarra gizarte honek bere burua gobernatzeko duen gaitasun eta eskubidea blindatzeko”.
Horri jarraituz, erantsi du Iriartek, “oinarri horiek desitxuratzeko akatsa egingo bagenu, sekulako mesedea egingo genieke gure autogobernua hankaz gora jarri nahi duten horiei. Horregatik, gure lehentasunetariko bat datozen hilabeteotan izango da estatus politiko berriaren testu artikulatuaren erredakzioa blindatzea, adostutako oinarriei zorrotz erantzun diezaion”. “Estatuaren inboluzioaren aurrean, Estatus Politiko Berriak eboluzio demokratikoaren ikurra izan behar du”.
Unai Urruzuno eta Maddalen Iriarte Gasteizko legebiltzarrean egindako agerraldian
Kalitatezko enplegua sustatzea eta eskubide sozialak bermatzea ere lehentasunak izango dira EH Bildu jardun parlamentarioan. Unai Urruzunok Jaurlaritzaren ahulezia politikoa kritikatu du –“legealdi erdia baino gehiago joan zaigu eta Urkulluren Gobernuaren produkzio legegilea hutsaren hurrengoa da”– eta ekimen politikoa hartzeko borondatea adierazi du, “EH Bilduk ez duelako utziko Jaurlaritzaren ahuleziak jendea kaltetzen”.
Hiru lege proposamen: Klausula sozialen legea, Deslokalizazioen kontrako legea eta Ongizate energetikoaren legea
Bada, Urruzunok iragarri du datozen asteotan koalizioak hiru lege proposamen aurkeztuko dituela kalitatezko enplegua eta ongizate soziala bultzatzeko. Batetik, Klausula Sozialen Legea proposatuko du kontratazio publiko guztietan lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko, “Administrazioak kalitatezko enplegua sortu behar duelako, ez prekarietatea areagotu”. Bestetik, Deslokalizazioen Kontrako Legea, diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten edo estrategikoak diren enpresen deslokalizazioa eragozteko. “Enpresen konpromiso soziala indartu nahi dugu, bereziki guztion dirua jasotzen dutenean laguntza publikoen bitartez. Kasu horietan legez arautu behar ditugu bete beharreko baldintzak deslokalizazioak saihesteko”.
Ongizate Energetikoaren Legea ere bidean dago, milaka herritarrek kalefakzioa pizteari, adibidez, uko egin behar ez diezaioten diru faltagatik. “Hezkuntza, Osasuna edota Etxebizitza bezala, energiak ere eskubide subjektiboa eta unibertsala izan behar du, eta aurkeztuko dugun lege proposamenak hortik joko du, jende guztiak elektrizitatea, gasa edo dena delakoa ziurtaturik edukitzeko”, azaldu du Urruzunok. Halaber, “aurrekontuen negoziazioan lotu gabe geratu ziren proposamen nagusiak berreskuratzea lehentasunezkoa izango da datozen asteotan; hala, pentsio duinak bermatzeko, kalitatezko enplegua sustatzeko eta emakumeek pairatzen duten soldata arrakala bertan behera uzteko neurriak ekarriko ditugu berriz ere, aurrekontuen negoziazioan ezinezkoa izan zena oraingoan gauzatu ahal izateko”.
Gaur eman da argitara 2016ko Sanferminetako bortxaketaren inguruko epaia. Epaileek, gehiengoz, delituaren kalifikazioa berretsi eta abusutzat jotzen dute gertatutakoa, eraso sexuala gertatu zenik ukatuz. Alegia, indarkeriarik eta intimidaziorik ez zela izan berretsi dute. Berriro ere, irizpide eta interpretazio juridikoen marra fin eta estuek ebatzi dute gertatutakoa ez dela indarkeria, ez dela erasoa.
EH Bilduk irmoki salatzen du epai hau emakume guztion aurkako erasoa dela. Sistema judizialaren muinean sistema patriarkala dagoela agerian geratu da, berriro ere. Gizon eta emakumeen arteko botere harreman desrorekatuak ordena sozial jakin bat sustengatzen du, eta sistema judiziala horren zutabeetako bat da, zalantzarik gabe. Emakumeon kontrako indarkeria gutxietsi eta emakumeon bizkar jartzen du erantzukizuna, geure hitza eta askatasuna ukatuz.
La manada auziaren lehen epaia salatzeko, Lurgatz Talde Feministak deitutako kontzentrazioa Villabonan
Hau guztia gutxi balitz, gaur hainbat komunikabidek zabaldu dute webgune bat jarri dela abian, 2016ko gertaera lazgarriak gogora ekartzeko tour turistikoa eskaintzen duena. Erabat onargaitza da eta irmoki salatzen dugu emakumeon indarkeria eta sufrimendua banalizatzea eta baliatzea edonolako etekinik ateratzeko. Erasotutako neskari nahiz emakume guztioi egindako irain eta erasoa da. Horregatik, webgunea lehenbailehen ixteko eta sustatu dutenekiko behar diren neurriak hartzeko exijitzen dugu.
Agerikoa denez, bide luzea dugu egiteko. Gizon eta emakumeon arteko berdintasunaren alde eta emakumeon aurkako indarkeriaren aurka lanean tinko jarraitu behar dugu. Ildo honetan, mugimendu feministak eta euskal jendarteak orain arte emandako erantzun eredugarria txalotu nahi dugu, eta aurrerantzean ere injustiziaren aurka eta geure eskubideen alde borrokan jarraitzeko dei egiten dugu.